SESB erori eta hogeita hamar urtera, Europako ekialdeko egoerak munduaren arreta bereganatu du berriro, eta inperialismo iparramerikarraren eta haren aliatu europarren ahuleziak erakutsi ditu. Txinak arlo ekonomiko eta militarrean egindako aurrerapen ikusgarriek eta Errusia lehen mailako potentzia gisa berragertzeak errotik aldatu dituzte nazioarteko harremanak.

“Gerra Hotz” berri honetan, garrantzitsua da jokoan dauden interesak kontuan hartzea eta itxurek ez liluratzea. AEB Ukrainako erregimen erreakzionarioa erabiltzen ari da, iraganean egin zuen bezala, Errusiaren aurkako borroka azkartzeko eta Txinari mezu serio bat igotzeko. Baina Kiev NATOn sartzeko eta Ukraina Putinen erregimenaren aurka egiteko asmoek erantzun sendoa jaso dute.

Errusiak aurre egin die AEBei

Estalinismoaren oinordeko den ezkerreko sektore handi batentzat, egungo gatazka geopolitikari buruzko gogoeta hutsetara mugatzen da. Putin SESBen jarraitzaile gisa eta baldintzarik gabe eta modu akritikoan laguntzea merezi duen eta mendebaldeko oldarraldiari aurre egiteko prest dagoen nazionalista gisa aurkezten dute. Baina errealitatea oso urrun dago irudi horretatik. Putinen erregimenak Errusiako oligarkia kapitalistaren interesei erantzuten die: jabetza nazionalizatuaren hondakinen eta SESBaren ondarearen arpilatzearen eta sobietar herriari egindako lapurreten gainean eraikitako kapitalismo basatiaren sistema baten burua da.

Beraz, ergelkeria lotsagarria da AEB eta EB Errusiaren irrika espantsionisten aurrean Ukrainaren demokraziaren eta askatasunaren bermatzaile gisa aurkeztea, mendebaldeko propaganda hutsa da. Ukrainaren eta Errusiaren arteko mugan gertatzen ari den borroka hori munduko nagusitasuna eskuratzeko borroka zabalago baten parte da.

Errusia nazioarteko mahai-jokora indar berriturik itzuli da. Munduko gaietan izan duen esku-hartzea Txinak lagundurik egin du. Afrikan herrialdez herrialde bereganatu ditu posizio berriak. Maniobra militarrak egin ditu Txinarekin, Bielorrusiarekin, Tayikistanekin, Uzbekistanekin, Abkhaziarekin, Armeniarekin, Indiarekin, Pakistanekin, Kazakhstanekin, Egiptorekin, Hego Osetiarekin eta Asiako hego-ekialdeko hamar herrialde biltzen dituen ASEANekin batera, eta Indiarekin 2031 arteko lankidetza tekniko-militarrerako akordioa sinatzea lortu du.

Europan, Nord Stream 2 gasbidearen eraikuntza izan da gatazkarako beste puntu garrantzitsu bat, eta zatiketa egon da Poloniaren, Erresuma Batuaren eta Baltikoko herrialdeen eta Alemaniaren eta Italiaren artean, Putinen erregimenarekin dituzten negozio garrantzitsuak arriskuan baitaude. AEBk ezin diote uko egin Europan duen eragin politiko, ekonomiko eta militarrari.

Testuinguru horretan ulertu behar dugu Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazka militarra. Ukrainako Gobernuak ia 10.000 soldadu jarri ditu Errusiako mugan, baina Putinek milaka soldadu mobilizatu ditu eta ez du amore emango. Nola erantzungo luke Joe Bidenen gobernuak baldin eta Txinak edo Errusiak base militarrak finkatuko balituzte Kanadan edo Mexikon? Gauza bera da.

Ukrainaren independentzia dago jokoan?

