Sistema kapitalista bere historiako krisi ekonomiko gogorrena ari da bizitzen, eta lau urtetako atzeraldiaren ondoren, beheraldi sakona bihurtzearekin mehatxatzen du. 2012 eta 2013rako hazkuntza ekonomikoaren erorketa aurreikusten da euroguneko estatu askotan, Estatu espainiarra eta Estatu frantziarra barne; geldialdia edo hazkuntza ahula AEBen kasuan; eta dezelerazio argia Txinaren eta “goraka doazen” (Errusia, India, Brasil…) herrialdeen kasuan.

Baina atzeraldi ekonomikoa, hau da, burgesiak eta bere sistemak gain-produkzioaren krisia gainditzeko duten gaitasun eza eta kapital finantzarioak inposatutako diktadura, astinaldi sozial eta politiko ikaragarria ari da eragiten. Honen ondorioz, gizartearen aldaketa iraultzailerako baldintzak ari dira sortzen. Mundu arabiarreko gertakizun iraultzaileek erakusten dute bizitzen ari garen garai izugarria. Milioika zapalduk altxamendu historiko batean parte hartu eta hamarkadak iraun duten diktadurak garaitu dituzte. Amerika Latinan bizirik jarraitzen duten iraultzak dira beste adibidea. Herrialde kapitalista handi aurreratuetan ere, AEBetan esate baterako, klase arteko borroka bere zigilua jartzen hasi da modu eraginkorrean, langile mugimenduak babestutako gazte mobilizazioekin, Vietnameko gerraren aurkako borrokatik ikusten ez zen bezala. Eta Europan, langile klasearen eta gazteriaren ohitura garrantzitsuek burgesia europarraren politika atzerakoien etorkizuna mehatxatzen dute. Klase arteko borrokaren abangoardian dagoen Greziak erakusten du Europako herri guztiek hartu beharko duten bidea. Hori da lehenago hainbeste sufrimendu eta sakrifiziorekin lortu eta kapitalistek deuseztatu nahi dituzten eskubide eta lorpenak defendatzeko modu bakarra.          

Krisi ekonomiko handienaren oinarriak jarri zituen booma

 

 

Orain dela hogei urte baino gehiago desegin ziren SESB eta Europako ekialdeko langile estatu deformatuak. Burokrazia estalinistak paper atzerakoi bat jokatu arren, ekonomia nazionalizatu eta planifikatuak (1917ko iraultza errusiarraren lorpena izan zenak) erakutsi zuen merkatu kapitalistaren ekonomia kaotikoa baino hobea zela. Honen ondorioz, krisi ekonomikoko garaietan, langabezia eta pobrezia handitzen zirenean, herrialde kapitalistetako langile askok behin eta berriro begiratzen zuten herrialde estalinistetara, eta hauek erreferentzia bezala hartzen zituzten. Horrek asko beldurtzen zuen burgesia. Langileek eta beren erakunde politiko eta sindikalek ekialdeko eredua hautatzen bukatuko zutenaren beldur, burgesiak hainbat eskubide eman behar izan zizkien borrokan ari ziren langileei. Garai honetan, 50. hamarkadatik 70.era doana, eskuratu ziren lorpen handiak hezkuntzan, osasunean eta lan eskubideetan, herrialde kapitalista aurreratuetan bereziki.   

Baina, SESBan, Europako Ekialdean eta beranduago Txinan kapitalismoa berrezarri izanak ondorio oso larriak izan zituen mundu osoko langile klasearentzat. Porrot handia izan zen, kolapsoaren ondoren kapitalismoak garaiezina baitzirudien. Honi, 70. eta 80. hamarkadetako Amerika Latinako, AEBetako eta Europako porrot iraultzaileak gehitu zitzaizkion. Egoera honek markatu zuen nolakoa izango zen etorkizuneko boom kapitalistaren izaera. Langile klase garaituarekin asko handitu zen lan indarraren zapalkuntza: benetako soldaten mundu mailako murrizketa orokorra, lan jardunaldien eta lan erritmoen handitzea eta lan internazionalaren banaketa berria. Ekonomia txinatarraren garapenak mendebaldeko atzeraldi joera moteldu eta mundu mailako merkataritzaren zabaltzea erraztu zituen, mundu osoarentzat merkantzia merkeagoak saltzeko aukera baitzegoen. Lehengaien prezioen kolapsoa gehitu zitzaion honi. Bestalde, sektore produktibo estatalean, telekomunikazioetan eta zerbitzu sozialetan emandako pribatizazioek bizkortu egin zuten monopolio estatubatuar eta europar handien pilaketa kapitalista. Beste faktore garrantzitsua sektore finantzarioko deserregulazioa izan zen.      

