• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Herritarren haserrea sozialismoaren aldeko borroka antolatuan bilakatu behar dugu!

 

Inoiz baino argiago ikusten da kapitalismoak ezin digula etorkizun oparorik eskaini. Europako krisiak gogor jarraitzen du: Grezia, Irlanda, Portugal eta “banka espainiarraren” erreskateen ondoren Zipreren egoera larria etorri da. Herrialde honek ekonomia europarrean duen eragina txikia izan arren (BPGren %0,2), Europar Batasunean agertzen diren arazoak gero eta handiagoak dira. Komunikabideek behin eta berriro esan zuten Zipreko bankaren arazoa salbuespena zela, baina, zein izango da hurrengo salbuespena? Irlanda? Portugal? Grezia? Euskal Herrian eragin zuzena izango lukeen estatu espainiarra?

Krisi finantzario europarraren zutabe nagusienetakoa da ekonomia espainiarra eta, honekin batera, Hego Euskal Herrikoa. Bankari emandako dirutza publikoaren ondorioz, zorraren eta defizitaren mailak historikoak dira, eta honi ekonomiaren atzeraldi sakona gehitzen zaio. Estatu espainiarreko aurrekontu orokorrek zorraren interesengatik ordaindu beharreko dirua handiagoa da urtetik urtera. Aurten bakarrik 40.000 milioi eurotara iritsiko da kopuru hau, iaz baino %30 gehiago. Sareb banku txarraren sorrera ikaragarrizko iruzurra izan da, eta ondorio oso beltzak ekar ditzake ekonomiarentzat. Estatuak bankaren bono toxikoen zati bat erosi du Europar Batasunetik etorritako erreskatearen diruarekin, zor handia sortuz gainera. Sareb banku txarrak lurrak eta etxebizitzak salduz Estatuarentzat irabaziak lortuko dituela esaten du PPren gobernuak, baina hau erabateko gezurra da. Iruzur hau atzera botatzea lortzen ez badugu, behar duten dirua gaur egungo eta etorkizuneko murrizketa sozialetatik aterako da. 

Gainera, arazoetatik salbu omen dagoen bankaren egoera okerrera egiten ari da. 2012an bost banku nagusien (Caixa, Santander, BBVA, Banco Popular eta Banco Sabadell) “higiezinen aktibo txarrak” 72.000tik 113.000 milioira pasa ziren. Adreiluaren aktibo toxikoak %10etik %15era pasatu dira bost banku handi hauetan. Estatu espainiarreko sistema finantzarioaren edo zor publikoaren krisi berri batekin, Europar Batasunaren erreskate berri baten ateak irekiko lirateke. Gaur egun, aukera hau oso posible da eta zehaztea zaila den ondorioak izango lituzke.

Estatu espainiarraren kasuan, formalki behintzat, corralitorik egon ez den arren, praktikan gertatu da. Hor dago preferenteen iruzurra: asko jubilatuak diren aurrezleei bankuek dirutza ikaragarria lapurtu diete. Eta honekin batera hor daude laguntza sozialen murrizketak, soldata murrizketak, zergen igoera, etab. Zipreko krisiak erakusten du Estatu espainiarreko krisi bankarioak askoz egoera okerragoan amai dezakeela, 2001ean Argentinan izan zen corralitoaren bidea jarraituz.

Krisi kapitalista, bere sistema finantzarioaren krisi larria gehituta, iraultzaren mamua pizten ari da Europan. Hori ikusten ari gara dagoneko Grezian, eta orain Portugal gehitu da. Gainera, ezin da baztertu Estatu espainiarrean, PPren gobernuak dituen arazoekin egoera aurreiraultzailea lehertzeko aukera, gobernuaren neurrien aurka Estatu osoan zabaldu diren mobilizazioen, ustelkeria kasuen, etab. ondoren. Inoiz baino gehiago, gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borrokaren beharra oinarrizkoa da.

Greba orokorrak eta sozialismoaren aldeko borroka

 

Burgesiak gogor kritikatu arren, eta langile mugimenduaren izenean hitz egiten duten erreformistek, askotan, borroka modu bezala zalantzan jarri arren, greba orokorrak oinarrizkoak dira jasaten ari garen erasoaldiari aurre egiteko. Historiak erakusten du borroka modu hau dela langile klaseak bere interesak defendatzeko duen tresna garrantzitsuenetakoa, eta krisia hasi zenetik antolatutako guztiek erakutsi dute langile klasea prest dagoela deialdi hauek jarraitzeko.

