• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Askotan uste denaren aurka, nazio arazoa ez da bereziki nazio zapalduko langileei eragiten dien fenomeno bat. Nazio zapaltzaileko langileei ere eragiten dien fenomeno bat da, noski, aurreko artikuluetan behin eta berriro azaldu dugun bezala; baina izatez, ez dago nazio zapalketako egoera baten presentziaren beharrik langile batek arazo honen sufrimenduak pairatzeko. Esan nahi dena da, nazio aske bat hartzen badugu, inork zapaltzen ez duena eta inor zapaltzen ez duena, horrek bost axola du, eliteen diskurtso nazionalista langile klasearen konkistak erasotzeko erabiliko baita.

Krisiaren aurrean elite hauek herriari, euren ustezko anaiei, zera esango diete: Gerrikoa estutu behar dugu nazioaren onerako! Soldatak izoztu behar dira interes kolektiboaren mesedetan! Denok batera jokatu behar dugu egoera latz honen aurrean! Estatu Batuetako nazionalismoaren adibidea paradigmatikoa da. Ezin esan liteke Estatu Batuek beste naziorik zapaltzen ez dutenik, baina modu agerikoan, okupazioz edota beste herrialde bati euren kultura inposatuz egiten ez dutenez (salbuespenak salbuespen, hor dugu Guantanamoren kasua), euren agintea eta kultura bide ekonomikoen bitartez egiten dutenez, ezin esan liteke Estatu Batuek “etsai nazional” jakin bat dutenik, palestinarrek Israelgo estatua bezala, irlandarrek Britainiar boterea duten bezala edota euskal herritarrek Estatu espainiarra eta frantsesa dituzten bezala. Estatu Batuetako diskurtso nazionalista mesianikoaren bitartez, askotan langile klasearen kontzientzia deuseztatzeko trikimailuak erabiltzen dira, klase interesen ordez, nazio interesak defendatzen dira: hobe nazioarte mailako Estatu Batu indartsu eta hegemoniko bat, barne arazo sozialak konpontzea baino, nazioak sakrifizioak eskatzen baitizkio herriari.

Baina Maiatzaren 1ean aurkitzen gara, akaso munduko ospakizun eta aldi berean borrokarik internazionalenean, Eguberriak edota Aste Santua izan daitezkeena baino gehiago. Maiatzaren 1a borroka klasista baten isla argia da, mundu mailako borroka klasistarena, internazionalismoaren adibiderik puruena. Munduaren luze zabalean langileak kalera irteten dira euren aldarrikapen eta eskakizunekin, egun jakin batean, une berean. Batez ere Bigarren Internazionalak bere garaian sustaturiko mobilizazioa izan zen eta lan itzela egin zuten nazioarte mailan koordinaturiko halako mugimendu bat egiteko, pentsa honek langileriarentzat izan dezakeen garrantzia politikoa eta estrategikoa! Halako antolaketa gaitasunarekin mundu mailako burgesiak beldurturik beharko luke! Tamalez, masa erakundeetako burokrazietan emaniko degenerazio prozesuek halako mobilizazio baten ikuspegi iraultzaile guztia murrizten dute, baina langileriaren nazioarteko antolaketa posible dela erakusten digute, eta are gehiago, gaur egun, telefonoa edota Internet bezalako erremintekin, Bigarren Internazionalak antolatutako lehen mobilizazio haiek, XIX. mendearen, baldintza okerragoetan egin baitziren. Klase mobilizazio baten aurrean gaude, mundu osoan aurkitzen den klase baten mobilizazioa da. Tailandiarra izan, groenlandiarra izan, kongoarra izan, estoniarra izan edota euskal herritarra izan, ezaugarri kulturalen berezitasuna alde batera utzita, klase izaera hori da gu guztiok batzen gaituena muga guztien gainetik. Klase agintarien diskurtso nazionalistak ezin gaitu eurekin lotzera eraman. Nazioaz edo interes kolektiboaz ari direnean, euren jabegoaz eta euren interesaz hitz egiten digute. Guk ez dugu horren iraupena luzatzeko inolako interesik. Gure interesak nazioarteko proletalgoarekin lotuta daude, gehiago baita haiekin lotzen gaituena gure burgesiarekin baino. Hemendik dator nazio arazoari marxismoak eman dion garrantzia, azken finean klase independentzia aldarrikatzeko nazio arazoaren ulermena ezin bestekoa baita.

Inperialismoa, sozialismoa eta nazio zapalduen askapena 

   

Marxek edo Engelsek ez zioten lan jakin bat eskaini nazio arazoari, ekonomia politikoan edota filosofian gehiago sakondu zutelako, baina arazo honen inguruko euren azalpenak euren artikulu eta liburu zatietan aurki ditzakegu. Honen aurrean eta bere herrialdean nazio arazoak zuen berebiziko garrantzia ikusirik, Lenin izan zen gai honetan gehien sakondu zuen autore marxistetako bat. Bereak ditugu inperialismoaren analisia edota nazioen autodeterminazio eskubidearen inguruko lan mardulak. XX. mendearen hastapenetan eginak izan baziren ere, askotan zirrara sortzen du lerro hauek irakurtzean topatzen den egunerokotasunak. Marxismoa nazio zapaltzaileen defendatzaile edota nazio zapalduen aurkako bezala azaldu duenik izan da eta baita kritika hauek irakurrita hori sinistu dutenak ere. Gezur horiek salatzeko modurik hoberena iturrira jotzea da, Lenin zuzen-zuzenean irakurtzea, hark zer esan zuen jakiteko, bestela behin mito kaltegarri bat sorturik ipuin bat izan ohi da kritikariek errepikatu ohi dutena eta ez haiek errealitatean esana. Gu ere akats berean ez erortzeko Lenin bera zuzenean itzultzea iruditzen zaigu horri aurre egiteko modurik hoberena eta eszeptiko orok edozein baliabideetan, liburu, Internet edota halakoetan, ikus dezake testu horien existentzia.

