Denok gogoratuko dugu 2009ko irailean Alemania eta Estatu frantziarreko ekonomiek %1era iristen ez zen hazkuntza izan arren, krisiaren amaieran geundela eta ekonomiaren “kimu berdeak” jada bistan zeudela esaten hasi zirela. Urte honen hasieran berriz, AEBetatik zetozen ekonomia hazten ari zenaren kanpai hotsak, goranzko prozesua erabat alda ezina zenaren kanpai hotsak. Baina ez ziren hilabete asko igaro Europa krisi sakon batean sartu eta ia lurra jo zuen arte. Maiatzean, EBko etorkizuna kolokan jarri zen eta FMIko goi kargudun baten hitzetan “mundua hausteko zorian egon zen”.

G20aren porrota

 

Pasa den Ekainaren 26 eta 27an Kanadako Toronto hirian munduko 20 potentzia ekonomiko handienen bilera egin zen itxuraz krisiari nola aurre egin eztabaidatzeko. EBren eta AEBen arteko liskarrak berriz ere argi utzi zuen politika ekonomikoak adosteko dituzten zailtasunak eta beste behin ere airean geratu ziren sektore finantzarioari ustez jarri behar zizkioten tasa, zerga edota erregulazioak.

Komunikabideek azpimarratu zuten lehia egon zela ekonomia aktibatzeko pizgarri publikoak erabiltzearen alde zeudenen (AEB), eta zor publikoa eta defizita gutxitzeko herstura planen alde apustu egiten zutenen artean (EB). Baina norgehiagoka hau sakonagoko zerbaitegatik ematen ari da. Zeren Obama inbertsio publikoen eta gastu sozialen laguna dela esateak ez du ez hanka eta ez buru gertaerek erakusten duten bezala: Alderdi Demokratak hainbat bilioi dolarreko estatu laguntzak onartu ditu eta dirutza hauek sistema finantzarioa salbatzeko, automozioko monopolioak mantentzeko (General Motorsi adibidez), etxeen salmentetan laguntzeko eta gastu militar eta polizialerako (Irak eta Afganistango gerrak, barne segurtasuna…) erabili dira beste hainbat gauzen artean.

Baina inbertsio produktiboak desagertuta egon dira azpiegituretan, obra publikoan, osasungintzan, hezkuntzan, lanpostuak sortzen eta kontsumoa bultzatzen. Gastu sozialen, pentsioen, langile publikoen (estatuko administraritzan 69.000 eta udaletxeetan 247.000 lanpostu deuseztatu dira 2008ko abuztutik), osasungintzaren eta hezkuntzaren aurkako erasoak berriz erritmo onean joan dira. Aberatsentzako abantaila fiskalak eta banku handiak lortzen ari diren irabazi ikaragarriak ekonomia estatubatuarraren panoramaren zati dira Europan edo Japonian bezala.

Gogoratzekoa da maiatzeko krisiaren ondorioz Obamak nola dei egin zien Zapatero, Greziako lehen ministro Papandreu eta Portugalgo lehen ministro Socratesi lehenbailehen neurriak har zitzaten eskatuz. Obamak, AEBetako negozio handien bozeramaile bezala hauen interesak defendatu beharra du, Europan dituzten inbertsioen interesak egunean kobratzeko eta beraien negozio espekulatzaileekin jarraitzeko, europar langileen bizkar poltsikoa betetzen jarraitzen duten bitartean. Obama beste eredu ekonomiko baten defendatzaile bezala agertzea demagogia hutsa da.

AEBen eta EBren arteko liskarra errealitatean mundu mailako merkatuagatiko borroka da. AEBetan barne kontsumoak ikaragarri egin du behera eta bere produktuak esportatu beharra du luzatzen ari den krisitik ateratzeko. Krisiaren aurreko boom ekonomikoaren garai onenean AEBen barne kontsumoak bere BPGren %75 suposatzen zuen eta munduko BPGren %15a. Baina zifra hauek uda bezala joan dira.

Torontoko bilerak argi utzi zuen enfrentamendu komertzialak, diruaren debaluazio lehiakorrak eta arantzelen gogortzeak gertu daudela.

Aurreikuspen onik ez

 

Munduko ekonomia indartsuenen (Txina ezik) ekoizpen ahalmenaren erabilera %75 baino gutxiagoan dago. Honek zera esan nahi du, munduko merkatua ez dela gai existitzen den oinarri ekonomikoak sortzen dituen merkantzia eta zerbitzuak kontsumitzeko. Gainera, kapitalismoaren dekadentziak erakusten duen beste aurpegi bat krisi sakon batean espekulazio finantzarioak gogor erasotzen duela da: zor publikoa erosiz errekurtso publikoak xurgatzen dituzte, aberastasunak ikaragarri handituz. Diru guzti hau gobernuen bidez lortzen dute lehenik gobernuak bankuei ia oparituta utziz eta ondoren bankuei eskatuz, bankuek aldiz interes tasa handiagoan utziz. Eta nola berreskuratzen dute gobernuek bankuei zor dieten diru guztia? Argi dago, soldatak merkatuz, gastu publikoa murriztuz eta zerbitzu publikoak pribatizatuz.

Baina honek ere bere ondorioak dauzka, herritarren poltsikoak gero eta gehiago hustuz hauen eros ahalmena ere txikiagoa da eta beraz kontsumoa jaitsi egiten da. Kontsumo gutxiagorekin ekonomiaren errekuperazioa atzeratu egingo da eta era berean langabezia eta soldata baxuak urteetan luzatu. Hau dudarik gabe klase arteko borroka indartuko duen errezeta izango da.

