• Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

    Herriak antolakuntzarekin erantzun dio PPren Generalitatearen eta PSOEren Gobernu zentralaren utzikeria kriminalari

  • Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Hainbat artikulutan Leninen eta honek arazo nazionalaren inguruan zuen iritziari buruz aritu gara. Artikulu horietan zehar boltxebismo errusiarraren ordezkari hark auzi garrantzitsu honen inguruan zuen pentsamolde zabalaren sintesi bat (Leninek berak eginiko sintesia) plazaratu dugu eta lehen mailako iturri baten itzulpen zuzena egiteari azpimarra berezia egin diogu. Orain arteko artikuluetan gai anitzen inguruan aritu da iraultzaile errusiarra: inperialismoaz (garai hartan eta eman zen moduan fenomeno nahiko berria), aldarrikapen demokratikoen aldeko langile klasearen borrokaz, marxismoaren eta autodeterminazio eskubidearen arteko erlazioaz, anarkismoak auziarekiko duen jokabideaz, burgesiak arazo nazionalaren inguruan duen jarreraz, burgesia txikiarenaz, langile mugimenduaren barneko buruzagi oportunistetaz, etab.

“Sozialdemokrazia errusiarraren eta poloniarraren, eta II. Internazionalaren jokabidea nazioen autodeterminazioaren aurrean” izendaturiko Leninen azpiatalean, bai kritikaren xedea bai kritikaren modua erabat bestelakoak dira burgesiaren, burgesia txikiaren edota oportunisten eta kautskianoen aurkako kritikekin alderatzen baditugu. Hauen aurkako kritika egiten duenean Leninek talde hauek langile mugimenduan duten eragina errotik erauzi nahi du, kritika zorrotza da, gupidagabea, atzera bueltarik gabea.

Oraingoan ordea kritikak sozialdemokrata poloniarrengana zuzenduta daude, eta testuan bere izena aipatzen ez bada ere Rosa Luxemburgoren figura sumatu behar dugu atzean. Leninen asmoa ez da “luxemburgistekin” apurtzea, inondik inora. Bigarren Internazionaleko chauvinista eta Kaustkyren jarraitzaileek traizio itzela egin diote langile mugimenduari euren burgesia nazionalekin lerratu direnean eta euren gidaritzapeko langileria gainerako nazioetako klase xeheetako jendea sarraskitzera eramango dituzten gudalerrora bultzatu dituztenean. Hauek birzikla ezinak dira Leninentzat; traizio hori barkaezina. Luxemburgok eta bere hainbat kidek bestelako jarrera erakutsi dute ordea haustura horretan, ez da kasualitatea izango bai Leninek bai Luxemburgok Hirugarren Internazionalera eramango duen zatiketa horretan talde berean ekitea. Horrexegatik beragatik, arazo nazionalaren inguruan desberdintasunak agerturik ere, oinarrian batera doaz, eta Leninen kritika, kasuan kasuan erabili beharreko metodoa aldagarria dela erakutsiz, umilagoa eta xeheagoa izango da bere formetan. Hel diezaiogun testuari: 

“Errusiako sozialdemokrata iraultzaileek eta sozialdemokrata poloniarrek autodeterminazioaren auziaren inguruan zituzten desadostasunak jada 1903an agertu ziren, ELASDren (Errusiako Langileen Alderdi Sozial Demokrataren) programa onartu zuen Kongresuan, eta ordezkaritza sozialdemokrata poloniarrak protesta egin arren, aipaturiko programa horretan 9. parrafoa jarri zen, nazioen autodeterminaziorako eskubidea onartzen duena. Ordudanik, sozialdemokrata poloniarrek sekula ez zuten errepikatu, euren Alderdiaren izenean, gure Alderdiaren programatik 9. parrafoa ezabatzeko proposamenik, edota beste formulazio baten ordez aldatzekorik.

