• Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

    Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

  • Gaza, infernua lurrean

    Gaza, infernua lurrean

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3


Nazionalismo errusiarra stalinismoaren siames bereiztezina izan zen bere alderdi guztietan. Ideologia stalinistaren oinarrian herrialde bakar bateko sozialismoaren teoria dago. Nozio antimarxista hau ez zuketen sekula ez Marxek ez Leninek defendatuko.

Herrialde bakar bateko sozialismoa   

1924an Stalinek oraindik ere Leninen posizio internazionalista defendatzen zuen. Urte hartako otsailean Stalinek Leninek sozialismoaren eraiketaren inguruan zituen iritziak laburbildu zituen Leninismoaren oinarriak lanean:

“Herrialde batean burgesiaren boterearekin amaitzea eta gobernu proletario bat eratzea ez da sozialismoaren erabateko garaipenaren berme. Sozialismoaren eginkizun nagusiak –ekoizpen sozialistaren antolaketak- egiteke jarraitzen du. Eginkizun hau burutu al daiteke herrialde bakar bateko sozialismoaren garaipenarekin, herrialde garatu ezberdinetako proletalgoaren esfortzu eta babesik kontuan hartu gabe? Ez, ezinezkoa da. Burgesia garaitzeko ez dira nahikoa herrialde bakar baten esfortzuak, gure iraultzaren historiak hori baieztatzen du. Sozialismoaren erabateko garaipenerako, ekoizpen sozialistaren antolaketarako, ez dira aski herrialde bakar baten esfortzuak, eta bereziki Errusia bezalako herrialde nekazari batenak. Honetarako herrialde garatuetako proletalgoaren esfortzuak ezinbestekoak dira.

“Hauxe da iraultza proletarioaren teoria leninistaren ezaugarri nagusia”.

Hauxe da hain zuzen “iraultza proletarioaren teoria leninistaren ezaugarri nagusia”, Leninek ehundaka hitzaldi, artikulu eta dokumentutan errepikatu zuena 1905etik aurrera. Baina 1924aren azkenetan Stalinen liburua errebisatua izan zen eta honen lekuan kontrako ideia ipini zen. 1926ko azaroan Stalinek aurretik esandakoaren justu kontrakoa baieztatu zuen: “Alderdiak beti herrialde bateko sozialismoaren garaipenaren ideia hartzen du abiapuntutzat, eta eginkizun hori herrialde bakar baten indarrekin aurrera eraman daitekeela”.

Lerro hauek Leninen internazionalismo proletarioaren politikarekin erabat hausten dute. Stalin ez zen sekula halakorik esatera ausartuko Lenin bizi izan zen artean. Hasera batean, herrialde bakar bateko sozialismoaren teoriak iraultzarekin loratu berri zen burokraten kastan zegoen giroa islatzen zuen, haizete iraultzaileen aroari amaiera eman nahi baitzioten. Urriaren aurkako erreakzio burges txiki baten adierazpen teorikoa zen. Herrialde bakar bateko sozialismoaren banderapean, burokrazia stalinistak aldebakarreko gerra bat zuzendu zuen boltxebismoaren aurka, Leninen alderdiaren suntsipen fisikoa eta erregimen totalitario iguingarri baten sorrera ekarriz.

Alderdi Boltxebikearen hezurren gainean eraikitako errejimenak azkenean Urriko Iraultzaren aztarren guztiak deuseztu zituen. Baina hori ezin zitekeen aurrikusi. Errusiako iraultzaren ostean, Internazional Komunistak berriro ere posizio zuzen bat defendatu zuen arazo nazionalaren inguruan. Baina stalinismoaren garapenarekin eta Internazional Komunistaren degenerazioarekin oinarrizko ideia hauek guztiak galdu egin ziren. Atzerriko alderdi komunistetako buruzagi gehienek itsu-itsuan jarraitu zuten Moskuk ezarritako politikaren bidea. Posizio independiente bat izaten saiatu zirenak espultsatuak izan ziren. Kominterna iraultza proletarioa mundura garraiatzeko herraminta izatetik, Stalinen kanpo politikarako instrumentu politiko bilakatu zen. 1943an, jada erabilgarria ez zitzaionean, Stalinek, mespretxu osoz, desegin egin zuen kongresurik ere gabe.

Gizon bakarra izan zen herrialde bakar bateko sozialismoaren teoriak zer ekarriko zuen aurrikusteko gai. 1928aren haseretan, Leon Trotskyk ohartarazi zuen Kominternak teoria hau onartzen bazuen, ekarriko zuen ondorioa munduko alderdi komunista guztien degenerazio erreformista nazionala izango zela, berauek boterean egon edo ez. Hiru belaunaldiren ostean, Sobiet Batasuna eta Internazional Komunista suntsituta aurkitzen ziren eta alderdi komunistek egiazko politika leninista bat defendatzeko nahia erabat alboratu zuten.

Ukrainako auzia

Trotskyrentzat, Leninentzat bezala, autodeterminario eskubidearen eskaera babesteko auzia auzi konkretu bat zen: erantzuna proletalgoaren interesek eta munduko iraultzarenak determinaturik zegoen. Trotskyren metodoaren adibide argia Ukrainarekiko izan zuen jarrera izan zen 30eko hamarkadan. Burokrazia estalinistak Ukrainarekiko izan zuen jokabide nardagarriak erabat kaltetu zituen Urriko Iraultzak Errusiaren eta Ukrainaren artean sortu zituen elkartasun lokarriak.

