• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Marxismoari egin zaizkion kritikei, behin eta berriro errepikatu diren gezurrei eta etengabeko birkontaketen harira “egia” bilakatu diren gezur horiei aurre egiteko modurik hoberena autore marxisten iturri zuzenetara jotzea zela aipatzen genuen aurreko artikulu batean eta marxismoaren ikuspuntu nazionala tergibertsazio handienetakoa jasan duen auzia dela ikusirik Leninek gai honen inguruan idatziriko artikulu interesgarri eta argigarri baten itzulpenari ekin genion. Asmoa irakurlea Leninek idatziriko testu batera hurbiltzea da, eta ez Leninek zer esan zuenaren inguruko testu bat erredaktatzea.

Era honetan, irakurleak, testua bera bere begien aurrean badu, bere ondorio propioak atera ahalko ditu Leninek esandakoaren gainean, tesi leninisten azalpenekin zerikusirik ez duten Leninen testuingururik gabeko testu zatiz eginiko artikulu manipulatu baten “susmoa” erabat saihesteko. Era berean, aurrekoan aipatzen genuen bezala, eszeptiko orok izango du itzulpena beste hizkuntza batzuetako itzulpenekin edota Leninen errusierazkoarekin berarekin erkatzeko aukera, kontu garbia izan dadin.

Honela dio Leninek “Iraultza sozialista eta demokraziaren aldeko borroka” azpiatalean: “Iraultza sozialista ez da ekintza bakar bat, ezta gudalerro isolatu bateko bataila bat ere, klase gatazka sakonen aldi oso bat baizik, fronte guztietako bataila zerrenda luze bat, hau da, ekonomiaren eta politikaren arazo guztietako bataila multzo bat baizik, burgesiaren desjabetzearekin bakarrik amai daitekeena. Akats larria litzateke demokraziaren aldeko borrokak proletalgoa iraultza sozialistaren aldeko borrokatik distraitu dezakeela, edota alde batera, gerorako, utz dezakeela pentsatzea. Alderantziz, erabateko demokrazia burutuko ez lukeen sozialismo arrakastatsu bat ezinezkoa den bezala, ezin presta daiteke burgesiaren gaineko garaipen baterako borroka iraultzaile orokor eta demokraziarekiko kontsekuente bat burutuko ez lukeen proletalgo bat. “Larritik ez luke gutxiago izango programa demokratikoaren puntuetako bat, esate baterako, nazioen autodeterminaziorako eskubidearena, ezabatzeak, hau inperialismopean “ezin daitekeela burutu” edota “ametsezkoa” dela argudiatzean oinarrituz. Nazioen autodeterminaziorako eskubidea kapitalismoaren mugen barruan burutu ezina denaren baieztapena zentzu absolutu batean, ekonomikoan, interpretatu daiteke, edota baldintzazko zentzu batean, politikoan.

“Lehen kasuan, baieztapen hau erradikalki okerra da ikuspuntu teoriko batetik. Lehenik, zentzu honetan burutu ezin daitezkeenak, kapitalismopean, moneta-lana edota krisien ezabaketa, etab. dira. Baina zentzu guztietan okerreko baieztapena da nazioen autodeterminazioa burutu ezina dela. Bigarrenik, 1905ean Norvegia Suediatik bereizi izanaren adibidea bakar bakarrik nahikoa litzateke zentzu honetako “burutuezintasunaren” baieztapenari erantzuteko. Hirugarrenik, irrigarria litzateke Alemaniaren eta Ingalaterraren arteko erlazioek, politikoek eta estrategikoek, esate baterako, aldaketa txiki bat jasango balute, gaur edo bihar Estatu poloniar berri baten, edota hinduar baten, etab. sorrera erabat “burutugarria” izan litekeela ukatzea. Laugarrenik, kapital finantzarioak, bere hedatze joeran, “era askean” eros eta sobornatu dezake gobernu demokratiko eta errepublikarrik askeena, eta edozein herrialdeetako funtzionario hautatuak, herrialde hau “independientea” balitz ere. Kapital finantzarioaren agintea, orokorrean kapitalarena bezala, ezin ezaba daiteke demokrazia politikoaren esferako edozein eraldaketarekin, eta autodeterminazioa esfera honetan kokatzen da erabat eta esklusiboki. Baina kapital finantzarioaren aginteak ez du suntsitzen inola ere demokrazia politikoak zapalketa klasistaren eta klase borrokaren formarik askeen, zabalenen eta argien bezala duen esangura. Beraz, kapitalismopeko demokrazia politikoaren erreibindikazioetako baten “burutze ezintasunaren” inguruko argudiatze oro, zentzu ekonomikoan, kapitalismoaren eta demokrazi apolitikoaren arteko erlazio orokorren eta oinarrizkoen definizio teorikoki zehaztugabe bat besterik ez da.

