Tolosaldeako osasun arreta azken urteetan, bai eskualdean eta baita kanpoan ere, hizpide da, Eusko Legebiltzarra behin baino gehiagotan izan da horren lekuko. Orain Asunción Klinikako langileak gogor ari dira borrokan klinikako hitzarmenaren alde eta Tolosaldeako kalitatezko osasun zerbitzuaren alde. Euskal Herria Sozialistak Ainhoa Ortiz, Arantxa Errondosoro eta Isabel Descalzo klinikako langileen ordezkariei ondorengo elkarrizketa egin die. Ezker Iraultzailetik gure babes osoa, esker ona eta animoak eman nahi dizkiegu.

Ainhoa Ortiz. Erizain Laguntzailea eta LABeko komiteko kidea. 15 urte daramatza lanean Asunción Klinikan.

Arantxa Errondosoro. Erizaina eta LABeko komiteko kidea. 11 urte klinikan lanean.

Isabel Descalzo. Klinikako Auxiliarra eta ELAko delegatua. 36 urte Asunción Klinikan lanean.

Euskal Herria Sozialista.- Noiz hasi zenuten borroka? Zergatik? Zein dira zuen oinarrizko aldarrikapenak?

Arantxa Errondosoro.- Mobilizazioak abenduan hasi genituen eta urtarrila bitarte lau greba egun egin ditugu eta otsailean ere jarraitu dugu mobilizazioekin. Paroak egin ditugu otsailean astean hiru egunetan ordu eta erdikoak. Otsaila amaituko dugu 28an greba egunarekin eta arratsaldeko manifestazioarekin. Urte asko daramagu negoziatzen eta azkenean blokeatuta zeukaten negoziazioa. Mobilizazioak hasi genituen zuzendaritzaren jarrera ikusita.

Isabel Descalzo.- Azken harremanean negoziatzera ez, inposatzera etorri ziren berriro esanez %1a igoko zigutela eta ordutik ez dute beste mugimendurik eman.

Ainhoa Ortiz.- 2013an soldata %3a jaitsi nahi izan ziguten eta epaiketara eraman eta irabazi egin genuen.

Isabel Descalzo.- Guk Osakidetzako langileekin homologazio osoa nahi dugu. Homologazio paktu bat genuen 2005-2009. urteen artean eta 2010ean bukatu zen arlo batzuetan adostu genuen ekiparazioa. Oraindik plus eta beste lan baldintza batzuk ditugu ekiparatu gabe. Geroztik ez dugu beste inongo akordiorik lortu. 2011tik daramagu soldata igo gabe eta lan ordu berdinekin.

EHS.- Zein ondorio ditu klinika pribatua izateak?

I.D.- Gu Osakidetzako langileekin alderatuz oso urrun gaude haietatik. Beraiek 1592 ordu lan egiten dute eta guk 1670; plusak ekiparatzea falta zaizkigu; karrera profesionala ere ekiparatzea falta zaigu, hau da, Osakidetzako nire mailako langile batek hilean 400€ gehiago kobratzen du. Gauza asko dira, beraiek sei egun dituzte gauza pertsonaletarako eta guk hiru; guk lanera sartzerakoan 10 minutu gehiago egiten dugu lan eta amaieran beste 10 minutu edo 30 minutu gehiago, egin behar dugun informearen arabera. Hau da, denbora hauek Osakidetzan lan ordu bezala kontabilizatzen diete eta guri ez. Guk gauez 10 ordu egiten baditugu beraiei 11 ordu eta 17 minutu kontabilizatzen diete. Eta ratioetan sartzen bagara, hori gehiegizkoa da, hau da, guk gaixo gehiago ditugu pertsonala gutxiagorekin eta honek kalitatean eragin handia du.

EHS.- Gure ustez Asunción klinika guztiz publiko egin beharko litzateke, bertako langile guztiak sare publikoko langile finko eginez. Zein iritzi duzue publikotzeari dagokionean?

A.O.- Bai, argi eta garbi, baita gure ustez ere klinikak publikoa izan beharko luke. Ikusten dugu klinikak azkenean Osakidetzak ematen duen diruagatik bizi dela eta gestio honetan ez dago gardentasunik. Montoia jaunari ez zaio exijitzen exijitu beharko litzaiokeena. Gestio pribatuarekin negozioa dago eta guretzat prekarietatea.

