Ez da gaizki etorriko, beste behin bada ere, artikulu zerrenda hau argitaratzearen arrazoia zein den oroitzea. Teoria marxistan serioki murgildu nahi duen orok ezin du Leninen inguruan esan direnetara mugatu, Biblia ezagutu nahi duen oro Aita Santuaren eta elizgizonen hitzetara mugatu ezin daitekeen bezala. Leninen hitzak aurrez aurre jartzea da konponbide bakarra, beronen ahotan besteren hitzak jarri edota bere esaldiak testuingurutik kanpo eta itxuraldaturik agertuko dituen testuak irakurtzea baino. Horren harira, Lenin lehen mailako iturri izan dadin marxismoak arazo nazionalaren inguruan dioena ezagutzeko bidean, onako itzulpena aurkezten dugu, eginkizun honetan gure ekarpentxoa egiteko.
Lehen Mundu Gerraren testuinguru bete-betean, 1916an, Leninek idatzi zuen artikulu honetan ikusiko dugun gisan iraultza sozialistarako “5, 10 edo urte gehiago” itxaron beharko liratekeela ere aipatzen zuen une batean, hurrengo urteko 1917ko iraultzaren atarian. Bertan garaiko nazio arazoaren azalpena egiten digu, bai zapalketa praktikoaz eta zapalketa honek herrialdeen arabera hartzen duen moduaz, eta bai zapalketa praktiko honek eragindako teoriaren inguruan eta langile mugimenduaren barnean sortzen diren iritzi kontrajarriez. “Hiru herrialde mota, nazioen autodeterminazioari dagokionean” azpitituluarekin eta honako esaldiarekin hasten da atala: “Gai honetan beharrezkoa da hiru herrialde mota nagusi bereiztea:
“Lehenik eta behin, Mendebaldeko Europako herrialde kapitalista aurreratuak eta Estatu Batuak. Mugimengu nazional burges-aurrerakoiak aspaldi amaitu ziren bertan. Nazio “handi” hauetako bakoitzak beste batzuk zapaltzen ditu kolonietan edota herrialdearen barnean. Nazio menperatzaileko proletalgoak dituen eginkizunak Ingalaterrako proletalgoak XIX. mendean Irlandarekiko izan zituen berberak dira.
“1914-1916ko gerratik aparte gelditu ziren herrialde txiki batzuetan, adibidez Herberehetan eta Suitzan, burgesiak tinko zapaltzen du “nazioen autodeterminazioaren” leloa gerra inperialistan parte hartzea justifikatzeko. Hauxe da herrialde hauetako sozialdemokratak autodeterminazio eskubideari uko egitera bultzatu dituen arrazoietariko bat. Argudio okerrak erabiliz, politika proletario egoki bat defendatzen da, hau da: gerra inperialistaren baitan “aberriaren defentsari” uko egitea. Honela tergibertsazio bat ematen da marxismoaren teorian, eta praktikan, hertsikeria nazionalista zeken antzerako bat, “potentzia handiek” menperaturiko nazioetako ehunka milioi biztanleren ahaztura bat. Gorter kamaradak, bere Inperialismoa, gerra eta sozialdemokrazia foileto bikainean, nazioen autodeterminazioaren printzipioari uko egiten dio modu oker batean, baina printzipio hau zuzentasunez aplikatzen du India herbeheretarren berehalako “independentzia politiko eta nazionala” exijitzen duenean eta oportunista herbeheretarrei mozorroa kentzen dienean, hauek errefusatu egiten baitute aldarrikapen hau aurkeztu eta bere alde borrokatzea.”
Berriro ere sailkapenarekin jarraituz “Bigarrenik, Europa ekialdea: Austria, Balkanak eta, bereziki, Errusia. Hauetan, XX. mendeak bilakaera berezi bat eman zien mugimendu nazional demokratiko-burgesei, eta borroka nazionala sakondu zuen. Herrialde hauetako proletalgoaren eginkizunak, bai eraldaketa demokratiko-burgesa bere amaierara eramateari dagokionean, bai beste herrialdeetako iraultza sozialistari laguntzeari dagokionean, ezin dira bete nazioen autodeterminaziorako eskubidea defendatu gabe. Hemen bereziki zaila eta garrantzitsua da nazio zapaltzaileetako eta zapalduetako langileen klaseko borroka fusionatzeko eginkizuna.
