• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Kosovoko herriak sufritu duena ez da erraza azaltzen. Bi mundu gerrak, inbasioak, burgesia eta burokrazia serbiarraren errepresioa... Beste herri batzuk ahaztu gabe, Kosovo da Europaren historiako herririk zapalduenetakoa eta sufrimendu gehien jasan behar izan duenetakoa.

Otsailaren 17an Kosovoko parlamentuak independentzia adierazpena onartu zuen. Hasieratik ikusi zen hori onartu ezin zuen burgesia serbiarraren jarrera: gorroto etnikoaren kanpaina antolatu zuen. Indarkeriazko diskurtsoak politikari burges serbiarren partetik komunikabideen kolaborazioarekin eta talde faxisten mobilizazioak, besteak beste, okindegi albaniarrak erasotzen. Hurrengo egunean, eskuin serbiarraren milaka jarraitzaile Belgradoko Unibertsitateko Filosofia Fakultatea inguratuz chetnik kantak kantatuz (Bigarren Mundu Gerrako serbiarren kolaboratzaileenak), nazien agurra eginez eta "Kosovo je srce Srbije" (Kosovo Serbiaren bihotza da) bezalako leloak esanez ibili ziren. 

Ez dago dudarik gertakizun hauek Estatu kapitalista serbiarrak prestatuak izan zirela. Gobernua eta oposizioko kideak ere Kosovoren aurkako korura elkartu ziren, estatu faltsua zela eta Serbiak inoiz ez zuela onartuko esanez. Elizak ere, nola ez, parte hartu zuen Kosovo Serbiaren barruan egotearen eskubide sakratua aldarrikatuz. 

Betidanik Balkanak kontrolatzea izan da burgesia serbiarraren helburua. Balkanetako beste herrien eta gutxiengoen aurka sarraskiak eta garbiketa etnikoak bultzatzeaz gain, ez du izan gupidarik Serbia bertako langileak eta herritarrak zapaltzeko ere. Azken urteetan ere ez du beste biderik hartu. Kosta ala kosta eutsi nahi izan die, adibidez, Kosovo eta Montenegrori, ez zuen noski autodeterminazio eskubideaz ezer entzun nahi. Bitartean, Serbian bertan, burgesia serbiarra ekonomiaren gehiengoa pribatizatzen ari da eta inperialistei merkatua ireki diete. Politika kapitalista honen ondorioz 2002tik 350.000 langile joan dira kalera, langabezia %20,8an dago, iraganean doakoa zen hezkuntza desagertu da, pobrezia %10ekoa da, suizidio kasuak gehitu dira... Kosovo herritarren egoera okerragoa da: %37ko pobrezia, %15eko pobrezia larria eta %50eko langabezia. Datu hauek ikusita ez da harritzekoa Kosovoko azken hauteskundeetako parte hartzea %43koa bakarrik izatea.

 

Kosovo eta inperialismoa

 

Engelsek aspaldi esan zuen Balkanetako arazo nazionala konpontzeko beharrezkoa zela potentzia inperialistak botatzea. Turkia, Errusia, geroago Alemania eta Italia eta orain AEBak eta Alemania dira, batez ere, Balkanetan muturra sartuta daukatenak, Errusia ahaztu gabe. Balkanak puntu garrantzitsua izan dira beti inperialistentzat eta gaur egun ere, gas eta petrolio kontuek inperialisten hatzaparrak erakartzen dituzte. Hemendik datoz AEBen eta Errusiaren arteko tentsioak Kosovoren gaiarekiko. Zergatik defendatu du inperialismo estatubatuarrak Kosovoren independentzia? Zergatik egon da inperialismo errusiarra Kosovoren independentziaren aurka burgesia serbiarrari babesa emanez?

AEB ez da egon Kosovoren eskubide nazionalekin arduratuta eta Errusiak ez du burgesia serbiarra babesten Serbiaren batasun eskubideak kezkatzen duelako. Biek arrazoi berbera zuten posizio desberdinak defendatzeko: Balkanetako kontrola eta oleoduktoak. Errusiak Serbiatik eta Kroaziatik pasako litzatekeen South Stream oleoduktoa egin nahi du eta Serbiako eta Kroaziako petrolio monopolioa kontrolatu. AEBek berriz, Errusia inguratuz eta NATOren herrialdeak zeharkatuz Europako hegoaldera iritsiko litzatekeen Nabucco oleoduktuoa dute buruan. Oleodukto hau babesteko eraiki dute Kosovon 360.000 metro karratuko base militar erraldoia eta plan honen barruan sartzen zen Kosovo “independientea”.

