Aurreko alean azaltzen genuen bezala, PNVren historia Euskal Herriko langileriaren eta gazteriaren askapen nazionalerako nahien traizioaren historia izan da, ez hainbeste nazionalismoa intelektual eta burges txiki zirkulu hartara mugatzen zen garaian (Sabino Aranaren erradikalismo aldia), baizik eta burges talde batek, ideologia haren potentziala ikusi zuelarik, PNVn sarrera egin zuen alditik aurrera batez ere (Ramon de la Sota kapitalistaren eragina eta Aranaren pentsaeraren moderantismo aroa). Alde horretatik, ez dira gutxi II. Errepublikan PNVren eskutik etorritako traizioak eta artikulu honetan 1934ko iraultza arteko gertakariak azalduko ditugu.
Aurreko alean azaltzen genuen bezala, PNVren historia Euskal Herriko langileriaren eta gazteriaren askapen nazionalerako nahien traizioaren historia izan da, ez hainbeste nazionalismoa intelektual eta burges txiki zirkulu hartara mugatzen zen garaian (Sabino Aranaren erradikalismo aldia), baizik eta burges talde batek, ideologia haren potentziala ikusi zuelarik, PNVn sarrera egin zuen alditik aurrera batez ere (Ramon de la Sota kapitalistaren eragina eta Aranaren pentsaeraren moderantismo aroa). Alde horretatik, ez dira gutxi II. Errepublikan PNVren eskutik etorritako traizioak eta artikulu honetan 1934ko iraultza arteko gertakariak azalduko ditugu.
30. hamarkadan Estatu espainiarrean emandako iraultza sozialak piztu egin zuen, inoiz baino indar gehiagorekin, nazionalitateen auzia. Garai hartan Euskal Herria eta Katalunia ziren Estatuko ekonomian hegemonia nabarmena zutenak. Adibide gisa honakoa: Euskal Herriak, estatuko biztanleria osoaren %5a izanik, banku kapitalaren %24a, banku deposituen %42a eta aurrezki pertsonalen %33a biltzen zituen, burdin eta altzairu ekoizpenaren ia %80az gainera. Estatistika hauek Estatuaren beste zatiaren arteko desberdintasuna erakusten dute, hots, nazio hauetako burgesiaren indarra, eta ondorioz ondorengo prozesu iraultzaileetan izandako berebiziko garrantzia. Ez dugu ahaztu behar, ordea, zifra hauen atzean langabeziak eta krisi ekonomikoak (1929ko cracketik eta ezegonkortasun politikoetatik eratorria) eragindako masen miseria ezkutatzen dela.
1931ko apirilaren 14an, Errepublikaren aldarrikapenak (Eibar aintzindari izan zelarik) nazio historikoen askapen nahia bultzatu zuen, lehen esan bezala. Errepublikar-sozialisten koalizioak ordea ezin izan zituen masa zapalduen arazoak (eta tartean nazionala) konpondu. Historiak frogatu du ezin dela kapitalisten eta langileen alde egin aldi berean, Marxek Soldata, Salneurria eta Irabazian zioen bezala “soldatapeko lanaren eta kapitalaren interesak diametralki aurkakoak” baitira, izan ere, “(kapitalistaren irabazia) irabazi hau soldatarekiko desberdintzen den proportzioan handitzen” baita. Masen funtsezko arazoak ezin ziren marku kapitalistan ebatzi, eta gobernu erreformistak jarrera iraultzaile bat hartu ez zuenez hau izan zen bere porrotaren eta eskuinaren garaipenaren arrazoi.
Euskal burgesiarentzat, autonomiak katolikotasunaren, oreka sozialaren eta foru tradizioen defentsa adierazten zuen. Honela, Lizarrako Estatutua onartu zuten Hego Euskal Herriko udalen gehiengoak, baina hau ez zen onargarria izan etorkizuneko Konstituzioaren markoaren barnean, besteak beste, Estatuaren eskumenak ziren zenbait botere eskatzen zituelako (Estatu-Eliza arteko erlazioen kudeaketa eta Vatikanorekiko aparteko erlazioak, adibidez). Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeetan, karlistekin elkarturik, Euskal Herriko botoen gehiengoa eskuratu zuten, eta gobernuak, erreakzionarioak zirela argudiatuz, Estatutua atzera bota zuen, nazionalismoa ahulduko zutelakoan justu aurkakoa lortuz.
Autonomiari dagozkion erreformak gorroto osoarekin hartu zituen espainiar burgesia erreakzionarioak, Sanjurjoren altxamenduan ikus daitekeen bezala, gorakadan zetozen eskaera sozialen eta nazionalen aurka egiteko. Kataluniako Estatutua onar ez zedin Sevillan estatu kolpea antolatu zuten zenbait militarrek, eta euskal oligarkia izan zen bere bultzatzaileetako bat (Urquijo, Zubiria, March, Goicoechea,…). Sevillako langile klaseak altxamendua ezerezean geratzea lortu zuen ordea.
