Joan den ekainean, Europako hauteskundeek Frantziako Estatuko panorama politikoa astindu zuten, eskuin mutur lepenistaren garaipenaren ondoren. Hauteskunde gauean bertan, Macron presidenteak Asanblea Nazionala desegin eta hauteskunde legegileak deitu zituen. Herrialdeko klase-borrokaren fase leherkor berri baten kolpea izan zen, eta ekainaren 30eko hauteskundeen lehen itzuliak hori baieztatu du.

Le Penen alderdiak 577 barrutietatik 297tan irabazi du, eta bigarren itzulian gehiengo absolutua lortzeko mehatxua dago. Ultraeskuindarrek 10.628.394 boto lortu dituzte barruti ezberdinetan (%33,15), 38 diputatu konfirmatuz eta 444 hautagai gehiago kalifikatuz uztailaren 7ko bigarren txandarako. Emaitza horiek ehuneko 14,47 puntuko igoera ekarri dute, duela bi urteko hauteskundeekin alderatuta. Orduan Rassemblent National ozta-ozta iritsi zen %19ra, ezkerraren aliantzaren atzetik geratuz eta lehen itzulian diputaturik lortu gabe.

Igoera hau eskuin tradizionalaren deskalabruak indartzen du. Parte-hartzeak gora egin duen testuinguruan (2022an baino 19,2 puntu gehiago), eskuin kontserbadorea 2.568.502 botoetatik 2.104.524 botora igaro da, %11,29tik %6,57ra. Bigarren itzulira begira duten egoera oso kaskarra da: 64 hautagai baino ez dituzte sailkatu.

Ezkerrari dagokionez, Fronte Herritar Berriak (8.974.574, % 27,99) 32 eserleku lortu ditu dagoeneko, eta lehen indarra da 157 barrutitan. Bigarren itzulirako 414 hautagai sailkatu dituzte. Europarren emaitzak kontuan hartuta, aurrerapen nabarmena da, dagoeneko burgesiaren histeria piztu duena, batez ere Jean-Luc Mélenchon Frantzia Intsumisoko liderraren aurka. 2022ko hauteskundeekin alderatuta, NFPk 28 eserleku gehiago lortu ditu lehen itzulian, NUPES koalizioak lortu zuenaren aldean.

Ipar Euskal Herrian FHB lehen indarra izan da hiru lurraldeetan itzuli honetan. Europako hauteskundeekin alderatuta, ezkerreko biraketa argia eman da bozketan. EH Bai eta ezker abertzalea fronte honen barruan kokatu da, Ipar EHko eskubide nazionalak eta euskararen defentsaren aldarria ere zabalduz.

Nabarmendu behar da FHBren babesa bereziki indartsua izan dela hiri handietan, langileek gogor jo baitute ultraeskuinaren aurka. Parisen botoen %43 lortu dute, gehiengo presidentzialari %11,82 eta ultraeskuinari %32,3 aterata. Hori, hiriburuko partaidetza oso handiarekin gertatu da, %73, Estatuko batez bestekoa baino 5 puntu gehiago.

FHBk Lyonen % 42,4 lortu du, Nantesen %43,2, Toulousen % 51,6, Montpellierren %47,6, Estrasburgon %47,6 eta Lillen %50,5. Frantziako 10 hiri handienetatik FHBk 7 irabazi ditu. Izan ere, koalizio ezkertiarreko 32 diputatuetatik 30 aukeratu dituzte hiri horien eta Parisko banlieue delakoaren artean. Horiek izan ziren, halaber, Macronen pentsioen kontrarreformaren aurkako langileen borroka handien agertoki nagusiak.

Datu horiek guztiz garrantzitsuak dira, eta agerian uzten dute langile klaseak eta gazteek borroka sakona egiteko duten erabakia, ez dena hautestontzietara mugatuko. Le Penek landa eta barnealde kontserbadoreenen botoei esker irabazten badu, klase arteko gerra ez da geldituko.

Azkenik, eta hori ere oso azpimarragarria da, Gabriel Attal lehen ministroa buru duen gehiengo presidentzial makronistak deskalabru handia jasan du: %25,75etik % 20,04ra igaro da, eta 69 barrutitan soilik da lehen indarra. Beherakada horrek esan nahi du lehen itzulian 2 diputatu bakarrik aukeratu ahal izan dituztela eta 321 sailkatu dituztela bigarren itzulirako.

Bigarren itzulia ez da hautestontzietan bakarrik erabakiko. Ultraeskuinak ez dauka xamurra

Emaitza horien lehenengo balantzea da RNren ultraeskuinak ez duela bide erraza izango gehiengo parlamentarioa lortzeko. Ezkerraren mobilizazioa oso indartsua izan da, baina bigarren itzulian are indartsuagoa izango da.

