• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Literatura erromantikoak kalte handia egin dio Alemaniako eta Italiako bateratze prozesuen azterketari. Otto von Bismarck eta Cavour Alemaniaren eta Italiaren libertadore gisa marraztu dizkigute, hurrenez hurren.

Eta noski, ezin uka daiteke bi estatu gizon hauek bi nazio zatikatu hauen bateratzea aurrera eraman ez zutenik, baina zuten nazio askatasunaren kontzeptua nahiko desberdina da herri xeheak zuenarekiko. Bi gizon hauek bateratze prozesua "askatasun unibertsalaren maitaleak" zirelako burutu zutela esatea literatura erromantikoaren asmakeria hutsa da.

Marxismoa, bere hastapenetatik, zapalkuntza nazionalaren aurka egon da (ikus Manifestu Komunista), eta Alemaniaren eta Italiaren batasun prozesuak begi onez ikusiak izan ziren. Hori bai, beti batasun hura azpitik eman izan bazen, langile klasearen iniziatiba bezala, prozesuak desberdintasun garrantzitsuak izango zituela azpimarratuz. Azken finean, ikus daiteke nahiz eta helburua berbera izan, Alemaniaren eta Italiaren batasuna alegia, batasun horretara bultzatzen zituzten arrazoiak oso desberdinak zirela: burgesiak interes ekonomiko eta politiko soilengatik bultzatu zituen bitartean (diskurtsu askatzaileak erabiliz), herria mugitzen zuena nazio sentimendua zen.

 

BISMARCK ETA ALEMANIA

 

Aurreko alean aipatzen genuen bezala, Alemaniako batasuna ez zuen bertako langile klaseak burutu, militarismo prusiarrak baizik. Bismarck estatu gizon eta diplomatiko argia zen, eta bere klasekideen artean tipikoak diren metodoak erabili zituen horretarako. 1864ean Austriarekin elkartu zen Danimarkari aurre egiteko, Schleswig-Holstein kenduz, eta 1865ean Austriarekin gerra izango zuen eskualde hau bereganatzeko. Erretagoardian Frantzia gatazkatik at geratzeko azpikeriatan aritu zen, eta Italiarekin aliatu Austriari aurre egiteko. Königrätzko batailan Austria garaitu ostean, Prusiak Alemaniarengan zuen hegemonia nagusitu zen, militarismoa eta Bismarcken erregimen bonapartista indartuz. Frantziaren menpe zeuden eskualde alemaniarrak bereganatzeko borrokan, gerra franko-prusiarrean, Bismarcken tropak gailentzen ari ziren, baina Frantzian Parisko Komuna aldarrikatu zen (1871). Bismarckek, Komuna Frantzia baino arriskutsuagoa zela ikusirik, bake moduko bat sinatu zuen Frantziarekin hauek langileria paristarra erreprimitzera joan zitezen.

Alemania baturik aurkitzen zen (hainbat eskualde falta baziren ere), eta objetiboki prozesu aurrerakoia izan bazen ere, sozialista alemaniarrek, ez Marxek, ez Engelsek, ez zioten inolaz ere babesik eman Bismarcki eta bere politika eta metodo erreakzionarioei. Batasun hau herriaren odolez busti zen, hainbat printzerritako nobleziak bere pribilejioak galdu nahi ez zituelako. Argi dago beraz zein izango ziren langile klasearen metodoak: printzerri bakoitzeko langile eta kapa xeheek euren printzerrietako goi klaseak desjabetzea eta batasun nazionala bide baketsuetatik eramatea aurrera. Hala ere, batasuna errealitate bat zen eta batasun honi babesa eman zitzaion (ez Bismarcki eta bere metodoei) eta gertakari aurrerakoi bat bezala ikusi zuten marxismoaren gurasoek langile klase indartsuago bat batzeko aukera sortzen zuelako eta ondorioz, iraultza sozialistarako oztopo batzuk ezabatzen zituelako. Engelsi idatziriko gutun batean hala esaten zion Marxek "Nire ustez izate hau onartu behar dugu, justifikatu gabe, eta ahal beste erabili proletalgo alemaniarraren antolaketarako eta batasun nazionalerako, sortzen dizkigun erraztasunak erabiliz."

 

ITALIAREN BATASUNA

 

Mediterraneoko nazio honen batasun prozesua ere lerro bertsuetatik joan zen. XIX. mendearen erdian erabat zatikaturik eta Austriaren kontrolpean aurkitzen zen, honek iparraldeko eskualde italiarrak berarentzat hartu zituelarik, eta Italiaren hegoaldeko Bi Sizilien erreinua ere berea zelarik. Italiaren erdialdeko Aita Santuaren Estatuak babes frantziarrarenpean zeuden. Sardinia irla txikia, Saboya-Piamontetarrena, zen independentzia mantentzen zuen bakarra bi herrialdeen aurrean. Cavour kondearen eskutik irlako dinastia kontserbadorea bere eragin guneak zabaltzen hasi zen, eta austriarrak kanporatzen hasi ziren eskualdez eskualde.

Mugimendu kontserbadore honetaz gain, beste bat garatzen hasi zen, mugimendu nazionalista iraultzaile erradikal bat. Errepublikarrak, demokratak eta sozialistak batzen zituen eta Italiako estatu guztietan eta erbestean zuten presentzia. Mazzini zen mugimenduaren burua, baina mugimenduaren beraren kontraesanek eta ideia kontrajarriek bere kontzientzia ere nahasmendu horren isla bilakatu zuten. Cavourrek aldiz, bere zorroztasuna mantenduz eta diplomaziaren erabilerarekin hara eta hona mugitu zituen xakeko piezak.

