Marxismo iraultzailearentzat, askapen nazionaleko mugimenduak palanka boteretsu bat izan daitezke zapaldu guztien askapenaren aldeko borrokan, baina beti ere borroka hori zapalketa kapitalistaren aurkako eta sozialismoaren aldeko borrokarekin loturik badago
Marxek eta Engelsek sozialismo zientifikoaren oinarriak ezarri zituztenetik, langile klaseak burutu beharreko iraultzaren programa finkatuz, arazo nazionalari eta euren askatasunaren aldeko nazio zapalduen borrokari berebiziko garrantzia eman dio marxismoak. Bi iraultzaile germaniarrek gaiaren inguruan hainbat eta hainbat lan egin zituzten, eta auzi ezberdinak landu: nazio alemaniarraren batasuna, herri irlandarraren borroka britainiar inperialismoaren uztarritik libratzeko, kolonien askapen nazionalaren aldeko borroka, balkanetako auzia…
Lehen unetik, langileria iraultzailearen ikuspuntua hartu zuten arazo nazionalaren inguruan: “Beste herri bat zapaltzen duen herri batek ezin du libre izan”. Era honetan, nazio zapalduen autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka bandera iraultzailean josia izan zen. Baina edozein zapalketa motaren aurkako adierazpen honek ez zuen marxismoa nazionalismo burgesaren eta burges txikiaren aurrean belaunikatu zenik suposatu. Alderantziz, programa marxistaren esentzia bera internazionalismo proletarioarena da, muga nazionalez gaindi, elkartutako langile klase baten borroka defendatzen duena, muga nazionalez gaindi, antolaturik dagoen etsaiaren aurka egiteko, klase kapitalistaren aurka, bere dominaziorako nazioarteko merkatu ekonomiko bat antolatu duelarik. Lehen Internazionalaren gerra oihua, Herrialde guztietako proletarioak, elkar zaitezte! da aipatutako langile internazionalismoaren esamolderik osoena.
Marxismo iraultzailearentzat, askapen nazionaleko mugimenduak palanka boteretsu bat izan daitezke zapaldu guztien askapenaren aldeko borroka horretan, baina beti ere borroka hori zapalketa kapitalistaren aurkako eta sozialismoaren aldeko borrokarekin loturik badago. Nazio arazoaren inguruko marxismoaren jarrerak bere zuzentasuna frogatzeko parada izan zuen, esate baterako, Errusia, eta mundu osoa, astindu zituen iraultza sobietarraren urteetan.
Leninen Alderdi Boltxebikeak, aurreko urteetan Estatu tsaristak burututako nazio zapalkuntzaren aurka borroka luzea mantendu zuenak, iraultzaren urteetan erakutsi zuen zapalkuntza nazional eta kultural ororen aurka egiteko bere nahi osoa. 1917an Urriko Iraultzaren garaipenaren ostean, Lenin eta Trotsky buru zituen gobernu boltxebikeak, aurreko urteetan boltxebikeek inperio tsaristaren barnean aurkitzen ziren nazio zapalduei autodeterminazioa aitortzeko emandako hitza bete zuen. Izan ere, garai hartako Errusia tsarista herrien kartzela bat zen.
“Iraultza sozial garaileak talde nazional bakoitzari bere kultura nazionalaren arazoak berak nahi bezala ebazteko gaitasuna emango dio, baina iraultzak –langileen mesederako eta euren baiespenarekin- egizkizun ekonomikoak batuko ditu, honen soluzio arrazional bat baldintza historikoen eta teknikoen menpe baitago, baina ez talde nazionalen izaeraren menpe. Federazio Sobietarrak estatu modu erabat mugikorra eta arina sortuko du, eta honek behar nazional eta ekonomikoak batuko ditu modurik harmonikoenean.” zioen Trotskyk.
Nazionalitate zapalduen gehiengo erabatekoak Sobiet Errepublika Sozialisten Batasunaren barnean jarraitzea erabaki zuen. Ukrainako, Georgiako, Lituaniako, Estoniako, Letoniako…langileria borroka iraultzailearen abangoardian egon zen, eta ez zeuden prest lehengo esplotatzaile errusiar-handiak beste esplotatzaile batzuengatik ordezkatzeko, hauek euren hizkuntza bera hitz egin edota sinbolo kultural berberak gurtzen bazituzten ere.
