• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Krisi ekonomikoa erakusten ari da subiranotasun nazionala fikzio bat dela sistema kapitalistapean. Hau da krisi irlandarrarekin eta bere “erreskatearekin” ikusi dena. Ez da herri irlandarra izan egoerari aurre egiteko zein neurri hartu behar zituen erabaki duena, baizik eta burges ingelesek, alemaniarrek eta frantziarrek, burgesia irlandarraren kolaborazioarekin, inposatu dituzte lan eskubideen galera eta aurrekaririk gabeko zerbitzu sozialen suntsiketa.

Politika ekonomiko liberalaren lorpenen adibidetzat aurkeztua izan zen Irlanda urteetan zehar. “Tigre zeltak” 1990 eta 2007ko urteen artean %6,5eko hazkuntza tasak izan zituen, baina noski, soldata baxuen eta lan merkatu bereziki prekarioaren ondorioz. Honetaz gain, Estatu espainiarreko espekulazio inmobiliarioaren adinakoa bizitu zen, eta sozietate zergak %12,5ean bakarrik egonik mundu osoko multinazionalak bertaratu ziren. Baina politika hark ondorio larriak ekarri ditu. Itzuli ezinezko zorrak ditu sistema bankariak, nahiz eta iazko udan banku irlandarrek “estres probak” pasa eta gobernuak 2010eko hasieran 50.000 milioiko “laguntza” onartu finantza publikoekin ez-ordainketa posibleak bermatzeko. Atzeraldi ekonomikoaren jarraipenarekin, eta banka europarrak maileguak ez berreskuratzeko aukerarekin, gobernua behartuta ikusi zen zor publiko irlandarraren interes izugarriak ordaintzera, Grezian gertatu bezala, eta azkenean, crakaren ziurtasunaren aurrean, Europako Batasunaren “erreskatera” errekurritu zuen.

EBko ekonomia ministroek 85.000 milioi euroko plana onartu zuten Irlandarentzat (kreditu eta abalen forman zazpi urte eta erdiko epean, %5,8ko interesekin, Greziakoa baino handiagoa, %5,2koa izan zena). Baina operazio erraldoi honi aurre egiteko langile klaseak eta herri irlandar xeheak ordaindu beharreko prezioak ez du aurrekaririk: 

·         25.000 langile publiko kaleratuko dira estatuko gastuen 15.000 milioi euroko murrizketen planen barruan (BPGren %10).

·         Pentsioetako aurrekontuak 800 milioi euro murriztuko dira, eta jubilatu berrien pentsioak %10. Erretiro adina pixkanaka luzatzen joango da, 2028an 68ra iritsi arte.

·         Gastu sozialak (asistentzia, laguntzak) 2.750 milioi euro murrizten dira.

·         Unibertsitateko matrikulak hirukoizten dira, 2.000 eurora iritsi arte.

·         Gutxieneko soldata murrizten da, eta bigarren aldiz langile publikoen soldata.

·         BEZa %22ra igoko da 2013an eta %23ra 2014ean. PFEZa handitzen da, baina sozietate zerga %12,5ean mantentzen da.

.

James Connolly iraultzaile marxista irlandar historikoaren hitzek honi buruz ohartarazi zuten orain dela asko: “Bihar ejertzito ingelesa bota eta Dublingo Gazteluan bandera berdea jartzen baduzue, errepublika sozialistaren antolakuntza hasi ezean zuen ahalegin guztiak alferrikakoak izango dira. Ingalaterrak dominatzen jarraituko zaituzte. Bere kapitalisten, lurjabeen bidez egingo du, gure amen malkoekin eta gure martirien odolarekin ureztatuta dauden eta herrialdean ezarri dituen instituzio komertzial eta indibidualen multzoen bitartez. Hondamendira eraman arte dominatuko zaituzte Ingalaterrak, traizionatu zenuten idealaren Askatasun horren saindutegiari zuen ezpainek omenaldi hipokrita bat eskaintzen dioten bitartean barne.” Langile klase irlandarraren egoera gogorraren aurrean ez dago dudarik James Connollyren ideiak indarra hartzera itzuliko direla. Ez dago beste alternatibarik.