Hala zion Leninek Iraultza sozialista eta nazioen autodeterminaziorako eskubidea artikuluan: “Inperialismoa kapitalismoaren garapen fase gorena da. Herrialde aurreratuetan, kapitalak Estatu nazionalen esparrua gainditu zuen eta monopolioa ezarri zuen konpetentziaren lekuan, sozialismoa gauzatzeko premisa objektibo guztiak sortuz. Horrexegatik, mendebaldeko Europan eta Estatu Batuetan gobernu kapitalistak eraisteko eta burgesia desjabetzeko proletalgoaren borroka iraultzailea planteatzen da eguneko ordenan. Inperialismoak borroka honetara bultzatzen ditu masak, klase kontraesanak maila izugarrian areagotzean, bai zentzu ekonomikoan –trustak, biziaren garestitzea—bai politikoan: militarismoaren gorakada, gerren maiztasun handiagoa, erreakzioaren gordintzea, zapalkuntza nazionalaren zabalpena eta harrapakeria kolonialista. Sozialismo garaileak nahitaez demokrazia totala burutu behar du; ondorioz, ez du nazioen arteko eskubideen erabateko berdintasuna praktikan jarri bakarrik egin behar, nazio zapalduen autodeterminaziorako eskubidea ere burutu behar du, hau da, banantze politiko askerako eskubidea. Euren ekinbide osoan zehar, orain, iraultzan zehar, eta baita garaipenaren ostean ere, nazio menderatuak askatzeko gai direla eta batasun askea oinarri hartuz – eta batasun askea, banantzeko askatasunik gabe, esaldi gezurtia da- hauekin erlazioak eraikitzeko gai direla frogatzen ez duten alderdi sozialistek traizioa egingo liokete sozialismoari.”  

“Zalantzarik gabe, demokrazia ere Estatu forma bat da, Estatua desagertzen denean desagertu beharko dena, baina hori jada erabat garailea eta kontsolidatua den sozialismotik komunismo integralera burutuko den trantsizioa ematen denean gertatuko da.”

Horiek dira Leninen hitzak, argi eta garbi. Kalifikatibo ugari entzun ditugu marxismoaren edota komunismoaren eta nazio zapalduen arteko jarreraren inguruan: marxismoa etnizida dela, aspektu nazionala ez zaiola interesatzen, arazo ekonomikoa dela bere interes bakarra eta aspektu kulturalak baztertzen dituela, etab. asko eta askotan autore marxistak ere irakurri ez dituzten idazleengandik datozenak, beste bati entzun zionean edota berak eginiko ideia propioetan oinarrituz, edota testu originala irakurri bazuen hau bere interesen arabera tergibertsatuz. Demokraziaren inguruko azken aipua ere analista antimarxista zorrotz eta zuhur batek komunismoaren autoritarismoa eta diktadura izaera salatzeko erabiliko luke baina argi dago testuingurutik kanpo erabiltzea dela. Demokrazia desagertuko dela aipatzen duenean Lenin ez da ari diktadura bat defendatzen, baina Leninek berak argi esaten duen bezala demokrazia beste Estatu forma bat da eta Estatu forma bat den heinean klase zapalkuntza baten existentzia adierazten du. Era berean, bere Estatua eta Iraultza lan bikainean azaltzen den bezala, demokrazia sistema politikorik ederren bezala saldua izan bada ere, atzean zapalkuntza bat gordetzen du, gehiengoaren zapalkuntza gutxiengoaren gainean, eta zapalkuntza horren desagerpena komunismoaren etorrerarekin aurreikusi zuen autore errusiarrak. Gai honetan sakonago aritzeko lerro faltan hurrengo artikuluetan jarraituko dugu Leninek arazo honen inguruan zituen ideietan, arazo nazionalean, demokraziarenean, etab. sakontzen, kritikari burgesen gezurrak salatzen, ez kapritxo soilagatik, langileriaren askapen borrokaren baitan askapen nazionala ezinbesteko eginbeharra baita. Eztabaida honen bitartez langile klaseak bera menperatzen duen klase zapaltzailetik, gizarte guztietako kultura hegemonikoa sustatzen duen klase horretatik (komunikabideen, prentsaren, etab. bitartez) askatzeko eta independizatzeko beharra azpimarratu nahi dugu. Ez dugu beraiekin interesik elkarbanatzen, nazio askapena ere ez baita euren interesa! Horren aurrean klasearekin, edozein arraza, erlijio, etnia, kultura eta naziotako klasekideekin, elkartzeko beharra sortzen da eta Maiatzaren 1a data klabea da hori sustatzeko. Nazionalismo zapaltzaile horren aurrean internazionalismoak izan behar du langileriaren errezeta, langile klasearen askapen nazionalaren eta nazio zapalduen askapen nazionalaren aldeko borrokan. Marxek eta Engelsek gaia Leninek baino gutxiago jorratu zutela esan badugu ere Manifestu Komunistan utzi zuten arazo nazionalaren inguruan marxistek duten pentsamenduaren gakoa esaldi ezagun batean bildua: “Herrialde guztietako langileok, elkar zaitezte!”