“Bigarren kasuan, baieztapen hori ez da osoa eta zehaztugabea da. Izan ere ez nazioen autodeterminazio eskubidea bakarrik, baizik eta demokrazia politikoaren oinarrizko erreibindikazio guztiak “burutugarriak” dira inperialismopean, baina modu ez osatu, deformatu eta salbuespenezko batean (adibidez, Norvegia Suediatik bereizi zenean 1905ean). Kolonien berehalako askapenaren eskakizuna ere, sozialdemokrata iraultzaile guztiek formulatzen dutena, “burutuezina” da kapitalismopean iraultza multzo bat gabe. Baina hemendik ondorioztatzen dena ez da inondik ere sozialdemokraziak errebindikazio hauen guztien aldeko berehalako borroka ausartari uko egin behar dionik –ukazio hori soilik burgesiarentzat eta erreakzioarentzat izango litzateke abantailazkoa-, baizik eta justu kontrakoa, eskaera hauek formulatzea eta praktikan jartzea baizik, ez modu erreformistan, baizik eta iraultzailean; legalitate burgesaren mugek estutzen utzi gabe, baizik eta hauek hautsiz; interbentzio parlamentarioekin eta hitzezko protestekin ase geratu gabe, masak borroka aktibora erakarriz, oinarrizko eskaera demokratikoen aldeko borroka zabalduz eta sustatuz, burgesiaren aurkako proletalgoaren eraso zuzenera arte, hau da, burgesia desjabetuko duen iraultza sozialistara arte. Iraultza sozialistak eztanda egin dezake ez greba handi baten, edota kaleko manifestaldi baten, edo gosetuen mutin baten, altxamendu militar baten, edota matxinada kolonial baten ondorioz bakarrik, baita edozein krisi politikogatik ere, adibidez Dreyfus auziarekin, Saverneko gorabeheran, etab. gertatu zen bezala, edota nazio zapaldu baten bereizketarako erreferendum baten inguruko gertakariengatik, etab.

“Inperialismopean, zapalketa nazionalaren gordintzeak sozialdemokraziari exijitzen diona zera da, ez nazioen bereizketarako askatasunaren aldeko borrokari uko egitea –burgesiaren hitzetan “utopikoa” dena-, baizik eta alor honetan sortzen diren gatazkak geroz eta modu sakonago batean masen ekintzarako eta burgesiaren aurkako ekintza iraultzaileetarako arrazoi bezala erabiltzea”.

Artikuluari jarraituz, honakoa gehitzen du Leninek “Autodeterminazio eskubidearen esanahia eta federazioarekin duen erlazioa” azpiatalean: “Nazioen autodeterminaziorako eskubideak esklusiboki zentzu politiko bateko independentziarako bere eskubidea esan nahi du, zapaltzen duen naziotik politikoki bereizteko eskubidea. Termino konkretuetan , demokrazia politikoaren errebindikazio honek bereizketaren aldeko propagandarako askatasun osoa esan nahi du eta arazo horren konponketa erreferendum baten bitartez bereizten den nazioan. Beraz errebindikazio hau ez da inola ere bereizketaren, fragmentazioaren edota Estatu txikien formakuntzaren parekidea. Zapalketa nazionalaren aurkako borroka kontsekuente baten adierazpena bakarrik esan nahi du. Zenbat eta gertuago Estatu baten erregimen demokratikoa bereizketarako erabateko askatasunetik, orduan eta ezohikoagoak eta ahulagoak izango dira praktikan bereizketarako joerak, Estatu handien abantailak zalantzaezinak baitira, bai aurrerapen ekonomikoaren ikuspuntutik bai masen interesen ikuspegitik, eta gainera abantaila hauek handitu egiten dira etengabe kapitalismoa hazten den neurrian. Autodeterminazioaren onarpena ez da federazioa printzipio bezala hartzearen onarpena. Posible da printzipio horren etsairik ausartena eta zentralismo demokratikoaren aldekoa izatea, baina federazioa nahiago izatea desberdintasun nazionalak baino, erabateko zentralismo demokratiko baterako bide bakar bezala. Hain zuzen ere ikuspuntu honetatik, Marxek, zentralista izanik, nahiago zuen Irlandaren eta Ingalaterraren arteko federazioa, ingelesek Irlanda indarrez menperatu edukitzea baino.

“Sozialismoaren helburua ez da gizateriaren Estatu txikitako frakzionamendua eta nazioen isolamendu oro ezabatzea bakarrik, ez da nazioen elkarrenganako hurbilketa bakarrik, baita hauen fusioa ere. Eta helburu hau lortzeko, alde batetik, masei Rennerren eta O.Bauerren “autonomia kultural nazionala” deituriko ideiaren izaera erreakzionarioa azaldu behar diegu, eta bestetik, nazio zapalduen askapena exijitu, ez esaldi orokor zirriborratuekin, ez edukirik gabeko deklamazioekin, ez arazoa sozialismora arte “alde batera utziz”, baizik eta argitasunez eta zehaztasunez formulatutako programa politiko batekin, nazio zapalduetako sozialisten hipokresia eta koldarkeria bereziki kontutan hartuz. Gizateria klaseen ezabapenera klase zapalduaren diktaduraren bitarteko trantsizioaren bidez soilik iritsi daitekeen bezala, bakarrik irits daiteke nazioen ezinbesteko fusiora, nazio zapalduen erabateko askapenezko garaiaren, hau da, euren bereizketarako erabateko askatasun garaiaren trantsizioaren bitartez”.

Laburbilduz beraz, itzulpen zati honetan jada Leninen tesi zatietan klabeak izango diren eta gerora begira ere behin eta berriro agertuko diren puntuak topatuko ditugu: askapen borroka langileriaren borrokarekin lotu beharra, kapitalismopean nazio zapalduek independentzia lortzea posible den neurrian “independentzia” hauek testuinguru inperialista batean duten ahultasuna, eta hertsikeria nazionalen desagerpena komunismoaren azken helburu bezala, internazionalismoaren ideiaren defentsa kontsekuente bat eginez.

 
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.