Boomaren luzapenean gehien eragin zuen gakoetako bat kredituaren errekurtso orokortua izan zen. Alde batetik, etxe-kontsumoa eta mundu mailako manufakturen zati garrantzitsu bat bultzatzen zituen, eta beste aldetik, jarduera espekulatiboak sostengatzen zituen. Kreditu merkeak aurreko urteetan pilatutako milaka milioi dolar erakarri zituen burbuila burtsatil eta inmobiliario ikaragarria sortu zuen. Horrela, plusbalio altuak lortu zituzten ekoizpen prozesutik pasa gabe. Kreditu masiboak, zor gehiagorekin estaltzen ziren aurrekaririk gabeko zor pribatua eta enpresariala ere bultzatu zituen. Zor multimilioidun hauek, ingeniaritza finantzarioari esker, gorantz indartsu kotizatzen zuten aktibo finantzario bihurtu ziren, 2007ko udan sistema lehertu zen arte AEBetako suprime hipoteken ordainketa falta masiboen ondorioz.  

Kapitalista handiek, monopolioek eta bankuek negozio multimilioidunak egin zituzten garai horretan. Etapa honetako pilaketa kapitalistak ez du zerikusirik izan pasa den mendeko 50. edo 60. hamarkadetakoarekin. Urte haietakoa ekoizpen sektoretik eta ekoizpeneko adar berrien garapenetik etorri zen batik bat. Azken hamarkada hauetan, kapital kantitate handiak lekualdatu dira espekulazio finantzariora.  

Baina hain justu, hazkuntza ekonomikoa luzatu zuten faktore berberak izan ziren bizitzen ari garen krisi izugarriaren oinarri. Espekulazio inmobiliarioak eta kreditu erraz eta merkeak zor historikoa eragin zuten, eta ekonomia guztia atzetik eraman zuten AEBtako hipoteken ordainketa falta masiboa hasi zenean. Marxek orain dela 150 urte adierazi zuen kredituak bere muga naturalak baino haratago eramaten duela kapitalismoa, azkenean kontrolatzen oso zailak diren indarrak askatuz.  

Benetako ekonomiaren atzerakadak eta langabeziaren hazkuntzak AEBetako finantza-sistema kaltetu zuen. Horrek, hezurretaraino espekulazio inmobiliarioarekin eta burtsatilarekin konprometituta zeuden inbertsio banku handien erortzea azkartu zuten. Mundu mailako sistema finantzarioa kolapsatu egin zen, eta berehalako ondorioak izan zituen. “Ezkutuan” zegoen gain-produkzio krisia azaleratu zen gogortasun guztiarekin eta sistema finantzarioaren egoera sostengaezina are gehiago okertu zen. Orduan, sistema kapitalistaren krisi klasikoa lehertu zen: merkantzien, ondasunen eta zerbitzuen gain-produkzio krisia. 

Gain-produkzioaren krisi klasikoa

 

Marxek eta Engelsek orain dela mende eta erdi baino gehiago azaldu zuten kapitalismoaren oinarrizko kontraesana: ekoizpenaren izaera soziala eta irabazien jabetze indibiduala. Kontraesan hau, ekoizteko baliabideen jabego pribatuaren ondorioz gertatzen da.

