• Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

    Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

  • Gaza, infernua lurrean

    Gaza, infernua lurrean

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3


Burokraziaren goraldiaz eta honetatik sortu zen Stalinen boterera iristeaz aritu ginen aurreko alean, eta prozesu honen ondorioz nazioen auziaren inguruan boltxebikeek izandako politika erradikalki itxuraldatu zela azaltzen genuen, Moskuren boterea handituz eta gainerako errepublikak nazionalismo errusiar handiaren menpeko bilakatuz.

Ukrainako auzia eta Trotsky

Trotskyk erbestean zela ikusi zuen prozesu hau. Ukrainan bereziki, purgak inon baino gogorragoak izan zirela azaldu zuen eta burokrazia errusiarraren neurri zapaltzaileek Ukrainako eta Sobiet Batasuneko gainerako lurraldeen arteko lokarrien artean tentsio onartezin bat ekarriko zutela. Trotskyrentzat begi-bistakoa zen nazionalismo burges kontrairaultzaile ukrainar bat birsortzeko aukera, eta testuinguru hartan joera honek nekazariengan oinarri oso zabala aurkituko zuela. Mundu Gerra berri baten ezinbestekotasunaz ere hitz egin zuen Trotskyk Hitler Sobiet Batasuna inbaditzen saiatzen bazen, eta egoera honetan auzi ukrainarrak oinarrizko garrantzia hartzen zuela munduaren etorkizunerako.

Baldintza hauetan Trotskyk Ukraina sobietar sozialista eta independente baten kontsigna aurreratu zuen. Bere nahia argia zen: Ukraina Sobiet Batasunetik oinarri erreakzionarioekin bereizi nahi zuten nazionalista burges ukrainarren zutabeak suntsitzea, bereizketa horrek Ukraina, bere nekazal eta industria potentzial izugarriarekin, Hitlerri oparitzea suposatuko baitzuen. Trotskyk, Ukrainako iraultza politiko batek ezinbestean arazo nazionala puntu garrantzitsu bezala ipiniko zuela ulertzen zuen, eta gauzak jada hain urrun joan zirela ezen ezinezkoa zela Ukrainia beharturiko batasun hartatik askatzea saihestea, nekazariek bortizkeriarekin, sufrimenduarekin eta umilazio nazionalarekin identifikatzen zutena. Boltxebike-leninista ukrainarren eginkizuna, beraz, mugimendu nazional ukrainarrari eduki sozialista eta ez burges bat ematea zen.

Ukrainan iraultza arrakastatsu bat aurrera eramateak izugarrizko eragina izango zuen Errusian eta estatu bizilagunetan, batez ere mendebaldeko Ukrainan, Poloniako Pilsudskiren diktadura bonapartistapean itorik baitzegoen. Ukraina erregimen sozialista sobietar independente baten oinarrietan birbateratzeak Pilsudskiren gainbehera eta Polonian iraultza sozialista bat hastea ekarriko zuen. Honek, aldi berean, langile klase alemaniarrari indarra emango zion Hitlerren aurka altxatzeko. Horregatik hartzen zen Ukraina “munduko iraultzaren giltzarri” gisa, langile klasea boterera iritsi bazen, Errusiagandik bereizirik ere, federazio baterako atea gerora ere irekiko baitzen iraultza aurrera eramanez gero. Hala ere gauzak ez ziren Trotskyk espero bezala irten, eta Bigarren Mundu Gerrak ikuspegi hauekin amaitu zuen.

1939an Stalinek Hitlerrekin Itun famatua sinatu zuenean eta Ejertzito Gorria Poloniaren zati bat okupatzera bidali zuenean, Mendebaldeko Ukraina barne, Trotskyk ohartarazi zuen Hitlerrek bere hitza hautsiko zuela eta Sobiet Batasunari erasoko ziola. Egoera honetan Ukrainako deskontentu nazionala Sobiet Batasunarentzako mehatxu hilgarri bilakatuko zen. “Honekin Hitlerrek bi helburu betetzen ditu: lehena, Sobiet Batasuna bere orbita militarrera erakartzea; bigarrena, Ukraina Handi bat eraikitzearen programaren konponbidean aurrerapauso bat gehiago ematea. Hitlerren politika honako hau da: bere konkistentzako ordena jakin bat ezartzea, bata bestearen atzetik, eta konkista bakoitzarekin laguntasun sistema berri bat sortzea. Egungo etapan Hitlerrek bere lagun Stalini Ukraina Handia eskaintzen dio barne gordailuzain bezala. Hurrengo etapan Ukrainaren jabea nor ote den planteatzen duen auzia azaleratuko du, edo bera edo Stalin.” (Trotsky, Idatziak).

Trotskyk ohartarazi zuenez, burokrazia stalinista errusiarrak Ukraina nazionalki zapaltzeak ukrainarrak Hitlerren besoetara bultzatzea ekarriko zuen. Arrazoi honexegatik beragatik, eta testuinguru historiko jakin batean, Trotskyk “Ukraina sobietar eta independente” baten leloa aurreratu zuen, nazionalismo burges ukrainar erreakzionarioari aurre egiteko eta langile eta nekazari ukrainarrak botere sobietikoaren ideiara bereganatzeko. Bigarren Mundu Gerraren bezperetan hauxe idatzi zuen:

“Ukrainako iritziaren sektore batean Alemaniaren aldeko orientazioa bere izaera erreakzionarioan eta bere utopismoan agertuko da orain. Orientazio iraultzailea bakarrik gelditzen da. Gerrak prozesua martxa bikoitzean joatea ekarriko du. Honek oharkabean har ez gaitzan, auzi ukrainarraren inguruko posizio argi eta apropos bat hartzea eskatzen du.” (Ibid.)

