Euskal Herriko boto antifaxistaren mobilizazioa uztailaren 23ko hauteskunde orokorren emaitzak markatu dituen gakoetako bat izan da, Kataluniakoarekin batera. Hauteskunde gauean Feijoo, Ayuso eta Abascalen aurpegi zurbilek ederki irudikatu zuten erreakzioak jasotako kolpe latza, ezkerraren aurka aurreikusita zeukaten errebantxa nola, oraingoz, pikutara joan zen ikusitean.
Hileta-giro bera nagusitu zen Sabin Etxean EAJko buruzagien artean ere. Euskal eskuinak beste kolpe bat jaso du udaletako makilakadaren ondoren. EAEn 275.782 boto lortuta, 80ko hamarkadatik izandako emaitzarik txarrenak jaso ditu, eta 100 mila boto baino gehiago utzi ditu bidean 2019ko hauteskunde orokorrekin alderatuta. Bost diputaturekin talde parlamentarioa mantentzeko gai izan direnaren kontsolamenduek ezin dute ezkutatu jeltzaleen gero eta kezka handiagoa. EH Bilduren aurretik ozta-ozta kokatu dira EAEn, mila botoko alde hutsarekin, noiz eta erkidegoko hauteskunde autonomikoak hurbiltzen ari direnean.
EAJk, klase agintariko sektore baten ahotsa adieraziz, etengabeko keinuak egin dizkie Feijoori eta PPri, horiek Voxek sintonia argi eta garbi adierazi arren. Baina polarizazio sozialak eta faxismoaren mehatxuaren aurkako langileen eta gazteen mobilizazio apartak aukera hori eragotzi dute, jeltzaleak erabat agerian utziz.
Eskuinak ez du aurrera egiten botoetan Hego Euskal Herrian. PPren asmoa zapuztu egin da, ez baitu Sanchismoaren aurkako boto erabilgarria bereganatu. 27 mila inguru boto gehiago lortu ditu EAEn (131.789 guztira), eta bi eserleku lortu ditu, 2019an baino bat gehiago. Nafarroan, eskuin berberak ia hautesle kopuru bera mantentzen du, baina PP ez da gai UPNri eserlekua kentzeko, aurreko hauteskunde orokorretan Navarra Sumarekin lortutako hautesleen erdiarekin geratu baita. Bestalde, Vox ez da gai EHn duen baztertasuna hausteko, 50 mila boto baino gutxiago eta % 3,3 apurrean geratuz. Eskuin espainolistak, ETA bere kanpainaren ardatz bihurtu duenak, beste kolpe bat jaso du EAEn (ez dira %15era iristen) eta Nafarroan (botoen %30 pasatxo).
Guztira, eskuinak (EAJ, PP, UPN eta Vox) botoen %38,02 (564.974) jaso du Hego Euskal Herrian, eta ezkerra (EH Bildu, PSE-PSN eta Sumar) oso goitik gertatu da, botoen %59,68arekin (886.581).
EH Bilduk indartsu egiten du aurrera eta Alderdi Sozialista lehen postuan kokatu da
Udal hauteskundeetan gertatu zen bezala, EH Bilduk emaitza oso onak lortu ditu, hauteskunde orokorretan ezker abertzaleak eskuratutako emaitzarik onenetako bat, Amaiurrek 2011n lortutako markatik oso gertu: 333.362 boto eta 6 eserleku. Aurreko hauteskundeetan baino 56 mila boto gehiago lortu ditu, udal hauteskundeetako aurrerapena berretsiz.
Eskuin espainolistak kanpaina histeriko bat abiarazi du beste behin, Ezker Abertzalea bere mitin eta adierazpen guztietan jo puntuan ezarriz (bilduetarrak, terroristak, que te vote Txapote...), noski, ilegalizazio mehatxua tarteko. Baina ezkerreko jende askorentzat, eta ez bakarrik Euskal Herrian, baita estatu mailan ere, histeria faxista honek EH Bildurekiko begikotasun eta babes gehiago piztu ditu.
EAJk ere bat egin du kanpaina horrekin, eta azken hilabetean PP izan du udal eta aldundi askotan dituen posizioak salbatzeko babes leku. Osasun-hesia ezarri du, baina ez Espainiako eskuin nazkagarriaren aurka, EH Bilduren aurka baizik. Hala adierazi zuen Antonio Ortuzar presidenteak hauteskundeak baino egun batzuk lehenago El Confidencial egunkarian egindako elkarrizketa batean: "Sanchez eta Iglesias dira Bilduren zuritze handiaren erantzuleak".
Etsai politikoen aldetik EH Bilduk jaso duen deabrutzeak, eskuin muturraren mehatxua geldiarazteko irmotasun irudi handiagoa eman dio koalizio abertzaleari. Horrekin batera, EH Bilduren bulkadan faktore oso garrantzitsua da Euskal Herriko mobilizazio sozial eta borroka sindikal handia, gehiengo sindikala (ELA, LAB eta ESK) egotea,. Sumarreko buruzagiak ez bezala, EH Bildukoak, Oskar Matute kasu, arduratu dira langile borroka sozial garrantzitsuenekin duten lotura eta babesa nabarmentzen, baita datorren azaroaren 30erako greba orokor feministarekin ere. Kaleetako borrokarekin lotzeak hauteskundeetan fruituak ematen ditu, azken batean.
