Behera Estatu kapitalista sionista!

Maiatzaren 21ean, Israelen eta Hamasen arteko su-etena jarri zen indarrean, Gazaren aurkako hamaika eguneko eraso basatia amaituz. Zifrak ikaragarriak dira: 243 heriotza, horietatik 66 haurrak eta 39 emakumeak; 2.000 zauritu; 90.000 bizilekua galdu dutenak; bonbardatutako ospitaleak eta anbulatorioak, laguntza humanitarioa blokeatzea…

Estatu sionistaren erasoaldi berri hau lurralde okupatuei aplikatutako zigor-politikaren parte da, bereziki Gazari, palestinarren bizi-baldintzak hondoratuz. Elektrizitate edota edateko ur eskasiaz gain, Israelgo Gobernuak uko egin dio palestinarrei txertoak emateari.

Israelen eta Hamasen arteko talka honek beste bat gehiago dirudien arren, gertaera batzuek aldaketa kualitatiboa eragiten dute egoeran.

Inperialismoaren eginkizuna

AEBk Ekialde Ertainetik irten nahi du Txinari Pazifikoan aurre egiteko. Baina bere ahultasunak eta Asiako erraldoiaren indartzeak ondorioak ditu eremuan: aliantza zaharrak hausten dira, erabateko ezegonkortasuna hedatzen da eta bertako potentzia bakoitzak besteen kontura indartzeko borroka areagotzen da, bi superpotentzien artean nabigatzen dutelarik.

Israelek pairatzen duen krisi politiko sakona ere tentsio horien parte da. Bi urtetan lau hauteskunde egin ondoren, gobernu egonkorrik eratu ezinik jarraitzen dute, eta Netanyahuren aurkako protesta mugimendua areagotzen jarraitzen du. Gazaren aurkako erasoarekin Netanyahuk, arnasaldia bilatzen zuen, izan ere, gobernutik kanpo geratu eta egiteke dituen epaiketekin kartzelan amaitzeko beldurra baitzuen. Baina erregimenaren sinesgarritasun falta eta krisia hain da handia, ezen bosgarren hauteskundeak saihesteko, akordio zabalen aukera ireki dutela, muturreko eskuina eta laboristen apurren eta Meretz barne bilduz. Gobernu horren buruan kolonoen lerro gogorreko bozeramailea ezarriko zen eta alderdi arabiarren babesa jaso beharko luke. Aurrera aterako balitz, ikaragarri ahula izango litzateke. Egiten diren akordio eta konbinazio parlamentarioak edonolakoak izanik ere, erregimenaren ezegonkortasunak aurrera jarraituko du.

Israel aliatu klabea da mendebaldeko inperialismoarentzat, bere ekintzak erabat babesten baititu. Baina kasu honetan ere, Estatu Batuetako inperialismoak bere ahulezia erakusten du. Gaur egungo testuingurua aurreko hamarkadakoa baino leherkorragoa da, eta Netanyahu Bonaparte bat da, neurri batean agenda propioa duena, Erdogan bezala. Gazako bonbardaketa hasi ondoren, zenbait iturrik administrazioko funtzionarioen eta Bidenen zirkulu hurbilenaren arteko irizpide desberdintasunak azaldu zituzten.

Bidenek hau esan zuen: “Israelik ez balego, AEBk asmatu egin beharko luke”. Negozioak negozio dira eta Israelekin ezin dutenez aliantza tarterik galdu, Estatu Batuetako eta Europako inperialismoa erasoaldi sionistarekin lerrokatu da, Israelek “defendatzeko eskubidea” duela “argudiatuz”. Jarrera hipokrita horrek ordea, mundu osoan zehar Palestinaren aldeko manifestazio erraldoiak eragin ditu, bita su-etenaren ondorengo asteburuan ere. Londresen esaterako, britainiar historian Palestinarekiko elkartasun-erakustaldi handiena izan da, 200.000 pertsona bilduz.

Greba orokor historikoa eta altxamendu bateratua Palestinan

Azaleratu den elementurik garrantzitsuena masa-mugimendua izan da. Mugimendu hori Jerusalemetik lurralde okupatuetaraino zabaldu da, palestinarrak dituzten Israelgo hiri guztietatik pasatuz.

Bonbardaketen aurretik, Jerusalem okupatuan probokazio sionistak gertatu ziren: Al Aqsako mezkitarako sarbideak itxi zituzten, Sheij Yarrah auzoan familia palestinarrak kaleratu zituzten Israelgo kolonoak sartzeko, eta eskuin muturreko manifestariak etengabe aritu ziren palestinarrak jazartzen eta erasotzen.

