Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetan, Leninek denbora asko eskaini zion arazo nazionalaren lanketari, batez ere Otto Bauerren ideia errebisionistei erantzuteari. 1908-1910 bitartean, Lenin erbestean egon zen eta ia-ia isolaturik. Errusiarekiko kontaktu gutxi zituen, kolaboratzaile eta lagun gutxi zituen inguruan, eta gogo betez hartu zuen gazte georgiar baten etorrera; gazte hura Stalin zen.
Gazteekin beti egin ohi zuen moduan, hari ere animoak eman zizkion eta nazionalitate zapaldu batekoa izanik, Leninek arazo nazionalaren inguruan zituen oinarrizko ideietan hezi zuen gaztea. Erlazio honen fruitua Stalinek idatziriko Arazo nazionala eta marxismoa izan zen, alderdiaren barnean urteetan zehar arazo nazionalaren inguruko eskuliburu gisa funtzionatu zuena. Izatez, artikulua Stalinek idatzia izan bazen ere, honek islatzen zituen ideietan argi geratzen zen idatzi haren atzean ezkutatzen zen jeinu politikoa Leninena zela. 1917ko iraultzaren burokratizazioarekin ikusi zen Stalinek beste bide bat hartu zuela arazo nazionalarekiko, errusiartasuna bultzatuz eta Sobietar Batasuneko gainontzeko nazioak erreprimituz.
ZER DA NAZIOA?
Mahai gainean zegoen lehen arazoetako bat nazio kontzeptuaren definizioa zen, hau azaltzea ez baita dirudien bezain erraza. Denbora definitzea bezalakoa da. San Agustinek esan zuen berak bazekiela denbora zer zen, baina definitzeko eskatzen bazitzaion ez zekiela nola egin. Gauza berbera gertatzen da nazioarekin. Aipaturiko artikulu hau definizio bat ematen saiatzen da eta emaitza, izatez, formulazio nahiko asegarria da. Bauerren definizio subjetiboaren kasuan ez bezala, hemen zentzu zientifiko marxista batean azaltzen da: “Nazioa giza komunitate egonkor bat da, historikoki eratu dena eta hizkuntz-komunitatea, lurralde-komunitatea, bizitza ekonomikoaren inguruko komunitatea eta komunitate psikologikoa, kulturaren komunitate gisa islatzen dena, oinarritzat harturik sortu dena”.
Nazio batek hizkuntza eta lurralde komunak izan behar ditu, elkarbanatzen dituen historia bat eta kultura bat, eta lokarri ekonomiko boteretsu batzuek baturik ere egon behar du. Hain orokorra da definizio hau ezen zalantzarik gabe Otto Bauerren azalpen psikologikoa baino askoz zuzenagoa eta hobeagoa dela. Hala ere, bizitza errealean beti aurkituko ditugu definizio hau aspekturen batean edota gehiagotan kontraesaten duten aldagaiak. Nazio bat zer den erantzutea oso eremu irristakorra da eta analisi bat baino gehiago eraman du bere hondamenera.
Esaterako, har dezagun hizkuntzaren auzia. Nazio batentzat hizkuntzaren garrantzia begi-bistakoa da. Nazionalitate baten ikur bereizgarria dirudi. Errusiako Iraultzaren Historia lanean, Trotskyk hizkuntzaren garrantzia ondoko modu honetan azaldu zuen: “Hizkuntza gizakien loturetarako instrumenturik garrantzitsuena da, eta ondorioz, ekonomiaren loturetarako ere bai. Hizkuntza nazional bilakatzen da merkatal zirkulazioaren garaipenak nazio bat batzen duenean. Oinarri honen gainean sostengatzen da Estatu nazionala, erlazio kapitalisten bilakaerarako eremurik erosoena, arruntena eta abantailatsuena.”
Baina salbuespenak ere badaude halako erregela garrantzitsu batean. Gutxik esango lukete Suitza ez dela nazio bat. Suitzako identitate nazionala mendeetan zehar identitate nazional indibidual bat mantentzeko eman den borroka batean eraiki da, batez ere Austriaren aurrean. Suitzarrek ez dute hizkuntza komun bat, Leninek azpimarratu zuen bezala: “Suitzan hiru hizkuntza ofizial daude baina erreferendumetan zehar lege-proiektuak hiru hizkuntzetan inprimatzen dira, hau da, hiru ofizialetan eta bi dialekto ‘erromantzetan’. 1900eko erroldaren arabera, Suitzak dituen 3.315.443 biztanleetatik 33.651ek dialekto hauek hitz egiten dituzte, hau da, %1ak baino ez askok gehiagok. Ejertzitoan ofizialek eta subofizialek ‘askatasun osoa dute euren ama hizkuntzan hitz egiteko euren soldaduei’. Valaisko eta Grisoietako kantoietan (bakoitzak ehun mila biztanle baino zertxobait gehiago duelarik) bi dialektoek eskubide berdintasun osoa dute” (Lenin, Ohar kritikoak arazo nazionalari buruz).
Auzia ulertzeko gakoa haserako proposizioan agertzen da, nazio bat historikoki eratu den entitate bat da. Nazio bat ikertzeko hurbilketa burutzen dugunean hau elementu bizi bat bezala hartu behar dugu, eboluzioa jasaten duen zerbait bezala, aldatzen eta garatzen dena. Nazio bat ez da finkoa edo estatikoa den zerbait. Nazioak sor daitezke lehen ez zeuden lekuan, kontzientzia nazionalak sortzen dira lehen ez zeuden lekuetan. Hau da Hegoamerikako lurralde askoren kasua, inperialismo espainiarretik eta portugaldarretik bereizi zirenean identitate nazional bat eraikitzen hasi baitziren, espainiarrengandik edota portugaldarrengandik bereiziko zituen zerbait. Edota hauxe da, era berean, Indiako kontzientzia nazionalarena, hau inperialismo britainiarrak sortu baitzuen oharkabean.
