Langile eta gazteen borroka bateratuan bakarrik izan behar da konfiantza!

 
 
Zapateroren gobernuak langileak erasotzen eta ezker abertzaleko militanteak erreprimitzen jarraitzen duen bitartean, euskal burgesiak eta bere alderdi nagusiak, EAJ-PNVk, Joseba Egibarrek planteatu bezala “erabakitze eskubidearen” eta “justizia sozialaren” alde borrokatzeko prest daudela ikusarazi nahi digute. Lan erreforman, estatu espainiarreko aurrekontu orokorretan eta modu ezkutuagoan errepresioan ere PSOEren gobernuari ematen ari zaien babesa ezkutatu nahian, gure herria engainatu nahi dute beste behin eta ezker abertzalea “siglen gaineko batasun batera” erakarri, horrela, kapitalisten aurkako borroka, eta bide batez, Euskal Herriaren askapen nazionalaren aldeko borroka lurperatuz.

 



Euskal enpresari eta bankariak erakusten ari dira inoiz baino gehiago zein den beren benetako aurpegia. Krisia hasi zenetik ez dute dudarik izan burgesia espainiarrarekin eta PSOEren gobernuarekin aliatzeko. Langileen, gazteen, langabetuen eta pentsionisten aurkako eraso guztiak babestu dituzte, eta nola ez, langile klasearen eskubide historikoak suntsitu dituen lan erreformaren beharra defendatu dute. Baina hala ere, eurentzat ez da nahikoa. Beren patronala den Confebasken bidez lan erreforma nahikoa ez dela defendatzen jarraitzen dute eta honek “zurruntasunak” mantentzen jarraitzen duela eta etorkizunean “erreforma berriak” egon beharko direla planteatzen dute. Langileek badakite zer esan nahi duten “zurruntasunez” eta “erreforma berriez” hitz egiten dutenean, ondo ulertzen dute helburu bakarra langileak are gehiago zapaltzea dela. Era berean, ezin dugu ahaztu ustez euskal kooperatibismoa defendatzen dutenek, MCCko agintarien kasuan bezala, bere presidente Jose Maria Aldecoaren bitartez adierazi dutela Zapateroren gobernua neurri ekonomiko “oso gogorrak” hartzen ari dela, baina ez dela “beste alternatibarik geratzen”. Aldecoak esan zuenez, “hobea izango zen neurriak orain dela bi urte hartzea, gertatzen ari zena jakiteko nahikoa informazio zegoenean”. Ez dago dudarik MCCko goi karguak euskal burgesiaren eskutik doazela.

Euskal burgesiak bere alderdiak, EAJ-PNV eta EA, Eusko Jaurlaritzan egotea nahiagoko zuen arren, Patxi Lopezen gobernuan aliatu ezin hobea aurkitu du bere eskaera guztiak aurrera eramateko. PSEren gobernuak, PPri lotuta dagoena eta modu zeharkakoagoan baita EAJ-PNVri ere, ez du dudarik izan langile klasearen aurka ematen ari diren eraso guztiak babesteko. Defendatzen omen dituenak mespretxatuz, Patxi Lopez lehendakariak, patronala milaka langile kaleratzen, EREak sartzen eta fabrikak ixten ari den unean, “enprendedoreen” alde errekonozimendu sozial handiagoa eskatzeko muturra izan zuen. Bere esanetan, beharrezkoa da “mentalitate aldaketa” figura honen inguruan, “kultura enprendedorea” txertatuz ikastetxeetatik unibertsitateraino. Langile familiak krisiaren ondorioak sufritzen ari diren bitartean, gobernu prokapitalisten politikaren erruz, Patxi Lopez harro azaldu zen esanez 2009an Eusko Jaurlaritzak 8,9 milioi euro bideratu zituela enprendedoreak bultzatzeko programa eta laguntzetarako, eta 2011rako beste 9,2 milioi aurreikusita daudela ere iragarri zuen. Euskal burgesia pozik dago, bere eskaera guztiekin betetzen duen eta gainera enpresarien alde propaganda egiten duen lehendakaria dauka.


