• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Orain arteko artikuluetan marxismoaren eta arazo nazionalaren inguruko alor teorikoaren inguruan aritu gara batez ere. Leninek auzi honen inguruan zuen pentsamendua aztertzerako unean bereziki Errusiako Iraultzaren (1917) aurreko urteetako bere ekoizpen intelektualaren gainean ipini dugu begirada, behin langile Estatuaren eraikuntza lanei ekin behar izan zienean ekoizpen teorikoa (eta azpimarratu nahi da, ekoizpena, ez honi egozten zion garrantzia) bigarren plano batean utzi behar izan baitzuen, bere indarrak eginkizun praktikoei eskaintzeko. Baina orain begirada beste puntu batetik aurkeztu nahi da hemen, praktikarenetik alegia.

Azalpen teorikoek beti dute orokortasunerako eta abstrakziorako joera, errealitate materialetik abiatzen badira ere. Arazo nazionalaren azterketa marxista egiteko unean Leninen xedea prozesu historikoak alor honetan hartzen zituen lerro orokorrak argitara ematea zen, bere orokortasunak, puntu komunak, bilatzea, hain zuzen ere teoriak iraultzarako gida gisa izan beharreko balioa izan zezan eta nazioarte mailan kasu konkretu bakoitzarentzat baliagarri izan zitekeen paradigma izan zedin; arazo nazional anitzen esperientzia konkretuetatik arazo nazionalaren teoria marxista orokor bat aurkeztea izan zen Leninen ekarpena, kasuan kasuan aplikagarri izango zena. Ondorioz, Leninen testuetan auzi honen azterketa marxista bat egiten zen eta honen baitan konponbide teoriko bat ematen zitzaion. Baina autoreak berak beste uneren batean esan bezala, errealitatea edozein teorikok azal dezakeena baino konplexuagoa da, eta teoria praktikatik, esperientziatik, garatzen den gisa, teoria horrek praktika batekin, errealitate material batekin, ipini behar du aurrez aurre, ez ideia horiek berriro ere baieztatzeko eran bakarrik, errealitate hori eraldatzeko gida gisa baizik (azken finean marxismoak ekoizpen teorikoari egozten dion eginkizun nagusia hori baita).

Arazo nazionalaren teoria marxista, nolabait esateko, liburuetatik barrikadetara jaitsi zen unea, berau praktikan ipini behar zen zentzuan, 1917ko Errusiako Urriko Iraultzarekin etorri zen. Alderdi boltxebikea mugimendu iraultzailearen zuzendari izanik, aurreko urteetako hitzek oraingo honetan ekintza bilakatu behar izan zuten. Langile alderdi batek, langileria batzeko eta antolatzeko, auzi nazionalari eman beharreko garrantzia praktikan ipinita zegoen; ez,ordea, langile Estatu baten ekinbidea zentzu honetan. Hori dela eta modu honetan hurbildu nahi dugu oraingoan gai honetara eta prozesu honen protagonistetako baten bitartez, Leon Trotsky azken orduko buruzagi boltxebike eta Armada Gorriaren antolatzailearen Errusiako Iraultzaren Historian arazo nazionalari eskaintzen dion hogeita hamalaugarren kapitulua hona ekarriz hain zuzen. Era honetan, batetik, auzi nazionalaren teoriak Errusiako baldintza konkretuetan eta mugimendu iraultzaile baten ekinbidearen baitan izan zuen ezarpena ikusteko, eta bestetik Trotskyren beraren ideiak hona ekarri eta berak eginiko prozesuaren irakurketa agertzeko. Teoria hau finkatzea herrialde eta garai guztietan berbera izan ezin daitekeenez, Trotsky Errusiaren egoeraren deskribapenarekin hasten zaigu, Iraultzaren aurretik nazionalitateen auzia nola topatzen zen agertzeko eta hau Europako gainerako herrialdeekin erkatzen du:

“Hizkuntza gizonen arteko harremanetarako instrumenturik garrantzitsuena da, eta ondorioz, baita ekonomia loturetarako ere. Nazioa batzen duen merkatal zirkulazioaren garaipenarekin hizkuntza nazional bilakatzen da. Oinarri honen gainean Estatu nazionala ezartzen da, erlazio kapitalistentzat eremurik erosoena, abantailatsuena eta arruntena dena. Herbehereen independentziaren aldeko borroka eta Ingalaterra intsularraren patua alde batera uzten baditugu, mendebaldeko Europan nazio burgesen eraikuntzaren garaia Frantziako Iraultza handiarekin hasi da, eta funtsean mende bat geroago amaitzen da, gutxi gorabehera Inperio alemaniarraren finkatzearekin.

