• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Marxen eta Engelsen filosofia etnozidatzat kalifikatu dituzten tesiei aurka egiteko eman genion hasiera artikulu zerrenda honi eta oraingo honetan ere bi filosofoen testuetara joko dugu hori horrela ez dela frogatzeko. Britainia Handian eman zuten euren bizitzaren zati handi bat bai Marxek eta bai Engelsek, eta noski, ezin landu gabe utzi orduan ere egun bezala pil-pilean zegoen irlandarren askapen borrokaren gaia.

Marxismoak irlandar auziaren inguruan izandako jarreraren adibide klasikoak ditugu artikulu honetan azalduko diren gutunak eta Lehen Internazionalaren aktak. Marxek Irlandarekiko hartu zuen posizioak Poloniakoarekin hartu zuenarekin antzekotasun handiak gordetzen ditu zalantzarik gabe: herri irlandar zapalduaren alde ipini zen alde batetik, baina burges txiki nazionalistak kritikatu zituen. Irlandaren nazio askapena emantzipazio sozialaren aldeko borrokarekin lotu zuen. Herrialde nekazaria zen Irlanda, baina bertako biztanleak ez ziren lantzen zituzten lurren jabe. Latifundista britainiar handiak eta hauen adiskide ziren irlandar latifundistak ziren zoruaren jabegoa zutenak, eta ondorioz, lurraren arazoari konponbiderik eman gabe, jabego honen mantentzea bermatzen zuen sistema irauli gabe, irlandarrak ez ziren aske izango, britainiarren eta bertako irlandar oligarkiaren menpe jarraituko baitzuten. Britainiarrek burutzen zuten zapalkuntza nazionala zapalkuntza oso ukigarri eta praktiko bat zen, nekazarien egoeran eta bizi baldintzetan zuzenki eragiten zuena. Borroka nazionala eta soziala bakar bat eta berbera zen.

Engelsek 1882ko ekainaren 26ko gutun batean Irlandako bi mugimenduri buruz idazten zion Bernsteini: nekazal mugimendu erradikalari buruz batetik, bere adierazpen politiko gisa demokrazia iraultzailea defendatzen zuelarik, eta burgesia hiritarraren aurka egiten zuen oposizio liberal nazionalari buruz bestetik. Landa munduak, ordea, bere lan baldintzengatik, jabegoaren banaketa moduengatik eta ekoizpen nazionalean jokatzen zuen paperagatik, ezin zuen klase iraultzailearen paperik jokatu. Irlandaren egoera kapitalismotik eratortzen zen, kapitalismoaren jabego eta ekoizpen moduetatik, eta ondorioz, kapitalisten zapalkuntzatik. Industria kapitalismoaren, eta kapitalisten, biziraupenaren oinarri nagusia izanik, nekazal borrokak ezin zituen bere helburuak bete beste klaseren batekin aliantzan sartzen ez bazen, behinik behin. Burgesiarekin elkartzeko aukera ere hor zegoen, eta iraganean hau behin eta berriz gertatu zen feudalismoaren aurkako borrokan bai burgesen eta bai nekazarien interesak batu zirenean. Garai honetarako, ordea, burgesia irlandarra ez zen gai buruzagitza hartzeko, ahulegia zen Irlandako kapitalismo ia kolonialaren garapen eskasagatik eta Londreseko burges inperialistei lotuegia zegoen alde batetik eta bestetik. Ez zen gai iraultza burgesak historikoki planteatu zituen aldaketak (nekazal erreforma, eliz-estatu bereizketa, askapen nazionala,…) aurrera eramateko.