Denbora gutxian, “Kosovoarrak independienteak dira” esan zuen Bushek eta Condolezza Ricek, berriz, “AEBek ofizialki onartzen dute gaur Kosovoren subiranotasuna eta independentzia”. Baina zoritxarrez hori ez da egia. Estatu serbiarraren zapalkuntza jasatetik inperialismo estatubatuarraren eta europarraren kolonia izatera pasatu da Kosovo. Denok dakigu AEBen helburua inoiz ez dela izan herriak askatzea, ahal dituen herri guztiak bere kontrolpean edukitzea baizik. Irak, Afganistan eta beste hainbat herrirekin gertatu den bezala Kosovo kontrolatzearen helburua aspalditik zegoen AEBen eta NATOren agenda militarrean.

Kosovo independentea ez dela izango azaltzen duten datuak esanguratsuak dira. Bosnia-Herzegovinari ezarritako Ahtisaari plana inposatu diote, hau da, okupazio militarraren autoritatea mantentzen da eta AEBen eta NATOren eskuetan daude erabaki garrantzitsuenak: gastu publikoan, gizarte programetan eta akordio komertzial eta monetarioetan. Hau independentzia al da? Ez, noski. Eta gainera, Ahtisaari planarekin, Serbiako ekonomiaz eta bertako burgesia erreakzionarioaren menpe jarraituko du besteak beste Kosovora doazen merkantzien %70 Serbiatik pasatzen delako. Oinarri kapitalistetan burgesia serbiarraren eragina ere ez da amaituko Kosovon. 

 

UCKren eta inperialismoaren interesak

 

AEBek beren helburuetarako UCKren (“Kosovo Askatzeko Armadako”) laguntza izan dute eta orain UCKren buruzagia izandakoa, Hashim Thaci,  Kosovoko lehen ministro bihurtu da. Baina zer izan da UCK? Kosovoren askatasunaren alde egin al du borroka? UCK CIAk, Alemaniako zerbitzu sekretuek (BND) eta NATOk lagundua izan da 90. hamarkadatik eta harreman estuak izan ditu krimenaren sindikatu albaniar eta europarrekin. Hashim Thaci, UCKko buruzagia eta orain lehen ministro dena, 90. hamarkadan prostituzioan eta droga trafikoan murgilduta zegoen krimenaren sindikatu bateko kidea zen. Hashim Thacik “Drenica Taldea” eratu zuen, Kosovon oinarria izanik mafia mazedoniar, albaniar eta italiarrekin erlazionatutako sindikatu kriminala. UCK eta AEBen aliantza ez da izan, noski, Kosovoren askapen nazionala lortzeko, beren interes ekonomikoak bultzatzeko baizik, ez baitituzte batere txikiak.

Kosovoren okupazioa oso garrantzitsua da AEBentzat, lehen aipatu bezala ez zuten bestela 360.000 metro karratuko base militarra eraikiko. Balkanak militarizatzea funtsezkoa du Itsaso Beltzetik Mendebaldeko Europara doazen oleoduktoak eta garraiobideak babesteko. Aldi berean, Afganistandik datorren eta  Kosovotik eta Albaniatik pasatzen den heroina trafiko multibilioiduna babestu nahi dute “lan zikina” egiten dieten erakunde kriminalen mesedetan. Europako Batasunak eta AEBek erakunde kriminalak erabili dituzte beren helburu militarrak lortzeko. Horren truke, erakunde kriminal hauek petrolio konpainien helburuak babestu dituzte. Ikusi dezakegunez oso ondo moldatu dira.

Kosovon inperialismoak egin duena ez da berria. Nikaraguan (sandinisten aurka “los contras” deitutakoekin), Haitin eta Afganistanen ere “askatasunaren borrokalariak” drogarekin ateratako dirua zurituz finantzatzen zituzten. Gerra Hotza hasi zenetik, mendebaldeko zerbitzu sekretuek harreman konplexuak garatu dituzte drogaren trafiko ilegalarekin. Kasu guztietan, banku sistema internazionalean zuritu den dirua ekintza ezkutuak egiteko erabili da. Hasieran Alemaniaren lana izan zen UCK eratzea eta finantzatzea. Erabili zituzten uniforme alemaniarrak eta ekialdeko Alemaniaren armak drogarekin lortutako diruarekin zeuden ordainduta. Geroago CIA izan zen Albanian UCK trebatu eta hornitu zuena.   
 