“Baina jada Europan Estatu nazionalak ekoizpen indarrak xurgatzeari utzi zion garaian eta Estatu inperialista gisa garatzen ari zenean, Ekialdean –Pertsian, Balkanetan, Txinan eta Indian- iraultza nazional demokratikoen aroaren hasieran aurkitzen zen, hasierako bultzada 1905eko Errusiako Iraultzako eman zuelarik. 1912ko Balkanetako gerrak Estatu nazionalen eraketaren amaiera islatzen du Europa hego-ekialdean. Jarraitu zion gerra inperialistak eskukada batez amaitu zuen iraultza nazional europarren obra osagabea, Austro-Hungariaren zatibanaketa, Polonia independente baten eta tsarren Inperiotik askatu ziren Estatu mugakideen sorrera eragitean.

“Errusia ez zegoen Estatu nazional gisa antolatuta, nazionalitateen Estatu gisa baizik. Hau bere izaera atzeratuari zegokion. Nekazaritza estentsiboaren eta landako artisautza baten oinarriaren gainean, merkatal kapitala, ekoizpena eraldatuz sakontasunean garatu beharrean hedaduran garatzen zen, bere operazioen erradioa zabalduz. Merkataria, jabea eta funtzionarioa erdigunetik periferiara lekualdatzen ziren, nekazarien dispertsioa lagun zutela eta lur berriak eta salbuespen fiskalak bilatuz lurralde berrietan sartzen ziren, hauetan populazio oraindik ere atzeratuagoak topatzen zirelarik. Estatuaren hedatzea funtsean nekazal ekonomiaren hedatzea zen, zeinak, primitiboa izanagatik ere, bere gailentasuna erakusten zuen hegoaldeko eta Ekialdeko nomaden gainean. Halako oinarri neurrigabearen eta etengabeki zabaltzen zen baten gainean eratutako kasten eta burokraziaren Estatu hau Mendebaldeko zenbait nazio azpiratzeko behar adina botere izatera iritsi zen, nazio hauek, euren kultura aurreratuagoa izanik ere, ez baitziren gai, euren biztanleria murritzagatik edota barne krisiengatik, euren independentzia defendatzeko (Polonia, Lituania, Baltikoko probintziak, Finlandia).

“Herrialdearen mendigune zentrala osatzen zuten hirurogeita hamar milioi errusiar handiei laurogeita hamar milioi “alogeno” gehitu zitzaizkien, argiki bi taldetan bereizten zirenak: mendebaldarrak, euren kulturagatik errusiar handien gainetik zeudenak, eta ekialdekoak, maila baxuagokoak. Honela bertako nazionalitate agintariak biztanleriaren %43a baino gehiago suposatzen ez zuen Inperio bat osatu zen, %57a (hauetatik %17 ukrainarrak, %6 poloniarrak, %4,5 errusiar zuriak) hala euren kultur mailagatik nola euren eskubide desberdintasunengatik beraien artean ezberdinak ziren nazionalitateei zegokien bitartean.

“Estatuaren exijentzia gutiziatsuek eta klase agintarienpean nekazal klaseak jasaten zuen txirotasunak esplotazioaren formarik basatienak sorrarazi zituzten. Zapalkuntza nazionala infinituki ankerragoa zen Errusian auzoko Estatuetan baino, ez mendebaldeko mugako herrialdeekin alderaturik bakarrik, baita ekialdeko mugakoekin erkatuta ere. Euren eskubideak kalteturik zituzten nazioen kopuru handiak eta euren egoera juridikoaren larritasunak indar lehergarri itzela ematen zien Errusia tsaristako arazo nazionalari.

