Zein arauk mugitzen du burgesia arazo nazionala begien aurrean auzitan jartzen zaionean? Honakoan dakargun Trotskyren Errusiako Iraultzaren Historiaren atal honetan galdera honi erantzuna ematen lagun diezaguketen hainbat adibide ematen ditu. Testuingurua gogoratu aldera, kontuan hartu behar da hemen azaltzen diren gertakizunak oraindik ez direla langile eta nekazarien boterepean dagoen Sobiet Batasunean gertatzen, Kerenskiren Behin-behineko Gobernu demokratiko-burgesaren baitan baizik.
Bertan bi adibide topa ditzakegu, bat Finlandiaren kasua, bestea Ukrainarena. Biek hala biek euren buruen jabe izateko kontsignak zabalduko dituzte erregimen tsaristaren krisi uneak sortutako testuinguru mesedegarria aprobetxatuz. Petrogradoko gobernuak, ordea, ez du jarrera bera erakutsiko bi kasuekiko.
“Finlandia, hasiera hasieratik, Otsaileko erregimenaren haragian sartutako arantza bilakatu zen. Nekazal arazoaren mingostasunaren ondorioz, Finlandiaren kasurako itzulita bertako torpariek, hau da, maizter txiki zapalduek, jasan behar zuten egoera latza zela eta, langile industrialek, biztanleriaren %14a bakarrik ordezkatzen zutenek, landa beraien atzetik eramatea lortu zuten. Seim finlandiarra sozialdemokratek gehiengoa eskuratu zuten munduko parlamentu bakarra zen: 200etatik 103 diputatu-eserleku. Ekainaren 5eko legearen bidez Seimaren subiranotasuna, ejertzitoari edota atzerri politikari zegozkien auzietan salbu, aldarrikatu ostean, sozialdemokrazia finlandiarra ‘Errusiako alderdi anaiengana’ zuzendu zen hauen babesa eskuratu asmoz. Baina euren deia, gero ikusiko zen bezala, helbide okerrera bidalia izan zen. Behin-behineko Gobernua, hasiera batean, bazter batera mugitu zen, ‘alderdi anaiei’ ekiteko askatasuna emanez. Cheidzek zuzenduriko delegazio bat, sermoiak botatzeko bidalia izan zena, emaitzarik txikiena ere eskuratu gabe itzuli zen Helsingforsetik. Orduan, Petrogradoko ministro sozialistek, Kerenskik, Chernovek, Skóbelevek, Tseretelik, Helsingforseko erregimen sozialista indarkeria erabiliz akabatzea erabaki zuten. Kuartel nagusiko estatu nagusiaren buruak, Lukomski monarkikoak, ejertzito errusiarraren aurkako adierazpenik gertatzen bazen, ‘euren hiriak, Helsingforsetik hasita, goitik beheraino suntsituak’ izango zirela ohartarazi zien autoritate zibilei eta biztanleriari. Bidea modu honetan urratu ostean, gobernuak, manifestu irmo baten bidez, zeinaren estiloak monarkiarenaren plagio bat zirudien, Seimaren disoluzioa aldarrikatu zuen, eta ofentsiba bat hastekoa zen egun berberean guda lerroetatik soldadu errusiarrak ekarri eta parlamentu finlandiarraren aurrean ipini zituen. Honela, urrirako bidean, masa errusiarrek ikasgai bikaina jaso zuten, printzipio demokratikoek klase borrokaren baitan zein leku konbentzionala betetzen zuten erakutsi ziena.
“Finlandiako tropa iraultzaileek posizio duina hartu zuten euren buruzagien neurrigabekeria nazionalistaren aurrean. Helsingforsen iraileko lehen hamabostaldian ospatu zen Sobieten Kongresu Erregionalean hauxe adierazi zuten: ‘Demokrazia finlandiarrak Seimaren sesioei berriro ere ekitea beharrezko irizten badu, Kongresuak ekintza kontrairaultzailetzat hartuko du neurri honen aurkako saiakera oro’. Laguntza militarraren eskaintza zuzena zen hau. Baina sozialdemokrazia finlandiarraren barnean joera kontziliatzaileak nagusi ziren, eta ez zeuden prest matxinadaren bideari ekiteko. Hauteskunde berriek, disoluzio berri baten mehatxupean burutu zirenek, alderdi burgesei, gobernuari Seima disolbatzeko baieztapena eman zien haiei, segurtatu zien gehiengoa: 108 bozka 200etik.
