Lortu al du Montenegrok subiranotasun nazionala?
Maiatzaren 21ean montenegroarrek erreferendumaren bidez erabaki zuten independienteak izatea edo ez. Europako Batasunak bi baldintza jarri zituen emaitzak errespetatzeko: boto positiboak %55era heltzea eta partehartzea %50 baino altuagoa izatea. Botoen %55,5 independentziaren aldekoak izan ziren eta partehartzea %86,49koa izan zen, eta beraz Montenegrok independentzia aldarrikatu zuen.Lortu al du Montenegrok subiranotasun nazionala?
Maiatzaren 21ean montenegroarrek erreferendumaren bidez erabaki zuten independienteak izatea edo ez. Europako Batasunak bi baldintza jarri zituen emaitzak errespetatzeko: boto positiboak %55era heltzea eta partehartzea %50 baino altuagoa izatea. Botoen %55,5 independentziaren aldekoak izan ziren eta partehartzea %86,49koa izan zen, eta beraz Montenegrok independentzia aldarrikatu zuen.
Ibarretxek, demagogia erabiliz, Europako Batasunak Montenegroren autodeterminazio eskubidea aitortu zuela esan zuen, Zapaterok eskubide hau erabiltzea ezinezkoa dela esan zuenaren aurka. Honenbestez Ibarretxek esan zuen “Europa demokratikoan” Euskal Herriarekin berdina gertatzea espero duela.
Guretzat beharrezkoa da klaseko ikuspuntutik aztertzea gai hau. Arazo nazionalak historian paper aurrerakoia edo erreakzionarioa joka dezake, klaseko interesen arabera. Marxismoak arazo nazionalarekiko bere jarrera zehazteko galdera hauek egiten ditu: zein klaseren interesak defendatzen ditu? Zein klase dago buruan? Hau da auzi erabakiorra. Beharrezkoa da diskurtso anbiguoak aztertzea atzean noren klase interesak dauden jakiteko. Mugimendu nazional guztietan burgesiak interes berezia edukitzen du, mistizismoan eta demagogian gordeta, Ibarretxek ondo erakusten duen bezala. Kasu guztietan langile klasea burgesia nazionalistatik banandu behar da, hau langile mugimenduaren etsaia baita.
Balkanak banatzeko potentzia inperialisten borroka XIX. mendean hasi zen Inperio Otomandarraren deskonposaketarekin. Errusia tsarista, Britainia Handia, Alemania, Frantzia eta Austro-Hungaria hainbat gerra, maniobra diplomatiko, azpijoko dinastiko etabarretan nahaspilatuta ibili ziren “balkanizazioaren” fenomenoaren oinarriak jarriz. Prozesu honek Balkanetako gerrak sortu zituen Lehen Mundu Gerra ekarriz. Bigarren Mundu Gerran berriz naziek Kroazia Handiaren ideia bultzatu zuten kroaziar-serbiarren aurkako zapalketa ankerra ekarriz. Bestalde, faxista italiarrek, beren interesen defentsan, Albania Handiaren ideia bultzatu zuten. Bi kasuetan Balkanetako herriak manipulatuak izan ziren potentzia atzerritarren interesen arabera.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Jugoslavian, ekonomia planifikatu eta nazionalizatuarekin ekoizteko indarren garapen garrantzitsua eman zen. Arazo nazionalak atzera egin zuen herrien arteko mestizajearekin eta bizi kalitatearen maila asko igotzearekin. Serbiarren, kroaziarren eta musulmanen arteko iraganeko gorrotoa gutxitu egin zen eta hau noski gertakizun aurrerakoia da. Hala ere, errealitatean, errepublika bakoitza bere burokrazia nazional propioaren mendean egon zen. Burokrazia bakoitzak txobinismoa eta beste errepublikekiko ezberdintasunak erabiltzen zituen posizio pribilegiatuagoak lortzeko. Modu honetan sortu ziren Jugoslavia zatitzeko oinarriak.
Inperialismo alemaniarra izan zen azkenik Jugoslavia zatitu zuen azkeneko gerra bultzatzearen erantzulea. Burgesia alemaniarrak eskuak zikinduta dauzka errugabeen odolarekin. Europako ekonomia indartsuenaren jabe izanda bere boterea handitzeko aukera ikusi zuen ekialdeko erregimenen erorketarekin. Herriak zatitu, gorroto etnikoa zirikatu, arrazista fanatikoak armatu; dena zilegi izan zen irabazi kapitalistak handitzeko. Nahiz eta denek izan alemaniarren maniobrek gatazka armatu bat sortuko zutenaren berri, inongo lider europearrek ez zuen hori ekiditeko saiakera sendorik egin.
