• Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

    Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

  • Gaza, infernua lurrean

    Gaza, infernua lurrean

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3


Kaleak hartu behar ditugu!

Katalunian urriaren 1etik gaur egun arte garatu den egoera politikoak ikasgai garrantzitsuak ditu Euskal Herrirako. 155aren bloke monarkikoak porrot ikaragarria jaso zuen abenduaren 21eko hauteskundeetan. Hala eta guztiz ere, erreakzioak gogortu egin du ofentsiba autoritarioa, mezu argi bat bidaliz: 155ak jarraitu egingo du bere gustuko president eta Governa egon arte. Eta hain zuzen ere, PDeCateko eta ERCko buruzagiek burua makurtzen duten bakoitzean eta kaleko mobilizazioa alde batera uzten denean, Espainiako gobernuak zein estatu-aparatuak errepresioarekin gogorrago erantzuteko aprobetxatzen dute, herri oso bat umiliatzeko helburuarekin.

Consellersen aurkako prozesu judizialez geroztik, PDeCateko eta ERCko buruzagiek adierazpen mordoa egin dute urriaren 1eko erreferendumari uko eginez. DUI erabat sinbolikoa zela esan dute eta beharrezkoa dela estrategiaz aldatzea, Govern “eraginkor” bat eratuz. Zentzu honetan, Puigdemonten inbestidura bertan behera uztea, Moncloaren aginduetara dagoen Auzitegi Konstituzionalaren aurrean men egitea izan da. Jordi Sanchez president berria izateko proposamenak arazo berbera du, ordea. Katalunian 4 eserleku bakarrik lortu dituen PP eta estatu-aparatu espainola prest daude, hautestontzien emaitzaren gainetik, beraiek erabakitzeko president berria zein izango den eta nola jokatuko duen. 155ak betiko iraun dezala nahi dute, eta hori altxatzean, zerbait formala izan dadila.

Ikasgaiak Euskal Herriarentzat

Klase kapitalista, izan katalana, espainola edo euskalduna, guztiz izuturik geratu zen Kataluniako eztanda sozialarekin. Zuzenean ikusi zuen kaleetan milioika gazte eta langilek erakutsi zuten indar ikaragarria. Errepresio indarrak erabat ezgaiturik utzi zituzten. Horregatik, erreakzioa batu egin da eta mugimendu honi ahaztuko ez duen lezioa eman nahi dio. Esperientzia horrek argi eta garbi erakusten du ezinezkoa dela erabakitzeko eskubidea lortzea borroka iraultzailerik gabe eta borroka hori amaierara arte eramateko gai den bakarra langile klasea eta gazteria dela. Horregatik da hain funtsezkoa erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka kapitalismoaren logikarekin apurtuko duen alternatiba batekin elkartzea; kasu honetan, errepublika sozialista katalana defendatuz. Ezinbestekoa da, borrokaren ardatza pribilegio kapitalistekin amaituko duen errepublika izatea, herriaren, langileen eta gazteriaren alde egingo duen errepublika.

PDeCat eta ERCko buruzagi burgesek eta burges txikiek argi utzi dute ez dutela entzun ere egin nahi borroka honek kapitalismoaren mugak gainditzearen aukera. Beren bizkarren gainean murrizketen edota ustelkeriaren arduradun izatearen zama dute. CUPeko zuzendaritzako kideek gogor kritikatu dituzte PDeCat-etik eta ERCtik amore emateko egin diren adierazpenak eta “errepublika gauzatzeaz” hitz egin dute. Baina adierazpenez gain, horien menpe jarrita ezinezkoa izango da 155aren blokearen ofentsiba garaitzea.