Argi dago FHBk ez dituela emaitza horiek lortu bere programagatik, oso deskafeinatua baita eta, zenbait puntutan, PSk inposatutako posizio kapitalistetan oinarritzen da. Aitzitik, milioika familia langileren erantzuna izan da, langile eta gazteen abangoardiarena, eta Le Penen segizioen aurrerapena kolpetik gelditzeko asmoak bultzatu du bozka. Eta horrek gertaera eztabaidaezina iragartzen du: eskuin muturra gailenduko balitz, ez dezala uste legegintzaldi lasaia izango duenik.

FHBren programa politikoak izaera aurrerakoi nabarmena duten neurriak baditu ere, hala nola premia handiko produktuen prezioen blokeoa, soldaten eta gizarte-prestazioen igoera eta erretiro-adina 60 urtera jaistea, PSren edo Berdeen politika sozio-liberalari, militaristari eta otanistari ere kontzesio argiak ematen dizkio. Ez da inongo programa sozialista, eta ez du planteatzen erregimen kapitalistarekiko haustura irekia.

Fronte Herritar Berriaren barruan sektore eskuindarrenei kontzesioak ematea ez da txikikeria. Honakoa aldarrikatzen du euren programak: "Hamasen sarraski terroristetatik bahitutakoak askatzeko eta preso politiko palestinarrak askatzeko jardutea". Hau da, Hamasen ekintzak Netanyahu Gazan egiten ari den genozidioarekin parekatzen ditu, 40.000 palestinar hildako baino eragin dituztenean erasoaldia hasi zenetik, hain zuzen, AEBren, EBren eta NATOren babes argiari esker, baina hori ez da aipatzen. Programak "Frantziako gobernuak Netanyahuri emandako babesa" desagerrarazteko azaleko aipamena egiten du, eta NBEren xedapenen pean dauden bi estatuen konponbidea defendatzen du. Ez dago inolako erreferentziarik Israelgo estatuaren izaera kolonialista eta supremazistari buruz, ez lurralde okupatuen jazarpen kriminalari buruz, ez erbesteratutako milioika palestinarren itzulerari buruz.

Horrelako programa batek mesfidantza pizten du Gazako genozidioaren aurka mobilizatu diren ehunka langile eta gazteren artean. FHBak Bardella garaitu nahi badu, protesta sozialean oinarritu behar du, eta estatu sionistarekiko harreman militar, ekonomiko eta diplomatikoak berehala etetea eskatu. Baina PSren eta Berdeen zuzendaritza osatzen duten sionisten aldeko elementuak oztopo nabarmenak dira, besteak beste Palestinako herriaren defentsan mobilizazioak debekatzea sutsu defendatu baitute.

Kaledonia Berriaren gaiari dagokionez, FHBren programa ere atzerapausoa da Frantzia Intsumisoaren aldean. Macronen hauteskunde-erreformari uko egitea planteatzen da (Kanaky herriak praktikan mobilizazioaren eta borrokaren bidez lortu dutena), baina ez da planteatzen deskolonizazioa eta kanaky herriaren independentziarako eskubidea.

Ildo beretik doa barruti desberdinetako hautagaien aukeraketa, abangoardiako ekintzaileen artean zalantza ugari sortu dituena. Deigarriena François Hollande presidente ohiarena da, Corrèze barrutiko lehen barrutian ahutagai izango dena, edo Aurélien Rousseaurena, Macronen Osasun ministro izandakoa eta Yvelineseko 7. barrutian hautagai izango dena.

Eta, hala ere, aurrera egiteko oztopo diren gabezia eta hutsune nabarmenak gorabehera, burgesiari beldurra ematen diona ez dira programaren hitzak, ezta hautagaiak ere, baizik eta ultraeskuina geldiarazteko deiak gainezka egitea ezkerreko dike erreformista eta parlamentarioak. Borrokak FHBko agintari moderatuen gainetik pasatzeak eta langileen eta gazteen indarrekiko konfiantza erabakigarria hauspotzeak izutzen ditu. Milioika zapalduen kontzientzian argi dago borroka hau ez dela hautestontzietara mugatzen. Esperientzia historikoak erakusten duen bezala, hauteskundeetako zelaia klase borroka bizi baten ataria izan daiteke: 1936 eta 1968ko greba handien oroitzapenak guztion buruan daude.

