Estatu frantseseko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliko emaitzek, lehen begiratuan, 2017ko hauteskundeen errepikapena dirudite: hautagai berberak eta Macronen garaipena Le Penen aurka, nahiz eta 2017an baino tarte txikiagoz eta %71,8ko parte hartzearekin, 1969tik izandako baxuena.
Baina gauza asko aldatu dira 2017tik, eta akatsa litzateke horri so ez egitea. 2017an Macronek ia bikoiztu egin zituen eskuin muturreko hautagaiaren botoak, baina oraingoan aldea ia erdira murriztu da. Hartan, ezkerreko boto-emaileen zati batek Macroni sudurra estalita eman zion botoa Le Penen garaipena saihesteko. Oraingo honetan, Macronen politika erreakzionarioaren eta Le Penenen parekotasunak boto emaile asko konbentzitu ditu Macron ez dela eskuin muturraren aurkako dike bat.
Funtsezkoena da pelikula osoa ikustea , eta presidentzial hauek agerian utzi dituzten sakoneko joerak ulertzea. Lehenik, Mélenchonen hautagaitzak lehen itzulian emaitza historikoa lortu zuelako, Frantziako hiri handi askotan eta Parisko gerriko gorrian irabaziz; eta, bigarrenik, hauteskunde horiek V. Errepublika gobernatu zuten bi alderdi tradizional handi lehertzea ekarri dutelako.
Mélenchon eta Frantzia Intsumisoaren aurrerakada
Mélenchonek emaitza oso indartsuak lortu zituen, eta egoera aldatzeko zorian egon ziren. 7.714.949 botorekin eta % 21,95, Le Penenetik 421.400 botora (1,2 puntu) baino ez zen geratu.
Emaitza horiei PCF (% 2,28), NPA (% 0,77) eta Lutte ouvrière (% 0,56) gehituz gero, 8.983.732 boto lortuko zituzten, hau da, % 25,56, Le Pen baino bi puntu gorago eta Macronetik bi puntura. Bigarren itzuliko kanpaina erabat bestelako norgehiagoka politikoa bihurtuko zen. Mélenchonek presidentetzarako hauteskundeak irabazteko aukera benetakoa izango zen.
Zoritxarrez, hautagaiak aukerarik gabe mantentzeko erabakiak aukera hori zapuztu du. Argi dago estrategia sektario horren defendatzaileen itsutasuna.
Dena dela, Frantzia Intsumisoaren aurrerapenak erakusten du fronte antikapitalista eta antifaxista bat eratzeko potentziala, bai eta klaseko ezker borrokalari bat eraikitzeko dauden aukerak ere. Macronen presidentetzan izandako borroken gorakadak, bereziki txaleko horien matxinadak eta pentsioen, trenbide-langileen eta hezkuntza publikoaren pribatizazioaren aurkako greba handiek, isla izan dute hauteskundeetan. Garrantzitsua da hori azpimarratzea eta Frantziako Estatuan eskuin muturraren gorakada gauza garrantzitsu bakarra dela dioen kanpainari aurre egitea.
Eskuin muturraren aurrerapena eta eskuin errepublikanoaren eta sozialisten kolapsoa
Eskuin errepublikar tradizionalak, gaullismoak, Bigarren Mundu Gerraren amaieratik Frantziako Estatuko sistema politikoaren zutaberik sendoena izan zenak, 5.533.525 boto galdu zituen lehen itzulian, % 20,01etik % 4,78ra. Macronek boto-emaileen zati txiki bat baino ez zuen eraman, eta gehienek eskuin muturraren edo abstentzioaren alde egin zuten.
Frantziar Estatuak bizi duen polarizazio sozial eta politiko sakonak, munduan gertatzen ari den bezala, eskuin muturreko indar arrazista, homofobo eta protofaxistetarantz bultzatzen du boto kontserbadore tradizionala. Hauteskunde hauek horren baieztapen berri bat dira: Le Penen Rassemblement National eta Zemmour ultraeskuindarrenak botoen %30,22 lortu zuten lehen itzulian, eta bigarren itzulian Le Penek emaitza hori %41,8ra igotzea lortu zuen. Arrisku larria adierazten dute langile klasearentzat eta eskubide demokratikoentzat, demokrazia burgesak herrialde kapitalista garatuenetako batean jasaten duen korrosioa erakusten duena.
