Euskal Herri Sozialistatik Laura Luengo elkarrizketatu dugu, Ikasle Sindikatuko bozeramailea. Ikasle erakundea EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza legearen aurkako borrokaren lehen lerroan kokatu da, eta ikasleen grebara deitu du urriaren 27an nahiz azaroaren 30ean eta abenduaren 14an azken bi egunetan irakasleekin batera. Osasun mentalaren aldeko borroka bultzatzea ere ikasturte honetako helburutzat kokatu du.
EHS.- Hezkuntza Akordioa eta Eusko Jaurlaritzak aurrera atera nahi duen hezkuntza legea euskal eskola publikoaren aurkako eraso basatiena dela azaldu duzue, eta kaleak hartzera deitu duzue hezkuntza komunitate osoa. Zertan datza zuen kritika?
Laura Luengo.- Aurreproiektu honek gizartearen gehiengoaren babesa duela saltzen saiatzen dira, ezkerreko indarrek babestu baitute, hala nola EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, baina errealitatea da hezkuntza komunitate osotik horren aurka gerrari ekin diogula. Lege honek itunpeko hezkuntza pribatuaren negozioa eta etekinak blindatu nahi ditu. Ikastetxe guztiak “Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoaren” aterkipean ezarriz, berdin dio zein titulartasun duten, sare pribatu-itunduaren finantzaketa esponentzialki handitu nahi dute, publikoarekin berdinduz. Horien finantzaketa %40 handituko dela kalkulatzen da! Hezkuntza aurrekontu bera mantenduz, nondik aterako dira itunpeko sarera desbideratuko diren milioika euro gehiago? Azken hamarkadetan euskal eskola publikoaren aurka egin den erasorik gogorrenaren aurrean gaude.
Hezkuntza Akordioak berarekin pribatizazioa areagotzeko hainbat urrats ekarri ditu, hala nola hezkuntza itunak 6 urterako berritzea edo itunpeko ikastetxeek 28 ikaslerekin gelak banatu ahal izatea (orain arte 34 ziren). Masifikazioa eta ikasgelak ixtea sare publikoan; ratioak murriztea eta finantzaketa handitzea sare itunpeko pribatuan. EAJren asmoa pribatizazioan jauzi berri bat ematea da eta ezin dugu onartu.
Gure irakasleekin eta gurasoekin batera bultzatu dugun borrokari esker, “Akordioa” eta etorkizuneko legea zalantzan jartzen ari da geroz eta sektore zabalagoen artean. Akordioa sinatu zuen EH Bilduko zuzendaritzak berak dio orain hobetu egin behar dela. Baina behar duguna lege berri bat bada, ez da hau, justu kontrako norabidean joango den bat baizik. Honekin aurrera jarraitzen badute, hezkuntza komunitate osoaren greba egun berriak deitu beharko ditugu. Gure etorkizuna dugu jokoan.
EHS.- Hezkuntzaren pribatizazioa urrunetik dator EAEn, eta ikasleen segregazio klasista eragin du. Nola heltzen dio lege berriak gai horri?
Laura Luengo.- Hezkuntza pribatizatuen dagoen lurraldean gaude, Europa mailan bigarren postuan dagoena Belgikaren atzetik. Eredu horren ondorio zuzena da jasaten dugun segregazio klasista eta lege honek errealitate hori sakonduko du.
Segregazioarekin amaitzeko eta kalitatezko hezkuntza publiko bat jasotzeko eskubidea bermatzeko, beharrezkoa da itunpeko hezkuntzaren publifikazioa abian jartzea eta baliabide horiek kalitatezko sare publiko bakarra eraikitzera bideratzea, hezkuntzako langileak kontratatzeko aurrekontua izugarri handitzea, ikasgela bakoitzeko ikasleen ratioak murriztea eta ikastetxe duinak bermatzea, instalazio duinekin. Lege hau justu kontrakoa ezartzera dator.
Esan digute, orain bai, lege berri honekin ez dela kuotarik ordaindu beharko itunpekoan. Kuota horiek legez kanpokoak dira, eta itunpekoaren patronalak eta Eliza Katolikoak zigorrik gabe kobratzen jarraitzen dute. Zergatik izango da ezberdina oraingoan?
EHS.- Lege berriak euskarazko hizkuntza murgiltze ereduari uko egiten diola salatu duzue.
