Aldizkari honetako hainbat aletan askotan hitz egin dugu marxismoak arazo nazionalari eman dion garrantziaz. Arazo nazionalarekin lotura zuzena du hizkuntzaren arazoak, baina honetaz gutxiago hitz egin da. Hurrengo lerroetan, Frantziako eta Errusiako iraultzek, historiako bi iraultza klasikoenek, hizkuntzen arazoarekin jokatu zuten papera azaldu eta marxismoak arazo honekiko duen ikuspuntua laburbilduko dugu. Lehenengoa, urrutien heldu zen iraultza burgesa izan zen, eta bigarrena, garaipena lortu zuen lehen langile iraultza.
Frantziar Iraultza eta Hizkuntzen arazoa
Ingalaterrako iraultza burgesarekin alderatuta, Frantzian ez zen egon aukerarik aristokraziaren eta burgesiaren artean akordio batera iristeko. Zergatik? Nekazariek eta batik bat, langile eta erdi-langileek iraultzan izan zuten parte-hartze masiboagatik. Burgesia saiatu zen akordio batera iristen, baina batzuetan aristokrazia berak atzera bota zuen saiakera hori eta beste batzuetan, azpitik zetorren masen presioak. Demokrazia zuzenaren prozesuak eman ziren masa zapalduen klub politikoen eta udaletxeetako antolakuntzaren bitartez. Azkenean, gertakizunen presioagatik, burgesiak iraultzaren buru jarri behar izan zuen aristokraziaren pribilegioak mantentzen zituzten lurralde berezitasunen aurka, estatu frantziar burgesaren sorrera bultzatuz.
Dudarik gabe, iraultza honek paper aurrerakoi historikoa jokatu zuen. Sufragio unibertsala biltzen zuen lehen konstituzioa onartu zen. Aristokraziaren lurrak eta aberastasunak desjabetu eta konfiskatu eta umezurtzen, agureen eta alargunen zerbitzura jarri ziren. Eskubide feudal guztiak desegin ziren inolako kalte-ordainik gabe. Salmentan jarri ziren lurjabe handiei eta Elizari kendutako lurrak, 20 edo 30 urtetan ordaintzeko erraztasunak jarriz. Mugak jarri zitzaizkion aberastasunari...
Baina honetan guztian burgesia paper aurrerakoi bat jokatzeko gai izan bazen ere, iraultza honek erakutsi zuen ordurako burgesia ez zela gai arazo nazionalari, hizkuntzari eta kulturari irtenbide egoki bat emateko. Horregatik, iraultza frantziarraz hitz egitean maiz ezkutatu da honek hizkuntzen arazoarekin izan zuen jarrera. Baina Frantziak egun duen egoera soziolinguistikoa ulertzeko ezagutu beharrekoa da 1789ko iraultzak hizkuntzen arazoarekiko izan zuen jarrera.
1793an Konbentzioak emandako datuen arabera, frantsesa barnealdeko hamabost departamentutan hitz egiten zen, gainerakoetan beste hainbat hizkuntza erabiltzen ziren eguneroko jardunean, hau da, Frantziako eremu osoan %40k bakarrik zuen frantsesa jatorrizko hizkuntza. Garai hartako beste zerrenda baten arabera, frantsesaz gain, beste 30 hizkuntza hitz egiten ziren: bretoiera, normandiera, lorenera, probentzala, euskara, katalana, bearnesa, gaskoina... Noski, zerrenda honetan dialekto eta hizkuntzak nahasten ziren, baina datu hau aski da garai hartako Frantziako hizkuntz egoeraren irudi bat egiteko (datuok eta geroagoko zenbait J. Itxaustiren “Iraultzaren hizkuntz politika” lanetik hartuak dira, Jakin aldizkariaren 51. zenb. 1989an argitaratua).
1789tik 1799ra doan garaian, hizkuntz politikari dagokionez bi aro desberdindu ditzakegu. Lehena 1789-1794 bitartekoa Konbentzioarekin batera amaitzen dena eta bigarrena 1794 -1799 bitartekoa Napolenon Bonaparteren estatu kolpearekin amaitzen dena.