1932ko ekainean, Batzar kudeatzaileen eskutik Estatutu berri bat idatzi zen, PSOEren babesa izan zuena, aurrekoa ez bezala Konstituzio barnean egokitzen zelako eta Estatuak autonomiei buruz ebatzitako eskumenetara soilik mugatzen zelako. Karlistek (jada hilabete batzuk lehenxeago PNVrekin haustura izan zutelarik) uko egin zioten testu honi eta Nafarroako udalen gehiengoak, gehiengo karlistak alegia, ezetza eman zion, Nafarroa Estatutu honetatik at geratuz. 1933ko udal hauteskundeetan PNVk eta ANVk lortu zituzten botoen bi herenak, errepublikar-sozialistak beheraka zioazen bitartean, herri xehearen oinarrizko arazoak konpon ezin zitzazketeelako.
Estatutua 1933an onartu zen erreferendum bidez, %87ko parte hartzearekin, 411.756 aldeko eta 14.196 aurkako bozkekin, gehiengo izugarri bat beraz. Araba ordea tentsio leku izan zen. 1933ko abenduaren 22an, probintzia honetan zeuden 77 herritik 57, proiektuaren aurka irten ziren. Datu hau, aurrerago eskuineko gobernuak Estatutua parlamentuan ez onartzeko argudiotzat erabiliko zituen.
Bien bitartean, gobernua zulo ilun batetara erortzen ari zen. Casas Viejaseko gertakariak zenbait anarkisten heriotzekin, greba ugariren sorrera, nekazal erreforma ezin aurrera eramana…bi hitzetan, ezin zituzten zapalduen benetako arazoak konpondu. Eskuinak, ezkerraren politika tamalgarria kritikatuz, gorakada nabarmena izan zuen, Estatuko gobernua lortuz, eta Euskal Herrrian ere PNVren eta karlisten gailentasuna erakutsiz. Biurteko beltza izenez ezaguna den aldia hasi zen une honetan, eta gehiengo parlamentarioa zuen Gil Roblesen CEDAk (Confederacion Española de Derechas Autonomas) aurreko legegintzaldian egindako erreforma urrien aurkako erasoari ekin zion. Gainera, argi eta garbi geratu zen zein zen gobernu honen helburua: erregimen autoritario faxista baten ezarpena iraultzaren mehatxuarekin eta bere langile erakundeekin amaitzeko. Horren adibide ditugu Gil Roblesen mitin bateko hitzak: “Aberri totalitario bat nahi dugu eta harritu egiten nau kanpora berritasunen bila joateko gonbidapenak jasotzeak, politika unitarioa eta totalitarioa gure tradizio loriatsuan ditugunean.” CEDAren komunikazio organuetan Hitlerren aldeko aldarriak irakur zitezkeen eta kapitalista nahiz lurjabe handiak eskuinean babestu ziren beraien irabazientzat kaltegarri ziren neurriekin amaitzeko. Besteak beste Sanjurjoren altxamenduan parte hartu zuten golpista guztiei amnistia eman zitzaien.
Egoera honen aurrean ulertzekoa da Estatu osoko langileriak Italian edota Alemanian ikusi zituzten bezalako Mussoliniren edota Hitlerren bezalako erregimen bat ezartzeko beldurra. Honela, UGTren eskutik greba orokorrerako deia egin zen, eskuinaren aurrerapausuak gelditzeko, eta 1934ko iraultza izenaz ezagutzen den gertakari iraultzaileei hasera eman zitzaien. Asturias bere fokua izan bazen ere euskal langileriak eta gazteriak ezagutu beharrekoak dira Euskal Herrian jazotako gertakari bikain haiek, eta nola ez, PNVk hartu zuen jarrera ere, nahiz eta bere militantzia zabal batek grebari babesa eskeini bazion ere. Gaiaren zabaltasuna kontuan harturik hurrengo alerako utziko dugu, baina amaitu aurretik zenbait ohar jakitekoak dira PNVk 1934 arte Biurteko beltzean izandako politikari buruz.
Aldi honetan PNVk jarrera bikoitza izan zuen. Nazionalismo espainiarrak bere eskubideak murrizteko mehatxua ikustean bere “ezker” hegoan sostengatzen zen, baina masen aurrean jarrera bat hartzerakoan ez zuen erreparorik erreakzioaren aldera jotzeko. Beste era batera esanda, PNVk bere klase interesen arabera jokatzen zuen, gaur egun bezala, eta askapen nazionalaren defentsa bere hautesleen erakarpenera eta masen kontrolera mugatzen zen. Ez zuen autodeterminazio eskubidearen defentsarik egin era kontsekuente batean, bere klase interesei zegokien mugetaraino baizik, bere historia osoan zehar, bere traizioaren historia osoan zehar, erakutsi duen bezala.
Eta amaitzeko, urte hauetan argi geratu zen beste ikasgai bat kapitalismoarekin herri xehearen arazoak, nazionala ere tartean delarik, kapitalismoaren barnean ebazteko ezintasuna da, Estatuko burgesiak berak (PNV barne) dituen merkatal interesengatik askapen nahi txikiena ere ezabatu egiten baitu. Kapitalaren diktadura berbera da erregimen diktatoriala izan, monarkia konstituzionala izan edota errepublika bat izan, sistema sozioekonomikoak berbera izaten jarraitzen baitu. Luis Araquistainek zioen bezala: “[Errepublikarekin] engainatu gintuzten, eta hori onartzeko garaia da”.