Proletalgoan zegoen gakoa. Bere hastapenetan aurkitzen zen garai hartan eta alde horretatik bere indar guztiak biltzeko gaitasunik gabe aurkitzen zen oraindik, baina kapitalismoaren garapena langileria elkartzen ari zen, lantegi handietan batzen zituen, ekoizpenean batzen zituen, interesetan batzen zituen, patroiaren aurka batzen zituen. Irlandaren egoera koloniala eta inperialismo kapitalista gauza bera ziren, eta ondorioz, inperialismo horrekin apurtzeko modua kapitalismoarekin amaitzea zen, Irlanda menperatzen zuten erlazio sozioekonomikoekin amaitzea. Engelsek 1848an idatzi zuen bezala: “Herri irlandarrak gogor borrokatu behar du, eta langile klase ingelesarekin eta kartistekin elkartu, Herriko Kartaren sei puntuak eskuratzeko (urteroko parlamentua, sufragio unibertsala, parlamentarien soldatak, hautes-barrutien antolaketa,…). Sei puntu horiek lortu ondoren, eta ordutik aurrera, izango dira herriaren, hau da, Nazioaren ordezkariak”. Argi dago Kartaren aldeko borroka, mugimendu kartista, ez zela mugimendu iraultzaile sozialista bat, eta Marxek eta Engelsek babestu bazuten Ingalaterrako, Galeseko, Eskoziako eta Irlandako langileria britainiar inperialisten aurkako borrokan batzeko eta entrenatzeko izan zen.

Langile klasea zen bere izaeragatik Irlandari askapena ekarriko ziona, eta horrexegatik, langileen eta nekazarien nahi nazionalekin bat eginez hauen alde agertu ziren bitartean, Irlandako burgesia txiki nazionalista gogor kritikatu zuten. Daniel O’Connell esate baterako, kontakatilu eta herriaren traidore gisa salatu zuten. Engelsek 1867ko azaroaren 29an honako hau idatzi zion Marxi: “…ez dugu ahaztu behar hein handi batean astoak eta beste hein handi batean esplotatzaileak direla…”. Burgesia txiki honen eta langileriaren interesak ezberdinak eta askotan kontrajarriak ziren. Burgesia txikia, bere enpresatxoaren edota negoziotxoaren jabe, bere buruari begiratzera beharturik zegoen aldi-oro bere biziraupena bermatzeko. Bere etorkizuna gainerako burges txiki irlandarrekiko lehian oinarritzen zen, konpetentzia egiten zien bere klaseko kideei, eta ondorioz indibidualismo absolutuan erortzen zen. Klase kontzientziarik ez zuen, bera bakarrik ikusten zen munduaren aurrean, eta beraz, munduaren eraldaketarako ikuspegirik ez zuen. Britainiarrak ziren bere egoeraren erantzuleak bere negozioa gaizki zihoanean, eta ingeles proletarioen eta kapitalisten arteko bereizketarik egiten ez zuenez, langile klasea ingelesen aurka egitera bultzatzen zuen orokorrean, eta langile mugimenduaren batasuna apurtzea besterik ez zuten lortzen. Zuzendaritza mota honekin ezin ziren Marx eta Engels inolaz ere ados egon.

Hala ere, langile klasearen garapena oraindik murritza zen Irlandan, eta burgesia txiki honek osatzen zuen mugimendu demokratiko iraultzaile irlandarrari babes kritikoa eman zioten bere garaian, iraultza sozialista ordezkatzen ez bazuten ere, momentuko mugimendurik aurreratuena baitziren langile klase baten faltan. Burgesia txiki honen kideak kartzelaratuak zirenean ere, hauen amnistiaren alde azaldu ziren, baina beti ere ikuspegi sozialista batetik, ikuspegi internazionalista batetik. Behin eta berriz azaldu zuten euren artikuluetan langile klase irlandarraren etorkizuna estuki lotua zegoela langileria eskoziarraren, galestarraren eta ingelesaren etorkizunarekin. 40ko eta 50eko hamarkadetan Irlandak langile klase britainiarraren garaipenarekin soilik lortuko zuela independentzia defendatu zuen Marxek. 1860tik aurrera berriz, Irlandaren independentzia langile mugimendu britainiarraren borrokarako txispa izango zela azpimarratu zuen sozialismorako bidean. Lehen Internazionalaren Kontseilu Orokorraren Aktetan aurkitzen den Marxen 1870eko hitzaldi bat froga benetan bikaina da marxismoaren internazionalismoa erakusteko. Hitzaldi horren hiru zati dira ondorengo hauek:

