Otsaileko iraultza burges demokratikoaren testuinguruan, arazo nazionalak Errusian izandako gorabeherak aztertuz, behin Finlandiako eta Ukrainako egoerak azaldu ostean, Errusia barruko herrialdeengan ipintzen du begia Trotskyk oraingoan dakargun testu zati honetan, Errusiako Iraultzaren Historia liburuko “Arazo nazionala” kapitulutik hartua.
Interes berezia gordetzen du testu zati honek, besteak beste, klasearen eta zapalkuntza nazionalaren arteko lotura zuzena azaltzen baita. Errusian (Baltikotik Siberiaraino) garapen ezberdina duten eskualdeen arteko desberdintasunak eta garapen mota bakoitzak arazo nazionalarekiko duen lotura aztertu eta, azken zehaztasun gisa, alderdi burges txikiek (alderdi sozialiraultzailearen adibide paradigmatikoa) nazio zapalduen aurka erakutsi zuten politika hiltzailea agerian uzten ditu.
“Kontziliatzaile ukrainarrak [alderdi burges txiki, mentxebike eta sozialiraultzaileko kideak] garai honetan beraien Petrogradoko lehengusu zaharrak baino askoz ere egoera egonkorragoan sentitzen ziren. Eskubide nazionalen aldeko borroka giroa euren alde egoteaz gain, Ukrainako alderdi burges txikien egonkortasun erlatiboaren sustraia, beste nazio zapaldu batzuetako alderdiena bezala, kausa ekonomiko eta sozialak biltzen dituen hitz bakar batean laburbil zitekeen: atzerapenean. Donetzen eta Krivoi Rogen arroek garapen industrial azkarra izan bazuten ere, Ukrainak Errusia Handiaren atzetik joaten jarraitzen zuen, proletalgo ukrainarra ez zen hain homogeneoa eta ausarta, alderdi boltxebikea, bai kantitatez bai kalitatez, ahula zen, mentxebikeengandik mantsoki bereizten ari zen, arazo politikoak gaizki bereizten zituen, batez ere arazo nazionalari zegokionean. Ekialdeko Ukrainan bertan izatez, Sobieten Eskualdeko Konferentziak, urriaren erdialdera, kontziliatzaileei eman zien gehiengo txiki bat.
“Burgesia ukrainarra are ahulagoa zen. Burgesia errusiarraren ezegonkortasun sozialaren eragileetako bat zen, irakurleak gogoan izango duen bezala, bere sektorerik boteretsuena Errusian bertan bizi ez ziren atzerritarrez osaturik egotea. Periferian errealitate hau garrantzia gutxiago ez duen beste batekin nahaspilatzen zen: herrialdeko burgesia, barnealdekoa, ez zen herri masaren gehiengoaren nazio bereko kidea.
“Bere konposizio nazionalari dagokionez, periferiako hiri populazioa erabat desberdintzen zen landako populazioengandik. Ukrainan eta Errusia zurian, lurjabea, kapitalista, abokatua errusiar handiak, poloniarrak, judutarrak, atzerritarrak ziren; aldiz erabat ukrainarra edo errusiar zuria zen landako biztanleria. Baltikoko probintzietako hiriak alemaniarren, errusiarren eta judutarren guneak ziren: landa letoniarra eta estoniarra zen bere osotasunean. Georgiako hirietan populazio errusiarra eta armeniarra zen nagusi, eta baita Azerbaijan turkomanoan ere. Herriaren oinarrizko masengandik berezirik, ez bizi mailagatik edota ohiturengatik bakarrik, baita hizkuntzarengatik ere, ingelesak Indian bezalaxe, beren haziendak eta diru sarrerak defendatzeko aparatu burokratikoaren menpe egotera beharturik, herrialde osoko klase agintariei estuki loturik, periferiako lurjabe noble, industrial eta merkatariek funtzionarioen, enplegatuen, eskola irakasleen, medikuen, abokatuen, kazetarien, eta hein batean langile kopuru batzuen, oro har errusiarren, zirkulu estu bat izan ohi zuten euren inguruan; horrela, hiriak errusifikazioaren eta kolonizazioaren foku bilakatu zituzten.
“Landa inork berarengan erreparatu gabe egon zitekeen isilik zegoen bitartean. Baina bere ahotsa ezinegonez jasotzen hasi zenean, hiriak temati egin zion aurre bere egoera pribilegiatua defendatu asmoz.
