• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Zalantzarik gabe, V.I. Lenin marxista eta iraultzaile errusiarra izan da arazo nazionalaren gaia, ikuspuntu marxista batetik, gehien eta sakonen aztertu duen teoriko marxista. “Nazioen autodeterminaziorako eskubidea” lan zabalean modu zehatz batean azaldu eta laburbildu zituen marxismoak auzi honen inguruan agertzen dituen ideia eta jarrera ezberdinak, eztabaidak, estrategiak eta abar.

Ez da kasualitatea errusiar bat auzi honen inguruko aditu marxista garrantzitsuena izatea. Herrialde hartako iraultzaile batek bereziki ahantz ezin zezakeen gai bat zen. Ezin zitekeen Errusiako iraultza sozialistarako estrategia garbirik finkatu arazo honi konponbiderik eman gabe. Errusia Handiko %43a zen soilik errusiar handia, hau da, nazionalitate zapaltzaileko kidea; gainerako %57a gutxiengo nazional ezberdinek osatzen zuten: ukrainarrek, georgiarrek, estoniarrek, lituaniarrek, poloniarrek, finlandiarrek, judutarrek,…  

Errusiaren espantsionismoaren testuinguruan mendebaldeko nazio konkistatuak, ekonomikoki eta kulturalki gorago zegoen maila batean aurkitzen ziren Errusian baino. Ekialdera, Kaukaso aldera eta orokorrean Asia Erdira burutzen ari ziren hedapena erlatiboki aurrerakoia zen, ekoizpen baliabideen garapenaren testuinguruan beti ere, ez ikuspegi kultural batetik; baina mendebaldeari dagokionean, esan liteke, kaltea bikoitza zela. Nazio txikien babesa edota errusiar guztien batasuna erabiltzen zituen argudiotzat tsarismoak zabalpen hau justifikatzeko, Engelsek argi zuen, ordea, jazotzen ari zena: “Hemen duguna lurralde arrotzen indarrezko konkista lotsagabea da, horixe bakarrik”.  

Zapalkuntza nazionala benetan anitza zen. Erlijioa, hizkuntzak, ohitura etniko-kultural ezberdinak…Nazionalitateen arteko gorrotoa sustatzen zuen klase agintariak, nazionalitate zapalduen aurka edota antisemitismoa bultzatuz, erruduntza eta gorrotoa beste talde sozial batzuek izan zezaten. Mujikak, nekazari errusiarrak, ez zuen gosea pasatzen bere jaun feudalak hezurretaraino xurgatzen zuelako eta elikagairik uzten ez ziolako, judutar diruzaleek prezioen gora-beherak kontrolatzen zituztelako eta besteen negozioak lur jotzera eramaten zituztelako baizik!!  Absurduan erortzea dirudi, baina gizarteko talde batzuek, batez ere burgesia txikiak, bikain irensten ditu halako aurreiritziak, berak ekoizten duen gainbalioa zuzenean kentzen dion esplotatzailerik gainean ikusten ez duenez, bere negozioaren jabe delako, bere egoera jasangaitzaren arrazoiak beste lekuetan bilatzen baititu: zergak kobratzen dizkion Estatuan, gobernari kaxkarretan, Jaungoikoan eta nazionalitate zapalduetan, orokorrean gezurtiak, lapurrak eta gaizkileak izan ohi direnak.  

Pentsa liteke ez duela zentzurik klase agintariak batetik Errusia Handiaren batasun zatiezina aldarrikatzea eta bestetik desberdintasun nazionalak bultzatzea. Argi dago, ordea, zein helbururekin egiten dituen bai bata eta bai bestea, eta bi helburuak bateragarri dira: bere ekoizpen baliabideak eta aberastasuna areagotzea, eta bere egoera pribilegiatuan mantentzea, bere gainbehera ekar lezakeen batasuna zatituz. Ez dirudi oso morala denik, baina klase agintaria ez da sekula oso abila izan berak aldarrikatzen duen morala betetzen.  

Herrialde atzeratua eta erdifeudala zen Errusia oraindik ere XX. mendearen hastapenetan. XIX. mendean legalki morrontza desagerrarazi bazen ere praktika guztiz bestelakoa zen. Abolizio hark ez zuen jaun feudalen boterearen beherakadarik ekarri, eta ez zuen burgesiaren gorakadarik adierazi ere. Iraultza burgesak historikoki bete zuen eginkizunetako bat, bai Britainia Handian, bai Frantzian, bai Herbeheretan…nekazal arazoarekin amaitzea izan zen. Errusian, ordea, latifundio handiak, teknologia eskasia eta nekazari txiroa zegoen. Burgesia txikiaren multzoan sar daitezke azken hauek gizarteari begira duten pentsamoldeagatik, euren ekoizpen moduak ez baititu kontzientzia kolektibo bat izatera eramaten, eta gainera, landako atzerapenak eta analfabetismoak sineskeria eta dogma erlijiosoak bereganatzea errazten baitie. Proletalgoak kontzientzia kolektiboa du, batetik, eta industriak eskatzen duen kultura maila jakin batek (makina nola erabili, eskariak bidaltzeko irakurtzen jakin, matematikak,…) alfabetatu egiten du. Horregatik zioten autore marxistek arazo nazionala, batez ere, burgesia txikiaren arazoa zela, hauek euren arazoen kausa arrazoi nazionaletan ikusten baitute arazo sozialetan baino lehen. Proletarioak aldiz zapalkuntza modu gordinago batean ikusten du, eta klase borroka ulertzeko prestatuago dago izatez, bizi dituen produkzio eta erreprodukzio erlazioengatik.  