Eta kontraesan horiek bortizki adierazi dira FHBko buruzagien aurkako erasoetan, bereziki Jean-Luc Mélenchonen aurka, artikulu, programa eta argitaletxeetan "gorri arriskutsu" gisa pintatzen ari baitira, "Frantziaren gobernagarritasunerako benetako mehatxu gisa". Era berean, argi uzten du PSko eta Berdeetako agintari erreformistek iaz Frantziako Estatuan bizi izan zen matxinada soziala errepikatzeko duten beldurrak. Beldur handiagoa diote aukera horri, eskuin muturreko edo Macronen balizko gobernu bati baino.

Arrazoi horiek guztiak beste gertaera baten atzean daude. Ezin da baztertu bigarren itzuliaren ondoren, PSko eta Berdeetako diputatu hautetsiek FHBaren diziplina traizionatzea eta Attalek defendatzen duen "fronte errepublikanoaren" inguruan gehiengo bat antolatzea. Horiek Macronen altzora pasatzea benetako aukera da.

Eskuin muturrari aurre egin masen mobilizazioarekin eta programa iraultzaile batekin

Azken urteotan Frantziako Estatuan gauza bat argi geratu da: eskuin muturraren aurkako borroka ezin du zuzendu finantza-kapitalaren menpeko arribisten, otanisten eta ustelen alderdi sozialistako kohorteak, ezta gehiengo makronista batek ere. Hau ez da Frantziako Estatuko testuinguru original bat. Munduan zehar ikusi dugu sozialdemokraziaren politika kapitalistek eskuin muturraren aurrerapena erraztu dutela.

"Ezkerraren batasunaren” iraganeko esperientziak, PSren zuzendaritzapean eta pribatizazioen eta lan eta gizarte eskubideen atzerakaden programa trufatuak, oso gogorrak dira. Komunista iraultzaileok ez dugu hori aipatzen FHBri kritika sektarioa eta antzua egiteko asmoz. Alderantziz. Lehenak gara Le Penen eta eskuin muturraren aurkako gerra deklaratzen, eta, milaka aktibistek eta milioika langilek bezala, badakigu, egungo hauteskunde testuinguruan, hori egiteko modurik onena FHBren boto-orria erabiltzea dela.

Baina botoarekin ez da ezer amaitzen. Alderantziz. Gobernuan eskuin muturraren mehatxuaren aurka borrokatzeko, klaseen arteko borrokaren estrategia hedatu behar da, zapalduen kontzientzia-maila eta antolatzeko gaitasuna handitu behar dira. Kaleetako, lantegietako, ikasketa-zentroetako eta herri-auzoetako zuzeneko ekintza da erabakigarria.

Lehen itzuliaren ostean, FHBko buruzagiek, Mélenchon barne, hirugarren postuan geratu diren ezkerreko hautagaiak erretiratzea proposatu dute, makronisten alde. Baina oso argiak izan behar dugu: bigarren itzulian eskuindarren alde bozkatzeak ez du ezertan lagunduko Le Pen garaitzen. Hain zuzen ere, Macronen lehen ministroen austeritate, murrizketa sozial, arrazismo eta langileen aurkako programaren aplikazioak eraman gaitu egoera honetara. Izan ere, Le Penek defendatzen duen immigrazioaren aurkako politika erreakzionarioa egina du dagoeneko gehiengo presidentzialak.

Botoa ematea ez da nahikoa. Oso argi daukagu. Frantziako Asanblea Nazionala parlamentu burges bat da, kapitalistek menderatzen dutena, eta bere interesei bakarrik erantzuten die. Le Penen eskuin muturra aukera saihestezina bihurtu da haientzat, eta publikoki zuritzen ari dira. Horregatik, RN, Le Pen eta bere jarraitzaileei aurre egiteak frantziar kapitalismoarrn euskarri diren erakunde eta botere guztiei aurre egitea dakar.

Borroka honetarako langile klaseak eta gazteriak erretreten erreformaren aurka zabaldu zuten indar izugarrian oinarritu behar da. Lantokietan eta ikastetxeetan borroka antifaxistarako batzordeak osatzea, mobilizazio sendo eta iraunkorrak egitera deitzea, grebak sustatzea eta horiek greba orokor handi batean bateratzea. Hori da bidea, sistema kapitalistarekiko haustura sozialistaren programa argi eta garbi defendatzearekin batera. Borroka inperialismo frantsesaren aurka zuzendu behar da, enpresa handien eta bankuen nazionalizazioa anbiguotasunik gabe defendatuz. Hori da pairatzen ditugun arazo larriak konpontzeko bidea.

Eskuin muturraren aurkako borroka iraultza sozialistaren aldeko borroka da.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.