“Funtzionarioak, merkatariak, abokatuak, azkar ikasi zuen ekonomian eta kulturan zituen posizio estrategikoak mantentzeko bere borroka periferiako gune hauetan sortzen ari zen “chauvinismoaren” salaketa lepatente batekin kamuflatzen. Nazio agintariak statu quo-a mantentzeko egiten duen ahaleginak, maiz, supranazionalismoaren kolorea hartzen du, herrialde garaile baten ahaleginak, lapurtu duen hura mantentzeko asmotan, bakezaletasunaren itxura hartzen duen bezala. Era honetan gerta liteke, hain zuzen, MacDonald internazionalista sentitzea Gandhiren aurrean. Gauza bera gertatu da Poincarerekin, austriarrek Alemaniarengana egin duten hurbiltzea bakezaletasun frantziarraren aurkako iseka iruditu baitzaio.
“‘Ukrainako hirietan bizi den jendeak –idatzi zion maiatzean Kieveko Radako delegazioak Behin-behineko Gobernuari– hiri hauetako kale errusifikatuak ikusten dituzte... eta erabat ahazten dute hiri hauek irla batzuk baino ez direla herri ukrainarraren itsasoaren erdian’. Rosa Luxemburgok, Urriko iraultzaren programaren inguruko bere hil osteko polemikan, baieztatzen zuen nazionalismo ukrainarra, ordura arte hamar bat intelektual burges txikiren “dibertsio” hutsa izan zena, artifizialki puztu zela nazioek euren buruaren jabe izateko duten eskubidearen kontsigna boltxebikearen ondorioz; izpirituz argia bazen ere, akats historiko larria burutzen zuen baieztapen honekin: Ukrainako nekazariek iraganean ez zituen aldarrikapen nazionalak formulatu, ez baitzen oraindik ere politikaren eszenatokira igo. Otsaileko altxamenduaren meritu garrantzitsuena –bakarra, esan genezake, baina nahikoa- hain zuzen ere Errusiako klase eta nazio zapalduenei ahots ozenez hitz egitea baimendu izana izan zen. Nekazalgoaren esnatze politikoa jaiotzezko hizkuntzara itzuliz soilik burutu zitekeen eta honetatik eskolen, epaitegien edota administrazio autonomoen inguruko auziarentzat eratortzen ziren ondorio guztiak betez. Honi aurre egitea nekazariak ezerezera itzularazteko saiakera besterik ez zen izango.
“Hiriaren eta landaren arteko heterogeneotasun nazionala modu mingarrian sentitzen zen sobietetan ere, hauek oro har erakunde hiritarren izaera baitzuten. Alderdi kontziliatzaileen gidaritzapean, sobietek ez entzunarena egiten zuten etengabe populazio autoktonoaren interes nazionalen aurrean. Hauxe zen Ukrainako sobieten ahultasunaren eragileetako bat. Rigako eta Revaleko Sobietek letoniarren eta estoniarren interesak ahazten zituzten. Bakuko Sobiet kontziliatzaileak ez zuen kontuan hartzen nagusiki turkiarra zen biztanleria. Internazionalismo faltsu baten banderapean, sobietek askotan nazionalista ukrainarren eta musulmanen aurka zuzentzen zuten beren borroka, hiriek mantendutako errusifikazio zapaltzailea disimulatuz. Oraindik ere denbora asko pasako da, boltxebikeen agintepean bada ere, periferiako sobietek landaren hizkuntza hitz egiten ikasi arte.
“Baldintza naturalen eta esplotazioaren menpe zapaldurik zeuden alogeno siberiarrei, beren primitibismo ekonomiko eta kulturalak ez zien aldarrikapen nazionalak hasten diren mailaraino iristea ahalbidetzen. Vodka, ogasuna eta derrigorrezko ortodoxia Estatu boterearen palanka garrantzitsuenak ziren duela mende askotatik. Italiarrek “eritasun frantzesa” deitzen zuten gaixotasuna eta frantzesek “gaitz napolitarra” deitzen zutena, “gaitz errusiar” bezala ezagutzen zen siberiarren artean: honek adierazten du zein iturritatik zetozen zibilizazioaren haziak. Otsaileko iraultza ez zen bertaraino iritsi. Oraindik ere denbora asko itxaron beharko du egunsentiak neurririk gabeko poloko ehiztari eta elur-orein gidariengana iristeko.
