Gizartearen eraldaketa sozialista helburu duen borroka iraultzailearekin soilik izan daiteke aske 

 

Urrian eta azaroan mundu guztia Saharari begira jarri zen. Saharar herria bere eskubide nazional eta sozialen alde inoizko protesta handienetarikoa egiten ari zen eta Marokok sarraski anker batez erantzun zion. Marokoren erasoarekin batera, Marokoko erregimenaren aurkako protesta ugari izan ziren, ez Saharan bakarrik, mundu osoan eta baita Euskal Herriko hiriburuetan ere.

Saharar herriaren aurkako jazarpenarekin amaitu!

Azaroak 8ko goizaldean marokoar gerdarmeriaren goi mailako indar armatuek Agdim Izikeko kanpamentuari eraso egin eta dena suntsitu zuten. Kanpamendu hau Aaiundik 15 bat kilometro ingurura zegoen eta 20.000 bat saharar Mohammed VI.aren erregimen diktatorialak eragindako miseriaren eta zapalkuntzaren aurka protesta egiten ari ziren. Kanpamendu hau antolakuntza eredu bat izan zen. Koordinazio Batzorde baten zuzendaritzapean zegoen, kanpamenduko bizimoduaren alderdi guztiak, segurtasuna, zaborrak, uraren banaketa, elikadura, osasuna... akanpatuek antolatu zuten modu erabat demokratikoan eta guztien partehartze boluntarioarekin.

Kanpamenduaren aurkako polizi operazio honen gaineko albisteak entzun eta berehala, Aaiungo biztanleak beren herritarren alde kalera atera ziren. Goizeko lehen orduetan, hiriko auzo askotan barrikadak egin ziren eta egun osoan zehar hainbat manifestazio antolatu ziren. Manifestazio hauen puntu gorena kanpamendutik bidali zituztenak Aaiunera iristean izan zen.

Saharar herriaren aurkako jazarpena oso basatia izan zen, datu zehatzak ez badaude ere fidagarrienen arabera errepresio honen ondorioz hildakoak hogei baino gehiago izan ziren, zaurituak milaka eta atxilotuak eta desagertuak 600dik gora. Kale-jantziz jantzitako poliziak sahararren etxeetan sartzen ziren eta beren ondasunak suntsitzen zituzten edota askotan ganadua hil. Izualdi hau areagotzeko, poliziak hainbat kolono marokoar erasoetan eta arpilaketetan parte hartzera gonbidatu zituen saharar eta marokoar komunitateak elkarren aurka jarri zitezen eta bi komunitateak zapaltzen dituen erregimen diktatorialaren aurka indarrak batu ez zitzaten. Eraso eta izualdi basati honekin, Marokoko gobernuak errotik suntsitu nahi zuen 1975an espainiar indar kolonialetatik askatu zenetik saharar herriak egindako protestarik handiena.

Agdim Izikeko kanpamendua urri hasieran sortu zen lanpostuak, etxebizitza eta Saharako baliabide naturalen ustiaketa bidegabearen amaiera eskatzen zituzten hainbat gazteren ekimenez. Aldarrikapen hauek sahararren artean indar handia hartu zuten eta hiru asteren buruan 20.000tik gora lagun zeuden akanpatuta. Aaiungo bizimodua erdi-geldituta geratu zen kanpamendura joan zen jende kopuruagatik, nahiz eta marokoar indar errepresiboek oztopo ugari jarri zituzten: kanpamendua hesitu zuten harresi eta zuloen bidez, sarbideetan polizia kontrolak ezarri zituzten (hauetako batean hil zuten Nayen el Gareh gaztea urriaren 24an), elikagaiak ematea debekatu zuten...

Protestak izandako oihartzuna eta lortu zuen babesak erregimen marokoarra larritu zuen. 1991an Fronte Polisarioarekin adostutako treguaren ondorioz, erregimen marokoarra gai izan zen Saharako aberastasun naturalak (arrantza eta, bereziki Bukraako fosfato meategiak, munduko fosfato meategi handiena da, monarkia marokoarraren diru sarrera handiena dena) sistematikoki arpilatzen jarraitzeko behar zuen barealdia lortzeko. 2005ko altxamenduak, Saharar Intifada izenez ezagutzen denak ere, ez zuen erregimenaren norabidea aldatu.

Baina gaur egun, lehendik eskasa zen gastu sozialak murrizteak, langabezia masiboak, huskeriaren pareko diren soldatek... herri sahararra bezala etengabe jipoitzen dute herri marokoarra ere. Horregatik, marokoar langileentzat borrokarako eredua zen saharar kanpamentua; hau ordea, onartezina zen Mohammed VIaren gobernu despotikoarentzat eta modurik ankerrenean kanpamendua suntsitzea erabaki zuen.

