Ez AfD, ez CDU, ez krisi honen ardura duten gobernuko alderdiak ez dira langileentzako aukera bat! Kalean erantzun behar da!

Donald Trump Etxe Zurira itzultzeak konfiantzaz bete ditu eskuin muturreko alderdiak eta neofaxistak mundu osoan. Eta Alemanian ez da desberdina izan. Hauteskunde federaletatik hilabete eskasera, AfDk gora egiten jarraitzen du eta dagoeneko % 22ko babesa du inkesta batzuen arabera. Hauteskundeen irabazlea Friedrich Merzen CDU izango da ia ziur, baina AfDrekin koalizioa osatzea baztertzen jarraitzen du, eta ultraeskuinaren gorakada gero eta arrisku errealagoa bihurtzen ari da.

AfD Bundestageko bosgarren alderdia izatetik bigarren indarra izatera pasatuko da, SPD lehen aldiz gaindituta. Alderdi ia guztiek Aschaffenburgeko atentatuaren ostean bultzatutako diskurtso arrazista, komunitate musulmana kriminalizatuz, Trumpek hispanoekin egiten duen bezala, benetako oparia da AfDrentzat, aurrera egiten jarraitzeko bidea prestatzen diotelako. Kontua arrazista izatea bada, SPDk edo Sarah Wagnenknechtek ez diote borroka honetan AfDri irabaziko!

Beste ladagai garrantzitsua gogo-aldartea eta klase menderatzailearen zatiketak da. Elon Muskek alderdiaren konferentzian parte hartu izana, AfDko buruzagiek txalotzen dutena, ez da kasualitatea, ezta ekintza xelebre bat ere. AfDk oso lotura garrantzitsuak ditu klase kapitalistarekin eta Alemaniako monopolio handiekin. Mugimendu hauek salbuespenak direla pentsatzea, eta AfD edo Trump outsiders edo antiestablishment politikariak direla pentsatzea erabateko ergelkeria da. AfDk klase menderatzaileko sektoreen laguntza gero eta handiagoa du, eta, jakina, ez diete bizkarra emango gobernura iristen badira, Trumpen kargu-hartzean argi ikusi dugun bezala. Trumpek AEBko multinazional nagusien CEOen presentzia izan zuen.

Austriako gertaerak ere, ezberdintasunak gorabehera, ohar larriak dira: bertan, hauteskundeen osteko asteetan, FPÖ ultraeskuindarraren garaipenaren ondoren, alderdi "demokratikoen" "ustezko" osasun-hesia ezarriko zela ziurtzat jotzen zen. Eta orain? Krisia hain da sakona, non negoziazio guztiek porrot egin duten, eta FPÖ seguruenik gobernu berrian egongo da eskuin "demokratikoa" deitutakoaren babesarekin.

Librería"
Elon Muskek alderdiaren konferentzian parte hartu izana, AfDko buruzagiek txalotzen dutena, ez da kasualitatea, ezta ekintza xelebre bat ere.

Korronte neofaxistenak nagusitu dira AfDren Kongresuan

AfD "moderaziotik" urrun dago. Alderantziz: gero eta ultraeskuindarragoa da. Karlsruheko alderdiak "atzerritar" izenak dituzten familiei banatutako "atzerriratze-billeteak" bezalako kanpaina xenofoboetan ez ezik, nazionalitate bikoitza indargabetzeko proposamen berrietan ere agerian geratu da hori.

Alderdiak Riegan egindako kongresuan, Alice Weidelek, alderdiko zerrendaburu aho batez hautatuak, - zeinak 2017an Björn "alde moderatuaren" ordezkari gisa Höcke kanporatzeko aukera planteatu zuen, erretorika hori bera erabiltzeagatik-, bere hitzaldian argi eta garbi defendatu zuen "birmigrazioaren" eskakizun faxista. Duela urtebete, Potsdamen egitasmo berdinekin isilpeko konferentzia bat egin zela jakinarazi zenean, milioika etorkin indarkeriaz kanporatzea proposatuz, AfDren buruzagitza egitasmo horietatik urrundu zen ofizialki. Orain, ordea, alderdiaren hauteskunde manifestuan sartu dute, eta Alice Weidel txalotua izan zen "Alice Alemaniarentzat" oihuaz, "Dena Alemaniarentzat" SAko talde nazien lelo berdina erabiliz.