Zer esan nahi du ekoizpena soziala izateak? Bada, gure bizitzarako behar duguna, baita gauza sinpleena ere, pertsona askok parte hartu duten prozesuaren produktua dela, lehengaiaren erauzketatik hasita merkantziaren azken salmentara arte, tartean hainbat ekoizpen mailatatik pasatuz. Behar ditugun produktuen gehienak ezin dira pertsona batek eginak izan, ezta fabrika edo estatu bakar batek ere. Kapitalismoak, prozesu luze baten bitartez, ekoizpena maximora sozializatu du; hori izan da bere eginkizun historiko aurrerakoia. Hala ere, ekoizteko indar horiek Estatu burgesaren eta jabego pribatuaren markoan kartzelaratuta daude irabazi pribatuak lortzeko helburu zekenarekin. Honek, aberastasuna sortzearen bidez gizartea garatzea oztopatzen du. 

Kapitalistaren helburua irabazi maximoa eskuratzea da, eta irabaziak langileak zapaltzeari esker lortzen dira. Langileak, bere lan jardunaldian, bere soldataren balioa sortzeaz gain, aparteko balio bat sortzen du, gainbalioa. Honekin geratzen da kapitalista, eta hortik lortzen ditu irabaziak. Irabazi hori esku-diru bihurtzeko, kapitalistak bere enpresako langileek ekoizten dituzten merkantziak saltzea lortu behar du, eta hori beste kapitalistekin lehiatuta egiten du. Arrazoi honengatik, kapitalistak makinaria etengabe berritu beharra dauka, merkantzia bakoitzaren kostuak merkatzeko eta beste kapitalisten aurrean prezio lehiakorragoak izateko. Lehenago edo beranduago, denek gauza berbera egin behar dute merkatuan jarraitu nahi badute. Ekoizpena handitzeak beste ondorio bat dakar, merkatzeaz gain: ekoiztu daitezkeen merkantzien kantitatea handitzen du. Kapitalistak, makinaria berrian eta soldatetan egin duen inbertsioa ahalik eta azkarren amortizatzeko, enpresaren ekoizpen gaitasuna ahal duen gehien erabiltzen du.    

Aldizka-aldizka, krisiak sortzen dira ekoizpenaren zabaltze erritmoa, hau da, ekoizten diren gauzen kopurua, ezin delako merkatuaren hazkuntzaren erritmoarekin uztartu (azken hau motelagoa delako). Horrela sortzen da gain-produkzio krisia. Paradoxikoa dirudien arren, krisi kapitalistak ez dira gertatzen ekoizteko baliabideen edo merkantzien gabeziagatik; ez dira eskasiazko krisiak, ugaritasunezkoak baizik. Kapitalistentzat “dena sobratu” arren (kotxeak, etxebizitzak, esnea, haragia, ekoizpeneko adar guztietan dago saturazioa) milioika pertsona langabeziara eta marjinaziora daude kondenatuta, eta lana mantentzen dutenak oraindik eta zapalkuntza handiagora bultzatzen dira. Ekoizteko indarrak eta merkantziak “nahikoa” suntsitu ondoren bakarrik hartzen du jarduera ekonomikoak berriro ere goranzko dinamika.   

Atzeraldi eta errekuperazio zikloak kapitalismoaren historia guztian gertatu dira, baina krisi guztiak ez dira berdinak, ez dituzte larritasun berdina eta ezta ere ondorio berdinak. Faktore asko dira hori baldintzatzen dutenak, ez bakarrik ekonomikoak, baita politikoak, sozialak eta potentzien artean dauden harremanak ere. Hala ere, kapitalismoa ez da gai bere krisietatik “ikasteko” eta bere burua zuzentzeko, kontrolatzeko edo erregulatzeko. Alderantziz. Sistema kapitalista zaharrago eta dekadenteago egiten ari den neurrian, sektore finantzario-espekulatiboak eta monopolio gutxi batzuk dominatuta, krisiak gero eta gogorragoak dira. Honek ondorio sozial eta ekonomiko suntsitzaileagoak eta ondorio politiko sakonagoak izango ditu. 

Kapital finantzarioaren nagusitasuna

Ekonomiaren hondoratzearen etapa honetan, mundu osoko milioika langile eta gaztek inoiz baino garbiago ikusi dute kapital finantzarioaren diktadura. Hartu diren neurri guztiek banka handia eta espekulatzaile handiak babestea dute helburu, sistemaren benetako funtzionamendua zein den begi-bistan jarriz.  

