Kurduen aurkako gerrarik ez!
Erdoganen erregimenak operazio militarra hasi du Afrinen, Siria ipar-ekialdeko hiri kurduan, Turkiako Herriaren Alderdi Errepublikanoko (CHP) oposizio sozialdemokrata deitutakoaren babesarekin. Egun Turkia, Irak, Iran eta Siriaren artean zatituta dagoen herri kurduaren askapen nazionalaren borrokari esker lortutako garaipenak jo puntuan dituzte lau herrialde horietako erregimenek eta AEBko eta Errusiako indar inperialistek.
Horregatik, dei egiten diegu langile eta sindikatu guztiei eraso horren aurka altxatzeko. Kurduen aurkako gerra bat da, eta horren atzean dagoen arrazoia sinplea da: herri kurdua geografikoki zatituta dago, lau herrialdek zapaltzen dute, eta oinarrizko eskubide demokratiko-nazionalak ukatu dizkiete. Kurduek horietako herrialde batean eskuratzen duten edozein lorpenek eskubide demokratiko gehiago aldarrikatzea ekarriko luke eta, beraz, gainerako herrialdeetan herri kontzientzia nazionala eratzeko prozesua azkartuko litzateke. Hain zuzen ere, horrek kezkatzen ditu gainerako herrialdetako erregimen zapaltzaileak. Hori dela eta, edozein bitarteko erabiltzen dute, baita gerrak eta sarraskiak ere, lorpen guztiak suntsitzeko.
Telekomunikabideek, zeinak Erdoganen zerbitzura dagoen propaganda ministerio bezala jarduten duten, arrazismoa sustatzen dute masen kontzientzian, eta okupazio militar hori “terrorismoaren aurkako” operaziotzat aurkezten dute. Gezur erraldoia da, Erdoganen erregimena bera izan baita Sirian gerra zibila sustatu duena eta Sirian eta beste herrialde askotan odol asko isuri duten ISIS bezalako erakunde terrorista jihadistak babestu dituena; eta ez du zalantzarik izan talde jihadistak erabiltzean, helburu politikoak erdiesteko. Erdoganen erregimenak jihadisten autobusak agerian garraiatu ditu Turkiatik Afrinera okupazio kanpaina honetan. Gainera, Errusiako eta Siriako erregimenekin negoziaketan aritu da Alepoko egoeraz eztabaidatzeko lehenik eta, ondoren, Idlib-go egoeraz hitz egiteko; horietan, erakunde terrorista jihadisten “ordezkari” izan da, eta horrek argi uzten du Erdoganen erregimenaren eta jihadisten artean dagoen harreman estua. Bestalde, Turkiako erregimenak Estatua eta larrialdi dekretuak baliatzen ditu oposizioa isilarazteko. Gerra honekin, Erdoganen erregimenak aukera berriak sortu nahi ditu bere boterea indartzeko, “larrialdi egoerari” orain “gerra egoera” gehituta. Gerra horrek herrialdean atmosfera nazionalista indartzeko balioko dio eta oposizioari jarduteko aukera kenduko dio. CHPk, bere burua sozialdemokratatzat duen alderdi kemalistak, AKP-MHP koalizioarekin norgehiagoka ari da, “abertzaleago” nor den erakusteko.
Benetako etsaiak ez dira Afringo herritarrak, Erdoganen erregimena baizik, zeinak aldarrikapen demokratiko guztiak zapaltzen baititu estatu aparatuaren indarrarekin. Langile klasearen baldintzak okertu egin dira, eta beren seme-alabak gerrara bidali behar izan dituzte. Erdoganen erregimena kurduen aurkako gerra erabiltzen saiatuko da bere erregimena zalantzan jartzen duen langile klasearen aurka. Horrela, errazagoa izango zaio estigmatizatzea eta eskubide demokratikoak defenditzen dituena “terrorismoa babesteaz” akusatzea.
