• Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

    Gaza, Zisjordania, Libano. Israelgo erregimen naziak mundua mehatxatzen du

  • EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

    EH Bildu eta Pradalesen Jaurlaritza. Herri akordioak ala klase borroka?

  • Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

    Etxebizitza eskubide bat da. Etxejabeen, errentadunen eta espekulatzaileen aberasteak amaitu egin behar du

  • Venezuelako hauteskunde presidentzialen balantzea. Azalpen bat marxismo iraultzailetik

    Venezuelako hauteskunde presidentzialen balantzea. Azalpen bat marxismo iraultzailetik

  • Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

    Gerra inperialistak, genozidioa eta totalitarismoa. Komunismo iraultzailearen indarrak eraikitzeko unea da!

  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5


Marxismoak defendatzen duen internazionalismoaren funtsetako bat, besteren artean, honakoa da: beste herrialdeetako prozesuetatik, gainerako herrialdeetako langile klase bakoitzak norberetzako irakasgaiak ateratzea, hau egin ahal den neurrian. Horretarako antzekotasunak eta desberdintasunak erkatu behar dira edota denbora eta espazio ezberdinetako hainbat baldintza eta testuinguru erabilgarri izan daitekeen puntu komun hura atera. Maiatzaren 1eko ospakizunen ondoren, zer hobe gainerako herrialdeetako arazo nazionalak aztertzearen beharra are gehiago azpimarratzea baino.

Horren harira, eta aurreko aleko artikuluari jarraiki, Trotskyk bere Errusiako Iraultzaren Historian arazo nazionalari eskainitako kapitulua ekartzen jarraituko dugu, 1917ko Errusiatik gaur egungo Euskal Herrirako baliagarri izan daitezkeen ikasgaiak atereaz. Oraingo honetan, Trotskyk, Otsaileko gobernu burgesak arazo nazionala “konpontzeko” erabili zituen baliabide urrietan ipintzen du begia, eta bigarren zati batean Finlandiaren kasu zehatza azaltzen du 1917ko Iraultzaren hasierako testuinguruan:

“Errusiako nazio zapalduentzat monarkia eraisteak, ezinbestean, iraultza nazional bat burutzea esan nahi zuen. Bestalde, auzi honetan ere, Otsaileko erregimenaren alderdi guztietan gertatu zen gauza berbera jazo zen: demokrazia ofiziala, bere menpekotasunagatik burgesia inperialistari loturik, ez zen gai iraganeko trabak suntsitzeko. Gainerako nazioen gainean agintzeko zuen eskubidea eztabaidaezina zela kontsideratuz, burgesia errusiar handiaren posizio agintaria bermatzen zuten aberastasun, indar eta eragin iturriak egoskorkeriaz defendatu zituen. Demokrazia kontziliatzaile hura tsarismoaren politika nazionalaren tradizioak erretorika emantzipatzaile baten lengoaiarekin interpretatzera mugatu zen: iraultzaren batasunaren defentsa zen une hartan egin beharrekoa. Baina koalizioko agintariak beste argudio indartsuago bat bazuen; gerra egoeratik eratorritako kontsiderazio batzuk. Era honetan, hainbat nazionalitatek euren askatasuna eskuratzeko eginiko ahaleginak estatu goren austroalemaniarraren ekintza bezala aurkezten ziren. Honetan ere, kadeteak lehen biolinak ziren eta kontziliatzaileak, berriz, akonpainamendua.

“Jakina, gobernu berriak ezin zuen nahaspila legal nardagarri hura, alogenoen aurkako kalte eta irain ertarotarren samalda higuingarri hura, ukitu gabe utzi. Baina espero zutena –eta lortzen saiatu zirena- zenbait nazioren aurka finkaturik zeuden salbuespeneko lege haiek indargabetzera soilik mugatzea zen, hau da: Estatu errusiar handiaren burokraziaren aurrean populazioaren hainbat sektoreren arteko itxurazko berdintasuna finkatu nahi zen eta auzia horretara bakarrik murriztu.

