Burgesiak, joan den 160 urteetan, Manifestu Komunistaren agerpenetik bertatik, behin eta berriz deklaratu du marxismoa hilda dagoela. Zaharkitua, utopikoa, autoritarioa, amorala… burgesiak, bere akolitoen laguntzaz, loroen antzera gezur eta kalumnia berberak errepikatu dituzte mende oso batez, marxismoa zabor pilo baten azpian lurperatu nahirik. Baina zergatik nekatu aspaldi hilik zegoena behin eta berriz ehorzten?

Klase dominatzailearentzat, sozialismo zientifikoaren ideiak, behin eta berriz, zabaltzen diren izurriteen moduko amesgaiztoa dira. Sobietar Batasuna erori ondoren, honek marxismoa behin betiko akabatu zuela pentsatu zuen. Bestalde, pare bat hamarkada nahikoa izan dira, historiarentzat istant labur bat, hau berriro ere eszenatokian paper nagusia jokatuz agertzeko. Hala ere, akatsa litzateke burgesiak ideia hauen aurka darabilen armamentu mediatikoak duen eragina gutxiestea. Historian zehar beste klase dominatzaileen antzera, burgesiak ere tradizio handiko borroka metodoak erabiltzen ditu.

Azken batean, klase hau dugu dudarik gabe, komunikabide, argitaletxe, unibertsitate, instituzio, etab. garrantzitsuenak kontrolatzen dituena. Alde guztietatik datorren bonbardaketa ideologiko honek eragin handia du gizartearen maila ezberdinetan, baita langile mugimenduren barnean ere. Baina lehenago edo beranduago kapitalismoak atxikirik dituen kontraesanen larriagotzea izaten da gezur sorta hau erabat amiltzen duena. Aberastasunen kontzentrazio ikaragarria alde batean eta geroz eta miseria eta pobrezia zabalagoak bestean, horixe da beste promesa faltsu guztien gainetik masei begien aurrean agertzen zaiena. Kapitalismoa etengabeko bizi baldintzen hobekuntza dela esatea erabat zentzugabea da langile klasearentzat, batez ere krisiaren kanpai hotsak gero eta ozenago entzuten diren honetan.

Aldizkari honen aurreko aleetan sistema kapitalistaren benetako oinarriak zein diren eta honen egungo egoera zer nolakoa den azaldu dugu. Jorratu ditugun gaien artean klasearteko borroka, langile klasearen osaera eta bere klase kontzientzia, merkatu kapitalistaren izaera, industriaren papera, erdi mailako klaseen mitoa eta egungo egoera ekonomikoa daude besteak beste. Lanketa honen funtsa teoria marxistaren oinarria berreskuratzea eta eguneratzea da, baina ez intelektual burgesen gezurrei eta erasoei erantzuteko helburu hutsarekin, mundu honen eraldaketa sozialistaren aldeko borrokan langile mugimenduarentzat arma nagusia zorrozteko baizik.

 

Teoriaren eta praktikaren arteko lotura

 

Marxek, gaztea zela, argi utzi zuen zein zen bere filosofiaren eta beste guztien arteko funtsezko ezberdintasuna. Feuerbachi buruzko tesian hauxe dio: “Filosofoek ez dute mundua modu ezberdinetan interpretatu besterik egin, baina berau eraldatzean datza gakoa”. Marxek eta Engelsek hasieratik argi zeukaten beraien lan teoriko guztiak ezin zuela paper hutsean geratu. Filosofia, miseria guztiaren amaierara eta gizateriaren garapen orokorrera bideratu behar zuten eta beraz, honek nahitaez, errealitatea bere osotasunean eta den bezalakoa ulertzeko instrumentu baliagarria izan behar zuen.

Bi filosofo hauek langile klasearen lerroetara pasa ziren eta honentzat armarik zorrotzena dena garatzeari ekin zioten: materialismo dialektikoa. Baina filosofia marxistak historia eta orokorrean inguratzen gaituen mundua ulertzeko metodo zientifiko bat garatzean, langile klaseak kapitalismoaren aurka duen borroka maila kontziente batera igo zuen.

Leninek honela laburtu zuen Gure Programa izeneko artikuluan teoria marxistaren benetako ekarpen iraultzailea: “Honek, lehen aldiz sozialismoa utopiatik zientzian eraldatu zuen, zientzia honen oinarri solidoak finkatu zituen eta hartu behar zen bidea trazatu zuen, bere xehetasun guztietan garatuz eta landuz. Honek ekonomia kapitalista garaikidearen esentzia aurkitu zuen, nola langilearen kontratazioak, lan indarraren erosketak, lur, fabrika, mehatze, etab.en jabe diren kapitalista gutxi batzuen esku dauden milioika desjabeturen esklabotza estaltzen duela azalduz. Honek frogatu zuen nola kapitalismo garaikidearen garapen guztiak, produkzio txikia handiarengatik ordezkatzera jotzen duen eta gizartearen antolaketa sozialista posible eta beharrezko egiten duten baldintzak sortzen dituen. Honek, ohitura errotuen, intriga politikoen, lege konplexuen eta abileziaz sortutako doktrinen estalkiaren azpian klase borroka ikusten erakutsi zigun, genero guztietako klase jabedunen eta masa desjabetuen eta guzti hauen buruan dagoen proletalgoaren arteko borroka. Marxen teoriak argi jarri zuen alderdi sozialista iraultzaile baten benetako eginkizuna: ez gizartearen berrestrukturaketa planak asmatzea, ezta kapitalistei eta bere akolitoei langileen egoera hobetzeko beharraren predikuaz arduratzea, ezta konjurazioen asmaketan ibiltzea, baizik eta langile klasearen borroka antolatzea eta borroka hau zuzentzea, langileriak botere politikoa konkistatzea eta gizarte sozialistaren antolaketa duelarik azken helburu.” (Lenin, Gure Programa).