Gobernu burgesen estrategiak burbuila espekulatibo berri bat bultzatu du, eta kapital finantzarioak irabazi tasak birkonpontzea eragin du. Bilioika euro lekualdatu dira kontu publikoetatik balantze bankarioetara eta fondo espekulatiboetara, erreskate planei eta zor subiranoak erosteari esker. Errekurtso horien guztien lekualdaketaren mekanismoak erakusten du kapital finantzarioaren eta estatu kapitalistaren erabateko fusioa. Aberastasun hori guztia gainera mundu mailako langile klaseari lapurtutako gainbaliotik ateratzen da: soldaten murrizketetatik, enpleguaren prekarizaziotik, zergen igoeratik, pribatizaziotik eta gastu sozialaren murrizketatik. Boom ekonomikoaren garaian kreditu masiboari eta espekulazio burtsatilari esker kapitalista handiek jarduera produktiboan inbertitu gabe ikaragarrizko irabaziak lortu bazituzten, krisi garai honetan egoera berdina errepikatzen ari da inoiz ikusi gabeko mailan.  

Ekoizpen kapitalistaren multzoaren gaineko kapital finantzarioaren nagusitasuna botere politikoaren eremura zabaltzen da. Manifestu Komunista-n, Marx eta Engelsek adierazi zuten gobernuak, baita errepublika demokratikoenekoak ere, kapitalaren administrazio kontseiluak besterik ez direla. Baina beti ekonomia kapitalistaren ezaugarria izan zena, orain arte bizi izan den krisi ekonomiko gogorrenean indartu eta publiko egiten da: Mario Monti 6 urte egon zen Goldman Sachs-eko goi zuzendari bezala; Barack Obamaren kabinete-burua, Bill Daley, JP Morgan-eko zuzendaria izan zen; mundu guztian zehar bankari ohiak edo inbertsio fondo handien kudeatzaile ohiak ekonomia eta finantzetako ministerioen eta banku zentralen titularrak dira. Fusioa garbi dago: finantza altuen ordezkariek gobernuetako (kontserbadoreak edo sozialdemokratak izan) postu klabeak dituzte eta gobernuetako ardurak izandako politikariak berehala pasatzen dira monopolio handien administrazio kontseiluetara. Grezia eta Italiaren kasuan, kapital finantzarioko ordezkari zuzen eta kualifikatuek zuzendutako gobernuak osatu dira eskuinaren eta sozialdemokraziaren babesarekin, “batasuna nazionalaren” izenean. Edozein hauteskunde demokratiko alde batera utzirik, mahai gainean jarri dituzte etorkizunean garatuko diren joera antidemokratikoak “demokrazia betirako finkatuta” zegoela pentsatzen zen herrialdeetan.     

Lan eskubideetan eta eskubide sozialetan egindako murrizketekin batera, kapital finantzarioaren nagusitasun garai honetan eskubide demokratikoak erasotuko dira, kontraerreforma konstituzionalekin, lege antisindikalekin eta errepresioaren handitzearekin eremu askotan. Gizartea aldatzea lortzen ez badugu behintzat, ez dago dudarik mehatxua izango dela mundu mailako langile eta gazte mugimenduarentzat. Baina hori bai, langile mugimenduaren sendotasunak eta oroimen historikoak, belaunaldietako kontzientzian gordeta dagoenak (beste batzuen artean faxismoaren esperientzia), egoera kontrolatzeko klase dominatzailea beste baliabide batzuk erabiltzera behartzen dute oraingoz behintzat. 

Lorpen sozialak eta herri langilearen gehiengoaren eskubideak mantentzeko, berdintasunera eta oinarri arrazionalen gainean eraikitako gizartera joateko, beharrezkoa da sektore finantzarioa desjabetzea. Ikerketa batek erakusten du, mundu mailan 737 banku, aseguru konpainia edo talde industrial handik bakarrik, 43.000 enpresa multinazional nagusienen balioaren %80 kontrolatzen dutela. 147 entitatez osatutako talde boteretsu batek munduko multinazional guztien balio ekonomiko eta finantzarioaren %40 kontrolatzen du; eta 147 horien artean, 50eko talde txikiago batek agintzen du, eta bertan banku iparamerikar eta europarrak aurkitzen dira nagusiki.