Probokazio horien aurkako protestak ugaritu egin ziren, Israelgo hirietan urtetan egin diren palestinarren mobilizazio handienak bihurtu arte. Bonbardaketen aurretik ere bazeuden manifestazioak. Aldi berean, eskuin muturreko banda sionistek benetako pogromoak antolatu zituzten “arabiarrei heriotza” oihuka.

Egun gutxiren buruan, kontzientziak jauzi bat eman zuen eta masa altxamendua herrialde osoan zehar zabaldu zen. Autodefentsa-batzordeak eratzen hasi ziren auzoetan eta herrietan, banda sionistei aurre egiteko.

Hurrengo urratsa greba orokorrerako deialdia izan zen hilaren 18rako. 1987ko Intifadatik garrantzitsuena izan da, eta askok Protektoratu Britainiarraren aurkako 1936ko greba orokorrarekin alderatzen dute. Greba hori ez zen lurralde okupatuetatik abiatu, Israelgo hiri mistoetako ekintzaile eta erakundeetatik baizik eta koordinazioan Israelgo alderdi palestinarrek ere parte hartzen zuten. Fatah eta Hamas ere batu ziren grebara; hau izan da mugimenduak erabat gainditu duen Fatahen jarduera bakarra.

Mugimenduak erantzun bateratua eman du eta praktikan bere indarra egiaztatu du. Aldaketa oso esanguratsua da, Gazaren aurkako aurreko erasoetan ez baitzen berdina gertatu.

Beste herrialde batzuetan gertatu den bezala, mobilizazio horiek behetik sortu dira, gazteria lehen lerroan egon da, eta Palestinako buruzagitza deritzotenen alderdiak gainditu dituzte. Oraingoz indar hori guztia Hamas ari da kapitalizatzen. Baina ezin du Palestinako herria askatzeko estrategiarik eskaini. Ez du programa iraultzailerik eta inoiz baino lotuago dago bere babesle atzerritarrengana (Turkia, Qatar, Iran)  langile klasearen eta zapalduen kausaren etsaiak.

Hamásek Gazan duen administrazioa Qatarretik heltzen diren dolarrez betetako maletinen mende dago, Israelen onespenarekin. Arlo militarrean berriz Iranen menpe dago, azken aldian harremanak berreskuratu ostean.

Ekialde Ertaineko federazio sozialistaren alde!

Gazako bonbardaketak amaitu dira, baina Palestinako altxamenduaren arrazoiak ez dira desagertu. Su etena indarrean jarri zen egunean, polizia israeldarra Al Aqsako zelaigunean sartu zen berriro, dozenaka zauritu eraginez.

1987an Lehen Intifada bizi izan zuen belaunaldiak egiaztatu ahal izan zuen Palestinako herriaren askapenak gehiago egin zuela aurrera aste batzuen buruan, Palestinaren Askapenerako Erakundearen 30 urteko gerrillerismo eta ekintza armatu isolatuekin baino. Orain antzeko zerbait ikusten ari gara. Masen ekintzak, gazte palestinarrak buru direla, poliziaren errepresioari aurre eginez, mugimenduaren oinarria bultzatu eta zabaltzea lortu du. 48 ordutan, greba orokor batek borroka bateratu du, hamarkadetan gertatu ez zen bezala. Belaunaldi berri honek ikusi du, halaber, masen ekintzak Irakeko eta Libanoko erregimenak kolokan jarri zituela duela urtebete.

Azken hamar hilabeteetan, juduek eta Israelgo palestinarrek kaleak partekatu zituzten, eta orain palestinarrak eraso eta eskuin muturraren ekintzak baimentzen dituzten istiluen aurkako poliziaren eta mugetako polizia militarizatuaren errepresioa jasan zuten.  

Mugimendu horren jarraipen logiko gisa, su etenaren ondorengo egunean, milaka arabiar eta judutarrek manifestazioa egin zuten Tel Aviven, bizikidetzaren alde eta bonbardaketen eta okupazioaren aurka. Netanyahuk shock handiena sortu nahi duen unean, ekintza hauek dira bere estrategiaren aurkako armarik onena, mendebaldeko inperialismoaren estrategiaren aurka mundu osoan egindako manifestazioak bezala.

Okupazioaren eta gerraren aurrean, erresistentzia eta autodefentsarako Palestinako mugimendu iraultzaile bat eraiki behar da, sozialismoaren eta langile internazionalismoaren programarekin armatua, eta masa antolamenduan eta borrokan oinarritua.

Ezkerrak eta nazioarteko langile-mugimenduak hori bultzatzen lagundu behar dugu,  Ekialde Ertainean zapalkuntzaren eta gerraren kausekin amaitzeko: inperialismoaren agintea eta bertako oligarkia kapitalistaren interesen babesle diren gobernu txotxongiloak.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.