Eliza katolikoko elizgizonekin lotuta dagoen pedofiliaren arazoa kontu berria ez bada ere, azken aldian azaleratu diren herrialde, biolatzaile eta adin txikiko biktimen kopuru altuak, gaia munduko politikako lehen planoan jarri du.
Ez da gutxiagorako. AEBtan argitaratu den txosten baten arabera, herrialdean 1950etik gaur egun arte, 4.300 apaiz katolikok egin dute adin txikikoen aurkako eraso sexualen bat. Irlandan, Dublingo elizbarrutiko ehun apaizetik gora 1940tik aurrera ehunka adin txikikoez abusatzeaz akusatuta daude edo honen susmagarri dira. Hamarkadetan zehar, eliza irlandarrak ez zuen apaizen jarrera hau zigortu; ezta Estatuak ere; gainera azken honek kasua aztertzeko ikerketa guztiak oztopatzen zituen sistematikoki.
Mexikoko Macielen kasua ere hor dago. Macielek ordena ultraeskuindar bat sortu zuen, Kristoren Legionarioak. Ordena honek sistematikoki apaizgaiez eta euren seme-alabez abusatu zuen. 2006an Ratzingerrek berak geldiarazi zituen kasuarekin lotutako ikerketak Macielen adina zela eta. 2008an hil zen eta santu bihurtzeko zorian egon ziren. Gainera, Erroman mausoleo bat ere badu.
Alemanian ere, Ratzingerrek pederastia kasuak ezkutatu zituen. Bertako 27 elizbarruti katolikoetatik 19tan abusu salaketak daude. Azken salaketen artean, Ratisbonako koruko kantari txikien aurkako abusuena dago, 1964-1994 bitartean Aita Santuaren anaiak eta Georg Ratzinger monsinoreak zuzentzen zuten koruan.
Ezagutzen diren kasuak Mexiko, AEB, Kanada, Irlanda, Txile, Kolonbia, Brasil, Alemania, Austria, Italia, Frantzia, Erresuma Batua, Herbehereak, Polonia, zenbait estatu afrikar eta espainiar estatukoak dira.
Eliza katolikoko hierarkiak ezagutzen zituen pedofilia kasuekin egindakoa biolatzailea delitua egiten zuen lekutik beste leku betera eramatea izan da eta horrela biktima kopurua ugaritu eta kriminala zigorgabe uztea besterik ez du lortu. Aita Santu izendatu aurretik, Ratzingerrek Elizan abusu sexualak saihesteko ardura zuen, baina 2001ean gotzain guztiei gutun bat bidali zien adin txikikoen aurkako abusuak poliziari ez salatzeko eskatuz. Kasu hauek, Jainkoak lurrean duen ordezkari nagusiaren arabera, “sekretu pontifizio ziren eta ezin zitekeen indar publikoetan salatu barne ikerketak burutu arte”.
Pederastiarenganako ardura eta elizgizonen hierarkiak delitu hau estaltzea hain urrun heldu da ezen Juan XXIII Teologo Erakundeak manifestu bat idatzi baitu Benedikto XVIak “Elizak gaur dituen arazo larriei modu egokian erantzuteko” gai ez dela-eta dimiti dezan eskatuz.
Ezkerreko erakundeetatik ikerketa zabal bat egitea eta elizako pederastak berehala kartzelara bidaltzea eskatu beharko litzateke. Izugarria da gaizkile hauen inpunitatea, gainerakoek ez duten status bat dute justiziaren aurrean.
Justifikazioa
Tenerifeko gotzain den Bernardo Alvarezek publikoki pedofilia justifikatu zuen honakoa esanez: “egon daitezke onartu dezaketen gazteak, eta, hain zuzen ere, badaude. Badira 13 urteko gazteak erabat ados eta gainera irrikatan daudenak. Horretaz gain, deskuidatuz gero, probokatu egiten zaituzte”.
Monsinor Antonio Cañizares, (Sakramentuen Disziplina eta Kultu Dibinorako Kongregazioko Kardenal Prefektua) Aita Santuaren inguruko pertsonaia, Benedikto XVIak Egoitza Santura deitu arte Espainiako Lehen Kardenal izan zenak berriki baieztatu du “ezin dela konparatu [Irlandako] eskola zenbaitetan gertatu dena abortuak suntsitu dituen milaka bizirekin”. Konferentzia Episkopaleko COPE irratian egindako elkarrizketa batean, Cañizaresek honakoa azpimarratu zuen abortuaz ari zela: “norbaiti bizia kentzea trauma batzuk eragitea baino okerragoa da”.
“Sexua banalizatzen denean, ugalketa helburutik banatzen da eta ezkontzatik bereizi, biolazioa delitu penaltzat hartzeak zentzua galtzen du” idatzi zuen 2009ko udaberrian “Biolazioa, Zigor Kodetik kanpo?” izeneko artikuluan Ricardo Benjumeak, Alfa eta Omegako erredaktore buruak. Alfa eta Omega Madrilgo Artzapezpikuaren argitalpena da, ostegunero ateratzen da eta Abc egunkariko Madrilgo edizioarekin banatzen da.