 

Ipar Irlandako ikasgaiak

1921ean, gobernu britainiarreko ordezkariek eta Errepublika irlandarreko Aireachtak (kabinetea) Itun anglo-irlandarra negoziatu zuten Estatu irlandarra sortzeko. Estatu berriak teorian irla osoa hartuko zuen, baina Ipar Irlandak (entitate bereizi bat bezala sortua izan zena) banatzeko aukera izatearen baldintzarekin. Horrela, burgesia britainiarraren azpijokoak Ipar Irlandak Erresuma Batuan jarraitzea lortu zuen. Beraz, Estatu irlandarra Irlanda bera zatitzen sortu zen. Iparraren eta hegoaren banaketa onartzeaz gain, ituna babestu zuten IRAko agintariek sozialismoaren aldeko borroka etorkizunerako utzi behar zela planteatu zuten. Bi etapen teoria zen: lehendabizi askapen nazionala, eta hau lortu eta sendotu ondoren, askapen soziala.   

Baina historiak behin eta berriro erakutsi duen bezala, ez da posible askapen nazionala lortzea askapen sozialik gabe, hau da, kapitalismoarekin bukatu gabe. Sinn Feineko agintariek printzipio honi uko egin zioten eta ondorioak agerian geratu dira. Estatu irlandarrak benetako independentzia bat ez bazuen suposatu, are gutxiago lortuko da orain arte Sinn Feineko agintariek Ipar Irlandan aplikatutako politikarekin. Alderdi Demokratiko Unionista (DUP) ultraeskuindarraren eta Sinn Feinen arteko kolaboraziozko gobernuaren eraketak, ez du gerturatu Irlandaren independentzia nazionala, urrundu baizik. Gainera, gobernu honen sorrerak suposatu du mugimendu errepublikar irlandarreko zati bat Londresen erabakitako herstura planetan eta langile klasearen aurkako erasoetan inplikatzea. Gogoratu beharra dago, gobernu honen eraketarako Sinn Feinek bi baldintza onartu behar izan zituela batik bat: polizia ipar-irlandarraren sorrera eta burgesia ingelesaren politika ekonomikoa jarraitzea.   

DUP eta Sinn Feineko agintariek kanpaina indartsua egin zuten gobernuaren eraketa lortzeko, bake politiko horrek irabazi ekonomikoak izango zituela argudiatuz. Orain, krisiarekin, ekonomia “indartsu” bat lortzeko hamarkadak beharko direla esaten dute. Sinn Feineko agintaria den Martin McGuinnessen ustetan, ekonomia indartzeko beharrezkoa da atzerriko inbertsioei ateak irekitzea, batez ere estatubatuarrei. Hau al da subiranotasun nazionalaren alde borrokatzeko modua, inperialismo estatubatuarrari ateak irekitzen? Hasieratik, Stormonteko gobernuak konpromisoa hartu zuen agenda neoliberalarekin: pixkanaka gastu publikoa murriztu eta ekonomiako sektore estrategikoen pribatizazioa azkartu. Horrela izan da. Gobernu honen politika burgesia ingelesak diktatutako politika jarraitzea da eta lehen aurrekontuak ere Londresen egin ziren. Aurrekontuak aho batez onartu zituen exekutiboak. Bi alderdi nagusiak, Sinn Fein eta DUP, bere defendatzaile sutsuenak izan ziren. Gerry Adamsek adierazi zuen aurrekontuek “berdintasuna” esan nahi zutela eta “aurrerapen esanguratsu” bat suposatzen zutela. Irlanda enpresa handiak behintzat oso gustura zeuden aurrekontuarekin. Une hartan 100.000 ume zeuden pobrezian Ipar Irlandan. Nola da posible pobreziarekin amaitzea zerbitzu publikoak murrizten, enplegua suntsitzen, diru kantitate handiak enpresarien artean banatzen eta langileen zergak handitzen dituen programa batekin?   

