• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Arazo nazionalaren inguruko posizio marxista azaltzeko helburuz iturri zuzenetara jotzea erabaki genuen eta Leninen Iraultza sozialista eta nazioen autodeterminaziorako eskubidea artikulua itzultzeari ekin genion aurreko bi aleetan. Honako honetan, Leninek proletalgoak autodeterminazioaren auziaren inguruan duen ikuspegi iraultzaileaz eta marxismoak eta anarkismoaren adar batek, proudhonismoak, gaiaren inguruan dituzten iritzi ezberdinez hitz egiten digun bi azpiatal dakartzagu hona.

Proletalgoak nazioen autodeterminazio auziaren aurrean duen ikuspegi iraultzailea izendaturiko azpiatala da artikuluko bosgarrena. Honela jarraitzen du Leninek: 

“Ez nazioen autodeterminazioaren errebindikazioa bakarrik, gure programa minimo demokratikoaren puntu guztiak ere lehenagotik planteatuak izan ziren jada XVII.en eta XVIII. mendeetan, burgesia txikiaren eskutik. Eta orain arte, burgesia txikiak haiek guztiak planteatzen jarraitzen du, forma utopikoan, klase borrokaz konturatu gabe, borroka hau demokraziaren pean suspertu egiten dela ikusi gabe, eta kapitalismo “baketsuan” sinestuz. Hain zuzen ere halakoa da eskubideetan berdinduriko nazioen batasun baketsu baten utopia inperialismoaren pean, herria engainatzen duen utopia eta kautskianoek defendatzen dutena. Utopia burges txiki, oportunista, honen aurka, sozialdemokraziaren programak nazioak zapaltzaileetan eta zapalduetan bereiztea postulatu behar du, inperialismopeko errealitate oinarrizko, funtsezko eta halabeharrezko bezala. 

“Nazio zapaltzaileetako proletalgoa ezin da esaldi orokor eta estereotipatuak ahoskatzera mugatu, anexioen aurka eta nazioen eskubideen berdintasunaren alde eginez orokorrean, edozein burges bakezalek errepikatzen dituen esaldiak. Proletalgoak ezin du zapalkuntza nazionalean oinarritutako Estatu baten mugen inguruko arazoa, burgesia inperialistarentzat bereziki “desatsegina” dena, isildu. Nazio zapalduak Estatu jakin baten mugen barnean indarrez mantentzearen aurka borroka egitea ezin du alde batera utzi proletalgoak, eta horixe da hain zuzen autodeterminazio eskubidearen alde borroka egitea. “Euren” nazioak zapaltzen dituen kolonien eta nazioen bereizketa politikorako askatasuna exijitu behar du. Kontrako kasuan, proletalgoaren internazionalismoa hutsa eta hitzezkoa bakarrik izango litzateke; ez konfiantzarik, ez klase elkartasunik ez litzateke posible izango nazio zapalduko eta nazio zapaltzaileko langileen artean; autodeterminazioaren defendatzaile erreformisten eta kautskianoen hipokresia mozorroa kendu gabe geratuko litzateke, ez baitute ezer esaten “euren” nazio propioak zapaltzen dituen eta “euren” Estatu propioaren barnean indarrez mantentzen diren nazioei buruz.  

“Beste aldetik, nazio zapalduetako sozialistek nazio zapalduko eta nazio zapaltzaileko langileen arteko erabateko eta baldintzarik gabeko batasuna, antolaketa batasuna barne, defendatu eta praktikan jarri behar dute ahalegin horretan bereziki ekinez. Hau egin gabe ezinezkoa da proletalgoaren politika independentea eta gainerako herrialdeetako langileriarekiko klaseko elkartasuna defendatzea, burgesiaren amarru, traizio eta iruzur guztiak ikusita. Izan ere, nazio zapalduetako burgesiak askapen nazionalaren kontsignak langileentzako iruzur bilakatzen ditu beti: barne politikan kontsigna hauek nazio menperatzaileko burgesiarekin akordio erreakzionarioak egiteko erabiltzen ditu (adibidez, Austriako eta Errusiako poloniarrek, erreakzioarekin tratuak egiten dituztenean juduak eta ukrainiarrak zapaltzeko ); kanpo politikan potentzia inperialista etsai batekin negoziaketak egiten saiatzen da, bere harrapakeria helburuetarako (Balkanetako herrialde txikien politika, etab.).