Lehenengo garai horretan, hizkuntzen arazoaren planteamendu teoriko eta praktikoak egin ziren. Erakunde politikoak berrantolatzeko herri hizkuntzak kontuan hartu behar zirela ondorioztatu zuten. Horregatik, gobernuaren erabaki eta idatzi garrantzitsuak estatu osoko hizkuntzetara itzultzen ziren (edo ahalegina egiten zen, behinik behin) iraultzaren ideologia eta eragina ahalik eta gehien hedatzeko. Joan Mari Torrealdairen El libro negro del euskara liburuan topa dezakegu honen isla den 1792ko aipu bat: “funtsezkoa eta beharrezkoa izango da Iraultzari buruzko lan on ugariak euskarara itzultzea gizagaldu hauek argitzeko” (itzulpena gurea da). Ikusten denez, herrialdeko beste hizkuntzetara itzultzea ez zen hizkuntza gutxituak bultzatzeko edo hauek aitortzeko egiten, iraultzaren ideiak hedatzeko, eta batez ere, burgesiaren interes politiko eta ekonomikoak defendatzeko baizik; gainera, erabat gutxiesten zituzten frantsesez hitz egiten ez zuten gainontzeko nazioak, emandako aipuan bertan 'gizagaldu', hommes égaré, esaten da euskaldunari erreferentzia egiteko eta aipuaren pasarte berean euskaldunak fanatikoak direla ere esaten da. Adibide honek erakusten du burgesiak arazo nazionala eta hizkuntzen gaia bere interesetarako bakarrik erabiltzen duela.
Bigarren garaian, 1794ko uztailetik aurrera, batasun linguistikoaren jarrera nagusitzen hasi zen. Hizkuntz batasun nahi hau gizartea errazago kontrolatzearen nahiarekin loturik legoke. Frantziako Iraultzaren printzipio nagusia erabateko zentralizazioa izan zen eta egia da hau ezinbesteko baldintza zela Erregimen Zaharrarekin amaitu eta iraultzak arrakasta izan zezan. Baina batasun honen izenean, estatu barruko desberdintasunekin amaitu nahi izan zen, tartean, hizkuntz desberdintasunekin.
Ikusten dugunez, burgesia frantziarra ez zen gai izan, ez baitzuen nahi gainera, estatu frantziar burges berriak zapalduko zituen herrien eta hizkuntzen berdintasuna eta garapena bermatzeko. Hori langile iraultzek soilik ekar zezaketen, Errusiako langile iraultzan frogatu zen bezala.
Errusiako Iraultza
Trotskyk Errusiar Iraultzaren Historia liburuan azaltzen duenez, hizkuntza giza harremanetarako tresna garrantzitsuena da eta, beraz, ekonomiarekiko lotura da. Hizkuntza bat nazioa batzen duen merkataritza zirkulazioaren garapenari esker bilakatzen da nazio hizkuntza. Estatu nazional edo plurinazional burgesen sorrera, kapitalismoarena bezala, iraultza burgesekin hasi zen. Estatu burges hauek, kasu batzuetan, barnean zeuden nazio txikiagoak kontuan hartu gabe, eta beraz, hauen hizkuntzak kontuan hartu gabe garatu ziren. Hementxe dago gaur egungo arazo nazionalaren jatorria.
Errusiako langile iraultzaren bilakaera, ordea, arazo nazionalarekiko eta hizkuntzarekiko erabat desberdina izan zen. Iraultza hau, Frantziakoa bezala, historiak ezagutu duen iraultza garrantzitsuena izan da. Frantziakotik eta beste iraultzaren batetik desberdintzen duena da historian lehen aldiz gizartearen gehiengoak, hots, langile eta nekazariek hartu zutela boterea; eta beraz, inoizko erregimen demokratikoena sortu zela, hau da, langile demokrazia. Feudalismoa eta kapitalismoa garaitu eta gizarte berri bat eraikitzen hasi ziren, baina kasu honetan iraultzaren garapenerako oinarrizkoak izan ziren askapen nazionalen aldeko borrokak.