Euskal Herrian, EAJk eztabaida politikoaren erdigunean ezarri nahi du Lakuatik, autogobernuaren ponentzia eta estatus politiko berriaren testu artikulatua. Argi dago beste maniobra bat baino ez dela. Ahaztuarazi nahi ditu PPrekin eginiko itunak, Katalunian erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokaren aurka izan duen paper aktiboa, Eusko Jaurlaritzatik langileen eta gazteen aurka egiten ari diren eraso politikak, geroz eta gehiago entzuten diren ustelkeria kasuak… PPrekin eta PSErekin murrizketen aurrekontuak eta enpresariei zergak jaistea itundu ostean, orain EAJk eskua luzatzen die EHBilduri eta Elkarrekin Podemosi. Estatus berriaren testuan erabakitzeko eskubidea sartzeaz hitz egiten duenean, bere benetako asmoa aurpegia garbitzea da, baliorik ez duen orri bat ateratzeko eta eztabaida parlamentuko ateen barnean kokatzeko.

Hala ere, bai Elkarrekin Podemosek eta bai EHBilduk planteatu dute kointzidentzia handiak daudela eremu horretan aurrera egiteko. Horri dagokionez, EHBilduk “autonomiatik subirautzara, estatus berri baterako oinarriak” izeneko dokumentua argitaratu du. Dokumentu horrek, Ezker Abertzalearen estrategia politikoan atzera pauso nabarmena adierazten du. Eztabaida parlamentariora bakarrik bideratzen den hitz potoloen testu horretan planteatzen da posible dela egungo EAEko markotik “Euskal Estatu Erkidegora” abiatzea. Puntuetako batean hitzez hitz halaxe dio: “Bideragarriagoa izango litzateke Espainiako Konstituzioaren atariko tituluan biltzen den printzipio demokratikoaren interpretazio ireki eta integrala egitea, 1979ko Autonomia Estatutuaren eta Konstituzioaren beraren xedapen gehigarrietan jasotako eskubide historikoen printzipioarekin eta xedapen-printzipioarekin batera. Printzipio konstituzional horiek ahalbidetzen dute lurralde-botereen arteko harreman berri baterantz, berdintasun politikoan oinarritutako harreman baterantz aurrera egitea, Espainiako Konstituzioan erreforma espresurik egin gabe.”

Planteamendu horretan, Kataluniako ikasgaiak hankaz gora ageri dira, amaierarik eta irtenbiderik gabeko etapa infinituen estrategia erreformista batean. Erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka prozesu bat da, noski, klase arteko borrokaren barruan ematen dena, ordea. Parlamentuko mugimendu eta eztabaidek soilik EAJri egiten diote mesede, eta tarte ikaragarria uzten dute bere interesen arabera maniobratzeko. EAJren eskutik 2019rako estatus berri baten kontsulta planteatzea erabateko akatsa da. Praktikan, erabakitzeko eskubidearen alde aurrera pausorik ez emateaz gain, bitartean bake soziala mantentzea esan nahi du, kaleko borroka bertan behera utziz eta EAJ eta bere erasoei estaldura emanez.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka zapaltzen gaituen sistema kapitalistaren aurkako borroka da

Horren aurrean, oso konkretua da Euskal Herrian milaka gazte eta langilek jasaten duten errealitatea. Prekarietatea, lan esparruan eta sozialki izurrite baten moduan zabaltzen ari da. Lurralde guztian zehar ari gara enpresa itxierak, plantilen murrizketak, EREak, etab. ikusten. Gazteok ere jasaten dugun langabezia edo esplotazioa, enpresariak ederki aberasten ari diren bitartean. Baina geroz eta ugariagoak dira lan gatazkak eta borrokan dauden langileak ere. Borroka horiek guztiak bateratu behar dira lehenbailehen, langileen borroka koordinadoretan, modu asanbleario eta demokratikoan antolatuz horiek.

Horregatik beharrezkoa da erabakitzeko eskubidea zapalkuntza kapitalistarekin elkartzea. Kaleko borroka ardatz planteatuko duen ezkerra behar dugu, programa iraultzaile batekin, ekintzetan defendatuko duena Euskal Herri Sozialista baten aldeko borroka.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.