“Eskubide juridikoen berdintasun formalak, batez ere, juduei egiten zien mesede, hauen eskubideak murrizten zituzten legeen kopurua seirehun eta berrogeita hamarrekoa izatera iristen baitzen. Gainera, bereziki hiritarra eta dispertsoenetarikoa zen nazionalitatea izanik, juduek ezin zuten ez estatu independentziarik ezta gutxienez lurralde autonomiarik ere exijitu. Herrialdeko judutar guztiak euren eskolen eta bestelako erakundeen inguruan batzea sustatu nahi zuen “autonomia nazional kulturalaren” proiektuari dagokionean, utopia erreakzionario hau, hainbat talde judutarrek Otto Bauer teorialari austriarrarengandik jaso zutena, askatasunaren lehen egunetik desegin zen, argizaria eguzkipean bezala.

“Baina iraultza, hain zuzen ere, horrexegatik da iraultza, limosnekin eta epekako ordainketekin gogobetetzen ez delako. Murriztapen nazional lotsagarrienak baliogabetzeak, formalki, hiritarren berdintasuna ezartzen zuen, hauen nazionalitatea edozein izanik ere; baina modu honetan, nazioek euren artean, eskubide juridikoen alorrean zituzten desberdintasunak orduan eta modu biziagoan azaleratu ziren, nazio hauen gehiengoa Estatu errusiar handiaren semeorde edota adopziozko seme egoeran utziz.

“Eskubide zibilen berdintasunak ez zuen ezer esan nahi finlandiarrentzat, hauek ez baitzuten errusiarrekiko berdintasuna bilatzen, Errusiagandiko independentzia baizik. Ukraniarrei ez zien ekarpenik egin, beraien eskubideak berberak baitziren lehendik ere, indarkeria erabiliz, iraganean, errusiar deklaratu baitzituzten. Letoniarren eta estoniarren egoera ere ez zen ezertan aldatzen, jabego handi alemaniarraren eta hiri errusiar-alemaniarraren menpean zanpaturik baitzeuden. Asia Zentraleko tribu eta herrialde atzeratuen patua ez zuen batere arindu, amildegiaren hondoan egotera behartuta bazeuden ez baitzen murriztapen juridikoengatik, morrontza ekonomiko eta kultural baten kateekin lotuta zeudelako baizik. Koalizio liberal kontziliatzaileak ez zituen auzi hauek planteatu ere egin nahi. Estatu demokratikoak bere postua beste inori utzi nahi ez zion funtzionari errusiar handiaren Estatu berbera izaten jarraitzen zuen.

“Iraultza periferiako masengan geroz eta sakonago txertatzen zen neurrian, are eta argiago geratu zen estatu errusiarraren hizkuntza, leku haietan, bertako jabeen klasearen hizkuntza zela. Demokrazia formalaren erregimenak, bere prentsa eta biltzeko askatasunaren bidez, nazionalitate zapalduak eta atzeratuak modu mingarrian kontzientziatzea eragin zuen, hauek garapen kulturalerako baliabiderik oinarrizkoenez, euren eskola, epaitegi eta funtzionario propioez, zein puntutaraino gabeturik zeuden modu gordinago batean ulertu ahal izan baitzuten. Hauen gogoak sumindu besterik ez ziren egiten, ordea, auziak etorkizuneko Asanblada Konstituziogile baten esku utzi behar zirenaren inguruko erreferentziak zituztenean. Oso ongi zekiten asanblada hura Behin-behineko Gobernua sortu zuen alderdi berberak menperaturik egongo zela, eta honek errusifikazioaren tradizioa mantentzen jarraitzen zuela, bere zekenkeria arretatsuarekin, behin eta berriz, klase agintariak zein puntutaraino iristeko prest zeuden argiki markatzen zuelarik.”