Georgiaren moduan, Ukraina herrialde nekazaria zen ia bere osotasunean, populazio nekazaria gehiengoa zen. Herrialde handi bat, Estatu Frantziarrarekin konpara zitekeen biztanlegoa eta tamainua zituena, eta garrantzia estrategiko handikoa boltxebikeentzat. Ukrainan iraultzak arrakasta izatea ezinbestekoa zen iraultza Poloniara, Balkanetara eta garrantzitsuena zena, Alemaniara zabaltzeko. 1919ko urtarrilean Christian Rakovskik, Ukrainako Errepublika Sobietarreko Komisarioen presidenteak, zera zioen: “Ukraina da sozialismoaren puntu estrategiko nagusia. Ukraina iraultzaile bat sortzeak Balkanetan iraultza eragitea esan nahiko luke eta proletalgo alemaniarraren goseari eta munduko inperialismoari aurre egiteko posibilitatea emango luke. Ukrainako iraultza mundu mailako iraultzaren faktore erabakigarria da”.

Botere sobietarra zenbait zailtasunekin ezarri zen Ukrainan. Handiena nekazarien nagusigo izugarria zen. Egoera arazo nazionalagatik zaildu zen. Ukrainiera errusieraren oso antzekoa izan arren, eta bi herri hauek mendeetan zehar historia komun bat izan badute ere (Kiev hasera batean Rus zaharraren hiriburua izan zen), halaber, ukrainiarrek herri desberdin bat osatzen dute, euren hizkuntzarekin, kulturarekin eta identitate nazionalarekin –chauvinista errusiarrek onartu ohi ez zuten errealitatea, tradizionalki errusiar txikiak deitzen zietelarik-.

Ukrainan bereizketa nazionala gizarte ukrainiarraren klase bereizketarekin bat zetorren. Biztanlegoaren %80a ukrainieraz hitz egiten zuten nekazariak ziren, eta biztanlego hiritarraren zati handi bat errusiarrak. Boltxebikeek oinarri tinko bat zuten hirietan, baina landan oso ahulak ziren. Boltxebikeen ahultasuna zera zen, alderdi errusiar eta judutar bat bezala ikusiak zirela. Baina iraultza Ukrainara nahita ez iritsi zenez, nekazalgoaren artean klase desberdintasuna agertu zen eta hau Ukrainako erakunde tradizional zaharretako eszisioetan islatu zen. Gertakaririk garrantzitsuena borot’bistsen eboluzioa izan zen, ezkerreko sozialiraultzaile errusiarren lerro ideologikoarekin aldera daitezkeenak. Gerra Zibilean zehar, borot’bistsak boltxebikeekin elkartu ziren zurien aurka borroka egiteko. Boltxebike ukrainarrek zalantzak izan bazituzten ere, Leninek behin eta berriro borot’bists hauekin elkartzeko eskatu zien. Zailtasun askoren ostean Alderdi Komunistarekin fusionatu ziren, alderdiari lehenengo aldiz masa oinarri bat emanez nekazalgo ukrainarraren gainean. Hau erabakigarria izan zen Ukrainako iraultzaren garaipenerako.

Egia da gero zailtasun asko sortu zirela alderdi ukrainiarreko desbideraketa nazionalistarekin. Baina gaindituak izan ziren Leninek eta Trotskyk arazo nazionalaren inguruan izando politikak ezaugarritzat zituen pazientziarekin eta sentsibilitatearekin. Stalinen etorrerak giroa aldatu zuen ordea. Alderdiaren XX. Kongresuan, 1923an, Rakovskik burokratizaziorako eta chauvinismo errusiar handirako zetorren joera gorakorraren aurkako borroka zuzendu zuen. Ausartki honako hau jaurti zuen: “Stalinek azalpenaren erdia bakarrik eman du. Bada bigarren azalpen bat, garrantzitsuagoa, batetik gure alderdiaren eta gure programaren eta beste aldetik gure Estatu aparatuaren artean dagoen diferentzia. Hau da auzi zentrala eta garrantzitsua.

Gure autoritate zentralak, geroz eta gehiago, herrialdearen administrazioa konbenientziaren ikuspuntutik ari dira begiratzen. Noski, aspergarria da hogei errepublika administratzea eta baliagarriagoa litzateke herrialde guztia bateraturik balego. Ikuspuntu burokratikotik hau sinpleagoa, errazagoa eta gustagarriagoa litzateke”.

Boterea burokraten aristokrazia pribilejiatu berri baten eskuetan kontzentratu izanak eragin erabat hondagarria izan zuen auzi nazionalarengan Sobiet Batasunean. Indarrezko kolektibizazioaren abentura burokratikoak ondorio suntsitzaileak ekarri zituen Sobiet Batasun osoan, baina batez ere Ukrainan. Stalinen purgak lehenago hasi ziren bertan gainerako errepubliketan baino, nekazari ukrainarrek erokeria hari oposizioa aurkeztu ziotelako. Aldi berean, oposizioa ikusgai zegoen Alderdi Komunista Ukrainarraren lerroetan. 1933 eta 1936 bitartean, Stalinek alderdi ukrainarra suntsitu zuen. Urte bakarrean, 1933an, alderdiko lurraldekako ordezkarien ia erdiak purgatuak izan ziren. Asko ziren Stalinen aldekoak, Skrypnik bezala, baina boltxebike zahar honek, alderdi ukrainarreko buruzagi gailenak, bere buruaz beste egin zuen purgen aurkako protesta gisa. Hau lehen kolpea bakarrik izan zen. 1938an, Moskuko Purgen puntu gorenean, alderdiko erakundeetako idazkarien ia erdiak purgatuak izan ziren berriro ere. Hau ohar argi bat zen Stalinen burokraziaren aldetik: Moskuko burokraziarekiko erabateko morrontza bakarrik izango zen onartua. Arazo nazionalaren ebazpena ibilbide berri bat hartzen hasi zen kasta berri honen goraldiarekin.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.