• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


LANGILE KLASEAREN MOBILIZAZIOA

 

Krisiaren sakontasuna eta denbora luze baterako ekonomiaren geldialdiaren perspektiba bete betean agertzen dira kapitalisten analisi garrantzitsuenetan ere. Eta noski, beren ikuspuntutik, euren interesak defendatzeko (irabaziak, posizioak mundu merkatuan, gaitasun finantzarioa) hartu behar diren neurriekiko adostasuna erabatekoa da: eraso sakonak egin behar dira gastu sozialen eta langileen eskubideen aurka.  

Zentzu honetan presioa gero eta handiagoa da “neurri makroekonomikoak” agortuta baitaude eta puntu batera heldu da egoera non neurri hauen luzatzeak edo erretiratzeak kontraesan gehiago sortzen baititu ekonomian. Erreskate planek eta ia zerora iristen diren bankuei emandako kredituek, automobilgintzaren industriari emandako kontsumo pizgarriek eta enpresariei oparitutako jaitsiera fiskalek ez dute ekonomia errekuperaziora eraman. Diru publikoaren injekzioek kiebrak saihesteko eta krisiak murriztutako negozioen bolumena konpentsatzeko balio izan dute, baina iturri publikoetatik gutxiengo pribilegiatu bati emandako dirutza ikaragarriek zor handiak izatera eraman dituzte Estatuak mundu mailan. Grezian gertatzen ari denak erakusten du egoerak zenbaterainoko larritasuna duen kapitalistentzat. Estatuen zorpetzeak bere mugak ditu kanpoko finantziazioaren sarrerak ezegonkortasun, gastu eta azken finean, arazo gehiago ekar baititzake kapitalisten negozioen ikuspuntutik ere.  

Horregatik, burgesiaren helburua da, utzitako diruaren itzulketaren bermea nahi baitute, Estatuen zorrak murriztea. Baina hori ez dute egin nahi bankuek edo enpresek Estatuei emango lizkioketen laguntzekin, langileen kontura baizik. Auzia oso garbi eta sinplea da: euren irabaziak mantentzeko eta Estatuaren dirua kapitalisten poltsikoetara joatea bermatzeko beharrezko dute langileak eta gizartearen gehiengoa pobrezia gehiagoko egoera batera eramatea. Horrekin ez dute krisirik konponduko, okertu ere egin dezakete, baina behin kapitalistek krisia sakona eta luzea dela onartu dutenean, ahal den ondoen moldatzen saiatuko dira bertan bai arlo ekonomikoan eta baita arlo politikoan ere. Langileen soldatetan edo gastu sozialetan murrizten den guztia, zuzenean (ekoizpen prozesuan) edo zeharka (Estatuaren laguntzak) kapitalisten poltsikoetara joango da, hauen irabazien erorketa ahal den maila txikienera eramanez, zorrei ahal den azkarren buelta emanez eta mundu mailako merkatuan baldintza onenetan kokatuz. 

Bestalde, krisi ekonomikoa gero eta ageriago uzten ari da ondorio politiko bat: kapitalisten eta langileen interesen arteko erdibideko politika bat egitea ezinezkoa da. Madrilgo PSOEren gobernuaren eskuineranzko bira (hezkuntzan eta osasunean gastu publikoen murrizketa gogorra, lan eta pentsio erreformen proiektua, BEZaren igotzea, hezkuntza akordioa eskuinarekin, osasun erreforma, gizarte laguntzetan negozio pribatuaren bultzada…) ez da soilik azaltzen bere zuzendaritzako zati garrantzitsu batek burgesiarekin eta estatu aparatuko goi-karguekin dituen lotura politiko eta sozialengatik. Nahiz eta faktore hauek garrantzitsuak izan, kapitalismoaren alternatiba faltak eta beste sistema bat posible ez denaren konbentzimenduak, kapitalismoa defendatzera mugatzen dute, bere ondorio guztiekin. Honek arlo politikoan ere kontraesanak sortzen ditu.   

Krisi ekonomikotik krisi politikora

Langileen babesa beharrezko duten, baina euren programak praktikan merkatuak beti pozik edukitzen oinarritzen diren erakunde politiko eta sindikalek, gero eta zailtasun eta kontraesan gehiago izango dituzte eta krisi ekonomikoa maila bereko krisi politiko batean bihurtzeko arrazoi nagusienetarikoak hemendik etorriko dira.