Iraultza sozialeko egoera hartan –industrien desjabetzea, lurren okupazioa eta lur jabe handien jabetzen abolizioa ematen ari zen unean-, nazio zapalduetako klase agintariek propaganda independentistari izugarrizko bultzada eman zioten sobieten errepublikaren aurka egiteko nahian, izan ere, hauek defendatutako sistema euren interesen aurka baitzegoen erabat. Ukrainako, Georgiako, Finlandiako…burgesiak “autodeterminazioaren” bandera hipokresia osoarekin astinduz euren lantegien eta lurren jabetzak mantentzen jarraitu nahi zuten, eta euren nazionalitate berbereko langile eta nekazariak zapaltzeko eskubide sakratua izaten jarraitu nahi zuten. Euren patriotismoa, diktadura tsaristapean bigarren plano batean uzten zutena burutzen zituzten negozio oparoak segurtatzeko, zakur amorratuak bezala defendatzen hasi ziren iraultza sozialista usaindu zutenean. Mahai gainean aurkitzen ziren klase interesak ikusirik, iraultza zapaltzeko bidalidako nazioarteko 21 armadak (Frantzia, Britainia Handia, Alemania,…) izan ziren desjabetutako burgesiaren “nahi” nazionalak bultzatu zituztenak.
Bururatu daitezkeen zailtasun guztiekin, boltxebismoaren politika iraultzaileak, bere ikuspegi internazionalistak, nazionalitate guztietako langile klasea batzea baimendu zuen etsai berberaren aurka. Era honetan, sozialismorako trantsizioko gizarte batean, argi geratu zen belaunaldiz belaunaldi igarotako lehia nazionalak eta gorrotoa adiskidetasunezko elkarbizitza bat bihur zitekeela, herri guztien eskubide demokratikoak defendatuko zituen sistema batean, eta kapitalismoak ez bezala, bere eginkizun ekonomikoak burutzeko beste nazio bat zapaltzearen beharrik ez zuen sistema batean.
Errusiako Iraultzari buruz eginiko bere obran, Trotskyk zera zioen: “XIX. mendeko gerren eta iraultzen oinarrizko eginkizuna merkatu nazional bateko ekoizpen baliabideak segurtatzea zen bitartean, gure mendeko eginkizuna ekoizpen baliabideak muga nazionaletatik askatzea bilakatu da, hauek aipaturiko baliabideen garapenerako oztopo bilakatu baitira.” Langile klasea, produkzio kapitalistan jokatzen duen paperagatik, izan daiteke baliabideen internazionalizazio hau nazioen askapenarekin uztartu dezakeen klase bakarra.
Sobiet Batasuna erori ostean, burgesiak hasitako kanpaina optimismoz betea izan zen. Burgesiak ordainduriko filosofo eta pentsalarien arabera, jada erantzunda zegoen sistema sozioekonomiko alternatibo bat posible zen edo ez galdetzen zuen auzia. Handik aurrera, mundu zoriontsu batean biziko ginen, hazkuntza ekonomikoak geldialdirik izango ez zuena, eta nazio arazoarekin amaituko zuena, herri guztien integrazio harmoniotsu batekin. Historiak erakutsi du baieztapen hau gezurra dela. Batetik, esan behar da, erori zen sistema ez zela sistema sozialista bat, sistema stalinista degeneratu bat baizik; eta bestetik, arazo nazionalak gutxitu beharrean handitu eta konplexuago bilakatu direla. XX. mende amaierakoak ditugu Jugoslavia zaharrean jazotako sarraskiak, eta ezin esan daiteke, Ekialde Hurbilean, Saharan edota Euskal Herrian bertan arazoaren soluziorik eman denik.
Artikulu honekin arazo nazionalari buruz hitz egingo duten testu zerrenda luze bati emango zaio hasera. Bertan iraultza burgesetatik eta nazionalismoen sorreratik emandako gertaeretatik (Frantziako Iraultza, 1848ko Iraultzak, Alemaniaren eta Italiaren batasuna…) gaurdainokoak biltzen saiatuko gara, jada proletalgoak munduaren historian protagonismoa hartu duten garaietakoak alegia. Irlanda, Polonia, Palestina, Balkanak, juduen auzia, Euskal Herria…aipatuko ditugu besteak beste, eta Euskal Herriaren kasuan ez da zaila izango analogia ezberdinak bilatzea. Esan beharrik ere ez, artikuluaren erdialdean aipatzen genuen nazionalitate zapalduko burgesiak bere garaian jokatzen zuen papera gaur egun PNVk jokatzen duenaren berbera dela. Historiak, alde horretatik, ematen dizkigun irakasgai anitzak azaltzen saiatuko gara, benetan baliotsuak baitira. Azken finean, testu sorta honen helburua bikoitza da: alde batetik, marxismoak arazo nazionalaren inguruan duen ikuspuntuari buruz esan diren gezur eta irain guztiei erantzun bat ematea, sozialismo zientifikoaren autoreen testuetara joz (ez marxismoaren kritikoek egiten duten bezala, gehienetan ez baitira Marxen, Engelsen, Leninen edo Trotskyren testuak irakurtzen ere jarri), eta bestetik, euskal langile klaseak eta gazteriak iraultza sozialista aurrera eraman nahi badu, bere arazoekin amaitzeko modu bakarra baita, egin beharreko politika azaltzea, klase independentziaren eta langile internazionalismoaren politika, Euskal Herriaren eta mundu osoko nazionalitate zapaldu guztien benetako independentzia nazionala lortzeko askapen borroka honetan.