Elon Muskek piztu zuen alaitasuna ez aipatzearren. Izan ere, Trumpek kargua hartu ondoren, hirutan egin zuen agur hitlerianoa publikoki, eta kongresu horretan parte hartu zuen esanez AfDk bakarrik salba dezakeela Alemania hondamenditik, alderdi naziak boterea hartu aurretik erabilitako antzeko hitzekin. AfD -Hitler- edo kaosa! Hauxe da kanpainaren lelo berria.

Baina faktore erabakigarria ez dira Weidel, Tino Chrupalla edo Björn Höcke, baizik eta alderdiaren oinarri sozial erreakzionarioa: negozio mamitsuak egiten ari den enpresarien sektorea, langile migratzaileak esplotatzen dituena, batez ere nekazal sektorean, eta krisiak jotako klase ertainetako sektore zabalak, baita langile klasearen sektore desmoralizatuak langabetuak edo txirotuak.

AfDk demagogia-errepertorio zabalarekin mobilizatzen ditu talde horiek, enpresarien mesederako zerga-jaitsierak eta murrizketa oldarkorrak planteatuz, eta, aldi berean, arrazakeriaren pozoia txertatuz, immigrazioari gizarte-arazo guztien errua egotziz eta esku gogorra defendatuz, eskubide demokratiko eta sindikalen aurkako eraso gogorrei bidea irekiz. Politika errepresiboa, autoritarioa, aurrekaririk gabeko mailan Scholzen gobernua bultzatu duena, bereziki herri palestinarraren aurkako elkartasun mugimenduaren aurka. Beraz, nola izango dira sinesgarriak bere dei patetikoak eskuin muturrari eusteko?

Argi dago AfDko gobernua ez dela oraintxe diktadura faxista izango, baina joera bonapartistak, autoritarioak, argiak dira, eta 30eko hamarkadarekiko paralelismoak gero eta nabariagoak. Urte haietan ere, SPDk ez zuen zalantzarik izan errepresio bortitza ezarri zituzteen Weimarko Errepublikaren menpeko gobernu bonapartistak babesteko, azken finean naziei bidea irekiz.

Librería"
30eko hamarkadan, SPDk ez zuen zalantzarik izan Weimarko Errepublikaren mendeko gobernu bonapartistak babesteko. Gobernu horiek errepresio bortitza ezarri zuten, eta, azkenean, bidea ireki zieten naziei.

Alemaniako kapitalismoa kinka larrian

Semaforo-gobernuaren kolapsoaren ondoren egin genuen adierazpenean [1], azaldu genuen CDU eta AfDren arteko koalizio bat ez zela oso gertagarria. Ez ustezko "osasun-hesi" bategatik- lastozko zubia bezala desegin baitzen Mertzek Aschaffenburgeko atentatuen ondoren AfDrekin migrazio-politika are arrazistagoak bozkatuko zituela iragarrita-, baizik eta bi alderdiek AEBren eta Txinaren arteko borroka interinperialistan duten jarrera kontraesankorragatik. Mertzek AfDrekin koalizioa egiteari uko egitearen atzean inperialismo estatubatuarraren funtsezko sektoreen presioa dago, Errusia eta Txina begiko dituen alderdia gobernutik kanpo mantendu nahi dutena.

Ukrainako gerra eta Errusiaren aurkako zigorrak ez ziren Trumpek orain erraz irauli ahal dituen Bidenen kapritxo hutsak izan. Azaldu dugun bezala, inperialismo estatubatuarrak behartu zuen gerra Ukrainan, eta ez Europak. Arrazoia, Europan nagusitasuna lortzeko borrokatzea Txinaren eragin gero eta handiagoaren aurka. Horregatik, inperialismo estatubatuarraren helburu nagusietako bat Alemaniak Errusiarekin zituen lotura energetiko erabakigarriak moztea zen, Alemaniako ekonomia gogor kaltetuz eta kapitalista estatubatuarrekin lehiatzen den industria boteretsua eraitsiz. Eta badirudi, oraingoz, helburuak lortzen ari direla.