1941ean, hain justu Stalinen agente batek Trotsky erail eta urte betera, honek aurreikusi bezala, Hitlerrek Sobiet Batasuna inbaditu zuen. Eta pentsatu bezala, ukrainar askok, bereziki nekazariek, hasieran Alemaniari itxaropentsu begiratu zioten, edota konformitatez behinik behin. Baina laster aldatu zen, nazien politika arrazista burugabea zela eta, honen azpiko arrazen erokeriarekin. Sobiet Batasuna tropa amerikarrek eta merkantzia amerikarrekin inbaditua izan bazen emaitza desberdina izango zen. Baina Hitlerren tropak ez ziren merkantzia merkeekin etorri, gas kamarekin baizik. Emaitza zera izan zen, ez Ukraina bakarrik, baizik eta Sobiet Batasun osoa, nazi okupatzaileen aurka borroka egiteko altxatu zela. Azkenerako kolaboratzaileen kopurua oso txikia zen, baita Ukrainan bertan ere. Stalinismoak buruturiko krimen guztiak hor bazeuden ere, hau gutxieneko gaitz bezala hartu zuten.

Garrantzitsua da Trotskyk Ukraina kasu berezi bat bezala ikusten zuela ulertzea. “Ukraina sozialista sobietar” independentearen behin behineko leloa arrazoi bereziengatik jaurti zuen, eta ez zen berdin gertatu SESBko gainerako errepublikekin. Areago, lelo hau jada ezin da aplikatu Ukrainan. SESBen gainbeheraren ostean, Ukrainak -gainerako errepublika zaharrek bezala- independentzia eskuratu du. Baina, hura gertatu zenetik ia bi hamarkadetara, masa Ukrainarrek ez daukate ezer, euren ekonomiaren eta kulturaren gainbeheratik ondorioak atera dituzte, eta Sobiet Batasun ohiarekin berriro ere elkartzearen aldeko giroa sektore zabalen artean hedatu da. Ukrainarrek euren eskubide demokratikoak nahi dituzte, noski, besteak beste euren auziak kudeatzeko autonomia eta euren nahi nazionalak, hizkuntza eta kultura errespetatzea. Berdinak bezala tratatuak izan nahi dute, ez bigarren mailako “errusiar txiki” bezala. Beste hitz batzuetan, egiazko Federazio Sozialista bat nahi dute, printzipio leninistetan oinarritua.

Baina Trotskyk bere garaian erabili zuen kontsigna hura mekanikoki edozein egoeratara aplikatzea ez da oso zentzuzkoa. Arazoak bere historikotasunean ulertu behar direla azaltzen du marxismoak, eta ondorioz, kontsigna unibertsalik ez dago: garai bakoitzak dagokiona exijitzen du. Ondorioz, kontsigna hau, Kosovoren independentzia defendatzeko hainbat talde ezkertiarrek eta nazionalistek erabili zuten bezala erabiltzea lekuz kanpo dago. Metodo dialektikoa, Leninek eta Trotskyk erabiltzen zutena, oinarrizko proposizio batetik abiatzen da: “egia beti konkretua da”. Eta Kosovoren kasuak ez zuen inongo erlaziorik Ukrainak garai hartan zuenarekin. Ikusi besterik ez da nola amaitu duen, izan ere, ikuspegi sozialista bat ezean, Kosovoren independentzia hitz joko huts bat bilakatu da eta inperialismoaren feudo berri bat bilakatu zaigu iraganeko Jugoslaviaren barrenean. Jugoslaviaren zatiketa ekintza erabat erreakzionarioa izan zen, eta historikoki eskualde horretan gertatu bezala atzetik inperio handien atzaparrak nabari ziren. Estatu Batuek NATOren mozorroa erabiliz egin zituzten azpijokoak izan ziren ekuazioko elementu garrantzitsuena. Protektoratu amerikar bat sortu da Kosovorekin, autodeterminazioaren teoriaren izenpean. Azken finean, Kosovoko talde independentistak Estatu Batuen agente bilakatu dira, haien enbaxadore zuzenak. Balkanetako gerra berri bat pizteko aukerak ere bost axola ziela adierazi zuten behin baino gehiagotan, narkotrafikoa edota serbiarren, ijitoen eta beste gutxiengo nazionalen hilketa sistematikoak eguneroko ogi bilakatuz. Kosovo independente baten izenean gainerako nazionalitateak zapaltzeko prest agertu dira, dirudienez nazio zapaldu gisa izandako iragana erabat ahaztuz. Eta lehen hain iraultzaile gisa aurkeztu zirenak erreakzioaren adibide nagusi bilakatu dira. Azken finean nazio auzia klaseko ikuspunturik gabe hartzeak halako jarrera xenofobo tamalgarriekin amai dezake, langile klasea zatituz, errealitatean formala den independentzia baten izenean, Estatu Batuek berriro ere euren burua munduko inperioaren gidari bezala altxa dezaketelarik.

           

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.