Pasarte honek burgesiak, arazo nazionala konpontzeko unea eta aukera eskaintzen zaizkionean, zein jokabide erakusten duen ikusteko balio digu. Kerensky buru zuen Behin-behineko Gobernuan agintzen zuen burgesiak ez zuen inongo asmorik Errusiaren barnean zeuden nazio zapalduei independentziarako aukera emateko, hain justu beraiek baitziren nazio horiek guztiak indarrez Errusian mantenduta probetxua aterako zutenak. Hortik behin eta berriro “zein puntutaraino iristeko prest zeuden” markatzearen garrantzia, herri xeheari urrunegi joateko ideiarik ez dezala egin esatearen berdina dena. Baina monarkiaren krisi politikoaren baitan, eta gauzak tsarraren garaian zeuden bezala uzteak, azken batean, beraiek kalte zitzaketela ikusita (monarkikotzat salatuz matxinadaren bat euren aurka zuzendu baitzitekeen), zenbait nazionalitatek zituzten muga juridikoak ezabatzeari ekin zioten, berdintasun juridiko beti ere “formal” bat ipiniz, eta aldi berean, Errusiaren batasuna eta gainerako nazioen gainean Estatu errusiar handiak zuen nagusitasuna bermatuz. Hitzak besterik ez, azken finean.

Adibide hau, gurean, askatasun nazionalaren inguruko hitzekin ahoa bete eta askapen nazionalarekin zerikusirik ez duten egoera autonomiko edota estatutu ezberdinen ogi apurrekin konformatu behar dugula esan ohi duen euskal burgesiarekin, eta bere ordezkari den EAJrekin, konpara daiteke. Hau dena egiten dute, ez euren izaera propioagatik, barne sentimenduen aldetik koldarrak izateagatik, Estatu espainiarraren barnean egoteak ekartzen dizkieten mota anitzetako mesede eta interesengatik baizik. Ezarritako egoera inoiz zalantzan jarriko ez duten heinean, askatasunaren inguruko hitzak horixe bakarrik dira, hitzak.

Esaldi benetan argigarri batekin, Trotskyk garai hartan nazio zapalduetan klase agintari gisa zeuden taldeak, eta aldi berean, gaur egunera aplikatuz, euskal burgesia bera ere bikainki definitzen ditu: estatu errusiarraren hizkuntza leku haietan bertako jabeen klasearen hizkuntza zen. Historikoki, nazio zapaldu haiek errusiar handien nazionalitatearen menpean egonik ere, eta beraien botere esparruak mantendu nahian, periferiako nazioetako oligarkiek hizkuntza nazional eta askatzaileak erabiltzen bazituzten ere, biek hala biek, nazio zapalduetako eta nazio zapaltzaileetako klase agintariek, beldur handiagoa zioten “euren” herri propioari, euren oratorian erabiltzen zuten “etsaiari” baino. Behin iraultza gorri hura piztuta (oraindik ere oso gorria ez zena bere lehenengo etapan, baina burgesia haiek beldurtzeko behar baino gehiago izan zena) lengoaia kontrairaultzaile berbera erabiliz egingo zuten bat. Zentralismoaren defentsatik independentziarenera edota independentziarenetik zentralismoarenera pasatu ziren nazio zapalduetako aristokrazia haiek behin eta berriro, baina euren xede bakarra euren agintea bermatzen zuten egitura ekonomiko-soziala mantentzea zen, ez besterik, hurrengoko alean, esate baterako, Finlandiaren kasuan ikusiko dugun bezala. Hein berean, eta hau ere aurrerago ikusiko dugunez, lurralde haiek kontrolatzera bidaliriko soldadu errusiarrek herri xehearekin egingo zuten bat eta haien iraultza ezkertiarrei emango zien babesa. Iraultzak, azken batean, eta muga nazionalez gaindi, klase lerroetan banandu zituen etorkizuneko gerra zibilean parte hartuko zuten bandoak eta garaile atera zirenak ez ziren bereziki burgesia haiek izan. Errealitateak eman zizkien ikasgairik bortitzenak nazio ezberdinetako langile klase haiei. Ez zuten internazionalismoari buruzko gidalibururik irakurri behar izan erabaki hura hartzeko. Euren bizitzak ziren jokoan zeudenak. Eta mende luzeetan jasandako zapalkuntza ekonomiko, esplotazio eta miserien ostean, nazio bakoitzeko klase xeheak oso ongi ezagutzen zituen bere gainetik zeudenak, eta beraien alde ordura arte oso gutxi egin zutenez, etorkizunean ere gehiegi ez zutela egingo pentsatzeko arrazoi asko zituzten.

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.