“Baina iparraldeko Suitza honetan, granitozko mendiez eta jabe zikoitzez jositako herrialde honetan, ezinbestean gerra zibil bat ekarriko duten barne arazoak lehen lekuan planteatzen hasiko dira. Burgesia finlandiarrak erdipublikoki prestatuko ditu bere koadro militarrak. Aldi berean, goardia gorriaren zelula sekretuak eratuko dira. Burgesia Suediara eta Alemaniara zuzentzen da armen eta instruktoreen bila. Langileek soldadu errusiarrengan babesa aurkitzen dute. Era berean, zirkulu burgesetan, bezperan Petrogradorekin adostasunetara iristeko prest zeuden haietan, Errusiatik erabat bereizteko mugimendu bat indartzen da. Huvudstatbladet egunkariak, eragin handienetarikoa zuenak, hauxe idatziko zuen: ‘Herri errusiarra amaiera anarkiko batera hurbiltzen ari da... Baldintza hauetan, ez al genuke ahal den neurrian kaos honetatik bereizi behar?’ Behin-behineko Gobernua kontzesioak egin beharrean aurkitu zen Asanblada Konstituziogileari gehiago itxaron gabe: otsailaren 23an ‘printzipiozko’ ordenantza bat onartua izan zen Finlandiaren independentziaren inguruan, auzi militarren eta kanpo harremanen gaineko konpetentzietatik salbuetsiz. Baina Kerenskik emandako ‘independentzia’ honek ez zuen asko balioko: bi egun bakarrik falta zitzaizkion erortzeko.”
Burgesia finlandiarra, lehen unean, Behin-behineko Gobernu errusiarrarekin lerratuko da, eta Kerenskiren gobernu honek Helsingforsera (suedieraz Helsinki izendatzeko modua) bere ordezkari Cheidze, burgesia finlandiarrak bere interesen ordezkari ikusiko duena, bidaltzen duenean bi helbururekin joango da: Finlandiaren independentzia saihesteko eta garrantzitsuena, gehiengo sozialdemokrata hura zanpatzeko. Indarkeriarekin disolbatuko dute hau, baina bere errautsetatik altxatuko da, soldadu errusiarren babes handiarekin eta sozialdemokrazia, bere buruzagi kontziliatzaileek eginiko lanagatik ez bada ere, berriro ere mehatxu moduan jasoko da. Burgesia finlandiarrak Gobernu errusiarrak defendatzen duen burgestasuna onartuko du, ez ordea bere etxean sozialdemokratak jaun eta jabe izatea, eta une honetan erabakiko du independentziaren aldeko apustua egitea, ez askapen nazionala eskuratu nahi izateagatik, mamu gorritik ihes egiteko baizik. Trotskyren lerro hauetan ikus daitekeenez, garai haietatik jada, arazo nazionalaren konponketa ez da burgesiaren eskuetan uzteko moduko eginkizuna. Kasu guztietan bere interes burgesen defentsa egiten du, langile klasearentzat interesik txikiena ere gordetzen ez duena. Baina igaro gaitezen Ukrainaren kasura:
“Ukraina beste arantza bat izan zen, baina askoz ere sakonago sartutakoa. Ekainaren hasieran, Kerenskik debekatu egin zuen Radak [Ukrainako legebiltzarrak] deituriko Ukrainako tropen kongresua. Baina ukrainarrek ez zuten amore eman. Gobernuaren posizioa salbatzeko, Kerenskik kongresua legeztatu zuen atzerapenez, horretarako kongresuko biltzarkideek errespetu gutxiko barrez entzungo zuten telegrama arranditsu bat bidaliz. Baina ikasgai garratz hau ez zen inongo oztopo izan Kerenskirentzat hiru aste geroago Moskun militar musulmanen kongresua debekatu zuenean. Bazirudien gobernu demokratikoa presaka zebilela nazio kontentagaitzei honako hau aholkatu asmoz: zeuen eskuekin erauzteko gai zareten hura bakarrik jasoko duzue.
“Unibertsalaren lehen alean, ekainaren 10ean agertutakoan, Petrogradoko gobernua autonomia nazionalaren aurkakoa zela salatuz, honako hau aldarrikatzen zuen Radak: ‘Hemendik aurrera guk geuk gidatuko dugu gure bizitza’. Kadeteek agente alemaniar gisa tratatzen zituzten ukrainarrak. Kontziliatzaileek erretolika sentimentalak bidaltzen zizkieten. Behin-behineko Gobernuak delegazio bat bidali zuen Kievera. Ukrainako itolarrizko giroan, Kerenski, Tsereteli eta Terechenko Radara hurbiltzeko pausuak ematera beharturik ikusi ziren. Baina uztaileko langileen eta soldaduen zanpaketaren ostean, Gobernuak eskuin aldera egin zuen bira auzi ukrainarraren inguruan. Abuztuaren 5ean, gehiengo izugarriarekin, Radak Gobernua salatu zuen, ‘burgesia errusiarraren joera inperialistez kutsaturik, uztailaren 3ko konbentzioa bortxatu izanagatik. ‘Ituna bete behar izan zuenean –idatzi zuen Ukrainako boterearen buruzagiak, Vinichenkok– , Behin-behineko Gobernuak... arazo historiko handi bat azpijokoekin konpondu nahi duen iruzurgile txiki baten moduan jokatu zuen’. Zalantzarako biderik ematen ez duen lengoaia honek erakusten du zein zen gobernuak zuen autoritatea politikoki berarengandik hurbilenekoak izan beharko zuketen zirkulu haietan ere, izan ere, azken batean, Vinichenko ez zen Kerenskirengandik bereizten, ez behinik behin nobelagile txar bat erdipurdiko abokatu batengandik bereiz daitekeena baino gehiago.