Hauxe zen, bada, Alderdi Boltxebikeak bere aurrean zuen egoera. Divide et impera zen tsarismoaren leloa, eta batasunarekin erantzun behar zion langile klaseak. Lehen esan bezala, Errusia herrialde atzeratua zen ordea, langileri ahul eta oraindik garatu gabe batekin, eta nekazal masak ezinbestekoak ziren borrokarako aliatu gisa. Arazo nazionalaren konponketa, historikoki hau ere burgesiak bere gain hartu zuena Herbehereen independentzia lortzeko edota Alemaniako eta Italiako batasuna eskuratzeko, adibidez, langile klaseak hartu behar izan zuen eginkizuntzat masa guztiak bildu eta tsarismoari aurre egiteko.  

Boltxebikeen estrategiaren barnean masak goi klase nazionalisten eta nazionalista burges txikien eraginpetik askatzea aurkitzen zen. Ez soilik errusiar handi pribilegiatuen eraginetik, baita nazionalitate zapalduetako goi klaseen hatzaparretatik ere. Hau benetan kontuan hartzeko gaia da marxismoaren ikuspuntutik. Zapaltzaileak ez daude nazionalitate zapaltzailean soilik, nazio zapalduetan ere zapaltzaileak daude, zapaltzaile autoktonoak. Errusian jaun feudal errusiar handiak zeuden, baina baita jaun feudal georgiarrak, jaun feudal poloniarrak, burges judutarrak, etab. ere. Klase agintariak (Errusiaren kasuan, jaun feudalek eta burgesek), hainbat nazionalitateetako kideak biltzen dituela ere, klase bakar bat osatzen du, klase interes komunak dituzte, behe klaseak, proletalgoa eta nekazariak, ditu etsai, eta etsaitasun horrek batzen ditu. Bost axola matxinatu dena errusiar handia den edota georgiarra den, bai jaun errusiarrek eta georgiarrek bat egingo dute errebolta zapaltzeko.  

Jaun errusiar handiek euren nazionalismoa bultzatuko dute, sinbolo “nazional” batzuekin identifikarazi nahiko dituzte euren Estatupean dauden nazionalitate ezberdin guztiak euren eragin eremua baturik mantentzeko. Zentzu horretan nazionalitate zapalduetako klase agintarien jarrera hipokritagoa izan ohi da. Klase agintari errusiar handiak Estatuaren batasuna nahi du eta defendatzen du publikoki, klase agintari georgiarrak jendaurrean zapalkuntza salatuko du eta askatasunaren alde hitz egingo du, baina izatez bere nahia aurkakoa da. Klase agintari georgiarrak (eta hemen georgiarra aipatzen den bezala beste edozein nazionalitate zapaldu aipa daiteke) ez zuen Estatu georgiar baten antolaketa bere helburuen artean. Lotura izugarriak zituen klase agintari errusiar handiarekiko eta indartsuagoa zen Errusiaren barnean egonda bertatik bereizita baino. Batzuetan independentziaren mehatxua eta herri mugimendua erabiliko zituen Estatu zentraletik hainbat onura eskuratzeko, baina bere askapen borroka nazionala ez zen hortik igarotzen. Errusiako nazionalitate zapalduetako goi klaseek une batean bakarrik defendatu zuten aktiboki eta euren interes osoarekin euren nazioaren independentzia: 1917ko Errusiako iraultza sozialista hasi zenean. Une hartan euren klaseko interesak eta pribilegioak kinka larrian ipini ziren, eta olatu gorri hartatik ihes egiteko modu bakar bezala ikusi zuten independentzia, baina beti ere klaseko ikuspuntu batetik.  

Goi klaseek nazio auziarekiko zuten jarrera klaseko ikuspuntukoa zen bezalaxe, boltxebikeek ere horixe aldarrikatu zuten langileentzat, nazio arazoarekiko klase ikuspuntu bat. Nazionalitate zapalduetako goi klaseak, nazio zapalduko kide izanik ere, ez ziren zapalduak: bost axola euren hizkuntza eta ohiturak diruaren hotsa entzuten zuten bitartean. Nazionalitate zapalduetako behe klaseak ziren hau pairatzen zutenak, gorroto etnikoak jasaten zituztenak eta etniagatiko soldata baxuagoak eta baldintza okerragoak jasotzen zituztenak, egun ere beltzekin, latinoamerikarrekin eta abar gertatzen den moduan. Eurak ziren zapaldu nazionalak eta baita klaseko esplotazioa jasaten zutenak ere. Gainera, ezaugarri gehiago zituzten errusiar handi proletarioekin lotzen zituztenak euren nazioko goi klaseekin baino. Kapitalista berdinek zapaltzen zituzten, eta Estatu tsarista berberak erreprimitzen zituzten. Boltxebikeen estrategia garbia zen: zapaldu guztien batasuna goi klaseen aurka, nazionalitatea edozein zela ere, eta denak itotzen zituen Estatu tsarista berberaren aurka.  

Leninek lan eremu hau aurrean zuela burutu zuen bere lan teorikoa eta bere fruitua eman zuen, 1917an hasi zen prozesu iraultzailearen arrakastarako ezinbestekoa izan baitzen. Nazionalitate guztiak batu ziren orduan etsai komunei aurre egiteko eta feudalismoarekin eta kapitalismoarekin amaitu zen. Hurrengo aleetan Leninen lanari gainbegiratu bat emango zaio aurrez aurre bere esentzia osoa ulertu eta tergibertsazioak erantzuteko.