Teoria, azken finean, ekintzarako gida bat da. Gizartea eraldatzeko borroka modu eraginkor batean eman nahi bada, hasi aurretik beharrezkoa da programa bat, politika bat eta perspektiba serio batzuk garatzea, hau da, lehenik etsaiaren izaera ondo ezagutzea eta hau garaitzeko modua aurkitzea. Honek ez du esan nahi eztabaida teoriko hutsa ekintzaren gainetik jarri behar denik. Borroka taktikak ere beharrezkoak dira eta hauek teoriarekin batera garatu behar dira. Ezinbestekoa da ekintzarako garaian zein taktikak diren eraginkorrak eta zeintzuk ez, zeintzuk indartzen duten langile klasearen borroka eta zeintzuk baztertzen duten, etengabe baloratzea. Leninek inoiz ez zituen teoria eta praktika bereizten, biak nahita ez batera joan behar zuten, langile klasearen borroka ekonomikoak politikoarekin joan behar zuen bezala. Malgua eztabaidan eta zorrotza ekintzan, horixe zen partidu boltxebikeak zuen metodoa.

 

Esperientzia historikoaren garrantzia

 

Historiatik ikasten ez duena kondenaturik dago akats berbera behin eta berriz errepikatzera. Marxismoak ez du historia modu erromantiko batean ikusten historialari burgesen antzera, lezio praktikoak ateratzeko iturri amaiezin bat bezala baizik. Historiaren interpretazio materialista ezinbesteko tresna da iraultzaileentzat. Beharrezkoa da oroimena berreskuratzea oraina ulertzeko eta etorkizunerako prestatzeko. Prozesu iraultzaileek nahiz kontrairaultzaileek, langile klasearen garaipenek nahiz porrotek, aberastasun ikaragarri handia eskaintzen dute langile mugimenduarentzat eta sakonki aztertu, eztabaidatu eta eguneratuak izan behar dute bertatik ateratzen diren lezio guztiek. Trotskyk iraultzaile batentzat langile mugimenduaren esperientzia eta tradizioak ezagutzea ezinbesteko baldintza zela azaltzen zuen.

Materialismo historikoak, gizarteen egituraketa eta garapen historikoari dagokionean, ekarpen handiak egin ditu eta gizakien artean agintzen duten lege dialektikoen ikuspegi orokor bat eskaini du. Metodo hau mekanizista dela eta dena ekonomiara mugatzen duela esaten duten kritikak ez dira berriak, Engelsek honela erantzuten zien. “Auzia modu materialista batean aztertzeari dagokionean, esan behar dut, lehenik eta behin, metodo materialista bere aurkakoan bihurtzen dela ikerkuntza historikoaren printzipioen gidatzat hartu beharrean, gertaera historikoak bakoitzaren interesen arabera egokitu ahal izateko aurre diseinaturiko modelo baten ikuspuntutik hartzen bada”.

“Izate sozialak kontzientzia determinatzen du”, hau da giza historiaren ulermenean Marx eta Engelsek eginiko ekarpen handia. Esaldi honek teoria marxistak eta langile klaseak duten lotura azaltzen du. Sozialismoa langileek naturalki hartzen duten ideologia da, bizi baldintza zehatzek hau horrela izatera bultzatzen dute. Langile klasea da benetan enpresa bat martxan jartzen duena, gure bizi behar oro martxan jartzen duena. Klase honek nahi badu dena geldi dezake. Etsai bezala soldatak murrizten dizkien, ordu estrak sarrarazten dizkien eta esplotatzen dituen nagusi parasitoa ikusten dute. Bestalde, ekoizpen prozesuan bezala, borroketan klase honek bere artean batasuna eta elkartasuna beharrezkoa du. Honela beraz, lehenago edo beranduago, klase kontzientziaren garapenak, nagusia desjabetzera eta enpresa langileen funtzionamenduan jartzera bultzatzen ditu. Ideia hauek oso kutsakorrak bihurtzen dira eta elkartasuna, enpresa ezberdinetako langileetara eta masa zapaldu guztietara zabaltzen da, borroka ekonomikoak borroka politiko bihurtuz eta langileak estatuaren indar polizialen aurka borrokatzera paso emanez eta bere borroka organoak sortuz.

Marxiston baikortasunak langile klasearen sormenaren indarrean du bere jatorri guztia. Noski, badakigu klase honetan geruza aurreratuagoak eta atzeratuagoak daudela eta aldi historiko lasaietan ez direla masak izango, gutxiengo kontziente bat baizik, ideia iraultzaileak defendatuko dituena. Baina langile masak izatez pasiboak direla eta teoria konplikatuak ulertzeko gai ez direla dioten burges txikiak erabat erraturik daude. Rosa Luxemburgok zioen bezala, “Langile masa zabalek sozialismo zientifikoaren arma zorrotz eta eraginkorra heltzen dutenean soilik hondoratuko dira inklinazio burges txiki guztiak, korronte oportunista guztiak. Orduan izango da mugimendua oinarri sendoetan jalgiko den unea”.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.