Atzeraldi ekonomikoaren hasieran Zapaterok esan zuen ez zituela neurriak hartuko Estatu espainiarreko langileen aurka eta ez zirela hauek izango krisiaren ondorioak ordainduko zituztenak. Krisi kapitalistak izango zituen ondorio larriak gorde zituen arren, egia da neurri batean PSOEren gobernuak, eztabaida “soziala” saihesteko edo ahalik eta gehien atzeratzeko helburuarekin, ez zituela denboraldi batean langileen aurkako neurri zuzenak hartu. Baina Zapateroren gobernuaren jarrera hau ez zen batere gustukoa kapitalistentzat eta presio handia egiten hasi ziren honek neurri sakonak har zitzan. Otsaileko zor greziarraren krisiaren okertzea izan zen PSOEren gobernua kontrarreformak hastera bultzatu zuen gertakaria, lan eta pentsioen erreformen berehalako aplikazioa iragarriz.   

Eraso honen aurrean, Euskal Herrian ELA, LAB, ESK, STEE, HIRU y EHNEk eta Estatu mailan UGT eta CCOOk mobilizazioak antolatu zituzten otsailean eta martxoan. Hasiera bezala mobilizazio hauek garrantzitsuak izan arren, beharrezkoa da borroka honi jarraipena ematea, mobilizazioak langile klasearen antolakuntza handitzeko erabiltzea, fabriketan batzarrak antolatzea, kontrarreforma hauek langileok jasaten ari garen gainontzeko erasoekin lotzea eta sindikatu guztiek batera Estatu mailako greba orokor bat antolatzea. Estatuko nazio ezberdinetako langileria elkartuz, internazionalismo proletarioa bultzatuz, LABek Estatu frantziarreko greba orokorretan bezala, posible izango litzateke PSOEren gobernuaren erasoak geraraztea.

Zoritxarrez, hainbat agintari sindikal enpresariei kontzesioak egiteko prest daude, baita lan eta pentsio erreformetan ere. Baina ondo dakigu langileok kontzesio horiek zer dakarten. Krisi sakoneko testuinguruan, egiten diren akordioak segituan ezerezean geratzen hasten dira kapitalistak gehiago eskatzen hasten baitira. Ikusi da zer gertatu den UGT eta CCOOko zuzendaritzek hiru urtetarako soldata izozketa sinatu ondoren: CEOE patronal espainiarrak kanpaina gogor bat antolatu du krisitik ateratzeko soldatak murriztu behar direla eskatuz. Aldi berean, gazteriarentzat kontratu berezi bat eskatzen du, kotizaziorik eta langabezia eskubiderik gabeko kontratu bat, hasiera batean lan erreformaren negoziaziotik kanpo aurkitzen zena. Dinamika honek ezegonkortasun handiko elementua sartzen du egoeran.

Sindikatuen betebeharra da langile klasearen borrokarako potentzial osoa erabiltzea eraso guztiei aurre egiteko. Gaur egungo egoeran langile klasearen borroka da faktore erabakigarriena. Kapitalismoaren aurka eta gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borroka egiteko beharrezkoa da langileen erakunde politikoek eta sindikalek ideia eta borroka metodo erreformistak alde batera uztea, azken finean, enpresariengan eta kapitalismo hobe batean konfiantza izatea. Langileen batasuna, gatazkan dauden fabriketako borrokak elkartzea, autodeterminazio eskubidea eta langileen kontrolpeko banku nahiz enpresa handien desjabetzea bilduko lituzkeen programa iraultzailea hartuko balute, langileen erakunde nagusiek, langileen babesa izango lukete eta baldintzak jarriko lirateke kapitalismoaren aurkako borrokari benetan heltzeko. Leon Trotskyk Trantsizio Programan  zioen moduan, gizateriaren krisia zuzendaritza iraultzailearen krisira murriztu daiteke. Langileen erakundeek politika iraultzaile bat planteatzen ez badute pilatzen ari den ondoez guztia modu distortsionatuan eta kontraesankorrean adieraziko da. Baina garrantzitsuena da ikustea ondoez hori badagoela eta adierazpide bat bilatzen duela eta gutxien espero dugun moduan azaldu daitekeela.

Kapitalisten helburu zatitzaileei aurre egiteko oinarrizkoa da sindikatuek langileen batasunaren alde borroka egitea. Borroka isolatu gehiago ez ditugu behar. Banatuta dauden borrokak egoteak gobernuei eta patronalei bakarrik egiten diete mesede. Klaseko borrokaren bitartez, antolakuntzarekin eta mobilizazioarekin bakarrik lortu dezake langile klaseak krisi ekonomikoaren ondorioak ez ordaintzea eta sozialismoaren alde borroka egitea bankariak eta enpresari handiak desjabetuz. Ez dago beste biderik.