Frantziako Iraultzak, bere erradikalizazio fase gorenean, monarkiari burua moztu zion, modu literal batean. Jaun feudalen eta Elizaren agintea irauli zuten iraultzaileek. Euren botere ekonomikoa (lurraren gaineko jabegoa, batez ere) nekazarien artean banatu zen, Frantziaren oinarri sozial garrantzitsuenetakoa izango zen nekazal burgesia txikia sortuz.
Luis XVI.aren buru ebakia Konkordia plazan erakutsia zen bitartean, klase pribilegiatuen botere politikoa ere goraldian zetorren burgesiaren artean banatu zen. Feudalismo garaian, erregeari atxikitzen zitzaion subiranotasuna; iraultza ostean, subiranotasuna “Herriarena zen”, “Nazioarena”. Feudalismo garaian indibiduoa bere fideltasun erlazioekin identifikatzen zen, errege honen edo jaun haren zerbitzaria zinen, dominus baten servusa, Orleansko dukearen edota Foixeko kondearen morroia, oinaztarra edo ganboarra,… Orain identitatea Nazioak ematen zuen, Nazioari izan behar zitzaion fidela eta leiala, jauntxoekin jada erlazio hauek izatea ezinezkoa baitzen, jauntxorik geratu ere ez baitzen geratzen.
Aldaketa politiko hauen guztien atzean burgesiaren eskua nabaria zen. Izan ere, eta paradoxikoa badirudi ere, burgesiak feudalismo garaiko klase zapalduak, morroi edo jopuak, askatu egin behar zituen erlazio feudaletatik. Burgesiak jaun feudalen agintetik askatu behar izan zituen masak, bere agintepean lotzeko. Zapaltzeko lehenbizi askatu egin behar zituen. Kapitalismoak langileek euren jaun berria, euren kapitalista, euren zapaltzailea aukeratzeko “askatasuna” izatea nahitaezkoa du. Enplegua merkatuaren legeek erregulatuko dute, lan indarraren eskaintzak eta eskariak. Denok uler genezake zein kaltegarri litzatekeen ekoizpen kapitalistarentzat proletarioak eurekin behin-betiko loturik egotea enpresa kostuak murriztu behar diren une batean, esaterako. Jaun feudalek ez zuten soldatarik ordaindu behar, ez zen ekoizpen kapitalistaren dinamika; jaun feudalaren betekizun bakarra babesa ahalbidetzea zen bere fideltasunpeko morroiek zergak eta errentak ordaintzen zizkieten bitartean. Fideltasun hori oztopo bat zen burgesiarentzat.
Era berean, burgesak beste arazo batekin topatu ziren: jaun feudal hauek euren dukerri, konderri, printzerri…eta abarretan zerga ezberdinak ezartzen zizkieten merkatal jarduerei euren diru sarrerak handitzeko, ez soilik kanpotik barrura sartzen zirenei, baita barrutik kanpora zihoazenei ere. Kontua ez zen feudoko ekoizpena babestea, kontua dirua ateratzea zen. Ekoizpen kapitalistarentzako muga hauek guztiak suntsitu zituen burgesiak, Estatuak merkatua eratzeko antolatu zituen. Era honetan, nazio ezberdinak biltzen zituzten Estatu-lurraldeak ekoizpen kapitalistaren arabera antolatu zituzten. Garraio sistema estatalak ezarri ziren, eskualde batzuk alor batzuetan espezializatu zituen eta besteak besteetan, diru sistema bakarrak finkatu zituen, hizkuntza bakar bat inposatu zuten estatu guztian (gutxiengo nazioak kontuan hartu gabe) komunikazioak errazteko eta ekoizpenari bultzada emateko.
Burgesiak, aldi berean, estatu merkatu bat eratzeko bidean gutxiengo ziren nazioentzat kaltegarri izango ziren neurriak hartu zituen: nazio zapaltzailearen hizkuntza eta ohiturak zapaldu zituen, baita erlijioa ere, inoiz ospatu ez ziren ospakizunak zabaldu ziren, hezkuntza sistema "nazionalaren" helburuetako bat nazio sentimendua zabaltzea izan zen, joera sezesionistak apaltzeko nahian. “Hiritar” guztiek nazioaren parte sentitu behar zuten, azken finean hiritar hauek ziren “Nazioa”.
Egitura sozio-ekonomikoaren antolaketa berri honen hastapenetan, ezin pentsa zitekeen etorkizuneko arazoetan. Izan ere, ekoizpen kapitalistak bere-bereak diren ezaugarriak gehitzen dizkio Estatu sakrosantuari: eskualde batzuk besteak baino gehiago aberasten ditu, besteetako baliabideak aldiz xahutu, nazioarteko kapitalista handiek arrain txikiak jaten dituzte, lehen gain-produkzio krisiak sortzen dira…”Baina krisiak zergatik datoz? Ilustratuek esan ziguten guztia egia bazen, zergatik berriro ere arazoak?” galdetzen du herri xeheak. “Erregeek, jaunek, apaizek omen zuten gure egoeraren errua, baina orain denok berdinak gara, denok askeak, denok Nazio beraren kide, Nazioaren onura nahi dugu eta horrexegatik ez ginateke gai izango gure naziokideei ere kalte egiteko. Edo bai?”