 “Ekimena ziurrenik Frantziatik etorriko bada ere, soilik Ingalaterrak balio dezake iraultza ekonomiko serio baterako palanka bezala. Nekazari gutxien dagoen eta lurraren jabegoa esku gutxienetan kontzentraturik dagoen lurralde bakarra da. Modu kapitalistak –kontrol kapitalistaren menpeko eskala handiko lan konbinatuak- ia ekoizpen osoa hartzen duen herrialde bakarra da. Biztanleriaren gehiengoa soldatapeko langileek osatzen duten herrialde bakarra da.(…) Kapitalismoa eta lurraren errentamendu sistema adibide klasikoak baldin badira Ingalaterran, bestalde berauen suntsipenerako baldintza materialak ere oso garatuta daude.”

“Ingalaterra errentamendu eta kapitalismo europarraren bastioia bada, Ingalaterra indarrez kolpatu daitekeen puntu bakarra Irlanda da.

“Batetik, Irlanda errentamendu sistema ingelesaren bastioia da. Irlandan ehun aldiz errazagoa da borroka ekonomikoa lurraren jabegoan kontzentraturik baitago esklusiboki, eta gainera borroka honek aldi berean izaera nazionala du, herria iraultzaileagoa da eta Ingalaterrakoa baino haserreago dago. Errentamendua Irlandan ejertzito britainiarrari esker mantentzen da soilik. Bi herrialdeen arteko indarrezko batasuna apurtzen denean, iraultza sozial bat piztuko da berehala Irlandan. Lurjabe ingelesek ez dute aberastasun iturri handi bat soilik galduko, baita beraien indar moral handi bat ere, zeina Irlandaren gaineko Ingalaterraren dominaziotik datorren.

“Bestetik, burgesia ingelesak ez zuen soilik pobrezia irlandarra esplotatzen Ingalaterrako langile klasea kontrolatzeko txiro irlandarrak bertara emigratzera behartuz, proletalgoa bi bando etsaietan bereizten du. Langile zeltaren su iraultzailea ez da ongi konpontzen langile anglosaxoiaren izatasunarekin, zurruna baina motela. Ingalaterrako industria zentro handi guztietan proletalgo irlandarraren eta ingelesaren aurkako antagonismo sakona aurkitzen da. Langile ingeles ertainak gorroto du langile irlandarra, bere lehiakide bezala ikusten baitu, zeinak soldata eta bizi maila murrizten dizkion. Berarenganako ezinikusi nazionala eta erlijiosoa sentitzen du. Amerikako hegoaldeko Estatuetako zuri txiroek esklabo beltzak ikusten dituzten moduaren antzeko zerbait da. Ingalaterrako proletalgoaren arteko antagonismo hau burgesiak elikaturik eta babesturik dago. Badaki zatiketan aurkitzen dela bere boterea mantentzeko egiazko sekretua.”

“Amnistia irlandarraren inguruko Kontseilu Orokorraren erresoluzioek beste erresoluzio batzuen sarrera gisa soilik balio dute, zeintzuek erakutsiko duten langile klase ingelesaren emantzipaziorako eta oraingo indarrezko batasuna eraldatzeko nahitaezko aurrebaldintza izango dela (Irlandako askapen nazionalari buruz ari da), konfederazio aske eta parekide bat osatuz, edota beharrezkoa balitz, erabateko banaketa burutuz.”

Beste behin ere, askapen nazionala defendatzen ikus ditzakegu Marx eta Engels, langile klaseari berau lortzeko protagonismoa emanez eta iraultza sozialistaren testuinguruan kokatuz.