Burgesiaren eta bere ordezkarien zinismoa


Mundu mailako burgesiaren propaganda kanpainen artean, egoera ekonomikoa hobetzen ari da, krisia bukatu da… esatearena dago, horrela gerrikoa estututa laster egoera larri honetatik aterako garela konbentzitu nahirik. Mota honetako propaganda faltsuan ere Patxi Lopezen gobernua mesede handi bat egiten ari da euskal burgesiari. Pasa den urrian, Carlos Agirre EAEko ekonomia sailburuak baieztatu zuen urte hau ekonomiaren gorakada batekin bukatuko zela, baina onartu egin behar izan zuen hasiera batean iragarritako %0,5eko hazkuntzaren azpitik izango zela. Aldi berean, esan zuen 2011rako “hazkuntzaren azelerazio arin” bat egongo dela eta enpleguan hobekuntzak izango direla. Egia izango da? Carlos Agirre berak esan zuen irailaren 9an bigarren hiruhileko BPGeko datuen arabera “krisiaren bukaera baieztatuta” zegoela. Baina irailaren 13an, lau egun beranduago bakarrik, bere sailburuorde Andres Araujo atera behar izan zen esatera datu horiek kontu handiarekin hartu behar zirela eta hirugarren hiruhilekoak ziurgabetasunak aurkezten zituela, eta posible zela atzerakada bat irailetik urte bukaeraraino. Irailaren 23an, Confebask berak zioen “egoera ekonomiak hobetzen jarraitzen badu, 2012 edo 2013rako 2008ko mailetan” egongo garela, baina aldi berean krisitik ateratzea “bide oso luzea” izango dela errekonozitzen zuen.


Eta nola ez, ezker abertzalea epe ertainera edo luzera legeztatuta egotearen perspektibarekin eta hau udaletxeetan, diputazioetan eta parlamentuak egonik bere interes ekonomikoak zailtzeko beldurrarekin, euskal burgesiak eskubide demokratikoen murrizketa babesten jarraitzen du praktikan. Ondo iruditzen zaio PSOEko agintariek eta PPk egindako akordioari esker ETA kondenatzen ez duten zinegotzi hautatuak kaleratzea. Alderdien Legean figura berri hau sartuz, karguak hartzen dituzten hautetsiak legez kanpoko alderdi batekoak direla frogatzen bada, ezgaituta geratuko dira, hamabost egunetan eta boluntarioki, biolentziaren kondena eta gaitzespena iragartzen ez badituzte. “Demokrazian” sartzeko ETA kondenatzea beharrezkoa den bitartean, ez dago arazorik PPk Amerika Latinako estatu kolpeak babesten dituenean edo PSOEren gobernuak milaka pertsona hiltzen dituen Afganistango gerra inperialista mantentzen duenean. Hau da demokrazia burgesaren logika. Euskal Herriaren kasuan logika hori ezker abertzalea jazartzen jarraitzea da ETAren kondenaren aitzakiapean.


EAJ-PNVren amuak


Burgesia espainiarrari lotura historiko eta ekonomikoez estuki elkartuta dagoen euskal burgesia ez da ahazten euskal nazionalismoa erabiltzeaz bere interes ekonomikoak defendatzeko beharrarengatik. Kurtso politikoa hasi zenetik bere alderdi nagusiak (EAJ-PNV) egin duenak baieztatzen du hau. Horrela, Iñigo Urkullu EAJ-PNVko presidentea Zapaterorekin elkartzen zen bitartean estatu espainiarreko aurrekontu orokorrak, EAErako transferentziak eta ETArekin bukatzeko kooperazioa negoziatzeko, Joseba Egibar EAJ-PNV gipuzkoarreko presidenteak “Batu gaitezen” deitutako iniziatiba iragarri zuen. Egibarrek zioenez, iniziatiba hau “Euskal Herriko etorkizun soziala, kulturala, ekonomikoa eta politikoa irabazteko konpromisoen proposamena” zen.

