1959tik 1961era bitartean gertatu zen Kubako iraultzak, hala nola, aurretik eta ondoren izandako gertakariek modu harrigarrian baieztatzen dute etengabeko iraultzaren teoria. Praktikaren eremuan frogatzen dute nahitaez loturik dagoela independentzia nazionalaren aldeko borroka eraldaketa sozialaren borrokarekin: lehena benetan aurrera eramateko modu bakarra burgesia inperialista nahiz bertakoa desjabetzea eta ekonomia planifikatua antolatzea izan zen.  Bestalde, iraultza beste herrialdeetara ez zabaltzea eta herrialde barnean benetako langile demokraziaren baitan ez antolatzea iraultzaren lorpen guztientzat arriskutsua da, baita gaur egun ere.

Kubako historian zehar, independentzia nazionalaren eta eraldaketa sozialaren arteko lotura hain modu indartsuan eta objektiboan adierazi izan da, ezen hori nahitaez islatu dela bertako borroka iraultzaileko protagonista nagusietan. Etengabeko iraultzaren teoriaren hurbilketa nabariak antzeman daitezke, besteak beste, komunismo kubatarraren sortzaileetako bat den Julio Antonio Mellaren pentsamenduan, Antonio Guiterasenean eta, batez ere eta modu argienean, Che Guevararen pentsamenduan.

1959ko iraultza izan zen, ordea, programa errealitatean konkretatzea eskatu zuen froga handia, eta hemen izan zen marxismoaren ideiek beren egokitasuna aldarrikatu zuten une erabakigarriena. Agian ezkutatuago geratu bada ere, Batistaren diktadura iraultzaren bidez garaitu zenean, ikaragarri areagotu ziren kontraesanak E26 mugimenduaren barnean, "iraultza demokratiko" bat defendatzen zuten buruzagien sektore baten eta masen aldarrikapen iraultzaileen artean. Martinez Heredia, egungo intelektual sakonenetako eta nabarmenetako batek honakoa esan zuen gertaera horien inguruan: "Nahiz eta batzuen entusiasmoak eta besteen dogmatismoak sinestera eraman zuen prozesua bere osotasunean marxismoan oinarritzen zela, hori ez zen zuzena. Akatsa litzateke pentsatzea marxistak egin ginelako gertatu zela dena, gertatu zen guztiagatik egin ginela marxistak denean egia".

Dudarik gabe, Kubako iraultzaren motor nagusia masen parte hartzea eta presioa izan zen, bai boterea hartzeko unean eta baita hurrengo urteetan ere. Modu honetan, E26ko zuzendaritzak ulertu behar izan zuen, gertaeren burugogorkeriak erakutsita, ez zegoela hirugarren biderik Kubako etorkizunarentzat: edo errotik kapitalismoarekin amaitzen zen, edo iraganeko erregimen berean jarraituko zuten, gobernuko aurpegien aldaketa huts batekin, agian momentuko eta azaleko erreforma batzuekin, baina burgesia inperialistaren menpe.

1959ko iraultza

Batistaren diktadura erabat inertziaz irauten zuen erregimena zen. Ez zeukan inolako oinarri sozialik, zilegitasunik gabe eta barnetik oso ahulduta zegoen. Honela, gerrillaren garaipenean funtsezko gakoak ez ziren izan militarrak, politikoak baizik.

Batistaren gobernuko indar errepresibo guztiek, armada eta polizia batuta, 100.000 agente batzen zituzten eta gudan 300 baja bakarrik izan zituzten. Gerrillak, berriz, bere momentu gorenean, prozesu amaieran, 3.000 kide zituen. Zifrek argi erakusten dute bi aldeetako armen eta hornikuntzen aldean sartu gabe, ezinezkoa dela garaipena gako militarretan ulertzea. Esate baterako, Batistak 1958an abiatu zuen gerrillaren aurkako "Udara Operazioak" porrot egin zuen; alde batetik gerrillak nekazarien babesa zuelako eta, bestetik, armada ofizialeko etsipena eta desertzioak goraka zihoaztelako. Kontuan hartzekoa da, adibidez, 1958 urtean inork ez zuela armadan alistatu nahi izan.

Gerrillaren garaipenaren beldurrez, burgesia azken momentuan maniobra bat egiten saiatu zen: Batista gabeko erregimen militar bat ezarri nahi izan zuen. Hemen ere langile masek salbatu zuten iraultza. Arrisku honen aurrean, Fidel Castrok greba orokorrera deitu zuen E26 mugimendutik. Grebak jarraipen erabat arrakastatsua izan zuen herrialde guztian zehar, eta masen ekintza hau giltzarria izan zen garaipena eskuratzeko. Habanan, urtarrilaren 2an eta 3an, junta militar berri bat sortzeko saiakera gelditu zen. Azkenean, greba orokor hori urtarrilaren 4an amaitu zen Behin-behineko Gobernua desegin zenean.

Iraultzaren dinamika objektiboa

Gertakari hauen ondoren, herrialdean geratu zen burgesiak ez zeukan aukerarik prozesu iraultzailearen aurka indarrezko maniobrarik egiteko. Armada eta estatu aparatua deseginda eta ahulduta zeuden, eta alderdi politikoek ez zuten zilegitasunik masen aurrean. Horregatik, indar ahul horiekin burgesiari geratu zitzaion bide bakarra aurpegia aldatu eta iraultzara batzea izan zen; hori onar zitzakeen mugetan mantentzeko, hau da, Kuban jabetza pribatua eta demokrazia burgesaren formak mantentzeko.