Ondoren, Stormonteko exekutiboak, 2008-2011ko programaren bidez 200.000 milioi euro murriztu zituen gastu publikoan. 2010eko hasieran, exekutibo berberak 420 milioi euroko beste murrizketa bat onartu zuen. Eta pasa den abenduaren 23an, Stormonteko batzarrak, DUP eta Sinn Feinen aldeko bozekin, beste plan ekonomiko bat onartu zuen gastu sozialetan 5.804 milioi euro gehiago murrizteko. Bozketaren ondoren, Ipar Irlandako ministro nagusia eta DUPeko liderra denak, Peter Robinsonek, plana “lehen mailako aurrekontua” zela adierazi zuen. “Aukeratu zenerako eginkizunak betetzen ari da Ipar Irlandako exekutiboa, erabakiak hartzen, zenbaterainoko zailak diren axola gabe, herri ipar-irlandarraren izenean”, gehitu zuen. Beste aldetik, lehen ministro ordeak, Sinn Feineko Martin McGuinnessek, Gobernu ipar-irlandarra “desafioen mailan” egon zela esan zuen. Gerry Adams ere ez zen atzean geratu eguberrietako bere zoriontzean: “ekonomia haztea bilatzen den bitartean zerbitzu publikoak babestea helburu duen aurrekontu bat adostu dugu iparraldean”. Baina Gerry Adamsek ez zuen esan adostutako aurrekontuak zerga igoerak, sektore publikoan kaleratzeak eta Osasun Nazionalaren Zerbitzuan erreforma atzerakoi bat suposatzen dituela. Hau defendatzen duen bitartean, Gerry Adamsek pasa den urtean krisiari aurre egiteko egindako proposamenetako bat sozietate zerga murriztea izan zen Hego Irlandakoaren mailaraino, %12,5era. 

Bake prozesua

Komunikabideek propaganda handia egin dute mundu osoan gatazka ipar-irlandarraren soluzioari buruz, baina ezkutatu egiten dituzte biztanleriaren arazoak eta eraso sektarioak oso maila altuan daudela une hauetan. Erasoak daude ia astero, komunikabideek sistematikoki ezkutatuta. 2009ko irailaren 1etik 2010eko otsailaren 28ra talde unionistek kastiguzko 28 jipoi eman zituzten eta errepublikarrek 7, kastiguzko tiro bat (hanketan, belaunetan…) unionistek eta 29 errepublikarrek. 2010eko martxoaren 1etik 2010eko abuztuaren 31ra, unionisten aldetik kastiguzko 22 jipoi eta bat errepublikarren aldetik, kastiguzko tirorik ez unionistek baina 13 errepublikarrek. Honi gehitu geniezaioke talde errepublikarren aktibitateen handitzea (batik bat R.IRA) errepide kontrolekin, narkotrafikatzaile eta kriminalen exekuzioekin (lau 2010ean) eta poliziaren aurkako erasoekin. IRA Probisionaleko agintaria izan zen Martin McGuinnessentzat errepublikar hauek “gatazkei emanak eta neandertalak” dira baina hitz hauek ezin dute errealitatea ezkutatu. 2010eko otsailean Ipar Irlandan eman ziren erasoen kopuru altuarekin, Hego Irlandako Justizia ministro Dermot Ahernek onartu zuen azken 40 urtetako edozein unetan bezain altuak zirela. Guzti honekin, auzo katolikoak eta protestanteak banatzen dituzten “bake harresiak” deitutakoak handitu egin dira kopuruan eta altueran Ostiral Santuko Akordioetatik.

Poliziaren gaia da beste puntu larrietako bat. Sinn Feinek polizia ipar-irlandarra (oraingoan PSNI izenarekin) onartzea beharrezkoa zela proposatu zuenean, Martin McGuinnessek esan zuen poliziaren buruzagiak izan behar zirela. Baina nahiz eta Sinn Feineko agintariek esan polizia justu eta inpartziala izango zela eta katoliko gehiago izateari esker komunitate errepublikarra askeagoa izango zela, errealitatea ez da horrelakoa. PSNIa jendea erabiltzen ari da (ondoren hori aitortu dute) dei faltsuak egiteko IRAren izenean, horrela bideak mozteko, biztanlerian tentsioa sortzeko eta sarekadak burutzeko. Honen bidez, PSNIak, geratzen diren talde armatuei bota nahi die sortzen diren eragozpenen errua biztanlerian hauenganako baztertze soziala bultzatu nahirik. 2010eko azken asteetan iskanbila egoerak probokatzeko taktika erabiltzen hasi zen PSNIa, atxiloketak eta zaurituak eraginez. Adibidez, Newryn (zonalde errepublikarra) segurtasun alerta bat zegoela baieztatzen zen bakoitzean, PSNIak aitzakia bezala erabiltzen zuen Derrybegko eremura indarrez sartzeko, bideak moztuz, gazteak jazarriz eta iskanbila egoerak sortuz.