Baina egoera oso kontraesankorra da, eta Trumpen hautaketak are gehiago zaildu du. Elon Muskek, Trumpen eskuineko eskuak, agenda erabat ezberdina jarraitu du AfDren alde bozkatzera deituz, eta bere buruzagi ultraeskuindarrek Trump eredutzat dute, Tino Chrupalla kargu jabetze ekitaldian izanak adierazten duen bezala.

Musken jarrera hau, AfDren alde bozkatzera deituz, Ukrainako gerraren aurka agertu dena eta Scholzen gobernuak AEBetako inperialismoari men egiten diola salatu duena, erokeria dirudien arren, bere logika du. Aberats neofaxista horrek, lan-eskubideak ezabatzea defendatzen duenak, astean 80 orduko lanaldien alde eginez, eta edozein eskubide sindikal desagerrarazi nahi duenak, Alemaniako eta munduko klase menderatzaileko sektore garrantzitsuen ametsak adierazten ditu, ezker erradikala, gizarte-mugimenduak eta sindikalismo borrokalaria kolpatu nahi baitituzte. Hitlerrek komunismoaren, sozialismoaren edo sindikalismoaren aurkako borrokagatik Frantziako, Britainia Handiko eta baita AEBetako klase kapitalistaren artean piztu zuen begikotasunetik ez oso bestelako zerbait.

Kontraesan horiek agerian uzten dute gobernu berriak izango duen egoera zaila, koalizioa osatu ala ez. Jakina, AfDk ezin ditu konpondu, Trumpek AEBn konpondu ezin dituen bezala. Oraingoz, AEBek duten agenda oldarkorra Europan sakondu nahi du Mertzek, Berdeekin, SPDrekin edo bien laguntzarekin. Izan ere, Trumpengana hurbiltzen saiatu da dagoeneko, "ezberdintasunak baino antzekotasunak" ikusten dituela publikoki azpimarratuz. Bere lehen proiektuetako bat AEBrekin Merkataritza Libreko Akordio berri bat lortzea izango litzateke, nahiz eta Trumpek geldiarazi zuen azken (TTIP) 2017an.

Leninek esan zuen bezala, politika ekonomia kontzentratua da, eta hurrengo zenbakiek kapitalismo alemaniarraren egoera desesperatuaren adibide garbia ematen dute. 2024ko lehen erdian soilik, Alemaniak Txinan egindako inbertsio zuzena aurreko urte osoan (7.280 milioi dolar) baino % 13 handiagoa izan zen, eta Txinatik Alemaniara egindako esportazioak % 8 gehitu ziren. Aldi berean, Alemaniak AEBetako laugarren bazkide komertzial garrantzitsuena izaten jarraitzen du eta Estatu Batuetako merkatuak Alemaniako manufakturentzat lehena izaten jarraitzen du. Munduko gainprodukzio krisiak gogor kaltetu du Alemania, eta bi mugen artean harrapatuta dago.

Krisi kapitalistako jauzi kualitatibo horren ondorioz, lehenago edo geroago kontraesan horiek guztiak jasanezinak izango dira, eta are bultzada handiagoa emango dio AfDri, "oposizio" bakar gisa. Eta AEBn bezala, klase menperatzaileko gero eta sektore gehiagok ondorioztatuko dute beren interesak defendatzeko beharrezkoa den irteera ultraeskuinaren aldeko apustua egitea dela.

Librería"
2024ko lehen erdian soilik, Alemaniak Txinan egindako inbertsio zuzena aurreko urte osoan (7.280 milioi dolar) baino % 13 handiagoa izan zen, eta Txinatik Alemaniara egindako esportazioak % 8 gehitu ziren.

Alternatiba iraultzailea eraiki behar dugu!