“Potentzia inperialista baten aurkako askapen nazionaleko borroka baten testuingurua, baldintza jakin batzuetan, beste potentzia “handi” batek bere helburuen mesedetarako, helburu hauek inperialistak izanik ere, aprobetxatu ahal izateak, ezin du sozialdemokrazia nazioen autodeterminaziorako eskubidearen onarpena ukatzera behartu, burgesiak iruzur politikoaren eta harrapakeria finantzieroaren helburuz kontsigna errepublikarrak erabiltzen dituenean, herrialde erromanikoetan egiten duen bezala, sozialdemokratak euren errepublikanismoari uko egitera behartu ezin ditzakeen bezala.”

 “Ez da beharrezkoa esatea autodeterminazio eskubidetik, dirudienez, “aberriaren defentsa” eratortzen dela argudiatuz honi uko egin behar zaiola defendatzea erabat irrigarria litzatekeela. Arrazoiketa berarekin –hau da, seriotasun falta berberarekin- 1914-1916 artean sozialchauvinistek demokraziaren edozein errebindikaziotara jotzen dute (adibidez, honen errepublikanismora) edota zapalketa nazionalaren aurkako borrokaren edozein formulatara, “aberriaren defentsa” justifikatzeko. Marxismoak gerretan aberriaren defentsa onartzea, adibidez, Europako Iraultza Frantses Handiarenean, edota Garibaldiren gerretan, eta era berean 1914-1916ko gerra inperialistan aberriaren defentsaren ukapena ere deduzitzen duenean, hau gerra bakoitzaren partikularitate historiko konkretuen analisian oinarritzen da, eta ez inondik ere “printzipio orokor” batean, edota programaren edozelako puntutan.”

“Marxismoa eta proudhonismoa arazo nazionalean”

Azpiatal honetan anarkismoaren adar honekiko konparaketara garamatza Leninek, eta honela dio: “Demokrata burges txikiek ez bezala, Marxek, errebindikazio demokratiko guztietan, salbuespenik gabe, ez zuen izate absolutu bat ikusten, burgesiak feudalismoaren aurkako borrokan zuzenduriko masa herrikoien borrokaren adierazpen historiko bat baizik. Ez dago hauetako errebindikazio bakar bat ere burgesiari langileak engainatzeko instrumentu bezala balio ezin diezaiokeenik edota testuinguru jakin batzuetan balio izan ez dionik.  Zentzu honetan demokrazia politikoaren errebindikazioetariko bat nabarmentzea, hau da, nazioen autodeterminazioari azpimarra egitea, besteei kontrajartzeko, erradikalki okerra da ikuspuntu teoriko batetik. Praktikan, proletalgoak bere independentzia errebindikazio demokratiko guztien aldeko bere borroka, errepublikarena alde batera utzi gabe, burgesia eraisteko bere borroka iraultzailearen menpe ipiniz bakarrik kontserba dezake. 

