Generalitak Catalunyako zinemetan emango diren filmen %50a katalanera itzulita edo azpititulatuta egotera behartuko duen lege bat onartu nahi du. Hauteskundeei begira dagoen lege bat bada ere, proposamena burutuko balitz, anomalia batekin amaituko litzateke. Catalunyan biztanleriaren erdiak gutxi gorabehera du katalana ama hizkuntzatzat eta biztanle guztiek ulertzen eta erabiltzen dute leku batean edo bestean. Hau horrela izanik ere, 2008an emandako filmen %3a bakarrik izan zen katalanez.
Kataluniako zinema aretoek lege hau kritikatzen dute bezeroak galduko omen lituzketelako. Hori dela eta, ekintzara pasatzea erabaki dute. Otsailaren batean, Kataluniako zinema aretoen %70ak greba patronala egin eta itxi egin zituzten legearen aurkako protesta gisa. Amerikar ekoiztetxe handiak ere itzulpena egitearen aurka agertu dira eta legea aplika ez dadin presionatu dute.
Zinemaren monopolioa
Diktadura frankistaren erorketatik katalanaren normalizazio linguistikorako pausoak eman dira, batez ere, hezkuntza publikoan. Langile klaseak eta gazteriak hizkuntza ikasteko eta ulertzeko izan duen jarrerak modu egokian eragin du normalizazioan eta langile klasea linguistikoki banatzeko saiakera deuseztatu dute. Kataluniara etorritako etorkin uholdeekin ere, antzeko zerbait gertatu da, nahiz eta hezkuntza sistemaren barnean ahultasunak egon eta lanorduak nekagarriak izan.
Nolanahi ere den, oraindik orain esparru askotan (liburu, argitalpen, unibertsitate testu liburu, antzerki, edizio, telebista, irrati…) gaztelania da nagusitzen den hizkuntza. Esparru guztietatik, zinemaren kasua da eskandalagarriena. Zinema aretoek amerikar monopolio itogarri bateko film jakin batzuk bakarrik jartzen dituzte. Horrela amerikar film onekin batera, beste txar asko jartzen dira. Ez gara ari ‘akziozko filmen’ eta ‘film alternatiboen’ arteko eztabaidaz, esan nahi duguna da amerikarrak ez diren ekoizpen zinematografikoek ez dutela beren filmak jartzeko aukera handirik eta beraz, ikusleak aukera gutxi du. Esate baterako, irizpide amerikarretan oinarriturik egindako “Etsaia ate aurrean” filma, aktore amerikarrak baditu ere, europarra denez, aste betez edo bi astez bakarrik egon zen zinema aretoetan, kalitate okerragoko asko, ordea, hilabeteak egoten dira.
Izatez, kapitalismopean ezin da aukeratu. Kontsumitzaileek ekoizten dena baldintzatzen duten ideia faltsua da, monopolio enpresarial/kultural bat finkaturik baitago. Film katalanik ez badago, ezin esan daiteke eskaririk ez dagoelako dela; batetik, filmak katanalez ikusi nahi dituenak ez baitu aukerarik; bestetik, beste esparruetan bezala, normala baita egokitze denbora bat egotea telebistarekin eta beste komunikabideekin gertatu zen bezala.
Beren filmak inposatzen dituzten multinazional berberak dira katalanera itzultzea edo azpititulatzea errentagarri ez dela esan dutenak. Eta irizpide hauxe da Kataluniako zinema aretoetako enpresariek erabiltzen dutena, hauek dira legearen aurkako greba patronala egin zutenak.
Katalanarenganako gutxiespenaren tradizio luzea
Ageri-ageriko egoera hau ulergaitza izango litzateke eskuin espainiarrak, sozialdemokraziako zenbait agintarik eta hainbat enpresarik aspalditik katalana gutxiesteko duten joera hori ez balego. Joera honek matiz asko ditu. Batetik, PPren eta bere komunikabideen gorrotoa, zeinak Kataluniaren aurkako gorrotoaren benetako kanpaina bat egin duen; bestetik, estatu espainiarreko hizkuntza zerbait folkloriko eta bitxitzat hartzen duen sektore moderatuarena. Gaztelera Katalunian jazarrita dagoela, katalana gazteleraren dialektoa dela, katalanek besteek ez ulertzeko hitz egiten dutela desberdin... bezalako gezurrak sektore atzerakoiek nahita zabaldu dituzte langileria zatikatzeko eta aurrez aurre jartzeko helburuarekin. Gorroto nazionala eta chauvinismo espainiarra sustatzeko politika honi ez die aurre egin estatuko ezkerreko alderdien zuzendaritzek; gainera, PSOEko zenbait agintarik, Bonok, Guerrak eta Ibarrak, politika hau bultzatu dute. PSOE eta IUko agintariek aurre egin beharko liekete demagogia españolistari eta era berean katanala hitz egiten diren herrietan (Katalunia, Balear Uharteak, Valentziar Herria) hizkuntz eskubideak defendatu.
