Herrialde arabiarretan historia markatzen duten gertakariak ari dira ematen. Prozesu iraultzaile klasikoak ikusten ari gara. Ben Aliren diktaduraren aurka hasi zen Tunisian eta herrialde honetan jarraitu egiten du bertako gobernuak ezer ez aldatzeko goitik egin nahi dituen erreformen aurka. Egiptora zabaldu zen ondoren eta bertan ere masek Hosni Mubaraken diktadurarekin amaitzea lortzen zuten. Ondoren Libiaren txanda etorri zen. Gertakari hauek eragin handia ari dira izaten gainontzeko herri arabiarretan eta baita mundu osoan ere.

Iraultza hauek inflexio puntu bat dira herri arabiarren historia modernoan. Lehen aldiz langile, gazte eta nekazariak hasieratik bukaeraraino protagonista izan dira tirania tunisiarraren erorketan. Oraingoan ez dute inoren neurri aurrerakoirik babestu, ezta monarkiarekin amaituko lukeen estatu kolperik ere, 1952an Nasserek egin bezala. Oraingoan argi ikusten ari dira masek era kolektiboan borrokatuta daukaten indarra. Beste gertakari historiko bat da iraultzak zabaltzeko izan duen bizkortasuna. Herrialde bakoitzean nola adieraziko den eta zein erritmotan emango den jakiteko hainbat faktorek dute zerikusia baina prozesua orokorra da eta agintari arabiarrek ezingo dute egoera ezegonkor honetatik alde egin. Garrantzia berezia izango du ere Argelian, Marokon eta Libian gertatzen denak; Argelian manifestazio garrantzitsuak izan ziren urtarrilaren hasieretan, errepresioaren ondorioz bost hildako suertatuz eta otsailerako ere mobilizazio handiak zeuden antolatuta. Marokon, bestalde, 12 mila pertsonak eman zien babesa Facebooken bidez egindako deialdi bati, otsailaren 20rako. Oussama el Khlifi 23 urteko langabetuak egin zuen deialdia, preso politikoen amnistia, ustelkeriarekin amaitzea eta Mohamed V. aren botere absolutuekin amaitzea eskatuz. Libian berriz egun gutxitan masak gai izan ziren Gadafiren gobernua kolokan jartzeko. Egunetik egunera gertakizun garrantzitsuak ematen dira eta artikulu hau publikatzerako ere zaharkituta geratuko da gertakarietan behintzat.

Azken hogeita hamar urteetan emandako pribatizazio eta inperialisten harrapaketa basatiekin, lehen herrialde hauetako askok zeukaten sektore publiko indartsuekin (batez ere Egipto, Argelia eta Tunisia) amaitu dute. Horrek hainbat erregimenek zeukaten oinarri sozialekin amaitzea ekarri du. Iraultzaren aldeko korrelazio indarrak hain dira handiak Estatu aparatuetan ere bere eragina izan duela. Sinpatiazko hainbat keinu egon dira soldaduen eta baita polizien aldetik Tunisia, Egipto eta Libiako gertakarietan.

Iraultza hau ezin uler daiteke testuinguru internazionaletik kanpo. Bere oinarrizko arrazoia kapitalismoaren krisi organikoa da. Lehengo boom ekonomiko mundialak ez zituen masa arabiarrak onuratu, justu kontrakoa baizik. Petrolioaren eta gas naturalaren prezio altuek, (herrialde hauetako gehienen produktu klabea) bertako gutxi batzuk eta petrolio eta gasaren multinazionalak soilik aberastu zituzten, herritarrek pribatizazioak eta harrapaketak bizi zituzten bitartean, inperialismoak esplotatzen dituen gainontzeko herrialdeek bezala.