“Bestalde, proudhonianoei kontrajarririk, zeintzuek arazo nazionala “iraultza sozialaren izenean” “ukatzen” zuten, Marxek, batez ere herrialde aurreratuetako proletalgoaren klase borrokaren interesak ikusiz, lehen lekuan internazionalismoaren eta sozialismoaren oinarrizko printzipioa nabarmentzen zituen: ezin daiteke askea izan beste herri bat zapaltzen duen herria. Hain justu langile alemaniarren mugimendu iraultzailearen interesen ikuspuntutik, Marxek, 1848an, Alemaniako demokrazia garaileak alemaniarrek zapalduriko herrien askatasuna aldarrikatu eta burutu zezala exijitzen zuen. Hain justu langile ingelesen borroka iraultzailearen ikuspuntutik, Marxek, 1869an, Irlanda Ingalaterratik bereiztea exijitzen zuen, zera gehituz: “bereizketaren ostean federaziora iritsiko balitzateke ere”. Errebindikazio hau formulatuz bakarrik hezten zituen Marxek benetan langile ingelesak izpiritu internazionalista batean. Honelaxe bakarrik, arazo historiko horren konponbide iraultzaile batekin, egin ahal izan zien aurre oportunistei eta erreformismo burgesari, orain arte, mende erdi bat igaro ondoren, oraindik ere “erreforma” irlandarra burutu ez duten horiei. Honelaxe bakarrik lortu zuen Marxek –kapitalaren apologistei kontrajarririk, zeintzuek nazio txikien bereizketarako askatasunaren izaera utopikoa eta burutuezina oihukatzen duten kontzentrazioaren izaera aurrerakoia, ez ekonomikoa bakarrik, baita politikoa ere, defendatuz- modu ez inperialista batean buruturiko kontzentrazioaren izaera aurrerakoia defendatzea, eta nazioen elkarrenganako hurbilketa defendatzea, ez indarrezko oinarri batekin, baizik eta herrialde guztietako proletarioen batasun librearen oinarriarekin. Honelaxe bakarrik lortu zuen Marxek nazioen eskubide berdintasunaren eta autodeterminazioaren onarpen erretoriko eta askotan hipokritari masen ekinbide iraultzailea kontrajartzea arazo nazionalen konponbiderako ere. 1914-1916ko gerra inperialistak eta hipokresia oportunistaren eta kautskianoaren Augiasen ukuiluek, gerra honek agerian utzi zituenak, Marxen politikaren begi-bistako zuzentasuna baieztatu zuten, herrialde aurreratu guztientzat eredu bilakatu behar duena, gaur egun haietako bakoitzak beste nazio batzuk zapaltzen baitituzte.

“Argudiatzen da –esate baterako duela gutxi Lensch chauvinista alemaniarrak, Die Glockeren 8. eta 9. aleetan- herri batzuen mugimendu nazionalekiko Marxen jarrera negatiboak, esate baterako, txekiarren ingurukoak 1848an, ikuspuntu marxista batetik nazioen autodeterminazioa onartzeko beharra ukatzen duela. Baina hau ez da zuzena, 1848an arrazoi historiko eta politikoak egon baitziren nazio “erreakzionarioen” eta demokratiko iraultzaileen arteko bereizketa bat finkatzeko. Marx zuzen zebilen lehenak kondenatzean eta bigarrenei babesa ematean. Autodeterminazio eskubidea demokraziaren errebindikazioetako bat da, eta logikoki demokraziaren interes orokorren menpe ipini behar dena. 1848an, eta ondorengo urteetan, interes orokor horiek, lehen lekuan, tsarismoaren aurkako borrokan aurkitzen ziren.”

Hainbat ikasgai erator daitezke testu honetatik beraz. Lehen lekuan Leninek argi uzten ditu burgesia txikiak (chauvinistek, oportunistek, kautskianoek, proudhonistek...) eta proletalgoak arazo nazionalaren aurrean dituzten desberdintasunak eta euren estrategia politikoetan izan behar dituztenak. Bestetik berriz arazo nazionala ez zaigu printzipio edota dogma betiereko bezala agertzen. Alderantziz, arazo nazionalaren printzipioa unean uneko klase borrokaren baldintzek, baldintza politiko eta historikoek, determinatzen dute, estrategia iraultzailearen malgutasuna erakutsiz. Argi geratzen da, aldi berean, marxismoak nazio handiak nahiago dituenaren ideiaren eraginez nazio zapalketari jaramonik egiten ez dionaren salaketak ez duela inongo funtsik eta proletalgoak bere borrokaren baitan hartutako eginbehar demokratikoetako beste bat dela, etengabeko iraultzaren teoria azpimarratuz. Marxen hitzak geure eginez, ezin daiteke askea izan beste herri bat zapaltzen duen herria, eta askapen nazionala borroka klabea da proletalgoaren programan, burgesiaren eta burgesia txikiaren engainu eta utopien aurrean klase independentzia erakutsiz.