Boterea eta dirua
Pederastia kasuak eta elizako hierarkiak hauekiko izan duen jarrerak agerian uzten du kapitalismoaren zutabeetako bat den erakunde atzerakoi honek duen hondamendia eta gainbehera. Ezin da “kasu isolatuez” hitz egin, eliza katolikoaren hierarkiaren deskonposizio eta degenerazio moralaz baizik. Hau, kasta elizkoiarekin lotura duen eta ohitura berak dituen klase dominatzailearen hondamendi moralaren beste erakusgarri bat da.
XXI. mendean, Eliza katolikoa herrialde askotako Estatu aparatuarekin estuki loturik dago. Eskuartean negozio milioidunak, lur aberats ugari, eraikin eta kontu bankariak izateaz gain, herritarrek ordaindutako zergekin erregularki estatuaren dirulaguntza jasotzen du, herritarrak, fededunak izan edo ez, herriari neurri honi buruz ezer galdetu ez bazaio ere.
Hasierako kristauekin zerikusirik ez
Gaurko eliza katolikoa hasierako kristauek ordezkatzen zutenaren justu aurkakoa da, hasierako kristauek gizarteko behartsuenen eta zapalduenen izaera iraultzaileko masen mugimendu bat antolatu zuten eta erromatar estatu esklabista ankerraren aurka bere bizitza eskaini zuten. Orduko kristauen ideiak zerikusi gutxi du gaurko Elizak duenarekin eta lotura gehiago du komunismo goiztiar batekin. Hau argi ikus daiteke Apostoluen Eginak irakurtzean 4:32: “Fededun guztiak bat ziren bihotzez eta gogoz, eta inork ez zuen esaten zeukana berea zuenik, baizik eta dena denena zuten”. Gainera, tradizio kristauaren arabera, Jesukristo behartsuen eta ezedukien artean ibiltzen zen eta askotan aberatsak erasotzen zituen. Ez da kasualitatea Jerusalemera lehen aldiz sartzean tenpluko merkatariak erasotu izana, Lucas 19: 45-46: “Jesus, tenpluan sarturik, bertan salerosketan ari zirenak kanpora botatzen hasi zen, esanez: “Liburu Santuak dio: nire etxea otoitz-etxe izango da; zuek, berriz, lapur-zulo egina duzue”. Santiagoren gutunean ere irakur dezakegu aberats zapaltzaileen aurka eraso egiten duela. Santiago 5:1-5: “Entzun orain, zuek, aberatsok! Egin negar eta aiene, gainera datozkizuen zoritxarrengatik. Ustela jota daude zuen aberastasunak, eta sitsak janda zuen jantzi dotoreak. Herdoilak jota daude zuen urre-zilarrak, eta herdoil hori izango duzue lekuko zeuen kontra eta suak bezalaxe jango du zuen haragia. Auzi aurreko azkenak diren egunotan pilatu dituzue aberastasunak. Zuen soroetako uzta bildu zuten langileei ordaindu ez zenieten soldata deiadarka ari da, eta igitarien oihua Jaun ahalguztidunaren belarrietaraino iritsi da. Bapo bizi izan zarete zuek hemen lurrean, atseginetara bete-betean emanak; horrela, abereak bezala gizendu zarete hilketa-egunerako.”.
Ebanjelioko atal gehiago aipa genitzake lehen kristauek aberastasunari eta luxuari zieten arbuioa erakusteko. Baina gaurko hierarkiak aberatsen bizimodua du eta bere hondamen ideologiko eta moralaren erabateko partaidea da. Lehen kristauen jatorrizko helburuak traizionatu zituen Elizako kasta zuzendariak Estatuaren aberastasunaren eta oparotasunaren aurrean amore eman zuenean; horrela zapaltzaileen mesedeetara zegoen tresna bilakatu eta lehen komunitate kristauen tradizio iraultzailearekin hautsi zuen.
Ordutik, hierarkia katolikoak Maitasunaren, Bakearen eta Ongiaren izenean ez du zalantzarik egin gobernuen eta klase agintarien ideologiari eta moralari babesa ematean, gerra harraparien eta Pinocheten edota erregimen frankistako diktadura ankerrak justifikatzean.
Infernua eta zerua existitzen dira eta hemen daude, lurrean, gure esku dago bata edo bestea izatea. Marxistok, hasierako kristauen antzera, bete beharreko zor bat daukagu euren bizia erromatar estatu esklabistaren eta estatu kapitalistaren aurka borrokan galdu zutenekin. Zortziehun milioi pertsona daude gosez hiltzeko arriskuan basakeria kapitalistaren ondorioz. Munduko langileok elkartu egin behar gara gosea, miseria, gerra eta injustiziarik gabeko gizarte baten alde borrokatzeko. Hasierako kristauek gizarte juxtu honi Jainkoaren Erreinua izena eman zien, guk, marxistok, sozialismoa deitzen diogu, ekoizpena gehiengoaren, langile klasearen, kontrol demokratikopean eta gizakiaren beharraren zerbitzura dagoen gizarte bat. Gizarte hau ezartzen denean eta gizakia gutxiengo aberats baten zapalkuntzatik askatzen denean, orduan gozatu ahal izango dugu paradisuaz, baina ez zeruan, lurrean baizik.