Masentzat, ordea, garaipenak aldaketa sozial eta politiko sakonak burutzea esan nahi zuen. Benetako eztanda aldarrikatzailea gertatu zen, masiboki hobekuntzak eskatu zituzten soldatetan eta arlo sozialean. Masen parte hartzea gogor piztu zen, herrialdeko bizitza politiko eta sozial guztian. Hori dela eta, iraultzako lehen urteetan ikaragarri areagotu ziren klase arteko tentsioak Kubako gizartean, eta hori ezinbestean islatzen zen gobernu berrian eta mugimendu barnean alde iraultzailean krisiak eta hausturak eraginez.

Garaipenaren ondoren eratu zen lehen gobernua, ia bere osotasunean, iraganeko oposizio burgesak osaturik zegoen. Lehen presidentea Urrutia izan zen, demokrata kontserbatzaile bat, eta bere inguruan ere antzeko elementuak sartu ziren; Felipe Pazos, lehenagoko gobernuetan ere Banku Nazionaleko presidente izana eta finantza mundu kubatar eta iparramerikarrean prestigiozko pertsona zena, Miro Cardona eta beste hainbat eta hainbat kontserbadore. Estatu Batuetan eta botere ekonomiko handien artean, lehen egunetan, gobernu honekin konfiantza giroa zen nagusi. Hasierako eztei egun horiek, ordea, jada  kondenaturik zeuden.

Otsailetik aurrera, Fidel lehen ministro bezala sartzean, ezkerrerako biraketa gertatu zen gobernuan, eta erreforma esanguratsuak eraman zituzten aurrera: bidegabeki erabilitako ondasunak berreskuratzeko ministerio bat sortu zen, telefono tarifak merkeagotu ziren, alokairuak murriztu ziren, kasu batzuetan %50era iritsiz, hondartza guztiak publiko deklaratu ziren, etab.

Neurri horiek, ordea, erabat bateragarriak ziren kapitalismoaren existentziarekin, oraindik ez baitzen ukitu kapital inperialistaren eta nazionalaren jabetzaren oinarririk. Hala ere, burgesia jarrera geroz eta etsaikorragoa hartzen hasi zen. Honela, 1959ko maiatzeko nekazal erreforma izan zen, jarrera hori argien agertu zuena eta hasierako eztei egunei amaiera eman ziena. Hasiera batean, erreforma hori burgesiak berak ere txalotu arren (erreforma moderatua baitzen) gero erabat aurka jarri zen eta lau ministro aldatzea ekarri zuen. Burgesiak geroz eta argiago ikusten zuen arazoa iraultza hartzen ari zen norabidea zela, masek euren indarretan zuten konfiantza handitzen ari zela, eta ezin zela onartu erreforma bezala, orokorrean jabetza pribatuaren aurka zihoan aurrekaririk.

Gertaeren dinamikak, hasieratik gobernuaren ekintzak eta konposaketak ezkerrerantz bultzatu zuten. Beste aldetik, ordea, bertako burgesia eta Batistaren gobernutik mantentzen ziren buru militarrak iraultzaren aurka konspiratzen hasi ziren, esate baterako Hubert Matos, 1959ko urrian. Inperialismo estatubatuarra ere aurkako kanpaina gogor batean sartu zen "Kubako gobernuaren kontaminazio komunista" salatuz. AEBek erabili zuten mehatxu jo puntu nagusiena azukre kuota ez erostearena izan zen, ekonomia kubatarra batez ere Estatu Batuetara azukrea esportatzean oinarritzen baitzen. 1960an Einserhowerren gobernuak mehatxu hori bete zuen eta urrian erlazio ekonomiko guztiak eten zituen. Urte honetan, Estatu Batuetako hauteskunde kanpaina Kubaren aurka bideratu zen, "komunismoa deuseztatzeko" neurrietan nor zen hautagai gogorragoa izan zen norgehiagoka. Kennedyk esku hartze inperialistaren alde egin zuen, ordura arte hartutako neurri horiek ez zirela nahikoa eta berandu hartu zirela egotziz errepublikarrei.

1959 amaierarako jada erreakzioa erabat probokatua zegoen. Bere ekintzen kalkulu guztiak kapitalismoaren defentsarako hoberena zer zen pentsatzen egiten zituen: diplomazia, mehatxu ekonomikoak, barneko sabotajea eta, azkenik, esku hartze militarra ere erabili zituen, 1961eko apirilean Giron hondartzan. Hala ere, dena gaizki atera zitzaion, ekintza bakoitzak iraultza areagotzea ekarri baitzuen. Eisenhowerren erlazio ekonomikoak eteteak 448 enpresa estatu batuar desjabetzea ekarri zuen, eta inbasio saiakerak modu ireki batean Fidelek iraultzaren izaera sozialista aldarrikatzea.

Kubako iraultzatik atera dezakegun ikasgai nagusiak bat egiten du guztiz etengabeko iraultzaren teoriarekin. 1959ko garaipenaz geroztik aurrera eraman nahi ziren erreforma demokratikoek automatikoki hurrengo urrats bat eskatzen zuten beti, neurri sozialistak hartzera bultzatuz, kapitalaren desjabetzera eta ekonomiaren planifikaziora alegia.

Gaur egun, ordea, Kubaren etorkizunaren gakoa, estatu kubatarrean dagoen burokratismoari aurre eginez benetako langile demokrazia ezartzea eta iraultza beste herrialdeetara eta, batez ere Latinoamerikara, zabaltzea dira. Hori da iraultzaren konkistak bermatzeko eta sozialismoa eraikitzeko modu bakarra.