“Hirugarrenik, herrialde erdikolonialak, Txina, Pertsia, Turkia eta kolonia guztiak; denera, 1.000 milioi biztanle inguru. Hauetan mugimendu demokratiko-burgesak, hein batean, ia euren hastapenetan topatzen dira eta beste hein batean oso urrun daude oraindik ere amaitzeko. Sozialistek exijitu behar dute, ez bakarrik kolonientzako baldintza gabeko eta berehalako askapena kalteordainik gabe –eta eskakizun horrek, bere adiera politikoan, ez du autodeterminazio eskubidea onartzea besterik esan nahi-; sozialistek herrialde horietako askapen nazionalaren aldeko mugimendu demokratiko-burgesetako elementurik iraultzaileenei babesa eman behar diete modurik ausartenean eta euren matxinadari lagundu behar die –eta kasua ematen bada, baita euren gerra iraultzaileari ere- zapaltzen dituzten potentzia inperialisten aurka.”
“Sozialchauvinismoa eta nazioen autodeterminazioa” izena du hurrengo azpiatalak, hain zuzen Bigarren Internazionalaren baitan (ez da ahaztu behar Leninek, Rosa Luxemburgok, etab. artean bertan jarraitzen zutela eta Errusiako Iraultza ostera arte ez zutela Hirugarren Internazionala sortu) sortzen diren eztabaiden berri ematen duena, eta honela dio: “Aro inperialistak eta 1914-1916ko gerrak herrialde aurreratuenetan chauvinismoaren eta nazionalismoaren aurka borroka egiteko eginkizunak garrantzia berezia hartzea eragin zuten. Autodeterminazioaren arazoan bi matiz bereizten dira sozialchauvinisten artean, oportunistak eta kautskianoak, gerra inperialista erreakzionarioa edertzen dutenak, honi “aberriaren defentsaren” kontzeptua aplikatuz.
“Batetik, burgesiaren zerbitzari aski aitortuak ikusten ditugu, anexioak defendatzen dituztenak inperialismoa eta kontzentrazio politikoa aurrerakoiak direla argudiatuz, eta autodeterminazio eskubideari uko eginez, ustez utopikoa dena, ameskeriazkoa, burges txikia, etab. Berauen artean Cunow, Parvus eta Alemaniako ultraoportunistak, fabianoen zati bat eta Ingalaterrako buruzagi tradeunionistak, Errusiako oportunistak: Siemkovski, Libman, Iurkievich, etab. topatzen dira.
“Bestalde, kautskianoak ditugu, hauen artean Vandervelde, Renaudel eta Ingalaterrako eta Frantziako pazifista asko aurkitzen direlarik. Batasunaren alde daude hauek ere, aurretik aipatu ditugunekin batera, eta praktikan erabat egiten dute bat haiekin, autodeterminaziorako eskubidea modu erretoriko soil eta hipokrita batean bakarrik defendatzean: “gehiegizkoa” (zu viel verlangt: Kautsky, Neue Zeit-en, 1915eko maiatzaren 21ean) iruditzen zaie bereizketa politikorako askatasunaren aldarrikapena, nazio zapaltzaileetako sozialisten taktika iraultzailearen beharra ez dute babesten, alderantziz, hauen betebehar iraultzaileak ezkutatzen dituzte, hauen oportunismoa justifikatzen dute, hauek herria engainatzea errazten dute, euren eskubideez gabetu dituzten nazioak bere agintepean indarrez atxiloturik dituen Estatu baten mugen arazoa saihesten dute, etab.
“Bai batzuk nola besteak marxismoa prostituitzen duten oportunistak dira, Marxek Irlandaren kasurako azaldu zuen taktikaren esangura teorikoa eta premiatasun praktikoa ulertzeko gaitasun osoa erabat galdu dutelarik.