“Errusian, biztanleriaren % 57 baino ez gutxiago, 100 milioi pertsona baino gehiago, nazio zapalduren bateko kide den lekuan; nazio hauek orokorrean eskualde periferikoetan topatzen diren tokian; nazio hauen parte bat errusiar handiak baino kultuagoak diren herrialdean; erregimen politikoa bere basakeriazko eta Erdi Aroko izaeragatik bereziki bereizten den bazter haietan; iraultza demokratiko-burgesa oraindik ere burutu ez den herrialdean, tsarismoak zapalduriko nazioei Errusiatik libreki bereizteko eskubidea onartzea ezinbestekoa da zeharo sozialdemokratentzat, euren helburu demokratiko eta sozialisten izenean. Gure Alderdiak, 1912ko urtarrilean berriro eratu zenak, 1913an ebazpen bat onartu zuen, autodeterminaziorako eskubidea baiesten zuena eta modu zehatz batean nabarmendu berri dugun esanahia, hain zuzen, azaltzen zuena. 1914-16 bitartean eman den chauvinismo errusiar handiaren neurrigabekeriak, nola burgesiaren artean hala sozialista oportunisten artean jazo denak (Rubanovich, Plejanov, Nashe Dielo, etab.), are eta gehiago bultzatzen gaitu eskakizun honen inguruan temati jardutera, eta honi uko egiten diotenek praktikan chauvinismo errusiar handiari eta tsarismoari babesa emateko balio dutela baieztatzera. Gure Alderdiak adierazten du irmoki egiten diola uko autodeterminazio eskubidearen aurka eginiko halako adierazpenen gaineko ardura orori.

“Sozialdemokrazia poloniarrak, arazo nazionalaren gainean duen posizioa azalduz, egin berri duen formulazioak (Zimmerwaldeko Konferentzian sozialdemokrazia poloniarrak eginiko adierazpenak) honako ideia hauek gordetzen ditu:

“Adierazpen horrek gobernu alemaniarra eta beste gobernu batzuk larrutzen ditu, “eskualde poloniarrak”, konpentsazioen hurrengo jokoko sari kontsideratzen dituzten horiek, “herri poloniarrari bere kabuz bere patua erabakitzeko aukera ukatuz”, “Sozialdemokrazia poloniarrak kategorikoki eta zinez herrialde oso baten zatikapenaren eta apurketaren aurka protesta egiten du”... “Herri zapalduen askapenaren kausa” Hohenzollerntarren eskuetan utzi zuten sozialista haiek larrutzen ditu. Hurbil den nazioarteko proletalgo iraultzailearen borrokan parte hartuz, sozialismoaren alde borroka eginez, bakar-bakarrik, “zapalkuntza nazionalaren kateak apurtu, menderakuntza atzerritarraren forma oro suntsitu eta herri poloniarrari zentzu guztietako garapen aske eta zabala bermatuko” zaionaren konbikzioa izatea adierazten du, “herrien batasunean gainerakoen maila berean aurkitzen den kide gisa”. Adierazpenak gerra “bi bider fratrizida” kalifikatzen du “poloniarrentzat” (Nazioarteko Komisio Sozialistaren Buletina, 2. zbkia, 15.orr, 1915eko irailaren 27an; errusierarako itzulpena “Internazionala eta gerra” errekopilazioan agertu zen, 97.orr.).

“Tesi hauek ez dira desberdintzen, funtsean, nazioen autodeterminaziorako eskubidearen aitorpenetik, baina II. Internazionalaren programa eta ebazpen gehienek dutena baino lanbrotasun eta zehaztugabetasun handiagoa erakusten dute aipaturiko tesiek euren formulazio politikoetan. Ideia hauek formulazio politiko zehatzetan islatzeko ahalegin guztiek edota erregimen kapitalistan, edota soilik sozialistan, aplikagarriak diren determinatzeko saiakera orok sozialdemokrata poloniarrek nazioen autodeterminazioari uko egiten diotenean egiten duten akatsa frogatuko du nabarmentasun handienarekin.

