• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Zein arrazoik zeraman Lenin nazioen autodeterminaziorako eskubidea babestera? Klase borroka sustatzeko ikuspegiak, langile klasearen batasuna lortzeko ikuspegiak. Boltxebikeentzat arazo nazionalak ez zuen arazo eta oztopo bat bakarrik suposatzen, baita potentzial iraultzaile izugarri bat ere.

LANGILE ERAKUNDEEN BATASUNA

Behin baino gehiagotan aipatu dugu Alderdi Boltxebikeak auzi honen inguruko politika egoki bat jarraitu ez balu, ez zukeela sekula 1917ko Iraultzako arrakasta lortuko. Leninek, batez ere 1903tik aurrera, langile klasearen eta bere erakundeen batasuna mantentzeko beharra azpimarratu zuen behin eta berriro, nazionalitate, hizkuntza, arraza edota erlijio desberdintasunak alde batera utzita, izan ere, garai haietan, Bund alderdi judutarra langile judutarrak gainerako langileetatik bereizirik antolatzeko lanetan ari baitzen.

“Alderdi burgesek hizkuntzaren auziaren, etab.en inguruan dituzten higuin nazionalei langile demokraziak baldintzarik gabeko batasuna eta erabateko fusioa kontrajartzen die, nazionalitate guztietako langileena eta langile erakunde guztietakoa: profesionaletakoa, kooperatibistetakoa, kontsumokoetakoa, kulturaletakoa eta nazionalismo burgesaren aurkako kontrapisu den guztietakoa. Batasun eta fusio horrek bakarrik babes ditzake demokrazia, langileek kapitalaren aurrean dituzten interesak –azken honek izaera internazionala baitu eta egunetik egunera are gehiago- eta pribilegio eta zapalkuntza orotatik aske legokeen bizitza-erregimen berri baterako gizateriaren garapenaren interesak”. (Lenin, Arazo nazionalaren inguruko ohar kritikoak).

Trotskyk azaldu zuenez, autodeterminazio eskubidea Leninek arazo nazionalaren inguruan zuen posizioaren erdia besterik ez da. Txanponaren beste aldea langile klasea lerro nazionaletan bereiztearen aurkako oposizio zorrotza da. Ongi bereizi behar dira bi elementu hauek. Autodeterminazio eskubidea eskaera demokratiko bat da –edota, hobeto esanda, eskaera demokratiko-burges bat, historikoki iraultza burgesaren eginkizunei lotua. Programaren erdi hau nazioaren osotasunarekin dago lotuta. baina proletalgoari ez zaio langile erakundeak lerro nazionaletan bereiztea interesatzen. Arraza- edota nazionalitate- talde ezberdinentzat erakunde bereiziak sortzea hilgarria da proletalgoarentzat, berau zatitzea eta ahultzea suposatzen baitu jokabide horrek. Gauza bat arrazismoaren eta nazionalitate zapaltzailearen txobinismoaren aurka borroka egitea da, eta bestea, langile klasea zatitzea, nazionalitatearen, hizkuntzaren, erlijioaren eta arrazaren arabera.

Hau ez zen sekula izan Alderdi Boltxebikearen eta bere aurreko Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren jokabidea. Errusiako tendentzia sozialdemokrata bat bera ere (Bund-eko buruzagiak alde batera uzten baditugu) ez zegoen mugimendua lerro nazionaletan zatitzearen alde. Mentxebikeek ere, boltxebikeen posizio berbera defendatzen zuten. Gai hau Alderdi Sozialdemokratan hasera hasieratik hasi ziren eztabaidatzen, sozialdemokrata judutar batzuek Alderdiaren barnean erakunde bereizi bat eskatu zutenean. Bund-ak, Errusia Mendebaldean eta Lituanian –han populaketa judutar handia baitzen- indar handia zuenak, langile judutarren izenean hitz egiteko eskubideaz gain erakunde sozialdemokrata judutar bat eratzeko eskubidea ere bazuela zioen. Leninek eta marxista errusiarrek errefusatu egin zuten nahi hau eta alderdi eta langile sindikatu bakar baten beharra azaldu zuten behin eta berriz. Azalpena? Langile klasearen armarik indartsuena batasuna izatea, eta hau kosta ahala kosta defendatu beharra. Laburbilduz, klase ikuspuntua arazo nazionalaren inguruan, berriro ere.

JUDUEN AUZIA

 

Askotan, langile mugimendua zatitu nahi izan dutenek, demagogia lotsagabea eta sentimentalismo negartia erabili izan ohi dute, zapalduen egoera zaila edota pairatzen dituzten injustizia latzak direla eta, beltzak eta zuriak, nazio zapaltzaileko langileak eta nazio zapaldukoak, gizonezkoak eta emakumeak… borrokan batzea ezinezkoa dela azalduz. Boltxebismoaren historia baieztapen honen aurkako froga argia da, judutarren auziari begirada bat ematea nahikoa. Juduak Errusian zapalduak eta sistematikoki diskriminatuak ziren, besteengandik bereizita zeuden auzoetan bizitzera behartuta zeuden eta progrom odoltsuen jo puntu ziren. Ehuneko mugatu batek bakarrik zuen Estatuko zerbitzuetan lan egiteko aukera eta goi hezkuntzako ikasketak burutzekoa. 1917an judutarren eskubideak mugatzen zituzten 650 lege zeuden. Zapalkuntza nazionalaren forma krudelenetako baten adibide eztabaidaezina.