Bestalde, Alderdi Sozialistak lehen indarra izatea lortu du, bai EAEn, bai Nafarroan. Guztira 382.624 boto eta 7 eserleku lortu ditu, 2019an baino 71 mila boto gehiago, Podemos estreinatu aurreko emaitzak berreskuratuz, Zapaterorekin 2008tik izandako onenak. Nafarroako hegoalde osoa, Bilboko Ezkerraldea edo Arabako hiriburua gorriz tindatu dira. Langile klaseko sektore ez abertzaleek PSOEn ikusi PPri eta Voxi bidea ixteko aukerarik praktikoena, Pedro Sanchezengan konfiantza handirik ez badute ere.
Boto erabilgarri horrek kalte egin dio Sumarri, Euskal Herrian beste lurraldeetan baino gehiago, EH Bildu ere badagoelako: 170.824 boto lortu ditu, Unidas Podemosek 2019an baino 68 mila gutxiago, eta 2019an lortutako 4 eserlekuetatik 3 galdu ditu. Zalantzarik gabe, Yolanda Diazek eta PSOEko buruzagitzak Podemosi karpetazoa emateko egindako maniobrek faktura pasa dute. Baina are urrunago daude alderdi moreak 2016an hemen lortu zituen 430 mila botoak, hauteskunde orokorretan EHn nagusitu zenean. Podemos Pablo Iglesiasek zuzentzen zuenean izan zen deskalabru horren abiapuntua, ezkerreko politikak irmo defendatzeari uko egin izanaren ondorioz.
Kaleak hartu, Ezker Iraultzailea eraiki
Hala ere, ezkerrari emandako botoa, bereziki Alderdi Sozialistari emandakoa, ez da txeke zuri bat koalizio-gobernuak aplikatu dituen politika kapitalistei, kontrakoa baizik. Boto kontzientea eta oso kritikoa da, PSOErekin eta UPrekin izandako ukoak eta desengainuak gorabehera, udal hauteskundeetako emaitza txarrek agerian utzi zuten bezala.
Milaka langile eta gazte, batez ere langileen auzoetan, mobilizatu dira erreakzioak zekarren benetako arriskua geldiarazteko. Arrisku horrek gure eskubide demokratiko oinarrizkoenak jartzen zituen jomugan, EH Bildu bezalako erakundeak legez kanpo uztea barne. Horregatik, testuinguru honetan jarrera abstentzionistak mantentzea, GKSk egin duen bezala, akats garrantzitsua da, marxismoarekin inolako zerikusirik ez duen jarrera.
Jakina, hauteskunde hauek ez dute erreakzioaren mehatxua uxatu. Pedro Sánchez buru duen hurrengo koalizio-gobernuak jarraitzen badu Ibex 35aren eta bankuen poltsikoak betetzen, etxebizitzaren arazoan ezer ez egiten, prekarietatea eta soldata baxuak dakartzan lan-legedia bermatzen, Mozal Legea mantentzen eta gazteriaren eta langile-mugimenduaren aurka aplikatzen, osasun eta hezkuntza publikoko murrizketak eta pribatizazioekin, NATOren gerra estrategiarekin lerrokatzen, bake soziala bermatu eta desmobilizazioa inposatzen... bide horretatik jarraituz gero, eskuin muturrak bultzada hartuko du berriro eta Moncloara iritsi daiteke.
Otegiren eta EH Bilduren jarrera guztiz zuzena da, euren botoekin erreakzioari bidea ixtea bermatuko dutela adierazi denean. Baina horrek ez du esan nahi Madrilen eta Euskal Herrian koalizio-gobernuaren politika kapitalistei amore eman behar zaienik, azken lau urteotan aurrekontuekin edo Etxebizitza Legearekin gertatu den bezala.
Beharrezkoa da kaleetan mobilizazioaren bultzada berreskuratzea, eta hori erabiltzea kapitalisten interesak eta jabetza jo puntuan ezarriko dituzten ezkerreko politika kontsekuenteak defendatzeko. Horrela bakarrik konpondu ahal izango dira milaka langile familiak pairatzen dituzten arazo larriak eta hondamendiari klimatikoari aurre egitea. Horrela bakarrik berreskuratu ahal izango da indar korrelazio bat, eskuin muturraren mehatxua benetan eta behin betiko akabatu ahal izateko.
Faxismoaren gorakada mundu mailako fenomeno bat da, krisi ekonomiko kapitalistatik eta horrek sortutako desegite sozialetik elikatzen dena. Eta bere indarra biderkatu egiten da ezkerrak alternatiba antikapitalista eta komunista eskaintzeko duen ezintasunaren ondorioz. Ezker bat eraiki behar dugu, gizartearen eraldaketa sozialista planteatuko duena: faxisten nagusiak desjabetzea, enpresari handi eta bankariak alegia, eta era berean, matxismoaren, homofobiaren, desberdintasunaren eta pobreziaren, gerraren, esplotazioaren eta zapalkuntza nazionalaren gaitzekin amaitzea. Horrela bakarrik lortu ahal izango dugu Euskal Errepublika sozialista, eta horrela bakarrik askatu ahal izango dugu langileria ezarri zizkiguten kateetatik. Horretan ari gara Ezker Iraultzaileko marxistak!