“Gauzak honela, azkenean, Errusiako nazionalitateei euren ‘buruaren jabe izateko’ eskubidea onartzen zieten akta bat eman zuen argitara gobernuak irailean –beti ere eskubide hau Asanblada Konstituziogileak ezarriko zituen mugen barnean garatuko zelarik–. Baina etorkizunerako inongo bermerik gabe igorritako truke-letra honek, bere baitan kontraesankorra eta egiten zituen erreserbetan salbu zentzu guztietan zehaztugabea zenak, ez zuen inoren konfiantzarik eskuratu: Behin-behineko Gobernuaren ekintzek jada ozenegi hitz egiten zuten bere aurka.
“Irailaren 2an Senatuak berak, iraganeko uniformea jantzi gabe etortzen ziren kide berriei sesioetan parte hartzea ukatu zien hark, Gobernuak baieztaturiko instrukzio bat aldarrikatzeari ezezkoa eman zion, hau Ukrainako idazkari nagusiari zuzendurik baitzegoen, hau da, Kieveko ministroen gabineteari. Arrazoia honakoa: ez dago inongo legerik idazkaritza horren inguruan eta ezinezkoa da legez kanpoko erakunde bati instrukzioak bidaltzea. Jurista txit gorenek ez zuten ezkutatzen Gobernuak Radarekin eginiko akordioa Asanblada Konstituziogilearen eskubideen usurpazioa zena: demokrazia puruaren defendatzaile amorratuenak tsarraren senatarien alboan aurkitzen ziren oraingo honetan. Hainbeste ausardia erakutsiz, eskuineko oposizioa ez zen ezertara arriskatzen: bazekiten euren jarrera buruzagien gustukoa izango zela. Burgesia errusiarrak Finlandiari, Errusiarekin lokarri ekonomiko ahulak zituenez, nolabaiteko independentzia onartzeko amore eman bazezakeen, ezin zuen inondik ere Ukrainako gariaren, Donetzeko ikatzaren eta Krivoi Rogeko mineralen “autonomia” onartu.
“Urriaren 19an, Kerenskik, telegrafo bidez, ‘azkartasunez Petrogradora etortzeko berari azalpen pertsonalak ematera’ ohartarazi zien Ukrainako idazkari nagusiei, hauek Asanblada Konstituziogile ukrainar baten alde egin zuten agitazio kriminalaren harira. Aldi berean, Kieveko ministerio fiskala Radaren aurkako instrukzio bat irekitzera gonbidatua izan zen. Baina Ukrainara jaurtikitako tximistek Finlandiara igorritako adeitasunezko hitzek alaitasuna eragiten zuten bezain gutxi beldurrarazten zuten”.
Ikus dezakegunez, Errusiako Iraultzaren lehen fase honen baitan (iraultza demokratiko-burgesaren fasea, Urriko iraultzak ebakiko duena) bi borroka desberdinen gainjartzea ikus dezakegu. Batetik klase zapalduek klase zapaltzaileei erakusten dieten borroka dugu, artikulu honetan Finlandiaren kasuan argiki ikus ahal izan duguna. Bestetik berriz burgesien arteko talkak daude, eta alor hauetan desberdintasunak erakutsiko ditu Kerenskiren gobernuak. Nola hala, Gobernu berria independentzia saiakera hauei aurre egiten saiatuko da, baina erresistentzia mailen arabera, edota lurralde haiek zenbateraino gutiziatzen dituenaren arabera jarrera bat edo bestea erakutsiko du Finlandiaren eta Ukrainaren artean. Baina honetan bakarrik ezin gaitezke geratu. Argi geratzen da, halaber, bi burgesiek (errusiarrak eta sezesionistek) elkarlaguntza jarrera erakutsiko dutela langileriaren boterea hurbilegi agertzen zaienean. Hain zuzen ere Finlandiaren kasuan agertzen den gertakariei die beldurra: klase zapaldu errusiarren (soldaduak) eta nazionalitate zapalduetako behe mailako klaseen arteko elkarkidetzari. Zenbait kasutan burgesien arteko talkek eszena betetzen dutela badirudi ere, prozesu iraultzailearen azken borroka handia goi klaseen eta behe klaseen artean gertatuko da, euren nazionalitateez gaindi bi kasuetan.