Trotskyren arabera, Errusiar Inperioan errusiarrak %43 bakarrik ziren eta, beraz, nazio zapalduetakoak %57 (%17 ukraniarrak, %6 poloniarrak...). Gainera, nazio zapaldu hauek beren artean ere eskubide ezberdinak zituzten. Estatuaren exijentziak eta nekazarien txirotasunak eraginda, zapalkuntza nazionala beste herrialdeetakoa baino ankerragoa zen.
Jada ikusi dugu aldizkariko beste ale batzuetan Errusiar Iraultzaren ondoren alderdi boltxebikeak nazio zapalduekin jokatu zuen papera. Autodeterminazio eskubidea oinarrizko eskubidetzat hartu zuten eta honen defentsa izan zen gainera internazionalismoa defendatzeko eta nazio zapaltzaile errusiarreko langileak nazio zapalduetako herri xehearekin erregimen zaharraren eta burgesiaren aurka elkartzeko modu bakarra.
Bestalde, Errusiar Iraultzaren ekarpen nagusietako bat ekonomia planifikatua zen, hau da, zer, noiz eta nola ekoitzi herritarren beharraren arabera erabakitzen zen eta, hasierako urteetan behintzat, langileak eurak ziren erabakiak hartzen zituztenak sovieten (langile kontseiluak) bitartez. Praktikan jarri zen ekonomia planifikatu honi esker, SESB osoan 80 hizkuntzatan ematen zen irakaskuntza, Trotskyk Iraultza Traizionatua liburuan dioenez (zehazten ez bada ere, ulertu behar da SESB barnean hitz egiten ziren hizkuntzak izango zirela). Alfabetoak sortu eta eraldatu behar izan ziren masentzat eskuragarriago izateko. Horretaz gain, eta jada burokrazia indarrean egon arren, egunkariak beste horrenbeste hizkuntzatan argitaratzen ziren. Honi guztiari esker, eskualde atzeratuenetako nekazarien kultur maila igo egin zen.
Nolanahi ere, degenerazio burokratikoaren ondoren, Kremlinen finkatuta zegoen burokraziak Errusia Handiaren kultura hedatu nahi izan zuen. Garai honetan ez zuen nazio handi batek (Errusiak) txiki bat (Ukrania, Georgia...) zapaltzen, baizik eta aparatu polizial zentralizatu batek nazio kultural guztiak zapaltzen zituen, baita Errusiar Handia ere. Argitaratzen ziren egunkarien %90 errusierazkoak ziren, nahiz eta errusieradunen kopuruarekin kontrajarrita egon, errusiera beste herrialdeekin eta mendebaldearekin harremanetan jartzeko tresna zen. Egia da, hau horrela izanik, pribilegio nazional gehiago ematen zitzaizkiola errusierari, baina Kremlina boteregunea zenez, izaera errusifikatzailea hartu zuen burokraziak eta gainerako nazioei eskubide eztabaidaezin bakarra onartu zien: euren hizkuntza propioan gorestea arbitroa (hots, burokrazia). Beste kasu batzuetan ikusi bezala, Stalinen inguruan garatu zen burokrazia erabat kaltegarria eta itogarria izan zen hizkuntza gutxituentzat ere.
Langile demokrazia
Errusiako iraultzaren esperientziak garbi uzten du hizkuntza gutxituen desagerpena saihesteko eta hauen garapena bultzatzeko ez dela nahikoa feudalismoarekin bukatzea eta kapitalistak desjabetzea. Edozein iraultza sozialistak arlo guztietan aurrera egiteko, eta baita hizkuntzaren kasuan ere, oinarrizkoa da kapitalistak desjabetzearekin batera benetako langile demokrazia eraikitzea. Sovieten, kontseiluen edo langile batzarren bidez beharrezkoa litzateke herritar guztiek parte hartzea gizartearen kudeaketa demokratikoan: politika, ekonomia, kultura, hizkuntzan... Soilik honela izango da posible euskararen eta gainontzeko hizkuntza gutxituen etorkizuna eta garapen oparo bat bermatzea.