Euskal eskola publikoaren alde! Gure osasun mentala defendatu!
EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzak aurrera atera nahi duen hezkuntza lege berriak kolpe izugarria dakar hezkuntza publikoaren aurka. Legeak helburu argia du: Hezkuntza publikoaren sarea eta pribatuaren negozioa erabat parekatzea, eta, beraz, patronalei eta Eliza Katolikoari oparitzen zaien hezkuntza aurrekontuko dirua %40 igotzea.
Jauzi izugarria da euskal eskuinak inposatzen duen murrizketa eta pribatizazio politika orokorrean, hezkuntzan ez ezik, osasunean eta gainerako zerbitzu publikoetan ere aplikatzen duena. Eskubide oinarrizkoenak ukatzen dizkigute, horiek bankari eta enpresari handien negozio bihurtzeko.
Eta horrek gure osasun mentala ere hartzen du. Gazteok antsietate, depresio eta suizidioen benetako epidemia pairatzen dugun arren, politika horiek egoera larri honen arrazoiak elikatzen jarraitzeko besterik ez dute balio. Aski da!
Pribatizatzeko eta itunpekoaren negozioak bermatzeko legea
EAJk hezkuntza pribatizatuen dagoen lurraldea bihurtu du EAE estatu mailan, eta bigarrena Europa mailan. Horren ondorio zuzena da jasaten dugun eskola-segregazio klasista larria. Langile familia xumeenetako seme-alabek gure eskola publikoen erabateko bazterkeria jasaten dugu eta lege berriak are gehiago okertuko du egoera.
Gauza bera gertatzen da Lanbide Heziketan eta unibertsitatean, non publikoko plazen gabeziak eta tasen garestitzeak milaka ikasle pribatura joatera behartzen dituen.
Besteak beste, lege berriak ez du ezarriko euskarazko murgiltze eredua, ezta ikasle guztiei euskararen ikaskuntza eraginkorra eta integrazioa bermatzeko beharrezko baliabideak ere.
Urriaren 27an Ikasle Greba Orokorra. Gure indarra kalean dago!
Egoera jasanezin horren aurka borrokatzeko, Ikasle Sindikatuak greba orokorra egiteko eta U-27ko manifestazioetan parte hartzeko deialdia egiten die EAEko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, LHko eta Unibertsitateko ikasle guztiei.
Euskal eskola publikoaren alde; %100 publikoa, laikoa eta euskalduna; erabat doakoa haur-eskolatik unibertsitatera. Hezkuntza komunitate osoaren greba baten alde, EAJren legearekin amaitzeko!
Eskatzen dugu:
1. Kanpora EAJren Hezkuntza Legea! Itunpeko sarearen publifikazio osoa! Euro bat ere ez gure hezkuntzarekin negozioa egiteko!
2. Eskola publikoa euskaraz! Hizkuntza murgiltze eredua eta hori bermatzeko baliabideak.
3. Lanbide Heziketa publikoan 15.000 plaza sortzea eta EHUn beste 20.000. Tasa akademikoak kendu!
4. Testuliburuen eta eskola-materialaren doakotasuna. Familia langileentzako beken gorakada handia!
5. Gure osasun mentalarekin jolasik ez. Ikastetxe eta fakultate bakoitzean behar duten ikasleen psikologoen eta arreta-planen langileak izugarri handitzea. Stop suizidioak!