• Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

    Apirilak 21eko hauteskundeak · EAJ ez da aliatua, errepresioa eta patronala da. Kanpora bota behar dira!

  • Gaza, infernua lurrean

    Gaza, infernua lurrean

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3


2010. urtea hasi zenetik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak borrokaldia hasi zuen preso politikoei dagozkien eskubideen defentsan, besteak beste kondena beterik duten presoen kaleratzea, euskal presoak Euskal Herriratzea eta gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea eskatzeko. Hainbat ekintza egin dituzte, gose grebak, komunikazio grebak… eta urte guztian zehar hainbat espetxetan ekintzak egiten jarraituko dute. Preso politikoen eskubideak  beti izan dira urratuak atxilotu dituzten unetik kalera irten diren arte.

Estatu burgesa eta errepresioa

Ez dago dudarik Estatu burges guztiek erabiltzen dutela tortura beraien helburuak lortzeko, baina Estatu espainiarraren kasua beste Estatu batzuena baino agerikoagoa eta latzagoa da. Inkomunikazioaren praktika soilak jada zerbait ezkutatzen duela argi erakusten du, zergatik bestela polizia-etxe barruan zer gertatzen den ez erakutsi? Theo van Boven ONUko begiraleak Estatu espainiarrera eginiko bisitaren ondoren, 2004ko otsailaren 6an, argitaratu zuen informean torturak ez zirela “noizbehinkako eta ezusteko zerbait” zioen eta “Espainian terrorismoaz akusatutako pertsonen salaketak ezin direla asmatutako zerbait bezala ikusi”. Horren aurrean inkomunikazio aldiekin bukatzea edo galdeketetan kamerak ipintzea proposatzen zuen.

Honelako erakunde batek hemen torturatzen dela onartzea oso ondo dago, baina daukan botere guztiarekin zer egiten du? Ezer ez, hor gelditzen da honen lana eta erakunde horren klaseko izaera ikusita ez da batere harritzekoa. Erakunde neutral baten irudia emanagatik, gehiengoaren ongizatea eta munduan bakea bermatuko duen erakunde bezala agertu arren, ONU osatzen duten Estatu ia guztiak Estatu burgesak dira eta kapitalisten pribilegio eta boterea mantentzeko beharrezkoa dute beraien interesen aurka borrokatzen den mugimendu oro erreprimitzea, eta nola ez jada preso politikoak direnak torturatzea informazioa ateratzeko, desmoralizatzeko eta kanpoan dagoen mugimenduari pasa dakiokeenaren abisua bidaltzeko. Espainiar gobernuak ez zuen informe hau onartu eta faltsutzat jo zuen. Ezin zitekeen beste era batera izan.

Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren alde borrokatu duten herritarren aurkako errepresioa beti izan da gogorra, baina azken urte hauetan nabarmen egin du gora. Lehen esan bezala Estatuek errepresioa mugimendua geldiarazteko erabiltzen dute beldurra sortuz, baina nahiz eta garai batzuetan errepresio horrek Estatuari mesede egin, hau da, masak oraindik mugitzen hasi ez diren garaietan, errepresioak bestelako papera jokatu dezake masak mugitzen hasten direnean, suari gasolina botatzea bezalakoa izan daiteke. Masen amorrua azaleratzen hasten den unean, errepresioak are gehiago bultzatzen du amorru hori eta gero eta garbiago ikusten dute aldaketa sakon baten beharra. Azken finean, errepresioaren bidez lortu nahi zutenaren aurkakoa lortzen dute. Ezinezkoa izango zaie Estatu burgesei errepresioaren bidez Euskal Herrian eta mundu osoan ematen ari diren askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokak deuseztatzea. Moteltzea, atzeratzea eta aldi baterako geldiaraztea posible izango dute, baina gizarte kapitalistaren oinarrian aurkitzen diren kontraesanak lehenago edo beranduago azaleratu egiten dira eta zapaldu guztien borrokak behin eta berriz emango dira sistema kapitalistak jarraitzen duen bitartean. Beraz gure helburuak hori behar du izan, tortura  errepresioa, esplotazioa, langabezia eta miseria eragiten dituen sistema kapitalistarekin bukatzea.

Estatuak preso politikoen aurka hartutako neurri guztiek, zuzenean eragiten dute hauen familia eta lagunengan. Dispertsio politikarekin soilik bidaia luzeak egitera behartzen dituzte, honek suposatzen dituen istripu, gastu eta polizia kontrolak jasanez eta hainbat eta hainbat kasutan edozein aitzakiagatik ezin izaten dituzte presoak ikusi. Bestalde, tortura físiko eta psikologikoen eraginez era guztietako gaixotasunak harrapatzera kondenatuta daude preso asko, (181 preso inguru 750 bat presotatik) eta honek ere, nola ez, izugarrizko sufrimendua eragiten du senide eta lagunengan. Baina euskal eta espainiar komunikabide burgesak hau guztia ezkutatzen saiatzen dira, jendeak horretan pentsa ez dezan eta aldiz beraien intereseko albistez bonbardatzen dituzte telebista, irrati eta egunkariak. Ikusi besterik ez dago orain egun batzuk Kuban hil zen presoaren inguruan egindako muntaia eta demagogia. Zapatero, Obama… berehala agertu ziren Kubari preso politikoak aska zitzan eskatzen, horrela agintari  hauen aurpegi “demokratikoena”(demagogikoena, hobeto legoke) erakutsiz. Ez da kasualitatea Kuba horrela erasotzea, Estatu kapitalistek izugarrizko gorrotoa dielako Kubari beraien jokoa segitzen ez duelako. Bestela zergatik ez dira Zapatero, Obama,… Estatu espainiarraren espetxe politikaren ondorioz bere buruaz beste egin duten preso politikoez arduratzen? edota AEBtan heriotza zigorraren ondorioz erailtzen dituztenez?