Pasa den uztailaren 21ean Urkulluk PNV Zapateroren gobernuarekin akordiora iristea ezinezkoa ikusten zuela esan bazuen ere, estatuko aurrekontu orokorretan, Urkullu bera izan zen aurrekontu antisozial eta atzerakoi batzuk aurrera ateratzeko akordio hori sinatu zuena. Adostasunak “egonkortasun ekonomikoa eta instituzionala” bermatuko zituela adierazi zuen akordioa sinatu bezain pronto EAJ-PNVko presidenteak.


Beste hainbat gauzen artean, aurrekontu orokor hauen onespenak EAJ-PNVk pentsioen izoztea onartzen zuela suposatzen zuen, honen aurka omen zegoela behin eta berriro esan arren. Trukean, EAErentzak 20 transferentzia lortu zituela esan zigun EAJ-PNVk harro-harro. Baina EAJ-PNVk ezin du tapatu aurrekontu hauek are gehiago erasotuko dituztela langileak eta transferentzia horiek euskal bankariei eta enpresariei mesede egiteko bakarrik izango direla. Hori erakusten du PSOEren gobernuaren eta EAJ-PNVren artean enplegu politiken transferentziarekiko lortutako akordioak. Euskal kapitalistei milioika euro oparitzea suposatzen du akordio honek. Langileek ondo dakiten bezala honek ez du lanpostu bakar baten sorrera ere bermatzen, enpresariei diru gehiago ematea bakarrik suposatzen du. Ez da harritzekoa akordio hau enpresentzat albiste positiboa zela esatea Confebaskek.


Beste aldetik, Egibarrek aurkeztutako “Batu gaitezen” iniziatiba daukagu, bere esanetan eskubide guztien alde, erabakitze eskubidea barne, indarrak batzeko oinarriarekin. Egibarren esanetan “guztion artean gauza gara bilatzen ditugun egoerak eta helburuak lortzeko. Sinetsita nago guztion borondateak bateratuz indarra irabaz dezakeela konbikzio honek, indar handia gainera. Euskaldunok, gipuzkoarrok, jokoan dugu orain arte guztion artean erein eta landu dugun kohesio eta justizia sozialari eustea”. EAJ-PNV gipuzkoarraren arabera “Batu gaitezen”-en helburua da “gure gizartearen garapenaren eta solidario eta zuzena izan nahi duen Euskadi baten aldeko konpromisoa, egun bizi dugun egoera ekonomikoari gizatasunez aurre eginez euskal erakundeen gidaritza bereziaren bitartez (…) Eta konpromisoa Euskal Herria badela defenditzearekin eta konpromisoa gure herriak bere etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela aitortzearekin (…) Giza eskubideak, bizitzarako eskubideak, aurrerabide eta justizia sozialak, gure Herria aitortu, onartu eta errespetatzeak esanahi berezia dute, politika mailakoa eta giza mailakoa: desio eta helburu indibidualak konpromiso antolatu bilakatzea. Hauxe dugu Batu Gaitezen.”


Lan erreforma, aurrekontu orokorrak, langileen hitzarmen kolektiboen aurkako erasoak, kaleratzeak, EREak eta enpresen itxierak babestu ondoren, Egibarrek justizia sozialaz eta “solidario eta zuzena izan nahi duen Euskadiz”, eta bizi dugun egoera ekonomikoari aurre egiteaz hitz egin nahi digu. Euskal burgesiaren ordezkari den eta langileak modu basatian esplotatzen dituen Amenabar enpresa konstruktorako goi kargu den honek, langileak engainatzea soilik lortu nahi du eta bereziki ezker abertzalea. Akats larria da pentsatzea bat-batean Egibarrek intentzio onak dituela iniziatiba hau aurkezteagatik edo Xabier Arzalluzi (EAJ-PNVko presidente ohia eta hainbat harrobiren akzionista) kasu egitea Ordiziako autodeterminazio eskubidearen aldeko jaian “beti laguntzeko prest” eta “gure ordua da, eta Eskoziarena, ez da asko falta askatasun osoa lortzeko” esaldiak botatzeagatik. Ez gaitezen ahaztu, euskal burgesiaren zati dira eta enpresarien interesak defendatzeko bakarrik daude, eta horregatik defendatu dituzte eskubide demokratikoen aurkako eta ezker abertzalearen aurkako errepresioa behin eta berriro.