                                                           

Marokoar langileen babesa

Zalantzarik gabe, urri bukaeratik aurrera kanpamenduan zeudenek jasotako babesak Rabateko bulego ofizialetako alarmak piztuarazi zituen. Urriaren 27an kanpamendura Fos Bukraako (fosfato meategiak ustiatzen dituen enpresa marokoarra, akzionisten artean erregea bera eta ejertzitoko goi karguak daude) langileak gerturatu ziren bertan zeudenei babes osoa emateko. Hurrengo egunean, Sidi Ifniko ordezkaritza batek bisitatu zuen kanpamendua bere babesa eskaintzeko. Sidi Ifni Maroko hegoaldeko hiria da, biztanle marokoarrak ditu eta 2008 ekaineko greba orokorreko gotorleku izan zen, horrenbesteraino non estatuak setio egoeran ezarri zuen herritarren altxamendua zapaltzeko.

Sahararren eredua zabaldu eta krisia langileek ordaintzea nahi duen burgesiari aurka egingo zion masen mugimendu bilakatzeko aukerak Mohammed VI.aren gobernua mugiarazi zuen eta kanpamendua zapaldu. Maroko babesten duten potentzia inperialistei (AEB, Frantzia, Espainia) isiltasuna eta konplizetasuna eskatu ostean bere indar guztiz, modu basatian, zapaldu zuen sahararren protesta baketsua

Nola lor dezake garaipena Saharak?

Mendebaleko Saharako herritarren borrokak agerian utzi du zein den saharar herriaren zapalkuntza nazional eta sozialarekin bukatzeko bide bakarra. Herri Sahararrak ez du inolako konfiantzarik izan behar NBEngan, estatu espainiarrarengan, estatu frantziarrarengan, Europako Batasunaregan edo gobernu argeliarrarengan. Herri sahararren garaipena ez da itun edo akordioekin lortuko, gizartearen eraldaketa sozialista helburu duen borroka iraultzailearekin baizik. Fronte Polisarioak bere indar guztiak jarri behar ditu herri borroka mantentzeko eta zabaltzeko, erregimen monarkikoa garaitzeko herri sahararra eta langile marokoarrak elkartuko dituen eta langileen eskubideak bermatuko dituen programa iraultzaile bat defendatuz. Programa honekin eta Fronte Polisarioaren gaitasun eta esperientzia militarrarekin herri sahararraren Autodefentsa Komiteak sortu ahalko liraeke, poliziaren eta ejertzitoaren errepresioari aurre egiteko gai izango liratekeenak, eta horrela herri marokoarra erakarri etsai berari aurre egiteko.

Beren aldarrikapenen aldeko masa borrokak erakutsi du beste edozein erresistentzia moduk baino gehiago desegonkortzen duela erregimen marokoarra. Horregatik, Mohammed VI.aren erregimenaren aurkako borrokak beharrezkoa du herri sahararraren indarrak marokoar langile eta nekazariekin elkartzea, miseriara kondenatzen dituen erregimen ustelari aurka egiteko. Batasun honekin bakarrik, gizartearen eraldaketa sozialistaren programan eta herri sahararraren eskubide nazionalen onarpenean oinarrituta, izango da posible Rabateko erregimenak bi komunitateak elkarren kontra jartzeko saiakerak deuseztatzea, eta monarkiarekin eta hau sostengatzen duen eredu sozialarekin amaitzea. Noski, eskubide nazionalak onartzeak autodeterminazio eskubidea onartzea eskatzen du lehenik. Magreb sozialistaren helburua ezin lortu daiteke zapalkuntza nazionalaren aurkako borrokatik baztertuta.

Saharak bizi duen egoera honen aurrean, Euskal Herria Sozialistak honako hau adierazi nahi du:

    * Marokoko gobernua, estatu espainiarraren eta frantsesaren laguntzaz, zapaltzen ari den saharar herriarekiko erabateko elkartasuna.

    *Gure babes osoa masen borroka iraultzaileari. Hau da modu bakarra herri sahararraren askapen nazionala eta soziala lortzeko. Beharrezkoa da programa sozialista batekin herri sahararra marokoar langile eta nekazariekin elkartzea etsai beraren aurka. Autodeterminazio eskubidea Mendebaldeko Sahararentzat. 

    * Erabat baztertzen ditugu NBEren bidez inperialismo amerikarrak sustatutako  “bakerako planak”  eta elkarrizketak edota “erregionalizazioari” buruz gobernu marokoarrarekin egindako negoziaketak. Fronte Polisarioak masen borroka iraultzailean soilik izan behar du konfiantza.

    * Erabat gaitzesten dugu Zapateroren gobernuak Marokorekiko duen politika lotsagarria. Espainiar gobernuak politika errepresibo hauek babesteaz gain, arma eta material errepresiboak saltzen dizkio marokoar poliziari eta ejertzitoari. Horregatik, armen salmenta berehala gera dadin, Sahararen aurkako errepresioa nazioartean sala dadin eta Mohammend VI.aren erregimen tiranikoa indartuko duen edozein erlazio diplomatiko edo komertzial amai dadin eskatzen dugu.

Gora saharar herriaren borroka!!!

 

Gora marokoar langileen borroka!!!

 

Gora Sahara askea eta Magrebko Herrien Federazio Sozialista!!!