I.D.- Klinika pribatua izatearekin, guk bi modutan jasaten dugu, langile bezala eta erabiltzaile bezala. Langile eta erabiltzaile bezala adarra jotzen digute. Guk zergatik ez dugu adibidez, Donostiako edo Irungo ospitalea joaten den baten eskubide bera? Guk azkenean zerga berberak ordaintzen ditugu eta guk zergatik errekurtso gutxiago izan behar ditugu? Eta langile bezala noski guk langile publikoak izan nahi dugu. Ez dugu, behar bada, funtzionario izan behar baina langile laboralak bai, beraiek dituzten lan baldintza berdinekin zeren beraiek bezala lan egiten ari gara.

A.O.- Beste tokitan eman da. Klinikak publifikatu dituzte, adibidez, Gasteizko edo Mendaroko ospitaleak publifikatu ziren. Zergatik Tolosaldeko Asunción Klinika ez?

I.D..- Aurten OPE bat egongo da eta gu beste eskualdeko ospitaletan ari diren langileak baino baldintza txarragoetan goaz, zeren guri ez zaigu baloratzen lan egin ditugun urteak eta Nafarroan adibidez baloratzen da eta hemen ere beste arlotan, adibidez hezkuntzan.

I.D.- Langileek beldurra diote publifikazioari. Publifikatzea nahi dugu baina lanpostua galtzeari beldurra diote.

A.O.- Nik uste dut beldurra baino desinformazioa dela. Publifikazioak langile guztiak hartu beharko lituzke plantilan. Guk asko hitz egin dugu honetaz eta hori egin behar dugu jendeari kontzientziatzeko

A.E..-         Argi dugu klinikak publikoa izan behar duela eta langileok zentro publiko bateko lan baldintzak izan behar ditugula. Oraingoz gure mobilizazioen helburua konbenioa da, aurrerago joango gara publifikazioarekin.

EHS.- Zein harreman izan dituzue udalekin, instituzioekin eta alderdi edo TOPA bezalako eragile sozialekin?

A.E.- Bai, udalekin bildu gara. Tolosako udalekin bildu gara, baina ez genuen erantzun handirik izan.Alkatesarekin bildu ginen eta esan zigun nahiz eta berak deitu ezin zuela presiorik egin bere konpetentziakoa ez delako. Guk aldiz guztiz kontrakoa pentsatzen dugu, nolatan ezin duela? Alkatesak kexarik ez dagoela dio, baina nola baloratzen du ez dagoela kexarik? Ingresatuta egon direnei deitzen badie zer moduz egon diren galdetuz, zer esango diete?  Ba noski oso ondo egon direla. Andoaingo alkatesarekin ere bildu gara eta Tolosaldeako EHBilduko alkateen ordezkariekin.

I.D..- Udal batzarretara joaten gara gaiaren inguruan hitz egitera. Alderdi politiko desberdinekin udal batzarretan egoten gara. Gainera, gu toki horietara joaten garenean, ez gara gure hitzarmenaren arazoarekin soilik joaten. Langile eta erabiltzaile bezala joaten gara. Eusko Jaurlaritzan, Osasungintzako batzordean ere izan gara EH Bilduren bidez. Podemos, PSOE, EH Bildu eta PNV zeuden. Oso ondo hartu gintuzten, oso positiboa izan zen, baina gu oso berriak gara guzti honetan. Galdera asko egin zizkiguten. Okerrena PNV izan zen.

A.O..-        Soilik, balorazio bat egingo zela esan ziguten. Nire ustez,gakoa herritarrak mobilizatzean dago, presioa egiteko.

EHS.- Zein balorazio egiten duzue orain arteko mobilizazioena? Nola ikusten duzue borroka jarraitzea?

A.E..- Orokorrean oso positiboa. Zaila da mobilizazioen kontu hau, luzatzen ari delako. Urtarrilean egin genuen manifestazioa oso positiboa izan zen. Ez gaude geldirik eta jendeak hori ikusten du. Nire ustez positiboak izan behar genuke oso, eta aurrera jarraitu. Gure artean desmotibatzen hasten bagara ez goaz inora. Asteazken honetan, otsailaren 28an, beste greba eguna daukagu, eta martxoko egutegia egingo dugu.

I.D..- Asko kosta zaigu mobilizazio hauetara iristea. 2013tik daramagu hitzarmena negoziatzen. Kaleko jendearen elkartasuna ikusten dugu eta oso pozik gaude.

A.O..- Mobilizazioekin jarraituko dugu gure helburuak lortu arte. Eta gaia kalean dago, hori oso inportantea da.

A.E..- Borrokan jarraituko dugu.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.