Kosovo, Estatu frantziarra eta espainiarra

Sarkozyren Estatu frantziarrak ere Kosovoren “independentzia” babestu du Euskal Herriaren eta beste nazio zapalduen eskubide demokratikoak ukatzen dituen bitartean. Komeni zaienean  ez dute arazorik herrien “independentziak” bultzatzeko, Hitlerrek ere egiten zuen hori. Burgesia frantziarrarentzat Kosovoren “independentzia” babestea eta Euskal Herriari autodeterminazio eskubidea ukatzea helburu berdinaren barnean sartzen dira, euren interes ekonomikoen defentsa. Estatu espainiarra berriz, itxuraz, Kosovoren “independentziaren” aurka azaldu da. Zer gertatu da?

Estatu espainiarra Kosovoren “independentziaren” aurka baldin badago zergatik daude 620 militar espainiar Kosovon NATOren eta AEBren agindupean? Estatu espainiarra, nahiz eta publikoki besterik esan, AEBek Kosovori eskaini dioten “independentzia” babesten ari da. Ondo baitaki horren truke bere saria jasoko dutela, Balkanetako merkatuaren tarta zati bat. Soldadu espainiarrak ez daude Kosovon laguntza humanitarioa ematen, hauen funtzioa ere ekintza mafiosoei lotua dago. 2007ko abuztuan sei Guardia Zibil bota zituzten Kosovoko Istok hiriko “Base España”tik inongo azalpenik gabe. Guardia Zibil hauek destakamendu espainiarraren ekintza mafiosoak salatu zituzten: anabolizante, alkohol eta tabako trafikoa, osasun bermerik ez zuen haragiaren birsalmenta ilegala eta Istok bertako gasolindegiko gasolioaren lapurreta. Garbi dago inperialismo espainiarrak ere komeni zaizkion “independentziak” bultzatzen dituela, baina itxurak egin behar izan ditu Kosovoren independentziak Euskal Herrian, Katalunian eta Galizan izan zitzakeen ondorioen beldurrez.     

Benetako independentzia iraultzaren bidetik lortuko da

 

Ez dago dudarik Bushen independentzia fartsa honetaz ohartuko direla kosovotarrak. Lehen aipatu bezala biztanleen %50 langabezian bizi den gansterrek gobernatutako herri honetan tropa inperialistek soilik daukate biziraupena bermatuta. Kosovoko herritarren, langileen eta behartsuen salbatzaileak ez dira izango Estatu serbiarra, inperialismo estatubatuarra edo Kosovoko agintari eta burges berriak. Orain dela asko Dimitrije Tucovic marxista serbiarrak esan zuen moduan, herri albaniarraren eta serbiarraren etsaiak berdinak dira, beren jabegoagatik errekonozitu daitezke eta ez beren etniagatik.

Marxistek ez daukagu obligaziorik burgesia serbiarra edo estatubatuarraren artean aukeratzeko. Ez dugu defenditu behar Estatu serbiarrak Kosovo zapaltzea eta ezta ere Kosovo AEBen kolonia bihurtzea. Erabateko akatsa da hori. Zer defenditu behar dugu? Zer defenditu zuten marxistek, tartean boltxebikeek, 1912-1913 gerra balkaniarretan? Potentzia inperialista guztiak kritikatu zituzten eta ez zuten babestu inongo burgesia nazionalik. Gerra haiek eta gaur egungo inperialisten arteko borrokak erabat erreakzionarioak dira, nola jarriko gara, bada, baten edo bestearen alde? Garai haietako marxistek zapalduen batasuna defendatu zuten, Balkanetako langile, gazte eta nekazarien batasuna inperialismo eta burgesia guztien aurka. Helburua noski kapitalismoa suntsitzea zen borroka iraultzailearen bitartez, gaur egun bezala, hori baita modu bakarra Balkanetako herriak askeak izateko.

Kapitalismopean ezinezkoa du Kosovok edo beste edozein herri zapalduk benetako independentzia lortzea. Leninek esan zien poloniarrei 1916ean kapitalismopeko “independentziak” ez zuela ezer konponduko, benetako independentzia lortzeko beharrezkoa zela iraultza sozialista. Gaur berdina esan daiteke. Iraultza sozialista da soilik (hor dugu Kubaren adibidea) Balkanetako herri guztien benetako independentzia bermatu dezakeena eta hori langileen eta nekazarien borroka bateratuaren bidetik etorriko da. Inperialistak eta kapitalistak espropiatu arte, ekoizteko indarrak langileen eta zapalduen eskuetan jarri arte, ez da herri askerik izango Balkanetan.