Burgesia katalanaren hipokresia
Burgesia katalanak eta CIUk sistematikoki hizkuntz arazoa nazio katalanaren eta bere kulturaren defendatzaile direla erakusteko erabiltzen dute, baina gobernuan zegoenean, katalanak atzera egiteko neurriak onartzeaz gain, Pujol presidenteak Hollywoodeko multinazionalekin katalanaren egoera diskriminatuarekin jarraitzea hitzartu zuen.
Kasu konkretu honetan ikusten dugu burgesia katalanak (zinema aretoetako, argitaletxe handietako eta komunikabide masiboetako jabeek, esaterako) hizkuntz normalizazioaren gainetik jartzen dituela onura handiena lortzeko irizpide enpresarialak.
Zinema ordaintzeko erraza den prezioan eta hizkuntza hautatzeko aukerarekin
Legea dagoen bezala onartuko balitz, zinema aretoetako patronalek eta multinazionalek diru laguntza publikoa eskatuko lukete katalanera itzultzeak suposatuko lukeen gastua ordaintzeko, baina gerora, irabaziak izango lituzkete edo ez lukete legea beteko. Xantaia patronal honen aurrean, legea betetzen ez duenari isuna jarriko diela iragarri dute. Hau ez da nahikoa. Gobernuak, nahi duena katalana zinema aretoetara hedatzea bada, ordaintzeko errazak diren areto publikoak, eskaintza zabalago batekin, ireki beharko lituzke. Eta legea betetzen ez dutenak desjabetu eta areto publiko bihurtu.
Katanalaren egoera normalizatzeko diruaren arazoa ere badago, eta honek agerian uzten du normalizazioa ez dela burutuko baliabide kulturalak irabazi handiena lortzea beste helbururik ez duten kapitalisten eskuetan dauden bitartean.
Eta Euskal Herrian zer?
Orain arte Kataluniako eta katalanaren egoeraz aritu gara, baina zer dago esateko euskararen egoerari dagokionez?
Funtsean, katalanari buruz esandakoa aplikatu ahal diogu euskarari. Edozein egunkari hartu eta Euskal Herriko zinema aretoetako eskaintza begiratuko bagenu, ikusiko genuke ehuneko altu batean, ehuneko ehunean ez bada, gaztelera hutsean direla emango diren filmak. Eusko Jaurlaritzak edo Nafarroako Gobernuak ez dute inolako neurririk hartu eskaintzen diren filmen artean euskarazkoak edo euskaraz azpititulatutakoak egoteko. Euskarak ia ez du lekurik Euskal Herriko zinema aretoetan.
Telebistaren egoera ere antzekoa da: kate asko ikus daitezke Euskal Herriko etxeetan, baina kate hauetatik euskarazkoak oso gutxi dira eta publikoa bakarra eta programazio aldetik ez kalitate oso onekoa. LTDaren bidez telebista kate gehiago ikus badaitezke ere, gehienak gaztelera hutsean dira. Gainera, Nafarroan LTDa jarri denez geroztik, euskarazko telebista publiko bakarra ikusteko aukera ez da ziurra eta Gipuzkoan LTDa jarriko den unetik aurrera, Lapurdiko kostaldean ez da euskal telebista ikusiko. Ikusten dugunez, beraz, euskaldunon eskubideek murriztuta jarraitzen dute.
Horregatik, kalitatezko telebista eta zinema eskaintza izateko beharrezkoa da hauen desjabetzea langileen eta herritarren kontrolpean. Horretarako sistema honekin bukatu eta gizartearen hobe beharrari eta ongizateari begiratzen dion sistema sozialista bat eraiki behar da, ekonomia nazionalizatu eta planifikatu batekin.