1855ean Britainia Handiarekin eta Frantziarekin elkartu zen Errusiaren aurka joateko. Gero, Frantziari Niza eta Saboya emango zizkiola zin egin zion. Tratatu bat lortu zuen Frantziarekin, Austriak eraso eginez gero honek laguntza emango ziola aitortuz. 1859an gerra piztu zen eta frantziarrekin batera garaipen garrantzitsuak lortu ziren. Batasunak berehalakoa zirudien, baina Luis Bonaparteri ez zitzaion interesatzen eta gerra utzi zuen. Azkenean, batasun-gerra mugimendu herrikoiak salbatu zuen.

Sizilian matxinada sortu zen Garibaldi bere mila alkandora gorriekin lehorreratu zelako. Siziliako bataila garaitu ostean, Garibaldik Italiaren hegoaldea hartu zuen eta Napolesera sartu zen. Batasuna bide iraultzaileen bitartez ari zen ematen. Cavour atzetik ordea Britainia Handiarekin eta Frantziarekin itun batetara iritsi zen. Honen arabera, Piamonteren agintea babestu behar zuten Italia batu baten gainean, Italia errepublikar eta iraultzaileen eskuetan erori baino lehen. Piamonteko ejertzito erreakzionarioa Napolesen sartu zen eta Garibaldik, aurre egin beharrean, ateak ireki zizkien. Viktor Manuel Piamonteko erregea Italiako errege izendatua izan zen monarkia konstituzional bat ezarriz, populazioaren %2aren boto eskubidearekin eta Aita Santuak bere estatuak mantenduz. Hala ere, ekoizpen baliabideen garapenaren ikuspuntutik, merkatuaren bateratzea (diru eta neurri moten homogeneizazioa, besteak beste) aurrerapausu handia izan zen. 1866an Prusiarekin Austriaren aurka aliatu zenean errekonpentsa gisa Venezia jaso zuen, eta gerra franko-prusiarrean Frantziak Parisko Komuna erreprimitzera joateko Aita Santuaren estatuak utzi behar izan zituenean, italiarrak sartu ziren bertan, batasun prozesua amaituz.  

Bismarck eta Cavour "nazio alemaniarraren eta italiarraren gurasoak" aldare batean ipiniak izan dira nazionalismo burgesaren eta burges txikiaren eskutik. Beste alorretan egin ohi duten bezala, "askatasunaren ideiaren" eta "betiereko egiaren" bilaketan, munduan gertatzen diren prozesuak kontestu gorenago batean tratatzeko joera izan dute, batez ere burgesia txikiaren intelektualek. "Askatasunaren", "nazioaren" ideiak, ideien mundu platondarrean bizi direnak, defendatu zituzten bi libertadore hauek. Baina gizakien garun materialetan dauden ideia hauek ideien mundura eraman dituzten bezala, batasun prozesu hauek ere euren mundu imaginariora eraman dituzte. Har dezagun euren baieztapena egiatzat: "Bismarckek eta Cavourrek batasunaren alde egin bazuten, herri alemaniarra eta italiarra maite zituztelako izan zen". Hau honela bada, nola uler liteke Bismarckek beste eskualde alemaniarretako herritarrak sarraskitzea printzerri hura indarrez Alemaniara sartzeko? edota nola ulertu era berean Cavourren lehen ardura, batasuna baino lehen, Garibaldiren mugimendu iraultzailea, italiar herritarrek osatua, erreprimitzea izatea? Langile klasearen metodoak berriro ere emango die lezioa burges txiki hauei. Klase izaera, klase interesak.

Cavour Errusiaren aurka joateko Britainia Handiarekin eta Frantziarekin elkartu zenean, hau izan zen adierazi ziena potentzia hauei gerra osteko goi bileretan: Inperio Austro-Hungariarraren politika erreakzionarioa zela Italia osoan sortzen ari ziren mugimendu iraultzaileen eragilea eta hau Europa osotik zabal zitekeela; honekin amaitzeko hoberena Italia bere esku jartzea zen. Bismarck askatasunaren maitaleak ere bere botere erreakzionarioa sozialistak eta komunistak eta gutxiengo poloniarra erreprimitzeko erabili zuen, hara gure askatasunen defendatzailea!! Langile klaseak bere independentzia mantentzeak bere biziko garrantzia du. Burgesiarekin batera borroka daiteke, eta hala egin zen feudalismoaren aurkako borrokan edota neurri liberalen defentsan, baina burua makurtu gabe, independentziaz. Burgesiaren helburua beti izango da langile klasearekin kolaboratzea, ez anai sentimendu batengatik, langileak bere kontrolpean izan nahi dituelako. Baina gaur egun bizi dugun unea ez da burua makurtzekoa. Burgesia bere erreinua galtzen ari dela ikusten ari da eta langile klasearen apostuak soilik izan dezake arrakasta. Gu gara etorkizuna duen klase bakarra. Guk eta gure metodo iraultzaileek ekarriko diete askatasuna nazio zapaldu guztiei eta batasuna nazio zatikatuei. Guk eta gure borrokak Munduko Nazio Askeen Federazio Sozialista bat ideia utopiko bat ez dela frogatuko dugu ez burges txiki eta erromantikoen mundu idealean, mundu material honetan baizik.

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.