Egoera larria da. PPren pentsio erreformak PSOEk 2011an egindakoa okertzen du. Bankariak, berriz, gustura daude, pentsio publikoen murrizketagatik pentsio plan pribatuen negozioa puztu nahiko baitute. Kapitalistek, “zahartze aktiboaren” aitzakiarekin langileek ia hil arte lan egitea bilatuko dute, gazteriaren %50a langabezian dagoen bitartean.

PPren eraso gogorrei EAJren gobernuarenak gehitzen zaizkie, noski. Urkulluren gobernuak ez du arazorik izan historiako aurrekontu gogorrenak aurkezteko. Euskal kapitalisten ordezkaria den EAJk langabezia, pobrezia eta desberdintasun sozialak areagotuko dituen politika gogor defendatuko du. Honen ondorio zuzena da aurrekontuetarako aurkeztutako ia 1.200 milioi euroko murrizketa, PSEk aurreko legealdi guztian egindako murrizketen bikoitza.

Patronalak ere bere erasoaldiarekin jarraitzen du. Hitzarmenak “goitik behera aldatu” behar direla defendatzen ari dira etengabe, langileak baldintza okerragoetara bultzatzeko helburuarekin beren poltsikoak are gehiago puzteko. Adegi patronalak Gipuzkoako Diputazioaren zaharren egoitzen hitzarmenari buruz egindako kritikak garbi erakusten du hauen harrokeria, Diputazioa “batzuen alde” posizionatu dela salatu baitzuten. Noski, hauek askoz nahiago dute instituzioak beren alde posizionatzea. Orduan ez dute kexarik izaten. Eta hau gutxi balitz, Urkulluk aurkeztutako aurrekontu atzerakoiei buruz, Confebask patronalak esan zuen gehiegizko gastu soziala zutela. Harrokeria soberan eta lotsarik batere ez hauek.

Kapitalisten eta hauen alderdi eskuindarren (EAJ, UPN eta PP) aurkako borrokak aurrera jarraitu behar du. Lehen esan bezala, orain arteko greba orokorrak arrakastatsuak izan dira; horregatik gorrotatzen ditu horrenbeste burgesiak deialdi hauek. Une hauetan, arduradun sindikalen papera oinarrizkoa da, eta beharrezkoa da langile klasearen borroka maila gorago igotzea. Posible da borroka irabaztea, baldintza onak daude horretarako. Baldintza garrantzitsuena den langileen eta gazteen borroka borondatea behin eta berriro ari gara ikusten. 

Arduradun sindikalek garaipena lortu arte bukaeraraino heltzeko borondatea erakutsi behar dute. Horregatik, greba orokorrak jarraipena izango duten borroka egutegi eraginkorrei hasiera emateko erabili behar dira. Beharrezkoa da ikasgaiak ateratzea orain arteko greba orokorretatik. Askotan Euskal Herria Sozialistatik esan izan dugun modura, oinarrizkoak dira sindikatuen ekintza batasuna eta borrokaren jarraipena antolatzea. Sindikatuen ekintza batasunari dagokionez oso positiboa izan zen, gehiengo sindikalaren partetik, UGT eta CCOOri maiatzaren 30eko greban parte hartzeko deia egitea. Eta noski, greba honi babesa eman ez dioten ezkerreko alderdiek, sindikatuek eta eragile sozialek akats handia egin dutela uste dugu.

Bankariek eta enpresari handiek badakite langileen borrokak gorantz egiteak arazoak sortuko dizkietela. Badakite ahulak direla honi aurre egiteko, baina badakite mugimenduaren zuzendaritzaren jarrera izango dela gakoa. Beren esperantza agintari sindikalak mobilizazioak ez antolatzeko konbentzitzea da, eta hauek negoziazioaren sarean harrapatzea. 

Langileriak eta gazteriak ikusi dute praktikan posible dela borroka egitea eta badutela irabazteko indarra. Lehenago edo beranduago, langile eta gazte asko ondorio iraultzaileak ateratzen joango dira eta politika iraultzailearen beharra ikusiko dute. Kapitalismoak miseria, zapalkuntza eta gerrak bakarrik eskaintzen ditu. Beharrezkoa da, beraz, sistema ustel honi amaiera emateko eginkizunei ekitea. 

Datozen urteetan ondorio politiko ikaragarriak izango lituzketen leherketa sozialak gertatzeko baldintza guztiak daude. Horregatik, oinarrizko lana langile klasearen eta gazteriaren haserrea gizartearen eraldaketa sozialista lortzeko borroka antolatuan bilakatzea da.