AEBtako egoera ekonomikoaren larritasuna handia da. Sektore finantzarioak higiezinen krisiarekin duen harreman estuaren ondorioz, AEBtako Gordailuen Bermerako Funtsaren arabera litekeena da datozen bi urteetan 552 entitate finantzario ondoratzea eta honek 225.000 dolarreko galerak suposatuko lituzke. Bestalde, Goldman Sachsen ikerketen arabera AEBtako ekonomiak, lan okupazioa krisi aurreko mailan egoteko 5 urte beharko lituzke urtero % 5eko hazkuntzarekin. Horrek Erreserba Federalak aurtengo bigarren hiruhilekorako aurreikusitako hazkuntzaren bikoitza haztea suposatuko luke eta ziurrenik ez da horrela izango. AEBetako Wyoming estatuan biltzen diren bankari eta ekonomista internazionalen aurreikuspenak zuri beltzak dira. Maryland unibertsitateko Carmen Reinharten iritziz “krisi honek ia 10 urte iraungo ditu zor gehien dituzten herrialdeetan eta oraindik hiru urte besterik ez goaz krisia hasi zenetik”.

EBan bi abiadura ezberdinetan doan Europaz hitz egiten da, baina errekuperazioa martxan jarriko den edo ez oraindik ziur ez dakite. Langabezia maila historikoetan dago, % 10ean, 16 milioi langabeturekin, eta potentzia ekonomikoak koma egoeran daude. Alemaniako ekonomia bigarren hiruhilekoan %2,2 hazi zen, baina hazkuntza oso ezegonkorra da, bere sistema finantzarioaren egoera ez da batere fidagarria eta eroriko balitz Europa osoa eraman lezake bere atzetik. Alemaniaren hazkuntzaren oinarria esportazioa izan da euroaren debaluazioari, soldaten jaitsierari eta lanaren prekarizazioari esker. Baina arrazoi nagusiena Txinara egindako teknologia eta makinen esportazioak izan dira, Txinako gobernuak egin dituen inbertsio estatalen harira. Alemaniaren hazkuntza honek orain gora egin arren kanpoko herrialdeetara egindako esportazioei esker, ia inork baino menpekotasun handiagoa izatera kondenatzen da kanpoko herrialdeekiko eta ezegonkortasun egoera honetan erabat posible da berriz ere lurra jotzea. Automobiletan, makinetan eta lan tresnetan %40 baino gehiagoko esportazio kuota dauka eta industria elektroniko eta farmazeutikoan % 50-60koa.

Europako ekonomiaren beste puntu ahul bat sektore finantzarioa da. Duela hilabete batzuk banku garrantzitsuenen egoera aztertzeko egin ziren test batzuk merkatuak lasaitzeko asmoz. Espainiar estatuko bankuak itxuraz nahiko ongi atera ziren baina esan behar da urteak daramatzatela beraien balantzeetan higiezinen krisiko pasibo guztiak aktibo bezala sartzen. Higiezinen sektorean 600.000 milioi euro prestamutan dauzkate eta 100.000 milioiko zorrak. Duela hilabete gutxi test hauen ezaugarri teknikoen informe bat agertu da. Europar bankuen erresistentzia frogen metodologiak ia ez zuen Greziako zorra edukitzea penalizatzen. Hau justifikatzeko argumentua hau izan zen: “jada ez da hipotesirik egiten Europako herrialde batek ere zorrak ez ordaintzearekin”.

Nahiz eta munduko merkataritzaren aurtengo datuak positiboak izan 2009 urtearekin alderatuz, hazkuntzarik handienak lehengaiak esportatzen dituzten herrialdeek izango dituzte. Lehengaien garestitzeak aldiz potentzia handien ekoizpen kostuak handituko ditu. Aurreikuspenak beraz argiak dira: makroekonomiaren gelditze denbora luzea, beste errezesio bat gertatzea baztertu gabe, 1937 urtean pasa zen bezala AEBetako “crack” ekonomikoan zehar.

Ondorio politiko eta sozialak

 

Obama lehendakari izateko hautatu zutenean, kapitalismoaren berfundatzaile bezala agertu zen, kapitalismo gizatiar baten defendatzaile bezala. Merkatuetan kontrol bat ezarriko zuen, espekulazioarekin bukatu… baina orain argi eta garbi ikusten ari garena justu kontrakoa da. Merkatuak dira, hau da, munduko banku eta monopolio garrantzitsuenak Obama, Merkel, Sarkozy eta munduko ia gobernu guztiak erabiltzen dituztenak beraien pribilegioak eta irabazi tasak mantentzeko. Kapitalaren diktadura basatia erabat agerian geratu da, gobernuak euren eskaeren aurrean makurtzen diren bitartean. Esan dugu krisia ia hasi besterik ez dela egin baina nola hasi den!! Grebak Italian, Grezian, Estatu frantziar eta espainiarrean, Euskal Herrian… mobilizazio garrantzitsuak Portugalen, Alemanian, Danimarkan… eta langileen mugimendu iraultzaileak Latinoamerikan eta Asia hegoaldean.

Orain arte “kohesio soziala” mantentzeko burgesiaren tresna izan diren sindikatu eta langileen alderdietako zuzendaritza erreformistei lana erabat zaildu zaie. Ezkerreko alderdi eta sindikatuak, bide erreformistak albo batera utzi ezean, langileek azpitik egingo duten presioaren ondorioz zartatzen hasiko dira zuzendaritza iraultzaileak bilatu nahian. Dudarik gabe bide horretan sozialismo iraultzailearen ideiak, marxismoarenak, berriz ere milioika langile eta zapalduren programa izatera bueltatuko dira mundu guztian.