“Londreseko 1896ko Nazioarteko Kongresu Sozialistaren ebazpena, nazioen autodeterminaziorako eskubidea aitortzen duena, osatu egin behar da, aurkeztu ditugun tesiak oinarritzat hartuta, ondorengo oharrekin: 1) aldarrikapen honek inperialismopean duen premia bereziaz; 2) demokrazia politikoaren aldarrikapen guztiek, demokrazia politikoa bera salbuetsi gabe, politikoki duten baldintzazko izaeraz eta eduki klasistaz; 3) nazio zapaltzaileetako eta nazio zapalduetako sozialdemokraten eginbehar konkretuak desberdintzeko beharraz; 4) oportunistek eta kautskianoek egiten duten autodeterminazioaren aitorpen inkontsekuenteaz, bere esangura politikoan erretorikoa eta ondorioz hipokrita dena huts-hutsean; 5) bereziki potentzia handietako sozialdemokrata horiek (errusiar handiek, anglo-iparramerikarrek, alemaniarrek, frantziarrek, italiarrek, japoniarrek, etab.), “euren” nazioak zapalduriko kolonien eta herrialdeen bereizketarako askatasuna defendatzen ez dutenek, chauvinistek duten kointzidentzia errealaz; 6) aldarrikapen horren aldeko borroka, demokrazia politikoaren aldarrikapen guztiekin batera, gobernu burgesen eraispenaren eta sozialismoaren eraikuntzaren aldeko masen borroka iraultzaile zuzenaren menpean jarri beharraz.

“Nazio txiki batzuen ikuspuntua Internazionalera eramatea, bereziki sozialdemokrata poloniarrena, zeintzuk burgesia poloniarraren aurkako euren borrokak, burgesia honek kontsigna nazionalistak erabiliz herria engainatzen duela eta, okerki autodeterminazioa ukatzera eraman dituen, akats teoriko bat izango zitekeen, marxismoa proudhonismoarekin ordezkatzea izango litzateke, eta praktikan potentzia handien chauvinismo eta oportunismo arriskutsuenei nahi gabeko babesa ematea.”

Eta artikulua behin amaituta Post scriptum batean zera gehitzen du: “1916ko martxoaren 3ko Neue Zeite-n, agertu berri denean, Kautskyk modu irekian luzatu dio bere kontziliaziozko bosteko kristaua chauvinismo alemaniarraren ordezkaririk nardagarrienari, Austerlitzi, Habsburgotarren Austriako nazio zapalduen bereizketarako askatasunari uko egiten dionean, baina Polonia errusiarrari, Hindenburgi eta Wilhelm II.ari lekaio lanak eginez, aitortzen dionean. Zaila litzateke kautskismoa autodesmozorrotzeko modu hobeago bat desiratzea!”

Luxemburgoren eta Leninen arteko eztabaidaren funtsa ulertzea erraza da. Bai batak nola besteak, ororen gainetik, langileriaren batasuna zuten printzipio nagusitzat, ahal besteko neurririk zabalenean. Luxemburgok ordea autodeterminazio eskubidearen onarpenarekin langileri hau zatitzeko arriskua ikusten zuen. Paradoxikoa iruditu badaiteke ere, emakume poloniar (eta suari egur gehiago jaurtitzeko, judutar) bat zen hain zuzen Alemaniaren eta Errusiaren artean banatutako Polonia bat egonik bi Estatu hauek nazio zapalduei zatiketarako eskubiderik aitortu nahi ez ziena. Begibistakoa denez, ez zuen hau defendatzen nazionalismo errusiar handia edota alemaniarra bereziki maite zituelako. Langileriaren batasuna zen bere helburua. Bestalde, Leninek azalduko zuenez, halako jarrera bat hartzea chauvinismoari eta oportunismoari bultzada emateko modurik hoberena zen, eta ez hori bakarrik, halako bereizketarako eskubiderik aitortzen ez zuen nazio zapaltzaileko langile klaseak nekez eskuratuko zuen nazio zapalduko langileriarekin bat egitea. Izatez, jarrera hauekin, langile klasea euren burgesia nazionalekin lerratzera bultzatuko zen eta aldi berean mugimendu nazional bereizleak areagotu egingo ziren. Luxemburgoren jokaerak, beste bide batzuetatik, Luxemburgo bera beldurtzen zuen testuinguru batera eramango zuen. Leninen metodoak ordea beste modu bat proposatuko du. Nazio zapaltzaileko langileriak ez du inongo interesik nazio zapalduko langileria zapaltzeko, ez du zapalketa horretatik onurarik jasotzen. Baina nazio zapalduko langileriari jarrera hori frogatu behar dio. Eta hori egiteko modua autodeterminazio eskubidea aitortzea da, nazio zapaldua zapaltzeko asmorik ez dutenaren froga argia eta langileriaren batasuna burutzeko modu bakarra. Boltxebismoak, Leninen artikulu hau idatzi eta urtebetera Urriko Iraultza gidatuko duenak, azken estrategia honekin burutu zuen bere borroka askatzailea.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.