Masa iraultzaile arabiarrak dira diktadurekin eta zapalketa inperialistarekin amai dezaketen bakarrak

 

Martxoaren 17an Nazio Batuen Erakundeak Libian aireko zona ez erabiltzeko erresoluzio bat onartu zuen. Lehenagoko hainbat esku hartzetan bezala, inperialisten ekintza militarra mundu osoko langile eta masen aurrean justifikatu ahal izateko, bertan muturra sartuta daukaten AEBk eta Europak gezurrak esateari eta manipulatzeari ekin zioten.

 

Iraken sartu zirenean, behin eta berriz errepikatu zuten aitzakia suntsiketa handiko armak zeudela izan zen. Libiaren kasuan, “Bengasiko herritarrak odol isurketa handi batetik salbatzea” izan zen inperialistek erabili zuten aitzakia. Orduan, zergatik sartu dira Libian eta zergatik babestu dute Yemenen edo Bahreinen masa iraultzaileek jasan duten errepresio basatia?

Irakeko lehenengo gerraren helburua, 1992an, inperialisten esanetan Kuwaiten demokrazia berrezartzea izan zen. Ia 20 urte beranduago Pertsiar Golkoan oraindik monarkia ankerrak daude (Kuwaiten bertan, Saudi Arabian, Bahreinen,…). Hauetan herritarrek ez dute inongo eskubide demokratikorik. Jugoslavian esku hartzeko eta bonbardatzeko aitzakia “herri kosovotarra eraso serbiarretik salbatzea” izan zen. 20 urte beranduago ikusten da Jugoslavian egin zuten esku hartzeak ez zuela balio izan borrokan parte hartu zuten etnien arteko odol isurketa basatia gelditzeko, baina mendebaldeko inperialismoari Federazio Jugoslaviarra deuseztatzeko eta Kroazian eta Kosovon Estatu sateliteak sortzeko balio izan zion, baita pribatizazio programa bat inposatu eta zonalde guztia mendebaldeko multinazionalen kontrolpean jartzeko ere. Gazte eta langileok ezin dugu NBE bezalako erakunde batengan inongo konfiantzarik izan, potentzia handien interes estrategikoen esanetara dagoen organismo honengan, mendebaldeko potentzia inperialisten aliatuak izan diren gobernuen politika errepresiboa gelditzeko sekula hatz bakar bat ere mugitu ez duen organismoarengan. Etengabe gobernu sionistak zapaldua duen Palestinako herriak jasandako hilketa sistematikoak inoiz ez du palestinarren giza eskubideak babesteko potentzia “demokratiko” hauen esku hartze militarrik motibatu.

Masa iraultzaileak esku hartze inperialistaren aurka

Bengasin eta beste hainbat hiritan iraultza egiten ari ziren masen gehiengoaren sentimendua edozein esku hartze inperialistaren aurkakoa zen The Real News bezalako web antinperialistetan argitaratutako bideoetan eta prentsak jasotako hainbat testigantzetan ikus zitekeen bezala. Baina masen mugimenduaren aurrean antolakuntza iraultzailerik ez zegoenez, iraultza libiarrarekin sortu ziren komiteen zuzendaritza hartzea lortu zuen alde iraultzaileko sektore burgesak. Zuen jarrera burgesagatik, zuzendaritza honek inperialismo europarraren eta estatubatuarraren babesean ipini zuen esperantza guztia. Gadafi garaitzeko masek zuten gaitasun iraultzailean ez zuen konfiantzarik sektore honek, eta oinarrian beldurra zien masa hauei, beren gainetik pasatzeko eta boterea hartzeko joera baitzuten. Masen borrokarako indarra gelditu eta beraiei egokiak iruditzen zitzaizkien mugetan mantentzeko eta masa iraultzaileen mugimendua desbideratzeko agintari hauek inperialismoarekin maniobratu zuten.

Inperialismoaren bozeramaileek Libian anarkia nagusitu zela zioten, Estatua, polizia,epaileak… falta zirelako. Hala ere, komite iraultzaileek agintzen zuten hirietan ez zen inolako kaosik egon, justu kontrakoa, elkartasuna nagusitu zen herritarren artean eta eguneroko bizitza antolatzeko erabakiak modu zuzen batean hartzen zituzten: herritarren parte hartzearen bitartez. Inperialismoak jaio berri zen eta kontrolatu ezin zuen antolaketa iraultzaileari zion beldurra. Masek beren indarrean zuten konfiantzarekin bukatu eta hauengan inperialismoak parte hartu beharraren ideia sartu nahi zuten, ordura arte masek ideia hori baztertuta baitzeukaten. Herri masek eta langileek ez zuten kanpotik zetorren inoren esku hartzerik nahi, hainbat komunikabide independentetan ikusi ahal izan den bezala. Hala ere, erregimena erortzeko zorian zegoen lehen unetik, Libiako Kontseilu Nazionalean zeuden inperialisten aldeko agintariek iraultzarentzat erabat ezegokiak ziren hainbat ideia sartu zituzten: 1) Gu bakarrik ez gara Gadafiri aurre egiteko gai, aireko indarra kontrolatzen baitu. 2) Ez dugu kanpokoen esku hartzerik nahi, baina NATO edo NBEk aire eremua zaintzen badute irabaz genezake.