Burgesiaren komunikabide makineria martxan ipintzen da. Bere erantzuna ulertzeko erraza da: “denok onartzen dugu naziokide guztiok anaiak garenez, elkarri gaitzik opa ez diogula eta elkar laguntzen diogula, beraz, errua beste nazioena da. Judutarrak, islamiarrak, beltzak… Ikusi besterik ez dago kalte egin nahi digutela, beraiei bost axola gure Nazioa!” Auzi nazionala burgesiarentzat tresna bikaina bilakatu da bere interesak kolokan jarri direnean klase baxuenen begiak beste alde batzuetara begiratzeko. Askotan nazio zapaltzaileek beraiek sustatu dituzte euren Estatuko gutxiengoak. Beltzak eta judutarrak ez zeuden lekuetan irlandarrak, euskaldunak, kataluniarrak… etab. jarri zituzten arazoen erruduntzat. Ororen gainetik langile klasea zatitu behar zuten, eta beste behin Julio Zesar berpiztu zuten divide et impera ahoskatzeko.
Marxek, Engelsek eta euren inguruko iraultzaile ugarik, kolore eta ideologia ezberdinetakoek, Langileen Nazioarteko Elkartea eraikitzeko burgesiaren gezurrak azaleratzeko eta zatiketa hauen aurrean langile klasea baturik mantentzeko bataila garrantzitsua burutu zuten. “Herrialde guztietako langileok, elkar zaitezte!” Manifestu Komunistako gerra oihua Internazionalaren bandera eta filosofia bilakatu zen, internazionalismo proletarioaren lehen adibidea. Herrien arteko elkartasuna bultzatzen zen, baina ez modu sentimental batean; internazionalismoa sustatzen zen ez teorian bakarrik, baita praktikan ere. Posizioa laburki azal daiteke: burgesia (eta garai hartan feudalismoa) internazionalki antolatzen bada langile klasea zapaltzeko (gogoratu Manifestuaren haseran: “Europa zaharreko botere guztiak gurutzada santuan elkartu dira [komunismoaren] mamu horren aurka, Aita Santua eta Tsarra, Metternich eta Guizot, erradikal frantsesak eta polizonte alemaniarrak”), langile klaseak ere internazionalki antolatu behar du burgesia zapaltzeko.
Internazional haren praktika honakoa zen: atzerriko greba mugimenduez langile klasea informatu, atzerriko eskirolak ez erabiltzeko, elkartasun kanpainak antolatu atzerriko borrokak babesteko (lehen Internazionala bera, poloniarren askapen nazionaleko matxinada bati babesa emateko nazioarteko kanpaina batetik sortu zen), borrokak bateratu langile klasearen mailua sendoagoa izan zedin… Maiatzaren 1a langile internazionalismoaren adibiderik ederrenetakoa dugu. Aldi berean, mundu osoan, milioika proletario irteten dira kalera euren indarra erakustera. 8 orduko lanegunaren errebindikazioa bera halako mobilizazioetan lortu zen. Bateraturiko halako borrokek burgesiari beldurra besterik ez diote eragiten. Klase kontzientzia nabaritzen da, nazio zapaltzaileko eta nazio zapalduko langile klasea elkartuago sentitzen da. Esan behar baita arazo nazionalarekin ez dela nazio zapalduko langileria soilik zapaltzen, nazio zapaltzaileak berak bere langile klasea areago zapaltzeko erabiltzen du auzia, langile haien esplotazioaren arrazoia nazio zapalduari botaz. Elkartasun hau ez du gogoko ez Madrilgo ez Bilboko burgesia handiak bere interesak babestu nahi baditu. Elkartasun hau nahitaezkoa du Madrilgo eta Bilboko langileriak askatu nahi badu.
Arazo nazionalak kausa sozialak ditu. Antolaketa sozio-ekonomiko jakin bat da bere eragilea. Inperioen edota kolonien existentzia ez du nazioen izaera edota arimak eragin, burgesia ingelesak ez zuen ia mundu osoa konkistatu bere izaera adoretsua, borrokalaria eta ausarta zelako, Indiako lehengaiak eta eskulana merkeagoak zirelako baizik. Amerika latinoko indigenak ez zituzten azpiratu hauen izaera apalak morroi izatera kondenatzen dituelako, euren gizartearen garapenak espainiar inperioaren garapenari aurre ezin ziolako egin baizik.
Iraultza sozialistak herri batzuek besteak zapaltzeko arrazoiak ezabatuko ditu, iraultza sozialistak langile klasearen zatiketa bultzatzen duten interesak ezabatuko ditu, ez arrazoi sentimentalengatik, gizateriarentzat oparotasun material eta intelektual handiena ahalbidetzeko modua delako baizik. Trotskyk Iraultza Errusiarraren garaian zera idatzi zuen: “Iraultza sozial garaileak talde nazional bakoitzari bere kultura nazionalaren arazoak berak nahi bezala ebazteko gaitasuna emango dio, baina iraultzak –langileen mesederako eta euren baiespenarekin- eginkizun ekonomikoak batuko ditu, honen konponbide arrazional bat baldintza historikoen eta teknikoen menpe baitago, baina ez talde nazionalen izaeraren menpe. Federazio Sobietarrak estatu modu erabat mugikorra eta arina sortuko du, eta honek behar nazional eta ekonomikoak batuko ditu modurik harmonikoenean.” Langile klasearen borrokak borroka sozial bezala ikusi ohi izan dira edo hala ikusarazi nahi izan dizkigute. Baina arazo nazionala soziala ere den heinean, Maiatzaren 1eko nazioarteko festa hau, aldi berean, nazioen askapenaren aldeko borroka ere bilakatzen da eta internazionalismoa, langile klasearen armarik honenetakoa, eraginkorra dela frogatuko dugu, burgesiaren harridura aurpegien aurrean. Haiek Julio Zesar berpiztu zuten, langile klaseak aldiz Manifestuaren oihua:
Herrialde guztietako langileok, elkar zaitezte!