Euskal Herriak eta langile klaseak ezker abertzale iraultzaile bat behar dituzte


Pasa den urrian, prentsaurreko batean, ezker abertzaleak iragarri zuen aldaketa politikoaren helburuarekin lehen pausoak ematen hasi zela Gipuzkoan indarrak metatzeko. Ezker abertzaleko kideek azaldu zuten hasierako kontaktuak aurrera eramanez zebiltzala agente politiko, sindikal eta sozial ezberdinekin. Argi eta garbi, eskubide demokratikoak eta langile klasearen lorpenak modu gogorrean erasotuak izaten ari direnean, ez da inolako akatsa frente bakar bat sortzea eskubide demokratikoen eta langileen alde borroka egiteko prest dauden erakundeekin. Baina frente bakar honek ez du zerikusirik prentsaurreko horretan planteatu zenarekin. Bertan esan zen ezker abertzaleak eta EAJ-PNVk “proiektu politiko ezberdinak” defendatu arren posible dela EAJ-PNVrekin lan egitea “esparru askotan”. Aldi berean, ezker abertzaleko kideek EAJ-PNV gipuzkoarrari “ardurarekin” jokatzeko eta bere eginbeharrak “etxe barruan egin eta kudeatzen dituen baliabide politiko guztiak Euskal Herriaren subiranotasunaren zerbitzura” kudeatzeko eskatu zioten. Benetan uste dugu, oso akats larria dela EAJ-PNVrengan beste behin konfiantza izatea eta pentsatzea prest egon daitekeela Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatzeko edo zerbait egiteko Ezker abertzalearen zuzendaritzak “Batu gaitezen” iniziatibari mozorroa kendu behar dio, Euskal Herri osora zabaldu behar du EAJ-PNVren proposamen hau engainu berri bat dela eta euskal burgesiatik espero dezakegun gauza bakarra gure bizi baldintzen aurkako eraso gehiago direla. Aldi berean, ezker abertzaleak aukera garrantzitsu bat du eskubide demokratikoen alde, langileen alde eta kapitalisten aurka programa bat altxatzeko. Beharrezkoa da propaganda hau egitea fabriketan, ikastetxeetan, herrietan eta auzoetan. Politika honekin ezker abertzaleak langileak, langabetuak, gazteak eta krisiaren ondorioak sufritzen ari diren sektoreak erakarri ahalko ditu.


Zintzoki uste dugu bidea ez dela autodeterminazio eskubidearen aldeko manifestuak sinatzea Arzalluz, Garaikoetxea eta EAJ-PNV eta EAko beste kide batzuekin batera, urriaren hasieran egin zen bezala. Ezta nazio bat eraikitzeko siglen gainetik elkartu egin behar garela defendatzea ere, Ordiziako jaian ezker abertzaleko agintari garrantzitsu batek planteatu bezala.


Uste dugu, Euskal Herriaren askatasunerako bide onena ezker abertzaleko agintariek langileen eta gazteen borroka bateratuan bakarrik konfiantza izatea dela, erabat arbuiatuz aliantza politikak eta kolaboraziozko politikak euskal burgesiarekin eta bere ordezkariekin. Horregatik beharrezkoa da ezker abertzaleak programa iraultzaile bat defendatzea: klaseko independentzia, langile klasearen batasuna, autodeterminazio eskubidea eta bankuen eta enpresen desjabetzea langileen kontrolpean. Programa honekin soilik lortu daitezke Euskal Herriaren askatasuna eta sozialismoa.



Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.