“Nazionalitate homogeneoko Estatuetan iraultza burgesak joera zentripeto boteretsuak garatzen zituen bitartean, Frantzian partikularismoaren aurkako borroka gisa islatu bezala, edota Italian eta Alemanian zatiketa nazionalaren aurkako jarrera moduan agertuz, Turkia, Errusia edota Austro-Hungaria bezalako Estatu heterogeneoetan, burgesiaren iraultza berantiarrak, bestalde, indar zentrifugoak bultzatu zituen. Prozesu hauen arteko oposizioa, mekanikari dagozkion hitzak erabiliz, begi bistakoa bada ere, hauen funtzio historikoa berbera da, bi kasuetan batasun nazionala errezeptakulu ekonomiko garrantzitsu bezala erabili nahi den heinean: honek Alemaniaren batasuna burutzea exijitzen zuen, eta beste aldetik, Austro-Hungaria zatibanatzea.

“Leninek behar besteko aurrerapenez kalkulatu zuen Errusiako mugimendu nazionalen ezinbesteko izaera zentrifugoa, eta urteetan zehar temati egin zuen borroka, bereziki Rosa Luxemburgoren aurka, alderdiaren programa zaharreko bederatzigarren paragrafo famatuaren alde, zeinak nazioek euren buruaren jabe izateko eskubidea, hau da, Estatutik erabat bereiztekoa, formulatzen zuen. Honekin, alderdi boltxebikeak ez zuen inolaz ere propaganda separatista egiteko konpromisoa hartzen. Hartzen zuen konpromiso bakarra zapalkuntza nazional mota ororen aurka, Estatu komun baten mugen barnean edozein nazionalitate indarrez egonaraztearen aurka barne, amorerik eman gabe borroka egitekoa zen. Bide honetatik bakarrik konkistatu ahal izan zuen proletalgo errusiarrak, gradualki, nazionalitate zapalduen konfiantza.

“Baina hau arazoaren aspektu bat besterik ez da. Arazo nazionalaren inguruko boltxebismoaren politikak beste aspektu bat zuen, itxuraz lehenarekin kontraesanean bazegoen ere errealitatean osatu egiten zuena. Alderdiaren esparruan, eta orokorrean langile erakundeenean, boltxebismoak zentralismorik zorrotzena aplikatzen zuen, langileak elkarren aurka ipini edota zatitzeko gauza zen kutsadura nazionalista ororen aurka zorroztasunez borroka eginez.

“Estatu burgesari gutxiengo nazional bat bertan indarrezko egonaraztea edota honi hizkuntza ofizial bat inposatzeko eskubidea errotik ukatuz, boltxebismoak, aldi berean, eginkizun sakratutzat jotzen zuen ahal besteko modurik estuenean osotasun handi bat osatuz nazionalitate ezberdinetako langileak batzea, klase izaerako borondatezko diziplina baten bitartez. Honela, huts eta soilki, alderdia egituratzeko printzipio nazional federatiboa baztertu egiten zen. Erakunde iraultzaile bat ez da etorkizuneko Estatuaren prototipoa, hau eratzeko instrumentu bat baizik. Erremintak produktua fabrikatzeko egokia izan behar du, baina inola ere ez zaio azken honi berdindu behar. Erakunde zentralista batek bakarrik segurta dezake borroka iraultzailearen arrakasta, auzia nazioen gaineko zapalkuntza zentralista suntsitzearen ingurukoa baldin bada ere”.

Pentsamendu marxistarentzat ideia hau, itxurazko “kontraesan” hau, funtsezko elementuetako bat bilakatuko da, gakoetako bat, arazo nazionalaren eta alderdiaren arteko erlazioa azaltzerako unean. Alderdiak eraginkorra behar du izan, eta hori dela eta zentralizatua, Leninek garaturiko zentralismo demokratikoaren ideiaren baitan, antolaketa federatibo baten bitartez langileriaren indarrak lerro nazionaletan ez zatibanatzeko. Baina bestalde antolaketa modu hori ez da etorkizuneko Estatuaren antolaketaren eredu izango eta nazio bakoitzak bere patu propioa hautatzeko eskubidea izango du, nazioarteko elkartasunaren printzipio oinarrizko gisa eta halako erako zapalkuntzarik gabeko testuinguru batean mundu mailako ekonomia planifikatu baterako aukera sortzeko bidean. Hau hasiera besterik ez zen. Errusiako Iraultza Otsaileko Iraultza burgesarekin hasi zen ordea, eta honek bestelako jokabidea hartuko zuen nazionalitateekiko. Hurrengo artikuluetan emango diogu gaiari jarraipena.