Tunisian iraultzak jarraitu egiten du

 

Ben Alik alde egin eta gero, iraultza bigarren fase baten sartu da. UGTTk, tradizio handiko sindikatuak, posizio kontraesankorrak mantendu izan ditu Ben Aliren erregimenarekin, zuzendaritzak honekin kolaboratuz eta hainbat herri eta sektoretan honen aurka borrokatuz. Baina oposizioko alderdi indartsu baten faltan, insurrekzioaren erreferente bihurtu da UGTT. Urtarrilaren 14an Ben Alik alde egin zuenetik urtarrilaren 17an hurrengo gobernua osatu zen arte, botere erreala masek zeukaten eta botere hori antolatzeko gobernu iraultzaile bat osatzea posible zen, baina falta izan zutena hori posible egin zezakeen organizazio bat izan zen. Ben Alik alde egiterako, honen aliatuek, ejertzitoak eta inperialismoak mugimenduari irabazteko zer egin pentsatuta zeukaten.

Mohamed Ghanuchi, diktadorearen lehen ministroa botere formalaren kargu egin zen, diktadorearen denbora bateko gobernatu ezina alegatuz, baina hau ez zen izan nahikoa mugimendua geldiarazteko eta horregatik erretiratzen zegoen erregimenak Fouad Mebazaa parlamentuko lehendakaria barneko lehendakari bezala ipini zuen. Honek amnistia eta berehalako hauteskundeak hitzeman zituen eta “batasun nazionaleko gobernua” eratzeko deia egin zuen, RCD (diktaduraren alderdia), oposizio legala (mugimenduaren aurrean autoritate gabea) eta bereziki UGTTren artean. Baina “batasun nazionalaren” ideia tranpa izugarria da: Zer nolako batasun nazional eman daiteke diktadurarekin aberastu direnen eta honek zapalduak izan direnen artean? Iraultza zapaltzea nahi dutenen (nahiz eta orain alde daudela esan) eta beraien kateak soilik galtzeko dauzkatenen artean? Maniobra honekin kapital nazional eta internazionalak egoeraren kontrola hartzea, masak baretzea eta barne ministerioaren parean zeuden manifestariak etxera joatea soilik nahi zuten. Baina ez zen horrela izan. Herritarren presioak UGTTko ministro izendatu berriak dimititzera, parlamentutik alde egitera eta diktaduraren instituzioak ez onartzera behartu zituen. Azkenik, UGTTko zuzendaritzak, eztabaida gogor baten ondorioz, gobernuaren azken proposamena onartzea erabaki zuen, RCDko kideen kanporatzea suposatzen zuena Mohamed Ghanuchi bere postuan mantenduz. Erabili zuten argudioa “egonkortasuna bermatzea” izan zen. Baina iraultza oraindik ez da bukatu, masek intuitiboki deskonfiantza handia daukate eratutako gobernuan eta ez dira beraien berehalako arazoak konpontzeko zain geldituko.

Gakoa: Egipto

 

Herrialde arabiarren artean Egipto da, dudarik gabe, herrialde garrantzitsuenetako bat, bai bere 80 milioiko biztanleriagatik (herri arabiarretatik handiena) eta baita ekonomikoki, kulturalki eta historikoki duen eraginagatik. Urtarrilaren 25ean manifestazioak hasi ziren eta hilaren 28tik otsailaren 4ra arte milioika lagunek kaleak hartu zituzten, ez  Kairon soilik baita Alexandria, Suez eta hirigune garrantzitsuenetan ere. Mugimenduaren erreferentzia okupatutako Tahrir plaza izan zen non antolaketa maila izugarria eman zen; probokatzaileak ez sartzeko kontrolak, osasun puntuak, zabor bilketa, ekintza kultural eta entretenigarriak, etab. Masen determinazioak aurrean zituzten oztopo guztiak saihesten lagundu zuen: poliziaren errepresio bortitza (ehunka hildakorekin), ejertzitoaren presentzia jendea intimidatzeko, ongi antolatuta eta armatuta zeuden uniforme gabeko poliziak eta Mubaraken aldeko manifestari bezala azaltzen ziren mertzenario eta faxistak, urtarrilaren 31ean Tahrir plazan zeuden iraultzaileen aurka eginez  bajak sortu, plaza hustu eta kaosaren inpresioa emateko, etab. Hainbat hildako eragin zituen eraso larri honen aurrean ordea ez zuten plaza hustea lortu. Hurrengo deialdia otsailaren 4rako egin zen eta, txikiagoa izatetik urrun, egin zen manifestaziorik handiena izan zen.