Egoera horretan, ezker erreformista, parlamentari eta sindikatuetako buruzagiek aitzakiak eta porrotak baino ez dizkiete eskaintzen langileei. Edo soldata-akordio tamalgarriak, hala nola Volkswagenena (VW), fabriken murrizketak eta itxierak onartzen dituena, edo Die Linke zuzendaritzak SPDri edo Berdeei etengabeko eskaintzak egitea gobernuan parte hartzeko. Baina arazoa ez da soilik eskuin muturraren mehatxua, oso larria dena, baizik eta krisi kapitalista eta gure bizi eta lan baldintzen etengabeko narriadura. Horrek guztiak ezkerraren erantzuna eskatzen du, erantzun internazionalista, antifaxista eta sozialista, erreakzioari eta kapitalistei aurre egingo diena.

Die Linkeko buruzagiek "entzutean" eta atez ateko herritarren kezkei erantzutean oinarritutako ikuspegi berria aldarrikatu arren, alderdiak krisi bortitz bati egin behar dio aurre, eta horrek Parlamentutik desagertzea ekar lezake. Eta hori oinarrizkoena alde batera utzi duelako, kaleetako borroka eta benetako ezkerreko programa bat, parlamentu-joko hutsean mugatu delako eta erreakzioari aurre egiteko gai ez diren politika "errealista" horietan buru belarri aritu delako. Ezker erreformista berriak, Die Linke, Sanders, Corbyn, Syriza edo Podemosek, giza-aurpegia duen kapitalismoa ezarri nahi izan zuen, demokratikoagoa eta sozialagoa, sozialismoaren alde borrokatzea beharrezkoa ez zela adieraziz. Gaur egun, bere planteamenduak birrinduta geratu dira. Ondorioak atera behar dira.

Aldi berean, BSWk, Die Linkeren eskuinatik banatutako korronteak, ezkerraren krisia kritikatzen duen aldi berean, diskurtso erabat erreakzionariorekin egiten dio aurre, jarrera argi eta garbi arrazista eta txobinistekin, AfDri jokoa egiten diotenekin, eta politika kapitalista nazionalistak defendatuz.

Gabezia horren aurrean, behetik berreraiki behar da langile-klasearentzako alternatiba iraultzaile bat. Horrek ez du esan nahi gazteen eta langileen sektoreak ez direnik mobilizatuko hauteskundeetan AfDren mehatxuaren aurka, eta logikoki Die Linkeri botoa ematea aukerarik onena ez denik egoera zail honetan. Baina funtsezkoena da nola egingo dugun borroka otsailaren 24aren ondoren.

Egoera hori guztia ere kontzientzia antifaxista gero eta handiagoa pizten ari da, bai eta gazteen eta langile-klasearen sektore borrokalarien arteko sumindura gero eta handiagoa ere. AfD alderdiaren kongresuaren aurkako mobilizazioak edo AfDk hiri handietan egiten dituen ekintzen aurkako protestak edo blokeoak, guztiak ere poliziak SPDren Gobernupean gogor zapaldutakoak, adibideak dira. Behetik eraiki eta hazi behar den mugimendua, ekintza zuzenaren bidez, klase-ekintzak eta grebak bultzatuz, eta antikapitalismoaren, internazionalismoaren eta sozialismoaren bandera altxatuz.

Ez dago irtenbiderik kapitalismoan, baina Alemaniak baliabide izugarriak ditu, industria-sektore oso indartsuak, eta teknologia-sektore oso aurreratuak. Baldintza horietan, baliabide horiek guztiak gizartearen onurarako erabiltzeak pobrezia eta desberdintasuna desagerraraz ditzake. Ez da egia baliabide nahikorik ez dagoenik, are gutxiago Alemania bezalako herrialdean, baina monopolio handien, finantza-trusten eta bankuen esku daude! Aberastasun hori guztia desjabetu behar dugu, eta langileen, alemaniarren zein etorkinen, esku utzi, eta mundu hobea eraikitzeko erabili, mundu sozialista bat eraikitzeko. Posible da! Lortzeko batu zaitez Ofenssiv-era!