Macronek ere ez du onurarik atera Alderdi Sozialistaren hondamenditik, azken hamarkadetan eskuin errepublikarrarekin partekatu izan duena Estatu Frantseseko kapitalismoaren egonkortasuna ziurtatzeko erantzukizuna. 2012an PSk irabazi zuen errepublikako presidentetza, botoen %51,64rekin, baina bere murrizketa-politikak eta kapitalismo frantziarrarekiko erabateko menpekotasunak porrot handia eragin zuten 2017an (botoen %6,36 soilik lortuz). Presidentzial horien lehen itzulian, hautagai sozialista %1,75an barregarri geratu zen, mahai gainean jarriz alderdiaren desagertzea bera.
Langileak eta gazteak Macronen aurka borrokan
Macronen presidentetza langileriaren aurkako politika kapitalista basatiek, autoritarismoak eta errepresioak markatu dute bost urte hauetan. Frantziako Estatuko monopolio kapitalista handien zerbitzari leiala izan da, aberatsenei zergak kenduz eta aldi baterako kontratazioa eta kaleratzea erraztu zituen lan-erreforma bortitza onartuz (astean 46 ordu arteko lanaldiei atea ireki zien eta negoziazio kolektiboari gogor eraso zion). Pentsioen kontrarreforma oldarkorra ere bultzatu zuen, herrialdea ia hiru hilabetez geldiarazi zuten greba eta mobilizazio masiboek atzera botatzea behartu zutena. Lehendakaritzan, pobrezia-zifrek etengabe egin dute gora, eta jada biztanleriaren %21 pobreziaren atalasearen azpian dago.
Macronen politikek eragindako ezinegon sozial sakonak lekua utzi diote eskuin muturraren demagogia nazionalista eta arrazistari, batez ere kapitalismoak eskaintzen dien ziurgabetasun gero eta handiagoaren aurrean gero eta histerikoagoak diren erdi pobretutako geruzetako sektore zabalen artean. Horretan lagundu du, halaber, Mélenchonek ere mobilizazio sozial handien aurrean erakutsitako axolagabetasunarekin. Frantzia Intsumisoaren programa ez da nahikoa, ekintza instituzional hutsera bideratuta jarraitzen du eta kaleetako mobilizazioan oinarritzeari eta alternatiba sozialista bat defendatzeari uko egiten dio. Hori faktore erabakigarria da Le Penen demagogiak babes garrantzitsu horri eusten jarrai dezan.
Klase agintaria ari da muturreko eskuinaren gorakada hauspotzen noski, Macronen eta haren erreformen aurkako gizarte matxinadarekin gero eta kezkatuago baitago. Macronekiko deskonfiantza eta higadura horrek, eta Mélenchonek atsekabe hori ezkerretik bideratu ahal izateko aukerak, Frantziako Estatuko burgesia eta bere komunikabideak Le Pen zuritzeko maniobrak egitera eraman ditu. Estrategia argi dago: Macronen deskonfiantzak gora egiten jarraitzen badu, Le Pen kapital handiaren negozioen bermatzaile gisa jartzeko aukerak mahai gainean egon behar du.
Ezker borrokalari, antikapitalista eta iraultzailea eraikitzeko unea da
Mélenchonek hiri handietako langile-auzoetan izandako emaitza onek –%60 baino gehiago Parisko barruti batzuetan eta lehen indarra 10 hiri handienetako 6tan– islatzen dute nola borroka handien hamarkada hau ez den alperrik igaro, baizik eta langileentzako eta gazteriarentzako lezioz beteta egon dela.
Ekaineko hauteskunde legegileak aukera berri bat izango dira ezkerrarentzat. Funtsezkoa da langile klasearen arazoei benetako erantzuna emango dien programa, langile eta gazte frantsesek behin eta berriz erakutsi duten borrokarako borondatearekin lotuta egongo dena, eta hurrengo hilabeteetan berriro erakutsiko dutena, eskuin muturraren aurkako azken egunetako gazteen mobilizazioek iragartzen duten bezala.
Mélenchonek eta FIk sistema barrutik erreformatu daitekeen ilusioari eutsi nahi diote. Gertakariek erakutsi dute hori ezinezkoa dela ela eta politika sozialista eta antikapitalista baten unea dela. Baina akatsa litzateke erreformismo hori aitzakia gisa argudiatzea ukatzeko FIri babes kritikoa emateko hauteskunde taktika, aldi berean, klase independentziako jarrera bat defendatuz noski. Hori da, halaber, komunista iraultzaileok milaka ekintzailerengana iristeko eta horiek irabazteko bidea, aurrez aurre ditugun eginkizunen mailan alderdi iraultzaile bat eraikitzeko bidea.