Federico Engels Fundazioak marxismoaren oinarrizko klasiko diren bi liburu argitaratu ditu gazteleraz: La bancarrota de la Segunda Internacional (Bigarren Internazionalaren porrota) eta Marx, Engels, marxismo. Bi liburu hauek salgai egongo dira Tolosako Engels Ateneoan.
La bancarrota de la Segunda Internacional (Bigarren Internazionalaren porrota)
Liburu honetan Bigarren Internazionaleko agintari erreformistek Lehen Mundu Gerraren aurrean hartutako jarrera etsiaz eta bere amore emate honek zekarzkien ondorio politiko eta betebehar praktikoez idatzitako Leninen bi idatzi datoz.
Lehena 1915eko maiatz-ekainean idatzi zen eta izenburutzat “Bigarren Internazionalaren porrota” dauka. Bigarrena urte hartako amaiera aldera idatzia da eta izenburutzat “Bigarren Internazionalaren oportunismoa eta porrota” du.
Marx, Engels, marxismo
Liburu hau Leninen bost testu eta artikuluren bilduma da, garai ezberdinetan idatzia, eta marxismoaren hainbat alderdiren oinarrizko ideiak laburbiltzen ditu.
Lehena “Carlos Marx” da, 1914an idatzia hurrengo urtean argitaratzekoa zen “Marxismoaren Bibliografia” batekin hiztegi entziklopediko baterako. Garaiko zentsura zela eta, azken bi atalak kendu zitzaizkion (“Sozialismoa” eta “Proletalgoaren borrokarako taktikak”) beste hainbat aldaketa jasateaz gainera. 1918an errusiar edizio batek hiztegiko testua berrargitaratu zuen, baina bibliografiarik gabe. Leninen eskuizkribuan oinarritutako edizioa 1925an argitaratu zen.
Bigarren artikulua “Federico Engels” 1895ean bere heriotzaren karietara idatzitako iruzkin bat da.
Hirugarrena “Tres fuentes y tres partes integrantes del marxismo” (“Marxismoaren hiru iturri eta hiru oinarrizko atal”) 1913an argitaratu zen, eta bertan Leninek marxismoaren sorrera XIX. mendeko Europako hiru korronte ideologikoren elkarreragin eta gainditzearen emaitzatzat hartzen du: alemaniar filosofia, ekonomia politiko ingelesa eta sozialismo frantziarra.
Laugarrena, hau ere 1913an idatzia, “Vicisitudes histórica de la doctrina de Carlos Marx” (“Karl Marxen doktrinaren gorabehera historikoak”); bertan Leninek hiru garai historikotan (Manifestu Komunista-ren argitalpenetik Parisko Komunera arte, ordutik 1905eko errusiar iraultzara arte eta honen ondoko garaia) marxismoak jokatutako papera azaltzen du.
Bosgarrena “Acerca de algunas particulares del desarrollo histórico del marxismo” (“Marxismoaren garapen historikoaren berezitasun batzuez”) da, 1910ean idatzia. Bertan Leninek Errusiako azken sei urteetako gertakarietan oinarrituta taktikoki egoera politikora egokitzeko beharraz hitz egiten du, baina marxismoaren printzipioetan mantenduz.