“Ipar Kaukasoan eta Asia Erdialdean zeuden Volgako herri eta tribuentzat, hain zuzen Otsaileko iraultzari esker lehenbizikoz aurre-historiatik esnatu ziren haientzat, ez burgesia nazionala ez proletalgoa ez ziren existitzen. Nekazal eta artzain masaren gainetik, goi estratuek intelektual kapa mehe bat eman zuten. Administrazio autonomoko programa bati buruz hitz egiten hasi aurretik, borroka alfabeto propio bat lortzera, irakasle propioa izatera eta batzuetan... apaiz propioa izatera mugatzen zen. Izaki hauek, zapalduenak, laster asko jabetuko ziren, garraztasunez, Estatuaren patroi heziek ez zietela beraiei hezten utziko. Beste guztiak euren atzerapenean gainditzen zituztelako, klaserik iraultzaileenean aliatu bat bilatzera beharturik aurkitu ziren. Era honetan, beren intelektualitate gazteko elementu ezkertiarren bitartez, udmurtarrak, txuvaxiarrak, zirianoak, eta Dagestango eta Turkestango populazioak boltxebikeenganako bidea irekitzen hasi ziren.
“Erdigunearen eboluzio ekonomikoak jabego kolonialen zoria eraldatu zuen, batez ere Asia Erdialdean, zakuratze zuzen eta agerikoan, batez ere merkatal zakuratzearen, ostean metodo sotilagoak erabili zirenean eta Asiako nekazariak industriarako lehengaien hornitzaileak, kotoiarenak gehien bat, bilakatu zirenean. Hierarkikoki antolaturiko esplotazioak, kapitalismoaren basakeria ohitura patriarkalekin konbinatzen zuenak, Asiako herriak muturreko menpekotasun nazionalean mantentzea baimentzen zuen. Otsaileko erregimenak, alor honetan, gauza guztiak iraganeko egoera berean utzi zituen.
Tsarismoak baxkiriarrak, buriatiarrak, kirgiziarrak eta gainerako nomadak euren lur hoberenik gabe utzi zituen, eta hauek, artean, lurjabe nobleen eta nekazari errusiar aberatsen eskuetan jarraitzen zuten kolonizazio oasietan sakabanaturik populazio indigena baten barnean. Hemen independentzia nazionalaren izpiritua berpizteak, beste edozeren aurretik, kolonizatzaileen aurkako borroka adierazten zuen, zatibanaketa ofiziala sortu baitzuten eta nomadak gosera eta heriotzara kondenatu. Bestalde, mutur-sartzaileek amorruz defendatzen zuten Errusiaren batasuna, hau da, euren zakuratzeen immunitatea, asiarren “separatismoari” aurre eginez. Kolonoek indigenen mugimenduekiko zuten gorrotoak forma zoologikoak hartzen zituen. Transbaikalian, presaka, buriatiarren ehizak antolatzen ziren, martxoko sozialiraultzaileen zuzendaritzapean, kantoieko idazkariek eta guda lerrotik etorritako subofizialek ordezkaturik.”
Klasea, garapen historiko desberdinak, nazio zapalduen gizarte egiturak, etab. oinarrizkoak dira Trotskyren arazo nazionalaren analisian eta auzi honi teoria marxista aplikatzeko modu bikaina erakusten digu, askapen nazional eta sozialaren aldeko edozein borrokalariri lan tresna teoriko bikainak esleitzeaz gainera. Denboran eta espazioan urrun, Errusiako iraultzaren azterketa teorikoak iraultzaile ororen norbere testuingurua eta egoera aztertzeko bikainki balio dute, gertakari konkretuetatik giza bilakabidearen lege orokorrak atereaz kontzeptu orokor horiek testuinguru jakinen analisirako erabilgarriak bilakatzen baitira. Klase, eskualde eta garapen kontuak bete-betean dagozkio Euskal Herriko kasuari, ikuspegi historiko batekin begiratuta. Ezin uka daiteke kapitalismoaren garapenak euskal nazioaren eraketan eta bere askapen borrokan izan duen eragina. Bilbo aldeko industrializaziotik sorturiko euskal burgesiak proposaturiko pentsamolde burges txiki izatetik, ordea, gauzak asko aldatu dira. Langile klaseak, batez ere 30. hamarkadatik aurrera, bere zigilu propioa ezarri zion euskal arazoari eta ordudanik euskal burgesiak eta euskal langileriak izan dituzten ibilbide desberdinak argi geratu dira. Ez da kapritxo hutsa. Klase egituren pisua ikus dezakegu honen guztiaren atzean, izan ere, zapalkuntza nazionaleko egoeretan askotan klase eta nazio kontzeptuak nahastu egiten baitira. Euskal langileriaren eginkizuna da euskal askapenaren bandera eta askapen sozialarena elkartzea. Errusiako gertakarietatik erator dezakeen ikasgaietako bat hori da: nazio zapalketa klase egiturarik gabe ezinezkoa den gisan, klase egituraren iraulketak bakarrik ekarri ahalko du konponbidea. Horrexegatik, ez dira hain urrun gelditzen 1917ko Siberia eta gaurko Euskal Herria.