Leninek beti azaldu zuen langileen betebeharra euren berezko burgesiaren aurka borroka egitea zela. Honek langile guztiak hartzen ditu beregan, baita zapalduenak ere. Horrexegatik egin zieten uko sozialdemokrata errusiarrek Bund-aren eskakizunei. Judutarrek zapalkuntza izugarri bat pairatzea ez zen hauek mugimendutik bereizteko arrazoi bat. Bund-ak “autonomia kultural nazionalaren” leloa defendatzen zuen, Otto Bauerren eta marxista austriarren programatik hartu zutena. Lelo honek are eta zentzu gutxiago zuen judutar errusiarren kasuan Inperio Austro-Hungariarrean baino. Populazioa han-hemenka sakabanaturik, batez ere hirietan bizi ziren juduak, ez ziren lurralde definitu batean bizi, nazio baten existentziarentzako baldintzetako bat. “Autonomia nazional kulturalaren” ideiak populazio judutar sakabanatua eskola eta erakunde esklusiboki judutarretan biltzea suposatzen zuen. Eskaera honek, Trotskyk utopia erreakzionariotzat kalifikatu zuenak, judutarrak gainerako populazioarengandik geroz eta gehiago bereizteko eta isolatzeko balioko zuen, arrazagatiko tentsio eta gatazkak handitzeko.

Judutarrek ez zuten ez lurralde ez hizkuntza komunik. Errusiako eta Europa Ekialdeko judutar askok yiddish-a hitz egiten bazuten ere, beste askok ez zuten egiten. Herrialde kapitalista aurreratuetan judutarrek bizi ziren herrialdeko hizkuntza hitz egiten zuten. Espainiar jatorriko judutar sefardiek mendeetan zehar gaztelera mantendu zuten euren ama hizkuntza bezala. Errege Katolikoen garaian kanporatuak izan ostean, Mediterraneo osoan zabaldu ziren eta aukera zuten aldi oro bizi ziren biztanlerian integratzen saiatzen ziren. Baina erdi aroko Eliza katolikoaren fanatismoak eta oskurantismoak integrazio hau erabat oztopatu zuen. Juduak gizartetik baztertuak izan ziren. Debekatua zuten lur-jabe izatea, gizarte feudalaren marjinetan zeuden ogibideak izatera beharturik zeuden, merkatal edota lukurreria aktibitateak batez ere. Judutarren bortxazko bazterketa bihozgabeagoa izan zen Errusia tsarista atzeratuan.

Leninek, judutarrak klasifikatzeko izan zuen zailtasuna erakutsiz, kasta zapaldu berezia deitu zien: “Gauza bera esan dezakegu nazio hebraitarraren inguruan, zapalduena eta jarraituena dena. Kultura nazional hebraitarra errabinoen eta burgesen leloa bat da, gure etsaien lelo bat, baina kultura hebraitarrean eta herri hebraitarraren historia osoan badaude beste elementu batzuk ere. Munduan dauden hamar milioi eta erdi hebraitarretatik, erdia baino zerbait gehiago Galitzian eta Errusian bizi dira, herrialde atzeratu eta erdi-basatietan, hebraitarrak indarrez kasta egoera batean egotera beharturik daudelarik. Gainerako erdia mundu zibilizatuan bizi da, non hebraitarrak kasta bezala isolaturik ez dauden. Han begi-bistan gelditu dira kultura hebraitarraren ezaugarri aurrerakoiak, mundu mailako esangurakoak: euren internazionalismoa eta garaiko mugimendu aurreratuenen oihartzun bilakatzeko gaitasuna (mugimendu demokratiko eta proletarioetan parte hartzen duten hebraitarren ehunekoa, leku guztietan, populazioan duten ehunekoa baino handiagoa da)” (Lenin,

Ibid.).

Judutarrek nazio ezaugarriak ez bazituzten ere (lurralde, hizkuntza… batasun eza), Urriko Iraultzaren ostean boltxebikeek autodeterminazioa eskaini zieten judutarrei, aberri bat bermatuko zitzaien, eurek nahi bazuten hara (Birobiyanera) emigratu zezaketelarik, nahiz eta gutxik aukeratu zuten aukera hau. Hau mila aldiz hobea zen Palestinan Estatu judutar bat sortzea baino, mendeetan zehar arabiarrak aurkitzen ziren lekuan, azken aldian berriro ere bortiztasun osoz azaleratu diren gatazka amaigabe eta odoltsua eraginez. Israelgo Estatuaren sorrera marxistek arbuiatu zuten ekintza erreakzionario bat izan zen. Trotskyk ohartarazi bezala, herri judutarrarentzako ere tranpa krudel bat bilakatuko zen. Eta hala da. Israeldarrek irudi erreakzionarioa dute mundu mailan, kultura itxi bat bezala erakusten dira, euren tradizioak muturreraino defendatzen dituztenak bezala, handik kanpoko ezer onartzen ez dutelarik, eta normalean kalifikazio hauek egiten direnean ez da israeldar proletarioen eta israeldar kapitalisten artean bereizketarik egiten. Kultura baten izaera irekia edo itxia ez du bere izaera propioak, izaera kultural metafisiko batek determinatzen, egoera sozialak baizik. Urriko Iraultzaren ostean judutarrak bikain integratu ziren gizartean, askapen zibila eta berdintasuna eskuratu zuten. Euren nahiak asebete zituzten eta horrexegatik gehienek egin zioten uko aberri berri horretara joateari. Kultura hebraitarra kultura zapaltzaile eta atzerakoi bezala erakustean, eta benetan zapaltzaileak gainerako kulturetan bezala judutar gutxi batzuk direla esaten ez denean, berriro ere langileriaren batasuna apurtzen da, eta ez langile israeldarrak bakarrik, mundu osoko proletalgoa ere tranparik krudelenean erortzen da, kapitalistek (judutarrak izan edota palestinarrak izan) eskuak igurzten dituzten bitartean.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.