Laura Luengo.- Hizkuntza ereduek (A, B eta D) ez dute bermatu euskara ikasteko eskubide eraginkorra. Alderantziz. Esate baterako, A ereduko ikasleen % 80 inguruk hezkuntza publikoan – A ereduko ikasleen % 6k itunpekoaren kasuan – maila sozioekonomiko eta kultural txikia du (ISEK indizea). Segregazio klasista eta hizkuntza diskriminazioa erabat lotuta daude.
Eta zer proposatzen du lege berri honek? Lehengo berbera. Esan dute euskara ardatz nagusia izatea nahi dutela, eta derrigorrezko etapa amaitzean ikasleek B2 maila lortzea dela helburua. Baina hezkuntza publikoa indartu gabe eta euskara ikasteko baliabide osagarriak dituen murgiltze linguistikoaren eredu baten alde egin gabe, ez da euskara ikasteko eskubide eraginkorrik bermatuko. Horrek, besteak beste, atzean utziko ditu langile familietako milaka gazte, eta bereziki etorkinak.
Ez da kasualitatea eskuin espainolistak, eta baita PSOEk ere, Kataluniako murgiltze linguistikoaren eredua behin eta berriz erasotu izana. Eredu horrek bermatu zuen eta bermatzen du Estatu espainiarretik eta orain beste hainbat herrialdeetatik migratu duten familietako seme alabek katalana baldintza berdinetan ikasteko aukera izatea.
EHS.- Euskal Herriaren eskubide demokratikoen alde kokatzen zarete
Laura Luengo.- Ikasle Sindikatutik uste dugu eskubide demokratikoen eta autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka funtsezkoa dela, eta erreakzio espainolistak eta Estatuaren aparatuak egun garatzen duen ofentsibari tinko aurre egin behar diogula. Katalunian errepresioaren aurka, presoen amnistiaren alde eta Kataluniako Errepublikaren aldeko borrokan buru belarri aritu gara, eta arrazoi horiengatik hainbat ikasle greba masibo deitu ditugu.
Ildo horretan, datorren urtarrilaren 7an euskal presoen sakabanaketaren aurkako manifestazioan parte hartuko dugu. Horrez gain, Sarerekin eta Ernairekin batera manifestu bat sinatu dugu gazteei manifestazio horretan parte hartzeko deia luzatuz eta salbuespenezko espetxe politika horiekin amaitzeko konponbideak eskatuz.
EHS.- Urriaren 27an deitu zenuten ikasleen grebaren aldarrikapenetako bat gazteen osasun mentala defendatzea izan zen. Zer lotura du horrek borroka antikapitalistarekin eta pribatizazio politikekin?
Laura Luengo.- Pandemia benetako infernua izan da gazteentzat, batez ere langile familietan. Gaixotasuna, gure familietako heriotzak, normaltasunez erlazionatzeko ezintasuna, isolamendu soziala, krisi ekonomikoa eta etorkizunera begira atsekabea... Gaixotasun mentalen benetako epidemia bat dago. Adibidez, 24 urtetik beherakoen artean, heriotza ez naturalaren lehen kausa suizidioa da.
Hala ere, gure osasun zentroetan eta ikastetxeetan ez dago psikologorik, psikiatriarik, orientatzailerik eta giza baliabide eta baliabide materialik egoera larri horri aurre egiteko. Benetan justifikaezina da baliabide horiek ez egotea, gure bizitzak jokoan daudenean. Azken batean klase auzia da. Dirua duenak psikologo bat ordaindu ahal izango du eta egoerari aurre egiteko hainbat erraztasun izango ditu. Kalitatezko baliabide eta zerbitzu publikoak nahi ditugu.
EHS.- Ikasle Sindikatuko bozeramailea zara, baina Ezker Iraultzaileko militanteak ere bai. Zergatik?
Laura Luengo.- Nire ustez, beharrezkoa da politikoki antolatuta egotea, ikasleen arlotik haratago, eta gizartea erabat eraldatzeko borrokatzea, kapitalismoarekin amaitzeko borrokatzea. Sistema honen logikaren baitan, ezin daiteke konpondu pairatzen ditugun problema nagusietako bat bera ere. Hori oso argi ikus dezakegu aldaketa klimatikoaren kasuan, gizateriaren etorkizuna bera kinkan jartzen duena. Hori konpontzen hasteko baliabideak eta teknologia egon badaude. Baina monopolio kapitalista handien etekin irrikak eta gobernuek haiekiko duten mendekotasunak konponbide serio oro errotik eragozten dute. Horregatik, Ezker Iraultzailean antolatuta nago, beste gizarte eredu baten alde borrokatzen dut.