Bigarren Mundu Gerraren ondoren, herrialde kolonialetan eta kolonia ohietan klase arteko borrokaren gorakada izugarria bizi izan zen, eta goseak, ezinegon sozialek, gerrek, iraultzek eta kontrairaultzek nabarmendu zuten. Txinan, Kuban, Birmanian, Sirian, Kanboian, Vietnamen, Mozambiken, Etiopian eta beste hainbat herrialdetan historikoki berriak ziren erregimenak sortu ziren. Honen aurrean, Etengabeko Iraultzaren teoria ezinbesteko abiapuntua izan zen marxistentzat formazio sozial iraultzaile hauen arrazoiak, izaera eta garapena ulertzeko.

Teoria baten baliagarritasunaren gakoa bere oinarri zientifikoaren egokitasunean eta sakontasunean datza, hau da, errealitatean gertatzen diren prozesu objektiboak azaltzeko tresna gisa duen zuzentasunean. Etengabeko Iraultzaren teoria, zentzu honetan, ez da iraultzen inguruko ideia erromantiko edota utopikoen bilduma bat, ezta ere eskema itxi bat, baizik eta klase arteko borrokaren prozesu objektiboak ulertzen dituen teoria zientifiko bat da.

Hori dela eta, materialismo historikoak azaltzen duen bezala, prozesu historikoak ez dira garatzen “pertsonaia handien” gogoen arabera edo abstraktuki ideia batzuk sortzen direlako, hain zuzen ere gizarteko azpiegitura ekonomikoak eta bertatik jaiotzen den klase arteko borrokaren prozesuak dira ideien jatorria eta pertsonen norabidea markatzen dutenak.

1949ko Txinako Iraultza

Pasa den mendeko hogeigarren hamarkada amaiera aldera, inperialismo japoniarrak Txinaren inbasio militarra hasi zuen, inperialismo estatubatuarraren influentziaren aurka, “Tanaka planaren” bidez, herrialdearen erabateko kontrola hartzeko asmoz. Garai hartan, Txinako gobernuan Kuomintang izeneko alderdi burgesa zegoen, 1925-27ko iraultzaren errepresio odoltsutik. Bere politika “komunismoaren aurkako gerra zuzenean” oinarritzen zen. Etengabe antolatu zituen, arrakastarik gabe, kanpaina militarrak landa-gunean Maoren zuzendaritzapean zeuden komunekin amaitzeko, bere beldur handiena lurjabeen eta burgesiaren interesekin amaitu zezakeen iraultza soziala baitzen.

Burgesia txinatarraren alderdi honek etengabe kolaboratu zuen inperialismo atzerritarrarekin, batez ere estatubatuarrarekin. Inbasio japoniarraren aurrean ere ez zuen arazorik izan honekin akordioetara iristeko. Bestalde, gobernu ikaragarri usteldua zen, funtzionarioek modu ageri batean eroskerian jarduten zuten eta arlo militarrean ere, porrotak besterik ez zituen jasotzen. Eta paradoxikoa badirudi ere, 1940ko udazkenean Kuomintangaren aginduz armada txinatarra japoniar inbaditzaileekin kolaboratzera iritsi zen komunista txinatarrak zapaltzeko helburuarekin.

Modu honetan, inbasio japoniarrak eta Kuomintangaren gobernuaren ezintasunak eta krisiak Txinako gizartean geroz eta erradikalizazio handiagora bultzatzen zituen nekazariak, langileak, ikasleak eta burgesia txikiko sektore zabalak. Komunisten aldeko jarrera geroz eta handiagoa zen, 1937az geroztik Japoniarren aurkako gudak irabazten zituzten bakarrak zirelako eta nekazarien artean lurren banaketa bultzatzen zuelako.

Hala ere, Stalinen aginduetara zegoen Alderdi Komunista Txinatarreko buruzagitzak ez zuen defendatzen iraultza sozialista, jabetza pribatua defendatzeko beharra azpimarratzen aritu zen etengabe. Helburua ustezko burgesia aurrerakoiarekin, hau da, Kuomintangarekin batzea zen, Txinan sozialismorako baldintza objektiboak ez omen zeudelako. Mao bera ere, stalinismoaren iturri ideologikoetatik edanez, bi etapen teoriaren aldekoa zen. Txinan helburu posible bakarra garapen kapitalista demokratikoa zela defendatzen zuen. 1945an Kuomitangarekin akordio batera iritsi nahirik zera zioen Komite Nagusiko agiri batean: “Posible da, barne eta kanpo presioagatik, Kuomitangak negoziazioen ondoren gure Alderdiaren statusa onartzea, (…) bien arteko kooperazioko eta garapen baketsuko aldi bat irekiko bailuke.(…) Kamarada batzuk galdetu dute zergatik utzi behar dizkiegun zortzi eskualde askatu. (…) Bestela Kuomitanga ez delako lasai sentituko”.