“Anexioei dagokienean, zehazki, arazo honek egunerokotasun berezia hartu zuen gerra zela eta. Baina zer da anexio bat? Erraza da iragartzea anexioen aurkako protesta, edo nazioen autodeterminazioaren onarpenean laburbiltzen dela edota fraseologia pazifista batean oinarritzen dela, statu quoa defendatuz eta biolentzia orori aurka eginez, baita iraultzaileari ere. Halako fraseologia funtsean faltsua eta bateraezina da marxismoarekin.”
“Proletalgoaren eginkizun zehatzak berehalako etorkizunean” tituluarekin ekiten dio oraingoan hona dakargun azken azpitituluarekin: “Iraultza sozialista etorkizunik gertuenekoenean has daiteke. Kasu honetan, proletalgoari Boterearen konkistaren berehalako eginkizuna, bankuen desjabetzearena eta beste hain bat neurri diktatorialena planteatuko zaio. Burgesia –eta modu berezi batean fabianoen eta kautskianoen erako intelektualitatea- iraultza hori parzializatzen eta oztopatzen saiatuko da momentu horretan, helburu demokratikoak, mugatuak, inposatuz. Soilik demokratikoak diren eskakizun guztiek, Botere burgesaren oinarrien aurka proletalgoak jada hasi duen eraso baten testuinguruan, zentzu batean iraultzaren oztopatzaileen papera joka dezakete; baina herrialde zapaldu guztien askatasuna aldarrikatzeko eta burutzeko beharra (hau da, euren autodeterminazio eskubidea) iraultza demokratiko burgesaren garaipenarentzat 1848an Alemanian edota 1905ean Errusian izan zen bezain premiazkoa izango da iraultza sozialistarentzat.
Hala ere, posible da iraultza sozialistaren hasiera baino lehen beste 5, 10 edo urte gehiago pasatzea. Orduan, egin beharreko lana masen hezkuntza iraultzailea izango da, langileen alderdian sozialchauvinisten eta oportunisten presentzia ezinezko bilakatuko duena eta euren garaipena, 1914-1916ko garaipenaren antzerakoa. Sozialistek masei azaldu beharko diete sozialista ingelesek –kolonien eta Irlandaren bereizketarako askatasuna exijitzen ez dutenek-, sozialista alemaniarrek –kolonientzako bereizketarako askatasuna exijitzen ez dutenek-, alsaziarrek, daniarrek eta poloniarrek –berehalako propaganda iraultzailea eta ekintza iraultzailea zapalkuntza nazionalaren aurkako borrokaren esferara zabaltzen ez dutenek, Savernekoa bezalako gertakariak nazio zapaltzaileko proletalgoan propaganda ilegal zabal bat egiteko, kale-manifestazioak eta masen ekintza iraultzaileak antolatzeko aprobetxatzen ez dituztenek-; sozialista errusiarrek –Finlandiaren, Poloniaren, Ukrainaren, etab.en bereizketarako askatasuna exijitzen ez dutenek- chauvinisten moduan jokatzen dutela, lekaioen moduan, monarkia inperialisten eta burgesia inperialistaren odol eta lohiez estalita.”
Historia langile mugimenduak egin dituen “experimentuen” laborategi antzeko bat da, eginiko frogek nola funtzionatu duten edo ez ikusteko eta bertatik ikasteko balio bikaina duena. Horrexegatik Leninen hitz hauek duela ia mende bat idatziak izan baziren, Euskal Herrian egun bizi dugun egoera kokatzeko balio digute. Non txertatu Euskal Herria Leninen testuan? Hain zuzen, iraultza demokratiko burgesa jada emanik, erregimen burges-liberala eta kapitalismoa erabat finkatuta, lehen talde horretan, eta ez kasualitatez, Leninek aipatzen duen Irlandaren kasu horrekin estuki erlazionatuta dago hemengo kasua. Leninen ideiek baliagarri izaten jarraitzen dute.