Azkenean, masen borrokari esker otsailaren 11n Hosni Mubarakek kargua utzi zuela jakinarazi zuten ejertzitoko ofizialek. Deklarazioetan garbi ikusi zen ejertzitoko ofizialak noren ondoan dauden, Mubaraki eskerrak ematen agertu baitziren bere kargua uzteagatik. Ejertzitoa gelditu zen Estatuaren kargu eta sei hilabeteren buruan gutxi gorabehera hauteskundeak egingo direla ere esan zuten, era berean Tahrir plaza usteko eskatu zuten.

Programa eta antolakuntza sozialista baten alde

Egipton, Tunisian eta Libian bezala, komiteen arazoa erabakigarria da. Tunisian bezala batzorde ugari daude, baina beste alde batetik urtarrilaren 30ean Sindikatu Independenteen Egiptiar Federazioa sortu zen, industriako eta zerbitzu publikoetako langileak eta jubilatuak batzen dituena eta bere deklarazio publikoan “langile egiptiarrak komite zibilak sortzera gonbidatzen ditu beraien lantokiak defendatzeko eta protesta akzioak eta grebak antolatzeko, herri egiptiarraren eskakizunak lortu ahal izateko”.

Mugimenduak antolatu beharra dauka. Fabrika bakoitzean, auzo bakoitzean, unibertsitate bakoitzean, borroka komite sortu behar dira, delegatu kengarriekin eta herri eta zonalde denetara zabaldu. Komite horiek altxamenduari antolakuntza eman behar diote, autodefentsa prestatu (lokal sindikalak eta manifestariak defendatzeko,etab.), soldaduak iraultzara erakarri, etab.; eta ez soilik borroka antolatu, ekintza sozialaren aspektu guztiak ere beraien kontrolpean jarri behar dituzte: osasun publikoa, segurtasuna, hornigaiak, etab. Komite hauek, momentu jakin batean boterearen gune garrantzitsuenak hartzeko antolatu behar dute, altxamenduaren garaipena bermatuko lukeen greba orokor bat antolatuz eta Estatu berri baten oinarri bihurtuz, Estatu sozialista bat.

Lapurretak eta erasoak ari dira gertatzen era guztietako auzoetan (burgesetan, klase ertainekoetan eta baita langileenetan). Kasu gehienetan erasotzaileak zibilez jantzitako poliziak edo erregimenaren mertzenarioak dira, kaosa sortuz aitzakiak izan ditzaten interbentzio militar bat egiteko eta burges txikien babesa lortzeko hauek iraultzatik banatu eta hauen nahia “delinkuentziarekin eta desordenarekin” amaitzea izan dadin. Auzo batzuetan bizilagunak armatu egin dira. Milizia hauek batzar eta komiteei erabat loturik egon behar dute bestela sektore desberdinak elkarren aurka aritzeko arriskua egongo litzateke. Poliziak ez du segurtasun faltarekin bukatuko, bere papera mugimendua erreprimitzea da; eta mugimenduaren papera berriz, komiteetan antolatuta segurtasuna bermatzea. Lehenik eta behin dudarik gabe manifestariena.

Ongi hezitako oposizioaren eta erregimenaren egituretatik antolatutako hauteskundeek ez dute arazo bat bera ere konponduko. Behetik gora antolatuta, sozialismoaren programa batekin eta mugimenduaren parte hartze zuzenarekin soilik izango da posible bizi baldintzak era erradikal eta bizkor batean hobetzea. Enpresa eta lur sail handiak, multinazionalak eta bankuak desjabetuz eta langileen kontrolpean ipiniz, herritarren gehiengoaren beharrak asez joateko baliabideak emango lituzkete. Beharrezkoa da, era berean, deialdi internazionalista bat egitea herri arabiarretan iraultza zabaldu eta sakontzeko. Arabiar Federazio Sozialista baten ideiak, inperialisten eta hauen gobernu eta diktadura txotxongiloen amesgaiztoarekin bukatuko lukeenak, inoiz baino aukera erreal gehiago ditu.