Kuomitangak beste behin traizio egin zien 1945ko negoziaketei. Ustezko negoziaketak komunisten aurka erabateko ofentsiba antolatzeko denbora irabazteko bakarrik erabili zituen, armada maoista bere indarrak ahultzera behartuz. 1946-47an tropa txinatarrak komunisten aurka mugitu zituen, eta gerra zibilari hasiera eman zioten. Txinako klase zapalduak, ordea, honen aurka matxinatu ziren, baita Kuomitangeko soldadu asko ere, eta komunisten lerroetara masiboki desertatu zuten. Iraultzak bere dinamika hartu zuen eta kontraesan argia sortu zen masen borrokaren eta hauen zuzendaritzaren artean. Maoren agindua, gerran askatutako lurretan burgesiaren eta lurjabeen pribilegioak errespetatzea, ezinezkoa izan zen praktikan betetzea. Txinako masak askoz ezkerrerago zeuden Alderdi Komunistako zuzendaritza baino. Maok 1948an bertan jabetza pribatua desjabetzea eta langileen eta soldatapeko nekazarien gobernua defendatzea “printzipiozko akatsa” zela esan zuen “Ezkerreko akatsak zuzentzea” izeneko artikulu batean.

Landa guneetan nekazari behartsuek euren kabuz gauzatzen zuten iraultza geldiezina zela ohartuz, Mao prozesua hiriguneetara zabal ez zedin saiatu zen: “Saihestu egin behar da landa guneetan lurjabeen eta nekazari aberatsen aurka eta indar feudalak suntsitzeko erabiltzen diren neurriak hirietan ezartzeko akatsa. Ezberdintze zorrotz bat egin behar da lurjabeek eta nekazari aberatsek gauzatzen duten esplotazio feudalaren eta enpresa industrial eta komertzialen defentsaren artean”.

Hala ere, iraultzaren arrakastaren gakoa, hain zuzen ere gerran zehar masek euren zapaltzaileen aurka burutu zuten altxamendua izan zen. Alderdi Komunista Txinatarreko buruzagien ikuspegiaz gain, iraultza txinatarraren dinamika biziak bere tokian jarri zuen bi etapen teoriaren ezinezkotasuna. Hori dela eta, azkenean ezinbestekoa izan zen gerra zibila langileek eta zapalduek boterea hartzeko borrokan burutzea, ez baitzegoen inolako tarterik kapitalismopean eta inperialismopean gobernu demokratiko bat eraikitzeko. Horrela, jabego feudala eta jabego kapitalista abolitu zituzten.

Horrela, Etengabeko Iraultzaren teoriak, beste behin, bere zuzentasuna frogatu zuen iraultza kolonialetan. Herrialde kolonialetako burgesiak ezin zuen inolako paper aurrerakoirik jokatu, bere interesak erabat loturik baitzeuden botere inperialistekin eta indar feudalistekin. Txinaren etorkizunak, beste herrialde kolonialek bezala, bi aukera bakarrik zituen: inperialismoaren txotxongiloa izango zen gobernu autoritario bat, erlazio feudalistetan eta menpeko klaseen zapalkuntza basatian oinarrituko zena edota erlazio feudalista eta kapitalistekin amaituko zuen langile gobernu bat.

Azkenik Txinako Herri Gobernuaren sorrerarekin gauzatu zen iraultza hau. Baina bertatik sortu zen gobernu hau ez zen izan 1917ko Urriko Iraultzatik sortu zen langile Estatu demokratikoa bezalakoa. Stalinismoko gobernu burokratikoaren ildo berberean ezarri zen erregimen berria: estatu jabetza eta ekonomiaren planifikazioarekin, baina burokraziapean eta langile demokraziarik gabe. Langile Estatu desitxuratu bat jaio zen.

SESBeko agintarien artean Txinako iraultzak ez zuen harrera ona izan. Stalinek, Roosveltekin eta Churchillekin egin zuen 1945ko otsaileko akordioan iraultzen porrota bermatu nahi izan zien bere lagun inperialistei. 1945ean Txinan estatubatuarren ordezkari zen Hurleyri honakoa adierazi zion SESBko ordezkaria zen Molotovek: 1) Errusiak ez du babesten Alderdi Komunista Txinatarra; 2) Errusiak ez du nahi Txinan liskarrik ez gerra zibilik; 3) Errusiak Txinarekin harmoniazko erlazioak mantendu nahi ditu.”

Ondorengo urteetan ere, bi etapen teoriak eta Maoren aurreikuspenak praktikan okerrak zirela ikusi zen. Kapitalismo txinatarra segituan ezabatu zuten. Herri txinatarra, atzerapen handienetik atera zen ekonomia planifikatuari esker. Baina langile estatu desitxuratu bat sortu zen heinean, burokrazia txinatarrak ez zuen iraultza internazionalistaren ikuspegia eduki, bere interesak bakarrik zituen buruan. Horregatik, azkenean burokrazia bera izan da Txinan kapitalismoa berreraiki duena eta burgesia berria bihurtu dena.