Iraultzaren garaipenerako programa militarra

 

Garbi dago Gadafiren aurkako borrokaren auzia honela planteatzea borroka  geldiarazteko elementu bat izan zela eta egoera honek masek beraien buruengan zeukaten konfiantza gutxitu zuela. Honek, Gadafiri eta inperialistei ere iniziatiba hartzeko beharrezkoa zuten denbora eman zien, ordura arte erabat paralizatuta baitzeuden mugimendu iraultzaileak zeraman abiadagatik. Nahiz eta masa iraultzaileen ondorioz polizia eta ejertzitoa hautsi egin ziren, Gadafik eta bere familiak eliteko guardia bat eta mertzenarioak zeuzkaten oraindik. Tropa horiei esker Tripoli berreskuratzea eta, aldi berean, beste hiri iraultzaileen aurkako erasoaldia antolatzea lortu zuen. 

Iraultzak, eta bereziki masen altxamenduak, etenik gabe posizio guztiak konkistatuz eta oztopo guztiekin amaituz aurrera eginez soilik lor dezake garaipena: hori egin ezean, sortu duen eraikin guztia erortzeko arriskua dago. Hori, erasoaldi militar baten beharraz gain, diktaduraren indarren aurkako gerrari norabide klasista eta internazionalista bat emango zion alderdi iraultzailerik ez zegoelako gertatu zen: herritarrei dei egingo ziena Kontseilu Nazional berriko agintariengan inolako konfiantzarik ez izateko eta masen artean garaipena lortzeko Tripoli hiriburua hartzearen beharra sarraraziko zuen alderdi bat. Eta honekin guztiarekin batera, beharrezkoa zen inguruko herrialde arabiar guztiei elkartasun internazionalistara dei egitea, elkartasunezko grebak antolatzeko, Gadafiren erregimenaren aurka boikot ekonomikoak antolatzeko eta gazte eta langileen laguntza militarra antolatzeko Libiara borroka egitera boluntarioak joanez. Iraultzak programa militar bat ezinbestekoa zuen. Horregatik, altxatutako ejertzitoak ekintza konkretuen bidez erakutsi behar zien biztanleriari, Libia barnekoei eta kanpokoei, helburua askapen soziala zela urteetan herrialdea zapaltzen zeramaten Gadafiren familiaren, gainontzeko burgesia libiarraren eta multinazional inperialisten boterearekin amaituz; hau da, helburua kapitalismoarekin bukatzea eta gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatzea zela. Hau ez egitean, Gadafiri kontraerasoa antolatzeko aukera eman zitzaion eta inperialistei berriz herrialdearen kontrola mantentzeko estrategia berri bat prestatzeko aukera.

Zuzendaritza iraultzailerik gabe, ez zen aprobetxatu hasierako mugimendu iraultzailearen abiada geldiezinaren ondorioz Gadafiren estatu aparatuak izan zuen gainbehera. Tripolin Gadafik zuen jauregiaren ateetaraino iritsi zen masen mugimendu ikaragarri hura, baina egoera ez zen aprobetxatu herritarren segurtasuna berma zezaketen komite eta herri miliziak bateratzeko eta koordinatzeko. Beharrezkoa zen herri armatuaren ejertzito iraultzaile bateratu bat sortzea eta, era berean, Tripolira zuzendutako erasoa antolatzea bertako auzo behartsuetako altxamendua lagunduz. Baina ez zen horrelakorik egin eta honek guztiak esku hartze inperialistari bidea ireki zion.

Borrokak jarraitu egiten du

 

Iraultza arabiarren garaipena bermatzeko era bakarra masa arabiar guztiak eta langile klasea mobilizatzea da, benetako programa iraultzaile sozialista batez hornituta. Beharrezkoak dira Tunisiako, Egiptoko, Libiako eta gainontzeko herri arabiarretako langileak batzeko gai izango diren programa, metodoak eta ideiak. Horrela da bakarrik posible garaipenera zuzentzea. Eta programa hau marxismo iraultzailearen programa da, iraultza arabiarraren garaipena eta inperialismoaren porrota lortzeko balio dezakeena. Egoera objektibo guztiak ideia hauetara bultzatzen du, masek ekintzan duten esperientziarekin konektatzen dute. Helburu garbiekin, inperialistak eta kapitalistak kolpatzeko gai den alderdi iraultzaile batekin, ez dago altxatutako masak geldiaraziko dituen indarrik. Ben Ali eta Mubarak garaitu zituzten eta beraiek bakarrik inperialisten eta hauek inposa dezaketen edozein gobernu burgesen aurka berdina egin dezakete. Erreformismoaren krisia agerian utziz, agintari sozialdemokratek langileen aurrean inperialisten eta multinazionalen politika inperialistak justifikatzen ari dira. Intelektual burges txiki desmoralizatuek, berriz, ez dute konfiantzarik masek egoera aldatzeko duten gaitasunean eta iraultzen purutasuna eta kontraesan ezak bilatzen jarraitzen dute. Marxismoak, ordea, erabateko konfiantza du langile klaseak baturik edozein oztopori aurre egiteko duen gaitasunean. Datozen urteetako gertakari ezegonkorrek, kapitalismoaren gainbeheraren fase honetan, langile mugimenduko joera politiko guztiak frogan jarriko dituzte eta aukera emango du marxismoaren ideiak masen indarrean bihurtzeko herrialde arabiarretan eta mundu osoan.