Biziarteko zigorra legeztatua

 

Frankoren erregimena azken arnasak ematen  zebilen hartan, 1973. urteko Zigor Kodeak 30 urteko espetxe zigorra ezarri zuen gehienez eta gainera zigor hori arintzeko hainbat neurri onartu ziren: kondenaren hiru laurdenak beteta zituzten presoak baldintzapeko askatasunean irtetea, espetxe onurekin denbora gutxiago egitea, graduz aldatzea… Baina PSOEko zuzendaritzaren erreformismoaren ondorioz eta arazo nazionalari errepresioaren bidez aurre egitea erabakita, (alde batetik uste zutelako Ezker Abertzalearen eta ETAren aurkako jarrera horrekin hauteskundeetan babes handiagoa edukiko zutela eta bestetik ez dutelako inongo asmorik arazo nazionalarekin amaitzeko, burgesiaren txistu soinura dantzatzen duten zuzendari horiek) 1995 urtean preso politikoen eskubideen aurkako beste neurri batzuk hartu zituzten: portaera onagatik edo ikasketengatik ematen ziren espetxe onurak kendu egin zituzten, 1995 urtean epaitutako presoentzat eta terrorismo delituarekin lotutako zigorrak handitu egin zituzten.

Baina hor ez zen bukatu: Estatu eta gobernu espainiarraren lana presoen eskubideen murrizketetan, 2003 urtean ere aldaketa batzuk egitea erabaki zuten. Lehen gehienezko presoaldia 30 urtekoa bazen, 40 urtetara luzatzea eta adin txikiko gazteak Auzitegi Nazionalean epaitzea erabaki zuten. Honek guztiak kolpe gogor bat suposatu zuen preso politikoentzat eta kalean borrokan ari zen jendearentzat abisu bat izan zen gerta zekiokeena erakusteko. Baina azkenaldian hartu den neurri gogorrenetako bat 197/2006 doktrina izan da. Parot doktrinaz egin da ezaguna Auzitegi Gorenak Unai Parotekin erabili zuelako lehen aldiz. Doktrina hau 2006ko otsailaren 20an ezarri zen indarrean eta jada 60 preso baino gehiagori aplikatu zaio. 197/ 2006 doktrinak, espetxe onurak gehienezko urteei aplikatu beharrean zigor bakoitzari aplikatzen dizkio, beraz 20 urte espetxean pasa dituen presoak eta espetxealdi maximoaren hiru laurdenak beteta izan arren, bigarren zigorra betetzen hasi beharko du 30-40 urte egin arte. Zigor honekin biziarteko kartzela zigorra ezarri dute, nahiz eta izenez ez horrela izan. Honelako neurrien aurrean hitzik ere esan ez duten  Estatu guztiko ezkerreko alderdi eta sindikatuak akats larria ari dira egiten honelako neurriak eta alderdien legea bezalakoak erantzunik gabe utziz, edozein momentutan hauen aurka ere erabili ahal izango dituztelako.

Euskal Herria eta sozialismoa

 

Euskal presoen askatasuna askapen nazionalari loturik dagoen heinean eta hau sozialismoaren aldeko borrokari, teoriak eta praktikak Euskal Herrian eta mundu osoan (SESBen, Kuban, Nikaraguan,…) erakutsi digun bezala, beharrezkoa da borroka guztiak (presoen, langileen, subirotasunaren, emakumeen, ikasleen, lurraren, etxebizitzaren… aldekoak)  elkartzea indar handiagoa egiteko. Badakigu burgesia espainiarrak eta honen ordezkari politikoek Euskal Herrian interes ekonomiko garrantzitsuak dituztela eta ez dutela Euskal Herria baketsuki askatzeko asmorik. Era berean, euskal burgesia eta honen ordezkari politikoak diren PNV, EA eta Hamaikabat erabat eroso daude Estatu espainiar barnean, hauek ere interes ekonomiko garrantzitsuak eta negozioetarako aukera paregabeak dituztelako bertan. Arazo nazionala era demagogiko eta interesatu batean erabiltzen dute, Estatu espainiarra presionatuz kontzesioak lortzeko eta beraien negozioak beraiek kudeatzeko. Inoiz ez dute inolako eskrupulurik izan beraien herritarrak atxilotzeko, torturatzeko, zapaltzeko eta kale gorrian uzteko. Azken finean, bi estatuetako burgesiak elkartu egiten dira beren negozioak arriskuan jartzen dituzten guztiaren aurka. Euskal Herriko eskubide demokratikoen zapalketa da horren adibide. Hau horrela gertatu da historia guztian zehar, gerra zibilean, trantsizio garaian eta azken 30 urteotan ere. Horregatik, errepresioaren aurkako borroka kapitalismoaren aurkako borrokari erabat lotuta dago. Kapitalismoak errepresioa, sufrimendua, odola eta miseria eskain ditzake soilik.  Beraz, askapen nazionala eta presoen askatasuna langile klasearen eta bere alderdi eta sindikatuen eginbeharretako bat bihurtzen da sozialismoaren aldeko borrokari lotua eta inongo burgesiaren ordezkariekin konfiantzarik izan gabe. Langile klasean, gazteengan eta zapalduengan soilik izan behar dugu konfiantza.

 

           

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.