Datozen egunetan ia ziur ikusiko dugu metalurgiako langileen greba debekatuko dutela. Kütahya hirian egindako ekitaldi publiko batean, Erdoganek kontratu mugagabea aldarrikatzen ari ziren azpikontratatutako langileen aurka egin eta halaxe esan zien: “Ez dituzue azalpenak entzuten, ez duzue jarraitzen, ez dakizue (...) lehenago parlamentuan esan genuen, plazetan ere bai, ez duzue ulertu nahi”. Eta hori guztia esan zuen okupazio militarraren kanpaina iragartzen zuen bitartean. Horrek erakusten du Erdoganek bere buruarengan konfiantza duela, herrialdean duen botere absolutuaren ondorioz. Arriskua dago egoera honek aurrera jarraitzeko gerragatik eta arrazismoak, nazionalismoak, sektarismoak eta chauvinismoak langile klasean eragin duen zatiketagatik.
Alderdi eta telekomunikabide guztiak ados daude Erdoganen erregimenarekin eta defendatzen dute operazio militarraren atzean dagoen arrazoia “terrorismoaren aurkako borroka” dela eta “kurdu” hitza erabiltzea saihestu nahi dute, baita beren burua sozialistatzat duten taldeek ere. Hori dela eta, Mediterraneora heltzen zen Rojava-ri “Pasabide kurdua” deitzeari utzi diote eta “Terrorismoaren pasabidea” deitzen hasi dira. MHP alderdi ultranazionalista eta arrazistak ere esaten du “ezin esan daiteke[ela] MHP kurduen aurka dagoela”, nahiz eta bere lehen kezka den kurduen kontzientzia nazionala garatzea.
Kurduek beren etorkizunaz erabakitzeko eskubidea izan behar dute, gainerako herriek bezala, Siriak, Irakek, Iranek eta Turkiak bezala. Herri kurduaren kontzientzia nazionala eratzeak eta eskubide demokratikoak aldarrikatzeak zapaldutako langile klasearen kezka izan behar du, Turkia osoko langile klasearen batasunaren arrakasta bermatzeko baldintza baita. Horregatik, beharrezkoa da Turkiako langile klaseak kurduen eskubideak defenda ditzan. Horrela bakarrik izango da posible kurduen konfiantza eta babesa erdiestea eta eskubide demokratikoen aldeko borroka klaseko borrokarekin uztartzea.
Ez kurduak, ez Siriako herritarrak, horiek ez dira gure etsaiak. Gure benetako etsaia Erdoganen diktadura da, zeinak enpresariak, lapurrak, ustelak, hiltzaileak eta erakunde terrorista jihadistak babesten dituen eta langileei eta zapalduei langabezia, pobrezia, zapalkuntza, odola, malkoak, gerra eta heriotza besterik eman ez dion. Diktaduraren biktimek, erregimen honen biktimek bakarrik suntsi dezakete erregimena: turkiarrek, kurduek, alebiek, sunitek, hau da, herri zapaldu guztiek eta langile klaseak.
AKP, CHP, MHP eta ÌYÌ alderdiek, alderdi nazionalista eta chauvinista guztien antzera, saiatzen ari dira erakusten langileek eta klase kapitalistak interes berberak dituztela, “nazio” berekoak baitira. Edonola ere, interes horiek ez datoz bat. Hori dela eta, beharrezkoa da gure klasea alderdi nazionalista kapitalisten aurka antolatuko duen langile alderdi bat sortzea. Langile klasearen batasunak soilik gera ditzake gerrak, inperialistak eta bere kolaboratzaileak. Horregatik, langile klasearen erakunde guztiei, batez ere sindikatuei, eskatzen diegu estatu turkiarrak inperialismo errusiar eta ipar-amerikarraren laguntzaz kurduen aurka deklaratu duen gerra honen aurka ager daitezen.
Okupazioari ez!
Esan ez Afrinen aurkako erasoari!
Sindikatuek greba orokorra deitu behar dute gerraren aurka!
Klase batasuna nazionalismoaren eta sektarismoaren aurka!
Gerraren, zapalkuntzaren, esplotazioaren eta pobreziaren aurka, Ekialde Hurbileko konfederazio sozialistaren alde!