XX. mendeko historia guztiak erakusten du Balkanetako herrien helburu nazionalak ezin direla konpondu oinarri kapitalisten gainean. Egoera honetan, “autodeterminazio eskubidea”, potentzia inperialista baten edo bestearen azpijoko erreakzionarioak disimulatzeko da. Marxismoak nazio guztien autodeterminazio eskubidea defendatzen du, nahitaezkoa da nazio zapalduen arazo nazionalari irtenbideak bilatzeko. Montenegroko erreferenduma ariketa demokratiko bat izanik derrigorrezkoa da montenegroarrek erabaki dutena defendatzea exijitzea. Baina hau esatea ez da nahikoa. Baldintza konkretu batzuetan, “autodeterminazioa” burla bat da, baita Montenegron ere. Lortu al du Montenegrok subiranotasun nazionala? Ez. Leninek gainera mila aldiz esan zuen autodeterminazio eskubidea ez dela eskubide absolutu bat. Berak zioen langile klasearen eta iraultza mundialaren interesei lotuta egon behar duela. Burgesiaren gansterrak eta mafiak bakarrik onuratu dira Jugoslaviaren balkanizazioarekin. Beharrezkoa da liskar nazionalak ezabatzea eta balkanetako herrien federazio sozialista baten alde egitea, nazio bakoitzak nahi duen autonomia guztia izanez.
ZERGATIK ONARTU DU EUROPAKO BATASUNAK MONTENEGROREN AUTODETERMINAZIO ESKUBIDEA ETA EZ DU EUSKAL HERRIAREKIN BERDINA EGITEN?
Erreformismoarentzat autodeterminazio eskubidea “jaiotzetiko” eskubide bat da eta beraz Estatu Espainiarrak, frantziarrak eta Europako Batasunak onartu egin beharko lukete. Marxismoak berriz azaltzen du kapitalismoan ez dagoela eskubide edo moral absoluturik klaseko borrokaren gainetik. Burgesiak autodeterminazio eskubidea bere klaseko interesak defendatu behar dituenean erabiltzen du soilik. Ekialdeko erregimen ohien independentzia prozesuak inperialismoak bultzatuak izan dira ekonomía planifikatua zuten herriak banatzeko eta dominatzeko. Ekoizpen kapitalistaren harremanak ezartzea izan da honen helburu nagusia eta Europako Batasuna prozesu honen babesle izan da burgesia europearraren interesak defendatuz. Europako ekialdeko herriekin alderatuz mendebaldeko Europan ekoizpen kapitalistaren harremanak aspalditik daude ezarrita. Horregatik ukatzen diote Estatu espainiarrak, frantziarrak eta Europako Batasunak autodeterminazio eskubidea Euskal Herriari, bi estatuei merkatuak galtzea suposatuko bailiokete. Europako Batasunak ez du babestuko Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea zeren Europako beste estatuetan antzeko fenomenoak gertatzeko arriskua egongo bailitzateke burgesiaren interesak baldintzatuz. Sozialismoaren aldeko borroka da subiranotasun nazionala lortzeko modu bakarra Kuban gertatu zen bezala, ez dago lasterbiderik.
NBE eta Europako Batasunean itxaropena edukitzea okerra da, ez dira Euskal Herriko eta Montenegroko gehiengoaren lagunak, etsaiak baizik. Montenegrori, inperialismoak eta burgesiak jabego pribatuaren babesa, atzerriko inbertsioak eta munduko ekonomía kapitalistan sartzea eskeintzen dizkiote. Badakite bai ondo herri zapalduek “merkatu ekonomiak” zer ekartzen duen. Hau da Montenegrorentzako errezeta. Montenegro lehen nazio zapaldua zen, baina zapaldua izaten jarraituko du zeren lortu duen “independentziakin” inperialismoarentzat “kolonia” bat izaten jarraituko du. Independentziak ez du Montenegroren funtsezko arazorik konponduko, ez ekonomikorik, ez kulturalik... Kasu guztietan, esperientziak erakutsi du Balkanetako herriek ez dutela inoiz askatasuna lortuko potentzia atzerritarren morroiak izanda.
Jarrera utopikoa al da Balkanetan solidaritatezko klaseko politika internazionalista baten alde egitea? Burges txikientzat noski politika hau ezinezkoa da, txobinismoaren eta gorroto nazionalaren indar garaitezinen aurrean. Historiak erakutsi du hori ez dela egia. Bigarren Mundu Gerran egindako basakeria etnikoek (batez ere serbiarren aurka) ez zuten eragotzi gerraren ondorengo hamarkadetan serbiarrak eta kroaziarrak batera bizitzea nolabaiteko harmonian. Funtsezko garrantzia izan zuten honetan noski ekonomia planifikatuak eta nazionalizatuak, urtean ekonomia %10 igotzen zelarik. Gizartearen eraldaketa sozialistarekin berriro ere baldintzak eman daitezke herrien batasun harmoniatsu bat lortzeko Balkanetako Federazio Sozialista sortuz, Europako Herrien Federazio Sozialista eta Errusia Sozialistari elkartuta. “Utopia” bat izatetik urrun, Balkanetako Federazio Sozialista da irtenbide bakarra Balkanetako herrientzat. Ahaztu gabe noski erabateko autonomia izango lukeela herri bakoitzak eta nola ez herri guztien autodeterminazio eskubidea aitortuz.