Unibertsitateko matrikulak hirugarren aldiz igotzearen aurka Belfasten egindako mobilizazioan beste 8 gazte ere atxilotu zituen pasa den urtearen bukaeran PSNIak. Zer espero daiteke estatu aparatu britainiarraren zati izaten jarraitzen duen eta bere kideak enpresa pribatuen partzuergo batek aukeratzen dituen polizia batetaz? Gainera, “segurtasunaren inteligentziak” MI5 britainiarraren segurtasun zerbitzuaren ardura izaten jarraitzen du. Orain, aurrekontuaren handitze batekin, MI5ak gerrako makinaria britainiarra eramango du Irlandan. MI5ak ez dauka inolako ardurarik Stormonteko kontseiluaren aurrean segurtasunarekin erlazionatutako gaietan, baina aukera dauka sekretupean “egokia” denaz informatzeko.    

Esan ohi da Ostiral Santuko Akordioekin Ipar Irlandak autodeterminazio eskubidea lortu zuela. Baina errealitatean, eskubide hau gehiengoa diren unionisten inposizio bat izan zen eta erabili egiten dute iparraldeko sei konderriak Erresuma Batuan mantentzeko, erreferendum hipotetiko batean Ipar Irlandako biztanleriak bakarrik bozkatuko bailuke, eta ez Irlanda osokoak. Beste aldetik, lorpen garrantzitsuenetako bat bezala aurkeztu zen preso politikoen kaleratzea. Noski, oso positiboa izan zen preso politikoak kalera ateratzea, nahiz eta gogoratu behar den paramilitar unionista askok kartzelak utzi zituztela. Baina orain dela 10 urte preso politikorik ez zegoela esatea posible bazen orain egoera ezberdina da. Iazko apirilaren 4ean Maghaberry espetxeko preso errepublikarrek jangela hartu zuten Stormonteko gobernuaren kriminalizazioaren aurka. Preso hauen arabera “iragan diren urteetan, guk, Maghaberryko preso errepublikarrek baldintzen gutxitze etengabea eta taktika zapaltzaileen handitze konstantea bizitu ditugu gure senideen, bisitarien eta gure aurka”. Protesta abuztuaren 12an bukatu zen preso errepublikarrek beren oinarrizko aldarrikapenak lortu zituztela bermatutakoan. Lorpenak biluzte osoaren ezabaketa eta antolatzeko eskubidea izan ziren. Preso politikoen artean Michael McKevitt (2001etik dago espetxeratuta 20 urtetarako sententziarekin talde terroristako kide izateaz akusatuta) eta Bernadette Sands (Bobby Sands gose grebalari eta heroi errepublikarraren arreba) bezalako IRA Probisionaleko agintari ohiak daude.    

Irlanda batu eta sozialista

 

Sinn Feineko agintariek Irlanda batu eta aske bat nahi badute, bidea beste bat da. Unionistekin dituzten kolaboraziozko akordio politikoak hautsi beharko lituzkete, eta biztanleria mobilizatu askapen nazionala sozialismoaren aldeko borrokara lotzen duen programa iraultzailearekin. Bestela, burgesia ingelesak eta irlandarrak Irlanda dominatzen jarraituko dute, iparraldetik hegoalderaino. Biztanleriaren bizi baldintzek okerrera egiten jarraituko dute gutxi batzuk aberasten diren bitartean, eta Irlandako bandera nazionalarekin inguratu arren britainiarrekin izango dituzte negozioak eta interesak. Egoera honetan borroka sektarioek gora egingo dute kontrolik gabe. Beharrezkoa da langile klasearen eta gazteriaren zatiketa sektarioaren aurka egitea. Langile errepublikarren etsaia ez da langile protestantea, eta alderantziz. Langile errepublikarren eta protestanteen etsaiak kapitalistak dira, negozioak egiten dituzten bitartean, zatiketa sektarioa mantentzen dutenak beren probetxurako.     

Irlandaren askatasuna lortzeko oinarrizko baldintza langile klasea elkartzea da metodo iraultzaileen bitartez, hau da, James Connollyren tradizio eta programara itzuliz, langileen errepublikaren programara. Eta ez bakarrik Irlandan bizi diren langileen batasuna. Kapitalista ingelesen dominazioarekin bukatzeko modu bakarra langile eskoziarrekin, galestarrekin eta, nola ez, ingelesekin borrokan elkartzea da. Horrela bakarrik izango da posible bi irletan kapitalismoarekin amaitzea. Kapitalismoak Irlanda dominatzen jarraitzen duen bitartean gatazka eta zatiketa sektarioek jarraitu egingo dute batasun irlandarrerako mugimendua ahulduz eta suntsituz. Irlandaren kausa langile mugimenduaren kausa da eta langile mugimenduaren kausa Irlandaren kausa, Connollyk azaldu bezala, ezin daitezke bereiztu.  

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.