2013an, Estatu Batuetako inperialismoak Ukrainako erregimena aldatzeko maniobrak egin zituen. Viktor Janukovitx Errusiaren aldeko presidentearen erregimen kapitalistaren aurka herritarrek sentitzen zuten haserrea aprobetxatuz, Euromaidan mugimenduaren baitako eskuin muturreko talde paramilitarrak finantzatu eta armatu zituen, eta lortu zuen Petro Poroxenko enpresariak ordezkatzea. Honek herrialdeko ateak parez pare ireki zizkion NDFri eta beren murrizketa planei. Bizi-mailak okerrera egin zuen, eta eskubide demokratikoak zapaldu zituzten polizia eta armada ukrainarreko talde faxisten laguntzarekin.

Ondorioetako bat Donbaseko gerra izan zen. Donetsk eta Luhanskeko biztanle gehienak errusiarrak dira, Krimean gertatzen den bezala. Bi eskualde horiek biltzen dituzte Ukrainako industria eta meatzaritza gehiena. Herri altxamenduaren emaitza Donetskeko Herri Errepublikaren eta Luhanskeko Herri Errepublikaren sorrera izan zen. Baina norabide iraultzailerik ez izateak bidea libre utzi zien elementu errusiazale nazionalista guztiei eta ideia antisemitak edo are faxistak zituztenei. Herri errepublika hauetako gobernuak Errusiako kapital handiaren interesen morroi bihurtu dira.

2019ko urrian, Volodímir Zelenski telebistako komikoak irabazi zituen hauteskundeak, histerismo patriotikotik eta nazionalismotik urrunago zegoen kanpaina batekin. Donbas eskualdeko gerra areagotzeak (ekonomia oso ahula izan arren, urtero milaka milioi euro kontsumitzen ditu) eta pandemiaren kudeaketa kriminalak eragindako haserrearen ondorioz, zeukan babesa % 24,7ra arte jaitsi da.

Hori da, barne eta kanpo politikan abertzaletasunera eta nazionalismo atzerakoienera jota, muturreko biraketaren faktoreetako bat. Joan den otsailean, Krimeako penintsula berreskuratzeko asmoa iragarri zuen, Donbaseko eskualdea osatzen duten bi lurraldeen autogobernua berresten duen Minskeko Akordioa betetzea oztopatu zuen eta su-etena errespetatu gabe eraso militarrekin jarraitu zuen. Orain askoz haratago joan dira, eta errepublika errebeldeak zapaltzeko militarki esku-hartzeko asmoa agertu dute, Errusia gehiago probokatuz.

Ukrainaren ustezko independentzia, NATOk, AEBk eta EBk defendatu nahi dutena, falazia bat da. NATOko kideen aurpegi bikoitza agerian geratu da ekintza guztietan: Errusiari leporatzen diote inbasio bat planifikatzea, baina Ukrainako armada hortzetaraino armatzen aritu dira.

Kontraesanak puntu serio batera iritsi ari dira. Putinen apustua oso handia da eta etekina atera behar dio, baina Washingtonek ezin du Europan askoz gehiago egin atzera. Zaila da zer gertatuko den jakiten, baina hainbat potentziaren esku-hartzea eta suntsipen masiboa eragingo dituen gerra ireki bat, armada ugari eta armamendu astunarekin, ez da probabilitate gehien duen aukera. Baina azken gertakariek mundua menderatzeko borroka interinperialistaren fase honetan agertzen ari diren kontraesan konponezinak erakusten dituzte.

Saihestezinak dira gerra berriak, azken urteotan ikusi ditugunak baino are gogorragoak. Horregatik, premiazkoa da langile mugimenduak bere ahots independentea altxatzea, jarrera sozialista eta internazionalista defendatzea gerra inperialistaren eta basakeriara garamatzaten guztien aurka. Une erabakigarri hauetan ikusten dira nolakoak diren erakundeak. Eta ezker erreformista eta mendebaldeko inperialismoaren mendeko diren Europako gobernuen ikuskizun tamalgarriek erakusten dute gauza gutxi aldatu direla, eta sistemaren logika onartu eta A esaten baduzu, B, C eta abezedario osoa esaten jarraituko duzula esku-hartze militarrak babestu arte.

Gerra eta kapitalismoa ezin dira bereizi. Horregatik, bakea nahi badugu, ordena bidegabe eta kriminal hau garaitzeko borrokatu behar dugu.