Historikoki, nazioen garapena baimendu duten lehengaiak anitzak izan dira: gerrak, inbasioak, iraultzak…iraganeko loturak apurtzen dituztenak, muga berriak sortzen dituztenak, kontzientzia berriak sortzea ahalbidetzen dutenak. Prozesuak, gainera, bere aurkako bilaka daitezke. Lehen nazio zapaldu bat zena edota kolono esklabo bat zena Estatu inperialista ankerrena eta zapaltzaileena bihur daiteke. Adibiderik hoberena Estatu batuen kasua da, iraganean kolonia britainiar bat izan zena eta orain munduko Estatu inperialista boteretsu eta erreakzionarioena bezala ikus dezakeguna. Eta berdin duela gutxi atzerriaren menpetik askatu ziren Estatu burges batzuekin eta oraindik potentzia inperialista handien aurrean makurturik jarraitzen duten haiekin, lekuko potentzia inperialista bezala jokatzen baitute askotan. Indiak, esaterako, paper inperialista bat jokatzen du Nepalekiko, Assamekiko eta Kaxmirrekiko. Errusia 1917 aurretik potentzia inperialista garrantzitsuenetariko bat zen, kapitala esportatzen ez bazuen ere eta herrialde atzeratu eta erdi-feudal bat izanik ere, baina erlazio erdi-kolonial bat mantentzen zuen Britainia Handiarekiko, Frantziarekiko eta beste herrialde kapitalista garatu batzuekiko.
KLASEKO AUZI BAT
Auzi nazionala, beste auzi sozial guztiak bezala, izatez klaseko auzi bat da. Hau izan zen Leninen jarrera. “Kultura nazional bakoitzean, garaturik ez badaude ere, kultura demokratikoaren eta sozialistaren elementuak daude, nazio bakoitzean langile masa zapaldu bat baitago, bere bizi baldintzek ideologia demokratiko eta sozialista bat garatzea ekartzen duelarik nahita ez. Baina nazio bakoitzean aldi berean kultura burges bat dago (eta gainera, kasu gehienetan, ultraerreakzionarioa eta elizkoia), eta ez ‘elementu’ soil baten itxuran bakarrik, kultura agintari bat bezala baizik. Horrexegatik, ‘kultura nazionala’ orokorrean lurjabeen, apaizen eta burgesiaren kultura izan ohi da” Lenin, Ibid.).
Marxisten eginkizuna arazo nazionala klaseko auzi bezala argitara ematea da, bereizketa hau ez estaltzea, eta hau berdin-berdin gertatzen da nazioa zapaltzailea izan edota zapaldua izan. Leninekin jarraituz: “Elkarte anonimoetan nazio ezberdinetako kapitalistak erabat bat eginik aurkitzen ditugu. Lantegietan hainbat naziotako langileek batera egiten dute lan. Auzi politiko benetan funtsezko eta sakon guztietan elkarketak klaseen arabera egiten dira eta ez nazioen arabera” (Lenin, Ibid.).
“Langile klasearen interesek eta kapitalismoaren aurkako bere borrokak nazio guztietako langileen arteko elkartasun eta batasun handiena exijitzen dute, edozein naziotako burgesiaren politika nazionalista errefusatzea exijitzen dute”.
“(…) Soldatapeko langileari bost axola dio bere esplotatzaile nagusia burgesia errusiarra edota alogeniarra den, edota burgesia poloniarra edota hebraitarra den, etab. Bere klasearen interesez kontzientea den soldatapeko langileari berdin zaizkio kapitalista errusiarren estatu-pribilejioak edota kapitalista poloniarrek edota ukrainarrek beraiek estatu-pribilejioak eskuratzen dituztenean lurrean paradisu bat ezartzeari buruz egingo dizkioten promes guztiak”.
“(…) Edonola ere, soldatapeko langileak esplotazioaren objektu izaten jarraituko du, eta honen aurka arrakastaz borroka egiteko proletalgoa edozein nazionalismorekiko independentea izatea beharrezkoa da, proletarioek neutraltasun jarrera erabatekoa mantentzea hainbat naziotako burgesiek euren artean nagusigoagatik egiten dituzten borrokekiko. Edozein naziotako proletalgoak, oso gutxi bada ere, ‘bere’ burgesia nazionalaren pribilejioak babesten baditu, ezinbestean beste nazioetako proletalgoaren mesfidantza eragingo du honek, langileen nazioarteko klaseko elkartasuna ahulduko du, banandu egingo du burgesiaren bozkariorako. Eta autodeterminaziorako, edota bereizkuntzarako, eskubidea ukatzeak, praktikan, nazio menperatzailearen pribilejioak babestea adierazten du.” (Lenin, Nazioen autodeterminaziorako eskubidea).
“Burgesiaren kultura nazionala izate bat da (berriro ere errepikatzen dut, burgesiak, leku guztietan, lurjabeekin eta apaizekin elkar hartzen duenaren berezitasunarekin). Burgesiaren nazionalismo militantea, langileak kirtentzen, engainatzen eta banantzen dituena, burgesiari atzetik jarraitzeko, gure garaiko oinarrizko izate bat da.”
“Proletalgoari zerbitzatu nahi dion orok nazio guztietako langileak batu beharko ditu, nazionalismo burgesaren aurka borrokatuz nahitaez, bai bakoitzaren bai besteren nazionalismo burgesaren aurka” (Ibid.)
Argi geratu da Leninek auzi honekiko zuen jarrera. Beste hainbat eta hainbat aipu aurki ahal daitezke bere lanean zehar.