Zer da ikasleria? Zein paper jokatzen du gizartean?, edota beste era batera esanda; zein da ikasleriaren paper historikoa kapitalismotik sozialismorako trantsizioan?

Marx eta Engels gizartearen azterketa zientifiko bat egin ondoren ondorio batera iritsi ziren. Honela, giza talde bakoitzak gizarteko produkzioan eta erreprodukzioan zuen eginkizuna jakinik, hots, gizartean betetzen zuen lekua kontutan harturik gizartea hiru klasetan banandu zuten: alde batetik klase kapitalista, kapitalaren (ekoizpenerako baliabideak: makinak, garraiobideak,…) jabea, eta kapital hau martxan jartzeko lan indarra erosten duena; bestetik langilegoa edota proletalgoa, soldata baten truke bere lan indarra kapitalista bati saltzen diona, lantzen duen kapitalaren jabe ez delarik; eta hirugarrenik eta amaitzeko klase ertainak edota burgesia txikia, beraien kapitala (kapitalistena baino txikiagoa, bai kuantitatiboki eta bai kualitatiboki) beraien lan indarrarekin martxan jartzen dutena. Hitz gutxitan, eta bigarren mailako zehaztasunetan erori gabe, hau izan zen bi filosofo germaniarrek egindako klase banaketa.

Eta ikasleria non kokatzen da? Ikasleriak ez du klase bat osatzen, baina ez gutxieste nahiagatik, bi arrazoirengatik baizik: gizarteko produkzioan eta erreprodukzioan ez baitute paper erabakigarririk jokatzen, eta bestetik ikasleria gizartearen klase guztietan aurki dezakegulako, bai familia burgesetan, langile familietan edota klase ertaineko kideen artean ere. Alde horretatik argi geratzen da ikasleriaren heterogeneotasuna. Historian zehar hezkuntzarako bidea irekia izan dutenak gehien bat lehenik burgesia eta pixkanaka-pixkanaka burgesia txikia izan badira ere, gaur egun gizarteko klase guztien ordezkaritza aurki dezakegu ikasleriaren barnean. Norbaitek galde dezake zein den beraz honelako kolektibo atomizatu baten eginkizuna. Hori azaltzea izango da artikulu honen helburuetako bat.

Lehen esan bezala, ikasleriak ez du gizartearen motorra mugitzen; motor hori langile klaseak mugitzen du, eta hori greba orokorretan geratzen da adierazgarri. Orduan konturatzen da langilegoa beraiek mugitzen ez badira mundu honetan ez duela gurpil batek berak ere birarik ematen, ez dela bonbila bat bera ere pizten,…Horrexegatik beragatik ikasleriak beharrezkoa du langile klasearekin antolatzea, bakoitzak beren baliabideekin eta metodoekin helburu beragatik mailukada batera eman dezaten. Eta kasu honetan ez dugu langile klasearen seme-alabak diren ikasleen aliantza bakarrik eskatzen, hori muturreko sektarismoan erortzea litzateke. Bai burgesiaren semeek baita klase ertainetakoek ere (eta kontura gaitezen zenbat iraultzaile handi eman dituzten klase hauek) bildu behar dute langileengana eta biltzen dira, bai noski. Orokorrean hitz eginez bi arrazoi egon litezke honetan: ikasleriaren ezagutza nahia eta munduko injustizien ezagupena, batetik, eta etorkizunean ikasleriaren gehiengoa (ikasleria osoa kontuan harturik) langile klaseko kide izatea beharturik egotea, bestetik.

Inork ez dezala pentsa ikasle erakundeen aurkako aldarri bat denik. Ikasleriak, lehen esan bezala, langile mugimenduaren zati izan behar du baina horretarako bere antolakuntza metodoak garatuz joan da historian zehar, bere sindikatuak sortu ditu, bere borroka metodoak… Eskua eta burua gorputzeko bi zati bereizi diren bezala, halaxe dira langileen eta ikasleen kolektiboak ere, baina biek bat egin behar dute, gorputz beraren zati baitira, langile mugimenduaren zati baitira. Langile mugimenduen barnean langile sindikatuek, kolektibo feministek edota ekologiaren aldeko aktibistek kabida duten bezalaxe ikasleriak ere jakin egin behar du zein diren bere aliatu historikoak. Jakin egin behar du zein diren beraien helburuak lortzeko bidelagunak, behin betiko, eta atzera bueltarik gabe, kalitatezko eskola publiko baten edota hizkuntza eskubideen kontsignak paperetik praktikara eramateko. Jakin egin behar du, orokorki, bere klasearekin biltzen, eta zehazki, bere kolektiboa bateratzen.

Zertarako batasuna? Zertarako antolakuntza? Marxek zioen langile klasea antolatu gabe kapitalistentzat esplotaziorako lehengai zela. Bada gauza bera gertatzen da ikasleriarekin. Ikasleriak batu egin behar du eskoletan eta unibertsitateetan, baina horretan ez du geratu behar; eskualde mailan batu behar du, probintzia mailan… azken mugan mundu osoko ikasleriaren batasun bat sortzeko. Baina xede hau ez da nahi erromantiko bat, behar objetibo bat baizik. Ikusi besterik ez dago burgesia bera, mundu osoko ikasleriaren gaitzen arduraduna, mundu mailan antolaturik dagoela, eta ondorioz, eta arlo militarreko adibide bat hartuz, ezin dugula lautada bateko gerra taktika bat erabili mendian borroka egin behar dugunean. Hezkuntza sistemen kontinentalizazioa begien aurrean dugu, eta Bologna Plana adibideetako bat. Horregatik da beharrezko nazioarteko antolakuntza.

Pragako edota Tiananmeneko gure anai-arreba heroiei ohore egiteko, kapitalismoaren uztarria suntsitzeko, gurea egin behar dugu Marxen eta Engelsen kontsigna, eta langilegoa lagun dugula gure banderan idatziko dugu gure sozialismoaren aldeko aldarria: “Mundu guztiko ikasleok, elkar zaitezte!”

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.